60. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko aitorpena behar dituzten hirigintzako jarduketak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2024ko abenduaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko aitorpena behar dituzten hirigintzako jarduketak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2025eko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, 2025eko urtarrilaren 14an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Esan, 2025eko otsailaren 25ean.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA AURRETIAZKO AITORPENA BEHAR DITUZTEN HIRIGINTZAKO JARDUKETAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea aldatu zuen: manu berriak erantsi zituen, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten obrak arautzeko, eta adierazi zuen zer prozedura orokor beteko den obra horietarako lizentziak emateko; hori guztia, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 133.2 artikuluan jasorik (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Hala, 192. artikuluan ezartzen dira zer hirigintza jarduketa dauden erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen menpe, jasota gelditzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren ondorioetarako.

Esako Udalak erabaki du foru legeria berria transposatzea, udaletako udal-mugartean egiten diren obra lizentzien arloan; hala, ezarri eta argitu da hirigintzako zer egintzak duten nahitaezkoa erantzukizunpeko adierazpena eta Udalari aurretiazko komunikazioa egin beharra, baita horien geroko kontrola edo ez-betetzeen ondorioak ere.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, horien tramitazioa jakinarazpenaren araubideko eta araubide laburtuko prozedura erraztuen bidez egitekoa denean.

Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza-jarduketa egiteko, baldin horretarako beharrezkoa eta ezinbertzekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere ukatu gabe behar diren egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako joko da lizentziarik gabeko jarduketatzat, eta lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie.

2. artikulua. Esparrua.

Obra txikiak dira ordenantza honen jarduketa eremua, eta kanpoan gelditzen dira gainerako jarduketak; horiek prozedura arruntaren bidez tramitatutako dira.

3. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten obra txikien tipologia.

Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzte honako obra hauek (obra hauek gauzatzeko kostua ezin da izan 2.000 eurotik gorakoa):

–Merkataritza jarduera egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatu beharreko araudi sektorialarekin bat.

–Munta edo tamaina txikiko obrak, gauzatzearen kostua gehienez ere 2.000 euro izanik.

–Itxiturak eta hesiak.

–Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

–Eraiki aurreko lanak, adibidez: zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

–Lorategi lanak eta zoladura lanak jabari pribatuko eremu libreetan, baldin obrek ez badute ukitzen erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik, eta aldaketarik sortzen ez badute lurzoruaren maila naturalean eta zuhaitzik mozten ez bada.

–Obra txikiak, halakotzat harturik eraikineko barneko eta kanpoko aldeen kontserbazioari eta mantentzeari dagozkienak, betiere gauzatzeko aurrekontua 2.000 euro bada gehienez ere:

  • Barneko eta kanpoko pintura lanak.
  • Barneko estaldurak (zoladura, paretak) berritzea eta aldatzea.
  • Barneko zur-lanak (ateak) berritzea eta aldatzea.
  • Kanpoko aldeko zur-lanak (leihoak) berritzea eta aldatzea, elementu amankomuneko zati ez direnean.
  • Instalazioak (elektrizitatea, hodiak, etab.) berritzea eta aldatzea.
  • Trenkadak berritzea eta aldatzea.

Obra txiki horietatik kanpo gelditzen dira honako hauek:

  • Aldamioak behar dituzten obrak.
  • Babes mailaren bat duten eraikinak edo multzoak ukitzen dituztenak.
  • Eraikinaren elementu amankomunak ukitzen dituztenak (adibidez, kanpoaldeko zur-lanak aldatzea, baldin zenbait etxebizitzaren elementu amankomun baten zati badira, adibidez bizitegien eraikin kolektiboetan).
  • Eraikinen egitura ukitzen dutenak.
  • Elementuaren erabilera aldaketa dakartenak, edo banaketa aldatzen dutenak, eta, hala, bizigarritasun baldintzak ukitzen ahal dituztenak.
  • Eraikinaren kanpoaldeko itxuraren aldaketa funtsezkoa dakartenak.
  • Antolaketatik kanpo dauden eraikinetan edo elementuetan esku hartzen dutenak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki entitateak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

4. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak.

Esako Udaleko bulegoetan ondoko agiriak aurkeztuta hasiko da erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren menpe dauden obren prozedura:

1) Eskabidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan ezarritako datuekin.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, berariaz adierazten duena indarrean den araudian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla eta hori frogatzen duen dokumentazioa baduela.

3) EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) autolikidazioa, eredu normalizatuaren arabera, banku entitate batean ordainketa egin izanaren frogagiriarekin.

4) Gainera, obraren hirigintza arloko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Egin beharreko jarduketaren xede den higiezinaren kokapenaren planoa, adieraziz helbidea eta lurzatia.

–Egin beharreko jarduketak azaltzeko memoria laburra.

–Egintzak behar dituen bertzelako baimenak, kasu bakoitzean araudi sektorialak eskatzen dituenak.

–Eraikineko kanpoaldeko elementuetan jarduketarik behar izanez gero, haren argazkiak aurkeztuko dira.

–Egin beharreko jarduketaren aurrekontua.

Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko aginduetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezala, hamar eguneko epean.

Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintza-jarduketa hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

Jardueraren titularrak, egoki irizten badu, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, hirigintzako kontsulta egiteko inprimakia erabiliz.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrakoak diren edo honekin kontraerranean dauden udal xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2502880