60. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARESO

Ordenantza, herri-lurren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Aresoko Kudeaketa Batzordeak, 2024ko abenduaren 11n egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza (iragarkia 2024ko 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betikoz onetsi da. Hona hemen haren testua:

ARESOKO UDALAREN HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Aresoko udal-barruti honetako herri-ondasunen administrazioa eta xedapen-, defentsa-, berreskuratze- eta aprobetxamendu-egintzak arautzea.

2. artikulua.

Ondasun komunalak dira bizilagunen aprobetxamendurako eta gozamenerako direnak.

3. artikulua.

Ondasun komunalak besterenezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira, eta ez dute inolako zergarik izango.

Ez dute aldaketarik izango izaera eta tratamendu juridikoan, edozein delarik gozamen eta aprobetxamendu modua.

4. artikulua.

Herri-ondasunek honako lege hauek bete beharko dituzte: Nafarroako Toki Administrazioko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta horren xedapen osagarriak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Komunalen Ordenantza hau; eta, hala badagokio, Foru Zuzenbide pribatuko arauak, kalterik egin gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoari.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

5. artikulua.

Herri-ondasunen gaineko xedapen-, administrazio-, aprobetxamendu- eta antolamendu-ahalmenak Aresoko Udalarenak izanen dira, Ordenantza honek jasotako baldintzetan.

Herri-ondasunei buruz Aresoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak jasotako kasuetan.

6. artikulua.

Lursail txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioak Nafarroaren Gobernuaren erabilera publikoko eta sozialeko aitorpena beharko du, eta Aresoko Udalak aurrez egiaztatu beharko du lortu nahi den helburua ezin daitekeela beste bideetatik lortu, hala nola, erabilerarako emakida edo karga bidez, eta, edonola ere, lehentasuna izanen dute.

Ondasun komunalen erabilera emakida edo karga akordioak jareginda daudenean, berrikuspenerako klausula bat jasoko da; betiere, jatorriko helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez badira.

Lehengoratu eta gero, Aresoko Udalaren ondasun izanen dira berriro ere, herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluak jasotzen duen prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN DEFENTSA ETA HORIEK BERRESKURATZEA

7. artikulua.

Aresoko Udalak herri-ondasunak kontserbatzeaz, defendatzeaz, berreskuratzeaz eta hobetzeaz arduratuko da, eta horien aurkako edozein pribatizazio- edo jarduera-saiakeraren aurka eginen du.

8. artikulua.

Aresoko udalak berez eta noiznahi berreskuratu ahal izanen ditu herri-ondasunen jabetza, abokatuaren txostena jaso eta interesdunari entzunaldia eman eta gero; halaber, jarduera zibilak sustatu beharko ditu, herri-ondasun horiek berreskuratzeko eta defendatzeko beharrezkoak direnean.

9. artikulua.

Aresoko Udalak Jabetza erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo gehiegizko hedadura direla-eta. Jakinarazpen horiei dagokienez, Udalbatzaren akordioa beharko da.

10. artikulua.

Herri-ondarerako ondasunak berreskuratzeari dagokionez, Aresoko Udalak aurrera eraman nahi dituen transakzioek Nafarroako Gobernuaren berariazko onarpena beharko dute aurrena.

11. artikulua.

Aresoko Udalak baliogabetuko ditu herri-ondasunen gainean osatutako eskubideak, baimenaren, emakidaren edo beste edozein tituluren eta eman daitezkeen okupazioen arabera. Horretarako, Udalak bide administratiboa erabiliko du kasu guztietan eta eskumen hertsatzaileez baliatuko da, aurretiaz kalte-ordainak emanda edo eman gabe, zuzenbideak ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.

Aresoko Udalak berari dagozkion komunalei buruzko kontratuak interpretatuko ditu eta kontratuak betetzerakoan sortutako zalantzak argituko ditu.

Hartutako interpretazio-akordioak berehala betearaziko dira, kontratistek jurisdikzio bidetik dagokion adierazpena jasotzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

13. artikulua.

Aresoko udalak herri-ondasunak babesteko dagozkion jarduerak betetzen ez baditu, bizilagunek esku hartu ahal izanen dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak jasotako moduan.

Esku-hartze horrek aurrera eginez gero, Udalak bizilagunei emandako gastuen zenbatekoa itzuli beharko die.

14. artikulua.

Debekatuta dago herri-lurrean edozein eraikuntza egitea. Ordenantza hau indarrean sartu aurretik lehendik zeuden eraikuntza baimenduetan, mantentze-obrak egin ahal izanen dira, Aresoko Udalaren baimena jaso eta gero.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

15. artikulua.

Ordenantza honetan aipatzen diren aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreak aprobetxatzea, abeltzain bakar batek horretarako soilik erabil ditzan.

c) Herri-larre irekiak eta itxiak aprobetxatzea, aldi berean hainbat abeltzainek erabil ditzaten.

d) Etxebizitzetarako egur-aprobetxamenduak.

e) Beste aprobetxamendu komunal batzuk.

16. artikulua.

Aresoko Udalak zuzenean esleitutako lursail guztien erregistroa gordeko du, honako datu hauekin: onuradunen izenak, datu pertsonalak, lursailaren hedadura eta kokapena eta izandako aldaketak.

17. artikulua.

1. Oro har, Aresoko herri-lurren aprobetxamenduaren onuradunak familiak izanen dira, baldin eta titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi edo adingabeko emantzipatua izatea edo gaitasun judiziala edukitzea.

b) Udalerriko biztanleen erroldan inskribatuta egotea, 2 urteko antzinatasunarekin, gutxienez.

c) Areson bizitzea, urtean, egiazki eta jarraian, bederatzi hilabetean gutxienez.

d) Udalerriarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.

2. Etxean bizi diren guztiak familia-unitateko kide gisa zenbatuko dira. Edonola ere, familia unitate independente gisa hartuko dira erretiratutako gurasoak, nahiz eta horiek familiako kideekin bizi, haien diru-sarrerak gutxieneko lanbide arteko soldataren azpitik baldin badaude, betiere.

3. Salbuespen gisa, eta soilik esleitu gabeko lurzatiak geratuko balira, Areson erroldatuta ez dauden pertsonei esleitu ahal izango zaizkie, aldez aurretik eskatuta eta urtebeteko eperako.

4. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak Aresoko Udalak ebatziko ditu.

18. artikulua.

Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili esleitu zireneko aprobetxamenduez bestelako erabilera batzuetarako, aurrez Udalaren baimena lortu gabe.

II. KAPITULUA.–LABORANTZARAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

19. artikulua.

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua zuzenean esleituko zaie Ordenantza honetako 17. artikuluak jasotako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko bizilagun titularrei.

20. artikulua.

1. Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoaren arabera, Aresoko Udalak, aurrerantzean, ez du garolekuen aprobetxamendurik emango.

2. Gaur egun garolekuak dituzten auzotarrak errespetatu egingo dira, baldin eta zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen baditu, eta onuradunak ezin izango ditu garolekuak hesitu, ezta garo-aprobetxamenduaz bestelako erabileretarako erabili ere.

3. Garolekuak zuzenean eta modu pertsonalean hartuko dira, eta ezin izango da azpierrentamendurik edo lagapenik egin.

21. artikulua.

Laborantzarako lur eta garolekuen azaleraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa Aresoko Udalak ezarritakoa izango da. Zenbateko hori urtero berrikusi ahal izango da, bizitzaren kostuak duen igoerara egokitzeko, Erakunde Ofizial eskudunak Nafarroan onartutako indizeen arabera (abeltzaintzako KPI).

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREAK APROBETXATZEA, ABELTZAIN BAKAR BATEK HORRETARAKO SOILIK ERABIL DITZAN

22. artikulua.

Herri-larreen aprobetxamendua herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez eginen da.

23. artikulua.

Ordenantza honetako 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta gutxienez 2 azienda larriko unitate (AzLU) dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira auzotarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunak, baldin eta azienda horiek alta emanda badaude Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuko Abeltzaintza Erroldaren Erregistroan (erregistroa Areson dago), erregistro hori ustiapen-liburuan jasota badago, eta azienda horri dagokion jarduera gauzatzeko udalaren baimena badute.

24. artikulua.

1. Aresoko Udalak urteko kanona ezarriko du aprobetxamendu-mota honetarako azalera unitate bakoitzeko, eta urtero zehaztuko du kanon hori. Kopururik finkatu ezean, aurreko urtean indarrean zegoen kanona aplikatuko da.

2. Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da.

25. artikulua.

1. Herri-lurren aprobetxamendua baliatzeko epea 15 urtekoa izanen da. Udalak eman dituen aprobetxamenduak berrikusi ahal izanen ditu, eta baliogabetu ahal izanen ditu baldin eta lursaila esleitu zeneko erabilerak bertan behera utzi edo bete ez badira.

2. Partikularrek ez dute herri-lurretan egindako gastuengatik kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik izanen aprobetxamendu-epea amaitzean edo baimena emateko baldintzak ez betetzeagatik baliogabetu bada.

3. Aresoko Udalak, onuradunei hiru hilabete lehenago jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien esleipenak, baldin eta herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea sustatzen badu. Aprobetxamendua uzte hutsak ez du inola ere onuradunaren aldeko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango.

26. artikulua.

1. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta modu pertsonalean eginen da; ez da azpierrentamendurako edo lagapenerako aukerarik izanen. Ondorio horietarako, Aresoko Udalak ulertuko du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, familia-unitateko bizilagun titularrek aziendari Nafarroako Gobernuko abereen erroldan baja ematen badiote.

2. Aresoko Udalak, edozein denbora eta unetan, egoki eta komenigarri deritzon egiaztapenak egin ahal izanen ditu, herri-lurren zuzeneko aprobetxamendu pertsonala egiaztatze aldera.

27. artikulua.

Igarobideak eta bideak errespetatu beharko dira. Atakak jartzea baimendu daiteke, interesdunak eskaera egin eta beharrezkoak direla justifikatu ondoren.

IV. KAPITULUA.–HERRI-LARREAK APROBETXATZEA, ALDI BEREAN HAINBAT ABELTZAINEK ERABIL DITZATEN

28. artikulua.

Hainbat abeltzainek aldi berean erabiltzekoak diren Aresoko Udalaren herri-larreak ustiapen-unitate bakarra dira; unitateak udalerriaren titulartasun komunaleko lursail ireki osoa hartzen du.

29. artikulua.

Herri-larreen aprobetxamendua herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez eginen da.

30. artikulua.

1.–Auzotarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunak izanen dira ordenantza honetako 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuko Abeltzaintza Erroldaren Erregistroan (erregistroa Areson dago) alta emandako azienda duten familia-unitateen titular diren bizilagunak, azienda hori ustiapen-liburuan jasota badago, eta azienda horri dagokion jarduera gauzatzeko udalaren baimena badute.

2.–Udalak dagokion ebazpena emanen du ekitaldi jakin horretako bazka-baldintzei buruz, eta horrekin epe bat irekiko da herri-larre horien aprobetxamenduan interesa duten pertsonek Aresoko Udalari eska diezaioten beren aziendarentzako larre-eskubidea esleitzea. Eskubide hori udalaren bandoaren bidez iragarriko da; berau udaleko iragarki-taulan argitaratuko da, eta, hala badagokio, tokiko beste edozein hedabidetan.

31. artikulua.

Herri-larreak aprobetxatuko dituen aziendak herri-larreak aprobetxatuko dituen aziendaren osasun-babeseko abere-osasunari buruzko legeria bete beharko du, eta legean eta horren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu.

32. artikulua.

Debekatuta dago txerri eta ahuntz-aziendak bazkatzea.

33. artikulua.

Abeltzainek larreen, bideen, ur-horniduraren, itxituren eta beharrezkoak diren gainerako lanen mantentze-lanak egingo dituzte auzolanaren bitartez.

34. artikulua.

Aresoko Udalak Nafarroako Gobernuak une bakoitzean ezarritako azienda-espezieen arteko baliokidetasunak erabiliko ditu.

35. artikulua.

1. Larreak mantentzeko lanak auzolanean eginen dira, eta auzolan hori honako irizpide hauen arabera antolatuko da: Batetik, AzLU kopuruaren arabera eta, bestetik, Udalak abeltzain bakoitzari Nekazaritza Politika Erkiderako (NPE) esleitzen dion hektarea kopuruaren arabera. Proportzioa honako hau izanen da:

–Udalak NPErako esleitutako 1 eta 10 hektarea bitartean: bi eguneko auzolana.

–Udalak NPErako esleitutako 10 eta 20 hektarea bitartean: hiru eguneko auzolana.

–Udalak NPErako esleitutako 20 eta 30 hektarea bitartean: lau eguneko auzolana.

–Udalak NPErako esleitutako 30 eta 40 hektarea bitartean: bost eguneko auzolana.

2. Lan horren barnean sartzen dira deialdia egitea eta auzolana eginen duten pertsonen zerrenda Udalari jakinaraztea aurreko egun balioduneko 12:00ak baino lehen, istripu-aseguruan alta emateko, baita asistentzia- eta ondorengo kontrol-orria ere.

3. Auzolana ezin izanen da bakarka egin, segurtasun-arrazoiak tarteko.

4. Egindako auzolan-egun guztiak zenbatzeko, bertaratze- eta kontrol-orrietan oinarrituko da Udala. Egiten ez den auzolan bakoitzeko, eskatutako hektareen %10 deskontatuko da.

5. Maiatzetik aurrera, Udalak bertaratze- eta kontrol-orrien bidez informazio eguneratua jaso ondoren, Udalak abeltzain bakoitzak zenbat auzolan-egun egin dituen eta urtea amaitu aurretik zenbat egun egin beharko dituen jakinaraziko du.

Urtea amaitutakoan (maiatzaren 15etik maiatzaren 15era), Udalak abeltzain bakoitzak egindako auzolan-egunen berri emanen du.

6. Hektareak esleitzeko eskaera berriak eskatzaile bakoitzaren AzLUetan oinarrituta egingo dira. Gauza bera gertatuko da aurretik eskatutako hektareekiko gehikuntza eskatuz gero; hektareen gehikuntza A.L.U.ena bezalakoa izango da.

7. Dauden hektareak ez badira nahikoak eskaerei erantzuteko, eskatzaile guztien AzLU hektareen proportzioa hartuko da kontuan, eta hektareak kenduko zaizkie AzLU baino gehiago eskatzen dituztenei, halakorik balego, eskaerei erantzun arte.

8. Aldiz, banaketa egin ondoren hektareak soberan badaude, hektarea horiek honako baldintza hauek betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira: auzolanak egin izana, azienda mendian bazkatzea eta eskatutako hektareek ez gainditzea ustiategiko AzLUa.

36. artikulua.

1. Nekazaritza Politika Erkiderako (NPE) azalerak egiaztatzeko ziurtagiriak ordenantza honetan ezarritako baldintza betetzen dutenei esleituko zaizkie: alegia, Aresoko Udalaren herri-larreetan dagozkion aziendak larratzen dituztenei, gutxienez lau hilabetetan jarraian.

2. Udal bandoaren bidez, hamabost egun naturaleko epea emanen zaie interesdunei eskabideak Aresoko udaletxean aurkez ditzaten.

3. Interesdunek ondorengo informazioa adierazi beharko dute eskabideetan:

–Izen-abizenak, NAN, helbidea, telefono-zenbakia eta, ahal bada, posta elektronikoa.

–Ordenantza honen 17. artikuluan aipatzen diren agiriak.

–Larratzeko eskubidea izanen duten abelburuen zerrenda, abelburuen kopurua, espeziea eta adina zehaztuta.

–Osasun-araudiak aipatzen duen osasun-ziurtagiria.

4. Hamabost eguneko gehieneko epea igarota, Aresoko Alkatetzaren ebazpen bidez esleipendunen behin-behineko zerrenda onartuko da. Zerrenda horretan, eskatzaileen zerrenda, aitortutako AzLUen kopurua eta esleitutako hektareak jasoko dira, hurrenez hurren.

5. Behin-behineko esleipena egin ondoren, egin beharreko iragarkiak udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira, eskatzaile bakoitzari postaz jakinaraziko zaio, eta hamabost egun naturaleko epea emanen zaio behin-behineko zerrendan esleitutakoa baino azalera handiago eskatzeko alegazioak, erreklamazioak, uko egiteak eta eskaerak aurkezteko.

6. Esleipendunek hasieran esleitutako azaleraren zati bati uko egiten badiote, azalera hori gainerako eskatzaileei esleituko zaie, eta lehentasuna emanen zaie Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan jarduera nagusiko abeltzain gisa inskribatuta daudenei, betiere AzLU bakoitzeko hektarea bat osatu arte.

7. Osasun-araudiaren arabera azienda larratzea ezinezkoa bada, aurreko urtean aitortutako AzLUak mantenduko dira.

8. Horretarako ezarritako epea igaro eta arrazoibiderik edo erreklamaziorik aurkeztu ez bada, esleipendunen behin-behineko zerrenda behin betiko zerrenda izatera igaroko da.

9. Alegaziorik edo erreklamaziorik egonez gero, Alkatetzak ebatziko ditu horiek, eta, halaber, esleipendunen behin betiko zerrenda onartuko du.

10. Larratze-eskubidea esleitzeko prozesua amaiturik, larre horien guztizko azalera erabili ez bada, beste interesdun batzuek eskabideak aurkeztu ahal izanen dituzte urte naturala amaitu arte, eta eskabide horiek Alkatetzaren Ebazpenaren bidez ebatziko dira, azalera erabilgarri hori osorik agortu arte. Kasu horietan, tarifen zenbatekoa ez da aldatuko, nahiz eta aprobetxamendu-aldia urtebetekoa baino laburragoa izan.

11. Aresoko Udalak tasa bat kobratuko du NPEaren eskaera betetzeko ziurtatutako hektarea bakoitzeko.

V. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

37. artikulua.

Aresoko Udalak herri-lurren ekoizpen, hobekuntza eta aprobetxamendu optimoa zainduko du, gizarte-izaerarekin bateragarri eginez.i.

38. artikulua.

1. Aresoko Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei emanen dien etxerako egur-loteen bolumena, mendian erabilgarri dagoen egurraren arabera. Beharrezkoa izanez gero, udalak aprobetxamendu hori eten dezake, egoki deritzon denboraz.

2. Mendiaren erabilgarritasunek hala ahalbidetzen dutenean, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin eta Mendi Zerbitzuak seinaleztatuta, Aresoko Udalak egur-lote bana emanen die honako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei:

a) Adin nagusikoa, adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.

b) Udal Erroldan izena emanda egotea, eskaera egin baino 3 urte lehenagotik.

c) Udalerri honen zerga-betebeharrak egunean izatea.

d) Etxeko egurraren aurreko urteetako loteen kuotaren ordainketa egunean izatea.

e) Herri-erakundearen erakunde titularrean benetan eta modu jarraituan bizitzea, urtean gutxienez bederatzi hilabetez.

39. artikulua.

Aprobetxamendu-eskaerak udal-bulegoetan aurkeztuko dira, Udalak ezarritako epean, eta dagokion kuota ordaintzeko NANa eta kontu korrontearen zenbakia erantsiko dira.

40. artikulua.

1. Behar adina lote baldin badaude, etxeko egurrezko lote bat esleituko zaie ordenantza honen 38.2 artikuluko baldintzak bete eta eskatu dituzten guztiei.

2. Haizeak botatako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko, 38.2 artikuluko baldintzak bete beharko dira, eta izapide hauek egingo dira:

a) Udalak, arrazoi naturalengatik zuhaitzak erori direla jakiten duenean, mendien zaindariak markatu eta Aresoko Udalean erregistratuko du, non dauden adierazita, ondoren aprobetxatzeko.

b) Adierazitako guztia bete ondoren, egurra aprobetxatzeko lehentasun-ordena honako hau izango da:

a. Etxeetarako egur-sortak aprobetxatzeko azken kanpainan etxeko egurraren aprobetxamenduaren onuradun izan ez diren eta erreserban geratu diren eskaerak.

b. Udal-erregistroan sartzen diren hurrenkeraren arabera, epez kanpoko eskaerena edo etxerako egur-sortak aprobetxatzeko azken kanpainan loterik eskatu ez dutenena, hurrenez hurren.

c) Arrazoi naturalen ondorioz eroritako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko emakidak kontuan hartuko dira etxeetako egurraren aprobetxamendu gisa.

d) Haizeak eraitsitako zuhaitzen aprobetxamenduagatiko kanona ordaintzeko irizpidea mendien zeladoreak egindako balorazioaren araberakoa izango da.

41. artikulua.

Egur-loteak zuzenean erabili behar dira, eta ezin dira saldu.

42. artikulua.

Egur-loteak zozketa bidez esleituko dira. Behar adina lote ez badago, daudenak zozketatuko dira.

43. artikulua.

Etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona ezarriko da.

44. artikulua.

1. Zozketaren ondoren bi hilabeteko epea dago loteak jasotzeko, Alkatetzak esplizituki baimena eman ezean. Loteak bide publikoetan badaude, jasotzeko epea 15 egunekoa izango da.

2. Onuradunek, egurra hartu ondoren, hondarrak batu eta metatu beharko dituzte nahitaez, eta ezin izanen dituzte hondar horiek bide, baso-bide edo igarotzea oztopa dezaketen lekuetan metatu, Udalak adierazitako argibideak jarraituz.

3. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu hori urtebetez ukatuko zaie, eta kanonaren gaineko %100eko errekargua izanen dute.

4. Esleipendunen batek esleitutako egur-lotea erabiliko ez balu, eta hurrengo urtean beste bat eskatuko balu, aurreko urtekoa esleituko litzaioke berriz ere, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, esleipendunak ezin izanen du etxerako beste lote bat eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geratuko da.

5. Esleipendunak mendiaren aprobetxamenduagatik eragin ditzaketen kalte-galeren erantzuleak izanen dira, eta kalte horiek eta dagozkiekeen zehapenak ordaindu beharko dituzte.

VI. KAPITULUA.–BESTELAKO APROBETXAMENDUAK HERRI-LURRETAN

45. artikulua.

1. Ehiza-aprobetxamendua, herri-lurrak hartzen dituzten ehiza-barrutietako aprobetxamendua, gai hori arautzen duen foru-araudia betez eginen da.

2. Era berean, aipatutako onuradunei dagokie nahitaez seinaleztatzea, eta erabat beren gain hartzea erabilera eta aprobetxamendu horretatik sor daitezkeen kalteak.

46. artikulua.

Ondare-uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lursailetan ezarri nahi den edozein aprobetxamendu edo hobekuntza Aresoko Udalak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintzen pleguen bidez arautuko dira. Beharrezkoa izanen da, gainera, gutxienez 15 egunez jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuak onestea.

47. artikulua.

1. Inork herri-mendian hildakoren bat gogora ekarri nahi duenean, Aresoko Udalak, interesdunak aurrez idatziz hala eskaturik, baimena eman diezaioke zehazturiko leku batean bertako zuhaitz bat landatzeko, betiere paisaian eragin kaltegarririk sortu gabe.

Zuhaitza berez haziko da eta ez zaio inolako plakarik edo antzeko elementurik jarriko, ez itxiturarik ere.

Landaketa-lanak eskatzailearen kontura izanen dira.

2. Alkatetzak izanen du baimen hori emateko eskumena eta, dagokion txosten teknikoaren ondoren, landatzeko tokia eta landatuko den zuhaitz-mota zehaztuko ditu.

3. Ezin izanen dira gurutzeak, metalezko edo harrizko plakak edo gisa horretako elementuak erabili.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ISUNAK

48. artikulua.

Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Udalak egiaztatzen badu onuradunen batek ez duela betetzen azienda baimendu guztia udalerriko herri-mendian larratzera eramateko betebeharra, egoera hori arau-haustetzat joko da ordenantza honen ondorioetarako.

b) Herri-larreak erabiltzen dituen Aziendaren Osasun-Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta horren Erregelamenduan ezarritakoa ez betetzea.

c) Auzo-aprobetxamenduko kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

d) Dagokion auzo-aprobetxamendua nabarmen gaizki edo modu osatugabean egitea.

e) Herri-lurra esleitu den helburuaz bestelako aprobetxamendu baterako erabiltzea.

f) Larratze-epeak eta -eremuak ez errespetatzea.

g) Indarrean dagoen araudian eta ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duen beste edozein egitate edo egintza.

49. artikulua.

Arestian aipatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) hizkian adierazitako arau-hausteen kasuan, ez-betetze horrek onuradun arau-hausleak larratzeko eskubidea duen azienda osoaren %30i edo ehuneko handiagoari eragiten badio, zehapen hori hurrengo urteko Nekazaritza Politika Erkiderako azalera-eskubidea galtzea izanen da.

b), c), d) eta e) hizkietan adierazitako arau-hausteetan, emakida iraungiko da, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zigorrez gain. Gainera, egindako kaltearen balioa baino bost edo hamar aldiz gehiago ordaindu beharko du. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eta 1.200 euro arteko zehapena ezarriko da.

f) hizkian adierazitako arau-hausteak 60 euroko isunarekin zehatuko dira AzLU edo zatiki bakoitzeko, azienda Udalaren herri-lurretan bazkatzen den bakoitzean, horretarako eskubiderik izan gabe. Zenbateko horiei ganadua kentzeak dakartzan gastuak gehituko zaizkie; gastu horiek oso-osorik titular arau-hauslearen kontura izanen dira, baita eragindako kalte-galeren ordaina ere.

Aurretik xedatutakoak ez dio kalterik eginen sortutako kalteen ordainari eta sor daitezkeen erantzukizunei, ezta, hala badagokio, legez kontra lortutako produktuak eta arau-haustean erabilitako bitartekoak edo tresnak konfiskatzeari ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Aresoko herri-aprobetxamenduak arautzen dituen udal-ordenantza (2005eko irailaren 12ko 109. NAO-n argitaratua), Aresoko etxeetako egur-aprobetxamendua arautzen duen udal-ordenantza (2009ko abuztuaren 24ko 104. NAO-n argitaratua) eta testu honen aurka doazen xedapen eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Indarraldian sartzea.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik aurrera jarriko da indarrean, eta ondorio juridiko osoak izanen ditu ordutik aurrera, eta indarrean jarraituko du, harik eta aldatu edo berariaz indargabetu arte.

I. ERANSKINA.–TARIFAK

1.a) Labore-lurrak (baratzeak, soroak): 20 euro.

Horien titularrak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 10 euro.

b) Abeltzain bakar batek soilik erabiltzeko itxitako larreak: 60 euro.

Lur horien titularrak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 30 euro.

c) NPErako egiaztatutako hektarea bakoitzagatik: 4 euro/ha.

Horien onuradunak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa alta emandako pertsonak direnean: 2 euro/ha.

2. Areson erroldatuta ez dauden onuradunentzako salbuespenezko araubidea:

a) Labore-lurrak (baratzeak, soroak): 40 euro.

b) Abeltzain bakar batek soilik erabiltzeko itxitako larreak: 120 euro.

Areson, 2025eko otsailaren 24an.–Lehendakaria, María Beatriz Muro Martinez.

Iragarkiaren kodea: L2502813