Iragarkia
60. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
8E/2025 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, merkataritzako enpresa txiki eta ertainen (ETE) lehiakortasuna hobetzeko 2025eko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 818788.
Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Plana (2022-2025) onetsi zen.
Plan horren helburu estrategikoetako bat da Nafarroako merkataritzaren eraldaketa sustatzea, eta, horri esker, digitalizazioa eta jasangarritasuna bultzatzea. Txikizkako merkataritza sektorearen enpresa ehuna mantentzeko, ezinbestekoa da laguntza publikoekin sustatzea, alde batetik, saltegien modernizazioa, eta bestetik, lokal komertzial horien ekipamendua hobetzeko inbertsioak, hori guztia sektorearen lehiakortasuna hobetze aldera. Azken batean, omnikanaleranzko bidea bultzatu nahi da, merkataritza eredu jasangarriago eta inklusiboago baten alde eginez.
Plan horren beste helburu estrategiko batek aurreikusten du egungo merkataritza eskaintza indartzea eta sendotzea, tokiko merkataritzan konfiantzazko irudia sortuz, bai produktuaren kalitateagatik, bai zerbitzuaren bikaintasunagatik, asmoa baita hurbileko txikizkako merkataritza funtsezko erreferentzia bihurtzea kontsumitzaile guztientzat, eta sektore horrek ekintzailetzarako potentzial handia lortzea, non enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen baita.
Plan horrek, halaber, berariazko ildo estrategikoak ditu txikizkako merkataritza sektorean sektoreko ETEen belaunaldi erreleboa eta ekintzailetza bultzatzeko. Proiektu horiek bereziki kontuan hartu dira dirulaguntzen deialdi honetan.
Horregatik guztiagatik, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak funtsezkotzat jotzen du txikizkako merkataritza sektoreari laguntzeko jarduerak abian jartzea, txikizkako merkataritzaren sektoreko ETEen lehiakortasun eta berrikuntza ahalmena hobetzeko eta saltegiak modernizatzeko; horretarako, sektore horren eraldaketa digitala babestuko da, aipatutako helburu estrategikoak lortzeko bidean aurrera egiteko.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.
Adierazitakoarekin bat, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. Txikizkako merkataritzako ETEen lehiakortasuna hobetzeko 2025eko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean bildu direnak.
3. Deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 1.170.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko dena:
AURREKONTUKO PARTIDA | ZENBATEKOA |
830001 83100 7701 431402 Merkataritzako ETEen dirulaguntzak. Lehiakortasuna hobetzea eta sorkuntza | 900.000 |
830001 83100 7701 431403 Merkataritzako ekintzailetza programa | 170.000 |
830001 83100 7709 431402 ETEentzako dirulaguntzak saltegi txikiak digitalizatzeko | 100.000 |
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko martxoaren 6an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–TXIKIZKAKO MERKATARITZAKO ETE-EN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO 2025EKO DIRULAGUNTZA DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da txikizkako merkataritzan ari diren ETEen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen araubidea zehaztea eta enpresa berrien sorrera bultzatzea sektore horretan.
Merkataritza sektoreko enpresa ehuna indartzea eta hari oinarri sendoa ematea da deialdi honen helburua, eta hori Nafarroako herrien hiri bilbean integratutako saltegien modernizazioaren bidez lortu nahi da.
Era berean, saltegien erreleboa sustatu nahi da, sektoreak dituen premia handieneko arazoetako bat baita, hartara errentagarriak diren negozioen jarduera mantendu eta sektoreko enplegu galera murriztuta.
Horrez gain, asmoa da sektoreko ETEen kudeaketa sistemak hobetzea, informazio eta komunikaziorako tresna teknologiko berriak aplikatuz, bide ematen dutenak kontsumo eredu berrietara egokitzeko eta garapen teknologikoa lortzeko.
Azkenik, sektorean enpresak sortzea sustatu nahi da, txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak ezarriz, sektorean enplegua sortzea bultzatuz eta egonekoa ez den merkataritzako enpresek egindako inbertsioak bultzatuz.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
1. 1.170.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazitako moduan banatuta, diruz laguntzen ahal diren proiektu moten arabera:
PROIEKTU MOTAK | ZENBATEKOA | AURREKONTUKO PARTIDA |
Modernizatzea eta eraberritzea (ME) | 705.000 | 830001 83100 7701 431402 Merkataritzako ETEen dirulaguntzak. Lehiakortasuna hobetzea eta sorkuntza |
Merkataritzako eskualdaketa (MEs) | 150.000 | |
Egonekoa ez den merkataritza (EEM) | 45.000 | |
Merkataritzako ekintzailetza (MEk) | 170.000 | 830001 83100 7701 431403 Merkataritzako ekintzailetza programa |
Digitalizazio komertziala (DK) | 100.000 | 830001 83100 7709 431402 ETEentzako dirulaguntzak saltegi txikiak digitalizatzeko |
GUZTIRA | 1.170.000 |
Halaber, modernizazioa eta eraberritzea ataleko proiektuei laguntzeko kreditua honela banatuko da:
MODERNIZATZEKO ETA ERABERRITZEKO PROIEKTUAK (ME) | ZENBATEKOA |
Iruña | 280.000 |
Nafarroako gainerako toki erakundeak | 425.000 |
Guztira | 705.000 |
2. Proiektu mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, beste proiektu mota batzuen eskaerei erantzuteko erabiliko da, honako honi jarraikiz:
–Gainerako toki erakundeetako ME motako edo Iruñeko ME motako gerakinak haien artean erabiliko dira, beharrezkoa balitz.
Hala eta guztiz ere ME motako gerakinik balego, MEk, MEs, DK eta EEM motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horretan.
–MEk motako gerakinak MEs, DK, EEM eta ME (gainerako toki erakundeak, Iruña) motetako eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
–MEs motako gerakinak MEk, DK, EEM eta ME (gainerako toki erakundeak, Iruña) motetako eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
–DK motako gerakinak MEk, MEs, EEM eta ME (gainerako toki erakundeak, Iruña) motetako eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
–EEM motako gerakinak MEk, MEs, DK eta ME (gainerako toki erakundeak, Iruña) motetako eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.
1. Inbertsioak 2024ko urriaren 18tik 2025eko urriaren 17ra bitartean gauzatu beharko dira, egun horiek barne.
2. Fakturek eta ordainagiriek 2024ko urriaren 18tik 2025eko urriaren 17ra artekoak izan behar dute, biak barne.
3. 2025eko laugarren hiruhilekoko PFEZaren atxikipenak onartuko dira haien ordainketak 2026ko otsailaren 15era arte egiten badira, egun hori barne.
4. oinarria. Enpresa onuradunak.
1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten ETEek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
1.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
Dirulaguntza eskatzen duenean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.3. Eskatzaileek pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat eratzen dutenean, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.
Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko Entitateen Erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza ehunekoak, salbu eskatzaileak bestelako erantzukizunpeko adierazpenik egiten badu dirulaguntzaren eskaera inprimakian.
1.4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, eta merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mendeko eskatzaileen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko lege horretan jasotako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da ordainketa epe horiek bete direla:
a) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.
b) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:
1.–Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, non jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa, oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoaren adinakoa edo handiagoa.
1.4 atalean eskatzen den dokumentazioa telematikoki aurkeztuko da, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean.
Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, aipatu hilabeteko epearen barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, gehienez, bi hilabeteko epean aurkeztuko da eskaera egiten denetik hasita.
Gorago adierazitako epeak eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, organo eskudunak ebazpena emanen du, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko.
1.5. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
2. Jarduera ekonomikoak honako baldintza espezifiko hauek bete beharko ditu laguntza eskatzen den unean:
2.1. Negozioaren jarduera nagusia izatea Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat (sailkapen hori apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen):
–47.11 eta 47.79 moten arteko jarduerak, biak barne.
–45.32 taldeko moten (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).
–47.81 eta 47.89 moten arteko jarduerak (salmenta postu eta azoka txikietan saltzeagatik egonekoak ez diren merkataritza proiektuak badira bakarrik).
–47.9 taldeko jardueretatik, denda-ibilgailuetan saltzeagatik egonekoak ez diren merkataritza proiektuak onartuko dira bakarrik. Ondorioz, ez dira onartuko talde horretako gainerako ekonomia jarduerak, hala nola Internet bidezko merkataritza, makina automatikoetakoa, etxeko merkataritza, etab.
2.2. Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko saltegi espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar dutenez, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.
2.3. Horretarako, enpresa alta emanda egon beharko da ekonomia-jardueren gaineko zergan (aurrerantzean EJZ), Nafarroako toki erakunde batean, diruz lagungarriak diren ekonomia jarduerekin zuzeneko lotura duen txikizkako merkataritzari buruzko epigraferen batean.
Nolanahi ere, negozioaren jarduera nagusiaren baldintza egiaztatzeko, kontuan hartuko da Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (2009), eta ez dira diruz laguntzeko moduko jarduera ekonomikotzat hartuko haien jarduera nagusia geroago salduko diren produktuen ekoizpena, elaborazioa edo eraldaketa bada, esaterako, gozotegiak, pizzeriak, okindegiak, izozki dendak, etab.
EJZri buruzko informazioa web esteka honetan egonen da: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.web/Registro.aspx.
Merkataritzako ekintzailetza (MEk) proiektuen kasuan, eskatzailea ez badago alta emanda EJZn, enpresa planean emandako informazioa hartuko da kontuan, enpresaren ekonomia jarduera EJSNan (2009) sailkatu ahal izateko. Kasu horretan, enpresa eskatzailea deialdian aurreikusitako dirulaguntzen onuradun bihurtzen bada, 2025eko abenduaren 1erako aurkeztu beharko du, beranduenik, EJZn alta hartu izanaren aitorpena.
2.4. Baldin eta txikizkako merkataritzarekin batera beste jardueraren bat egiten bada saltegian, frogatu beharko da jarduera nagusia diruz lagungarria den txikizkako merkataritzakoa dela, eta, horretarako, aurkeztu beharko dira jarduera ekonomiko bakoitzaren negozio edo salmenten zifren frogagiriak, edo hori frogatzeko beste edozein dokumentazio.
2.5. Egonekoa ez den merkataritzako jarduerek berariazko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Modalitate hauek soilik onartzen dira: aldizkakotasun zehatzeko salmenta puntu eta azoka txikietan saltzea, aldez aurretik ezarritako tokietan, eta merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan. Ez da onartuko azoketan edo festetan egiten den salmenta.
b) Merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan egiten denean, merkaturatze ibilbideak Nafarroako toki erakundeetan barnakoak izanen dira lehentasunez, non enpresaren salmenten %80 eginen baitira gutxienez.
c) Azoka txikietako salmentaren kasuan, enpresak egiten dituenen %80 gutxienez Nafarroako toki erakundeetan egin behar dira.
d) Batez bestez, merkataritza jarduera hilean lau egunetan egin behar da gutxienez.
e) Enpresaren jarduera nagusia salmenta ibiltaria izan behar da, salbu eta oinarri honetako 2.6 atalean aurreikusitako kasuan. Ez da halakotzat joko ekoizleen salmenta zuzena, ezta geroago salduko diren produktuen ekoizpena edo elaborazioa ere.
f) Merkataritza ibiltariaren jarduerarako erabiltzen den denda-ibilgailuak egokituta egon behar du berariaz jarduera hori egiteko.
g) Egonekoa ez den merkataritzako jarduerak eskualdatuz gero, eskualdatutako negozioak lehenago adierazitako baldintzak bete beharko ditu, eta, horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du.
2.6. ETE bat, aldi berean, txikizkako merkataritzako jardueren eta egonekoa ez den merkataritza jardueren titular denean, diruz laguntzeko moduko kontzeptutzat hartuko dira oinarri hauetan jarduera ekonomiko mota bietarako ezarritakoak.
Aurreikusitako jarduketen zenbateko handienari dagokion proiektu motan sailkatuko da laguntza eskaera, dirulaguntzaren ehunekoa, inbertsioaren gutxieneko zenbatekoa eta 6. oinarriko gehieneko dirulaguntza aplikatzeko.
3. Proiektu motaren arabera, enpresa eskatzaileek berariazko baldintza hauek ere bete beharko dituzte eskaera egiten dutenean:
3.1. Enpresaren tamaina.
PROIEKTU MOTAK | ENPRESAREN TAMAINA |
Modernizatzea eta eraberritzea (ME) | Mikroenpresak edo enpresa txiki edo ertainak |
Merkataritzako eskualdaketa (MEs) | Mikroenpresak edo enpresa txikiak |
Egonekoa ez den merkataritza (EEM) | Mikroenpresak edo enpresa txikiak |
Merkataritzako ekintzailetza (MEk) | Mikroenpresak edo enpresa txikiak |
Digitalizazio komertziala (DK) | Mikroenpresak edo enpresa txikiak |
3.2. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (ME).
2024ko urriaren 1a baino lehenagotik eta dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunera arte aritu izana, etengabe, zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan (ondorio horietarako, EJZn ematen den informazioa hartuko da kontuan).
Aldi horretan enpresa batek bere izena, forma juridikoa, osaera edo negozioaren titulartasuna aldatu badu, baldintza hori betetzat joko da txikizkako merkataritzako jarduera berean jarraitzen badu eta, gainera, lehenago adierazitako aldaketen ondoren, enpresako kideetako batek enpresa eskatzailearen titularra izaten jarraitzen badu.
3.3. Merkataritzako eskualdaketako proiektuak (MEs).
Saltegiari EJZn baja ematen zaionetik negozioa eskuratzen duen enpresari alta eman arte (EJZren talde berean) ezin dira bi hilabete baino gehiago igaro. Halaber, negozioa eskualdatzeko akordio bat formalizatu behar da 2024ko uztailaren 1etik 2025eko urriaren 17ra bitartean, biak barne.
Horrelako proiektuetarako, 2024ko uztailaren 1etik 2025eko urriaren 17ra bitartean gauzatutako inbertsioak onartuko dira bakarrik.
3.4. Egonekoa ez den merkataritzako proiektuak (EEM).
Nafarroako toki erakunde batean alta emanda egotea EJZn, egonekoa ez den merkataritzari dagokion epigraferen batean, 2024ko urriaren 1a baino lehenagotik.
Egonekoa ez den merkataritzako jarduerak eskualdatuz gero, EJZri dagokionez, merkataritzako eskualdaketako proiektuetarako ezarritakoari jarraituko zaio.
3.5. Merkataritzako ekintzailetza proiektuak (MEk).
a) Txikizkako merkataritzako enpresa berri bat eratzea eta saltegi berri bat irekitzea Nafarroan. Enpresa dagoeneko eratuta badago eta egoitza fiskala Nafarroatik kanpo badu, modernizazio eta eraberritze proiektutzat joko da saltegi berria irekitzea eta, EJZko altaren ondorioetarako, 3.4 atalean xedatutakoa aplikatuko da.
b) Laguntzatik kanpo daude lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.
c) EJZn alta emateko egunak 2024ko urriaren 1etik 2025eko abenduaren 1era bitartekoak dira, biak barne.
d) Negozio berriak aldeko bideragarritasun plana edo enpresa plana izan beharko du.
5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.
5.1. Diruz lagungarriak diren proiektu motak. Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Saltegiak modernizatzea eta eraberritzea (ME).
Diruz lagungarriak dira, alde batetik, dauden saltegiak modernizatu, eraberritu edo zaharberritzeko inbertsioak, eta, bestetik, lekuz aldatzen diren saltegietarako lokalak egokitu eta hornitzekoak, baita saltegi berriak kokatzekoak ere, horrek ekartzen badu enpresak duen saltegi kopurua handitzea.
b) Merkataritzako eskualdaketa (MEs).
Diruz lagungarriak dira 2024ko urriaren 1ean funtzionamenduan zegoen saltegi bat erostearen ondoriozko inbertsioak, baldin eta egungo jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna bermatzen bada eta saltegiaren jabetza osoa eskualdatzen bada.
c) Egonekoa ez den merkataritza (EEM).
Diruz lagungarriak dira denda-ibilgailuan egonekoa ez den merkataritza egiteko ibilgailua erosteko edo egokitzeko inbertsioak, baita azoka txikietan egonekoa ez den merkataritza egiteko berariazko ekipamendua erostekoak ere.
Gainera, diruz lagungarriak dira egonekoa ez den merkataritza jarduera bat eskuratzearen ondoriozko inbertsioak, baldin eta jarduera hori 2024ko urriaren 1ean martxan bazegoen, jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna bermatzen bada eta jarduera osoa eskualdatzen bada.
d) Merkataritzako ekintzailetza (MEk).
Diruz lagungarriak dira txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak saltegietan ezartzen dituzten enpresa berriek egindako inbertsioak.
e) Digitalizazio komertziala (DK).
Diruz lagungarriak dira ETEen eraldaketa digitalerako behar diren inbertsioak, ekipamendu digitala ezartzekoak, baita tresna eta garapen teknologikoak ere, aukera ematen dutenak negozioaren kudeaketa hobetzeko eta kontsumitzaileen erosteko ohituretara egokitzeko.
Proiektu mota honetan eskaera bat kontuan hartuko da laguntza eskaeraren xede diren inbertsio guztiak 5.2.4 oinarriaren barnean badaude.
Digitalizazio komertzialeko inbertsioak ez badira iristen mota horretako proiektuetarako eskatzen den gutxienekora, inbertsio horiek deialdian ezarritako beste edozein proiektu motatarako eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira.
5.2. Inbertsio diruz lagungarriak.
5.2.1. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (ME) eta merkataritzako ekintzailetza proiektuak (MEk).
Honako jarduketa hauek dira inbertsio diruz lagungarriak:
1. Saltegietako instalazioak, lokalak eta irudia eraberritzeko, egokitzeko eta berritzeko obrak.
Honako jarduketa hauek onartuko dira: saltegietan egindako eraberritze lanak; kanpoko eta barneko errotulazioak; erakusleihoetan edo fatxadetan egindako eraberritzeak; irisgarritasun arloko hobekuntzak; oztopo arkitektonikoak kentzea; aire girotuko, lapurreten aurkako edo segurtasun sistemak instalatzea; wifi eremuak instalatzea; energia efizientziarako jarduketak; argiteriako instalazioa hobetzea eta antzeko beste jarduketa batzuk.
2. Saltegietako merkataritzako ekipamendua:
Aktibo finko berriak erostea onartuko da, hala nola:
–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.
–Ekipamendu berariazkoa eta inbertsioak merkataritza jarduerarako beharrezkoak diren beste aktibo finko batzuetan.
3. Zerbitzu-sariak ezinbesteko zerbitzu tekniko profesionalak ordaintzeko, lotura zuzena badute aurreko jarduketekin. Kontzeptu horiengatik, oro har, proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta dekorazio edo instalazio proiektuak egiteko gastuak baino ez dira onartuko.
Kontzeptu horiengatik, oro har, diruz lagungarritzat hartuko dira aurreko 1. eta 2. ataletako inbertsio diruz lagungarrien zenbatekoaren %20ra arte. Portzentaje hori dirulaguntza ordaintzean ere aplikatuko da.
4. Digitalizazio komertzialeko inbertsioak.
Onartuko diren jarduketek kudeaketa edo merkaturatze sistemak hobetzekoak izan beharko dute, oinarri hartuta, batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) txertatzea, eta, bestetik, txertatutako tresna teknologikoak abian jartzeko eta erabiltzeko behar den prestakuntza; zehazki, jarduketa hauek:
a) Merkataritza elektronikoa ezartzea (e-commerce).
Diruz lagungarria da funtzionaltasun hori duten webguneak sortzea, garatzea eta ezartzea, edo lehendik sortutako webguneak egokitzea online salmentak sartzeko, baldintza hauek betetzen badira:
–Sistema estandarretan garatzea eta gailu mugikorretara egokitua egotea.
–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.
–Pribatutasun politikaren orrialdea izatea, indarreko araudiarekin bat.
–https datuen transferentziarako protokoloa izatea.
–Sinkronizaturik egotea saltegiaren kudeaketa sistemarekin.
–Ordainketa pasabidea izatea.
b) Gailu mugikorretako aplikazioen garapena, helburu baldin badute bezeroak lortzea (promozio sistemak, marka nabarmentzea, errealitate areagotua, geoerreferentziarako sistemak...).
c) Kudeaketa tresnak, programa informatikoak eta softwarea ezartzea, baldin eta enpresaren salmenta prozesuarekin edo fakturazio sistemarekin loturarik edo konexiorik ez badute.
d) Ekipamendu digitala: ordainagirien inprimagailuak, prezioen etiketatze elektronikorako sistemak eta barra kodeen irakurgailuak.
5) Enpresa integraziorako inbertsioak: frankizietara, erosketa zentraletara eta enpresa integrazioko beste formula batzuetara sartzeko kanonak eta irudi komunera edo korporatibora egokitzeko beharrezkoak diren beste inbertsio batzuk, 2.500 biztanletik beherako toki erakundeetan kokatutako saltegien kasuan.
5.2.2. Merkataritzako eskualdaketako proiektuak (MEs).
Diruz lagungarriak diren inbertsiotzat hartzen dira 5.2.1 oinarrian ezarritakoak, bai eta makina, erreminta, instalazio eta merkataritza ekipamendu gisa erositako aktibo finko erabiliak eskuratzea ere.
Zerbitzu tekniko profesionalen zerbitzu sari gisa, 5.2.1 oinarrian ezarritako gastuez gain, peritu txostena edo negozioaren tasazio txostena egiteko gastuak ere onartuko dira.
Zerbitzu tekniko profesionalen multzoari dagokionez, diruz lagungarriak diren gainerako inbertsioen zenbatekoaren %20 arte onartuko da, eta portzentaje hori dagokion dirulaguntza ordaintzean ere aplikatuko da.
Eskualdatzearen fakturatik gehienez ere peritu edo tasazio txostenean egiaztatutako zenbatekoa onartuko da.
5.2.3. Egonekoa ez den merkataritzako proiektuak (EEM).
Honako jarduketa hauek dira inbertsio diruz lagungarriak:
1. Salmenta, denda-ibilgailuetan. Ibilgailu berriak erostea edo ibilgailuak garraio eta salmentaren jarduerara egokitzea, ibilgailua salmenta ibiltarirako baliabide nagusia denean.
Ibilgailuak ezin dira turismo gisa sailkaturik egon, eta ibilgailu mistoak diruz lagungarriak izateko, egokituta egon behar dute salgaien garraiorako.
Ibilgailuek, orobat, ibilgailu garbi gisa egon behar dute etiketaturik beren efizientzia energetikoaren arabera (bereizgarri hauek: 0 isurketa, Eco, C eta B).
2. Salmenta, azoka txikietan. Berariazko ekipamendua erostea, hala nola:
–Olanak, karpak, instalazio metalikoak edo egitura eramangarriak salmenta punturako.
–Produktuak erakusgai jartzeko ekipamendu komertziala edo altzariak, elektrizitate sorgailuak eta abar.
3. Digitalizazio komertzialeko inbertsioak.
4. Egonekoa ez den merkataritzako jardueren eskualdatzeetan, peritu txostena edo negozioaren tasazio txostena egiteko gastuak onartuko dira, diruz lagungarriak diren gainerako inbertsioen zenbatekoaren %20ra arte, eta portzentaje hori dagokion dirulaguntza ordaintzean ere aplikatuko da. Horrez gain, diruz lagungarritzat hartuko da 5.2.3 atalean adierazitako aktibo finko erabilien erosketa.
Eskualdatzearen fakturatik gehienez ere peritu edo tasazio txostenean egiaztatutako zenbatekoa onartuko da.
5.2.4. Digitalizazio komertzialeko inbertsio proiektuak (DK).
Diruz lagungarriak diren inbertsiotzat joko dira 5.2.1.4. atalean adierazitakoak.
5.3. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:
a) Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta enpresa eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekartzen ahal duen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
b) Materialak eta elementuak erostea obretarako, instalazioetarako, eraikuntzetarako edo ETE eskatzaileak egiten duen edozein proiektutarako, salbu eta egiaztatzen denean material horiek erabiltzen dituen enpresa edo profesional batek gauzatu dituela lanak.
c) Bigarren eskuko aktibo finko ukigarriak eta ondasun erabiliak. Halere, kontzeptu hau diruz lagungarria izanen da, soilik, negozioen eskualdaketen kasuan.
d) Merkataritzako eskualdaketa proiektuetan, negozioa eskualdatzeko, merkataritza funtsaren truke, izakinen truke edo funtzionamendu gastutzat jotzen den beste edozein gastutarako ordaindutako kontzeptuak.
e) Saltegia eta lursailak erosteko egindako inbertsioak, eta eraikinak eraikitzekoak.
f) Garraiorako elementuak, salbu denda-ibilgailuekin aurreikusita dagoena egonekoa ez den merkataritzaren proiektuetarako.
g) Edozein eratako tributuak, lizentziak, baimenak, kuotak edo antzeko gastuak.
h) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketen instalazioa.
i) Saltegien eta material suntsigarrien alokairu gastuak.
j) Leasing edo renting bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.
k) Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak eta antzekoak.
l) Kudeaketa tresnak, programa informatikoak, softwarea edo enpresaren fakturazio sistemarekin lotutako beste edozein inbertsio.
m) Salmenta puntuko terminalak (STT), balantza digitalak eta salmenta zein fakturazio prozesua kudeatzeko beharrezkoa den beste edozein ekipamendu informatiko.
n) Obrak egitea edo lokaletarako aktiboak edo ekipamenduak erostea, saltegitik aparte edo saltegiaren ondoan baina konektatuta egon gabe, biltegi edo lantegi gisa erabiltzeko edo merkataritza jarduera ez diren bestelakoetarako.
ñ) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.
o) Eguzki plakak instalatzea.
p) Webguneen bilatzaileen optimizazio gastuak (SEO posizionamendua).
q) Denda-ibilgailuen ordezko piezak.
r) 50 eurotik beherako fakturak (BEZa gabe).
5.4. Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
5.4.1. Inbertsio diruz lagungarriak Nafarroan egin behar dira, zehazki hiri bilbean integratuta dauden txikizkako saltegietan. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri lurzoru ez urbanizagarrian egotea, betiere lurzati horrek edo ondokoek, hau da, mugakideek, nagusiki bizitegietarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta daudenak, baita mugaz haraindiko eremuetan daudenak ere.
Arestian adierazitakotik salbuetsita daude egonekoa ez den merkataritzako proiektuetan egindako inbertsioak eta hurrengo atalean ezarritakoak.
5.4.2. Txikizkako merkataritzako jarduera egiten duten (edo egitea aurreikusi duten, ekintzaileen kasuan) enpresen proiektuak, jarduera nagusia ez izan arren, betiere baldintza hauek ere betetzen badituzte:
a) 1.500 biztanle baino gutxiagoko toki erakunde batean egotea. Deialdi honetan adierazitako populazioari dagokionez, aintzat hartuko da Nafarroako kontzejuetako populazio zifra ofizialak deklaratzen dituen Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariaren foru agindua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen hori alegia.
b) Negozioa kokatzen den toki erakundean ez dira 3 saltegi baino gehiago egon behar funtzionamenduan eskaera aurkezten den egunean. Ondorio horietarako, saltegitzat hartzen dira deialdi honetan diruz lagungarritzat jotzen diren jarduera ekonomikoetako bat egiten duten negozioak.
c) Nolanahi ere, toki erakundeko gainerako saltegiek egiten dutenaz bestelako merkataritza jarduera bat egin behar du enpresaren proiektuak.
Proiektu bat atal honetan diruz lagungarritzat kontuan hartu ahal izateko, toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu behar da, arestian adierazitako inguruabarrak egiaztatzen dituena.
5.4.3. Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz lagungarria den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.
5.4.4. Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, dirulaguntzaren xedeko saltegian bertan kokatu behar dira, salbu eta egonekoa ez den merkataritza proiektuen kasuan, eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.
5.4.5. Diruz lagundutako aktibo finkoak berriak izan behar dira, negozioak eskualdatzeko proiektuetarako aurreikusitakoan salbu, eta ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.
5.4.6. Dirulaguntzaren xede diren inbertsioek bukatuta, erabilgarri eta abian egon behar dute, 2024ko urriaren 18tik 2025eko urriaren 17ra bitartean, biak barne, eta saltegiak jendearentzat irekita eta funtzionamenduan egon behar du 2025eko urriaren 17rako, egun hori barne.
Salbuespen gisa, saltegiak 2025eko abenduaren 1era arte irekitzen ahalko dira, egun hori barne, baldin eta inbertsioak guztiz gauzatuta eta bukatuta badaude 2025eko urriaren 17an, eta atzerapena enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik baino ez bada, hala nola administrazio lizentziak edo baimenak ematean izandako atzerapenengatik.
5.4.7. Ezinbesteko kasuen ondoriozko aldaketak.
Onuradun izateko eskatu zaizkion baldintzetako bat aldatzea eskatzen ahal du onuradunak, baldin eta aldaketa eskaera egiteko momentuan aurreikusteko modukoa ez zen ezinbesteko kasu baten emaitza bada, eskaera justifikatzen duen arrazoia bere erantzukizun edo zabarkeriaren ondorioa ez bada eta aldatzeko eskaera dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatu eta justifikatzeko ezarritako epea bukatu aurretik (2025eko urriaren 17a) aurkeztu bada.
Zerbitzu kudeatzaileak eskaera hori aztertzen ahalko du, betiere hirugarrenen interesen kontrakoa ez bada eta dirulaguntzaren izaera edo helburuak aldatzen ez baditu. Era berean, dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko epea luzatzen ahalko du, 2025eko abenduaren 9ra arte gehienez, egun hori barne, eta saltegia irekitzeko epea, 2025eko abenduaren 20ra arte gehienez, egun hori barne. Kasu horietan, egindako jarduketak justifikatzeko epea 2025eko abenduaren 9ra arte luzatzen ahalko da, egun hori barne, eta egindako fakturak eta ordainketak onartzekoa, 2025eko abenduaren 9ra arte ere, egun hori barne.
6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Honako hau da gutxienez eskatzen den inbertsioa (BEZa gabe):
PROIEKTU MOTA | ENPRESAREN TAMAINA | GUTXIENEKO | ||
MIKROENPRESA | ENPRESA | ENPRESA | ||
Modernizazioa eta eraberritzea | 10.000 | 27.000 | 105.000 | Saltegi bakoitzeko |
Merkataritzako eskualdaketa | 2.000 | 10.000 | - | Saltegi bakoitzeko |
Egonekoa ez den merkataritza | 1.500 | 1.500 | - | Enpresa bakoitzeko |
Merkataritzako ekintzailetza | 5.000 | 17.000 | - | Saltegi bakoitzeko |
Digitalizazio komertziala | 2.000 | 5.000 | - | Enpresa bakoitzeko |
2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira inbertsio diruz lagungarriaren gainean (BEZa gabe), gehieneko zenbatekoa gainditu gabe:
PROIEKTU MOTA | DIRULAGUNTZA | DIRULAGUNTZAREN | DIRULAGUNTZAREN |
Modernizazioa eta eraberritzea | 40 | 45.000 | Saltegi bakoitzeko |
Merkataritzako eskualdaketa | 80 | 50.000 | Saltegi bakoitzeko |
Egonekoa ez den merkataritza | 60 | 10.000 | Enpresa bakoitzeko |
Merkataritzako ekintzailetza | 50 | 45.000 | Saltegi bakoitzeko |
Digitalizazio komertzialeko proiektuak | 70 | 10.000 | Enpresa bakoitzeko |
3. Enpresa eskatzaile bakoitzari 50.000 euroko dirulaguntza ematen ahalko zaio gehienez.
Baimendutako gastua aurkeztu diren eskaeretatik eratorritako konpromiso guztiak ordaintzeko nahikoa bada, ez da muga hori aplikatuko.
Bestela, proiektu mota baterako eta besterako dirulaguntzak metatzearen ondorioz enpresa bati dagokion dirulaguntza altuagoa bada aurretik aipatutako zenbatekoa baino, eskatzaileari 3 egun balioduneko epea emanen zaio, dirulaguntza ematen duen ebazpena baino lehen, dirulaguntzaren xede izanen den proiektu motaren gaineko lehentasuna adierazi dezan.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Eskaerak aurkezteko modua.
1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-mejora-de-la-competitividad-de-las-empresas-comerciales-minoristas-y-el-fomento-del-emprendimiento-comercial (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.
Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen eguntzat.
2. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
3. Eskabide bat aurkeztuko da saltegi bakoitzeko, proiektu hauen kasuan: modernizatzea eta eraberritzea, merkataritzako eskualdaketa eta merkataritzako ekintzailetza.
Modernizatzeko eta eraberritzeko proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero, enpresa eskatzaileak zenbakitu egin beharko ditu, nahi duen lehentasun hurrenkeran (1, 2, 3...), eskaera inprimakian ezarritakoaren arabera, 9.1 oinarrian xedatutako ondorioetarako.
Eskaera bat aurkeztuko da enpresa bakoitzeko, proiektu hauen kasuan: egonekoa ez den merkataritza edo digitalizazio komertziala.
7.3. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira, dokumentu bereizietan eskaneatuta eta behar bezala izendatuta:
7.3.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera inprimakiak honako adierazpen hauek ditu:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzen direla egiaztatzeko.
b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (13. oinarrian aipatzen dira).
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokie, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.
7.3.2. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa.
–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak; behar bezala egon behar dute inskribaturik Merkataritza Erregistroan.
–Sozietate irregular edo zibilen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetarako: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Errolda inskribatuta egotearen egiaztagiriaren kopia.
–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.
7.3.3. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
a) Dirulaguntzaren xedeko proiektua azaltzen duen memoria teknikoa eta ekonomikoa, gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:
–Enpresaren aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektua gauzatzearekin lortu nahi diren helburuak.
–2024ko urriaren 18tik 2025eko urriaren 17ra bitarte egindako jarduketen edo epe horretarako aurreikusitakoen azalpena.
–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.
–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen zenbateko zehatzak eta horien finantzaketari buruzko informazioa.
–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltegia irekitzekoa.
–Saltegian egindako jarduera ekonomiko guztien azalpen zehatza, bertan adierazita EJZren zein epigrafetan dagoen alta emanda. Egonekoa ez den merkataritza edo digitalizazio komertzialen kasuan, enpresa alta emanda dagoen epigrafe guztiak adieraziko dira.
b) Saltegien instalazioak eraberritzeko, lokalak egokitzeko eta irudia berritzeko lanen kasuan, saltegiaren kanpoko eta barruko argazki eguneratuak, laguntzaren xede diren jarduketak egin aurreko egoera egiaztatzeko.
c) Diruz lagunduko den aldian egindako nahiz aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza (Excel formatuan); hori justifikatzeko, aurrekontuak erabiliko dira, edo gastuak zenbatesteko bide ematen duten proformako fakturak zein azken fakturak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
Negozio eskualdatzeen kasuan, ondasun erabiliak eskuratzea aurreikusten bada, proformako fakturak edo azken fakturak banakatuta adierazi beharko ditu negozioa eskualdatzeagatik fakturatutako kontzeptu guztiak (merkataritza funtsa, instalazioak, altzariak, izakinak, etab.).
Inbertsio diruz lagungarriaren bolumena zehazteko, honako hau hartuko da kontuan: dirulaguntza eskatzeko berariazko inprimakiko informazioa, atal honetan aipatutako zerrenda eta dirulaguntzaren xedeko proiektuaren memoria ekonomikoa. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.
d) Merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, a) atalean aipatutako memoriaren ordez, bideragarritasun planaren edo enpresa planaren kopia bat aurkeztu beharko da, behar bezala onetsia, osoa eta bukatua.
Plan horrek a) atalean aurreikusitako memoria egiteko eskatutako informazioa jasoko du, eta, gainera, honako alderdi hauen berri emanen du:
–Ekintzailearen lanbide kualifikazioaren eta egokitasunaren analisia.
–Merkatuaren eta lehiaren analisia, marketin plana eta ekonomia eta finantza plana.
–Enpresaren antolaketa, negozioaren definizioa eta merkaturatu beharreko produktuen definizioa.
–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.
PlanaB behar bezala kualifikatutako entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek prestatu beharko du, eta dirulaguntza eskatzen duen enpresa berak ez du egiten ezta prestatzen ahalko ere. Plana nahitaez dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
e) Saltegiak eskualdatzeko kasuan edo egonekoa ez den merkataritza jardueren kasuan, negozioa eskuratzen duena jarduera horretan berean edo antzeko batean aritu ez bada 2024ko urriaren 1etik baino lehen, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko aztertu egin direla eskuratu duen negozioa kudeatu eta zuzentzeko daukan egokitasuna, gaitasuna eta lanbide kualifikazioa. Azterlan edo analisi hori behar bezalako kualifikazioa duen entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek egina beharko du, eta ezin du egin enpresa eskatzaileak berak.
f) Egonekoa ez den merkataritzan aritzen diren enpresek honako honi buruzko informazioa eman behar dute:
–Zer azoka txikitan parte hartzen duten Nafarroako toki erakundeetan, eta, kasua bada, beste autonomia erkidego batzuetan, eta urtean eta hilean zenbat aldiz joaten diren haietara.
–Merkataritza ibiltariaren zer ibilbide egiten duten denda-ibilgailuetan, adierazita Nafarroako zer toki-erakundetatik pasatzen diren eta, kasua bada, beste autonomia erkidegoetako zeinetatik, eta urtean eta hilean zenbat aldiz joaten diren haietara.
Bi kasuetan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, eskaera inprimakiari erantsita.
g) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan (birgaitzeko obrak, egokitzekoak eta irudia berritzekoak), edo 12.000 eurotik gorakoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan (aktibo finkoak erostea, garraio elementuak, zerbitzu teknikoak edo profesionalak kontratatzea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, eta, horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu eskaera inprimakiko "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
7.3.4. Jarduketa baloratzeko dokumentazioa.
Dokumentazio jakin bat aurkezteko eskatzen diren irizpideak baloratzeko, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera, soilik baloratuko dira baldin eta dokumentazioa eskaerak aurkezteko epearen barruan aurkezten bada, eta ez da zuzentzen ahalko.
7.4. Eskaeraren dokumentazioa zuzentzea.
Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria. Dirulaguntza emateko balorazio irizpideak.
1. Balorazio irizpide hauek aplikatu behar zaizkie modernizatu eta eraberritzeko, merkataritzako eskualdaketako, merkataritzako ekintzailetzako eta digitalizazio komertzialeko proiektuen eskaerei:
1. irizpidea.–Saltegia dagoen toki erakundearen populazioa.
Toki erakundearen biztanle kopurua 5. oinarrian adierazitakoaren arabera zehaztuko da.
SALTEGIA DAGOEN TOKI ERAKUNDEAREN BIZTANLE KOPURUA | PUNTUAK |
1.000 biztanle arteko toki erakundeak | 35 |
1.001 eta 1.500 biztanle arteko toki erakundeak | 25 |
1.501 eta 2.500 biztanle arteko toki erakundeak | 20 |
2.501 eta 5.000 biztanle arteko toki erakundeak | 15 |
5.001 eta 10.000 biztanle arteko toki erakundeak | 10 |
10.001 eta 100.000 biztanle arteko toki erakundeak | 5 |
100.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeak | 0 |
2. irizpidea.–Lurraldearen despopulazio arriskua.
ARRISKU MOTA | PUNTUAK |
Muturreko arriskua | 20 |
Arrisku bizia | 16 |
Arrisku nabarmena | 12 |
Gainbehera bizia | 8 |
Gainbehera moderatua | 4 |
Ahula | 2 |
Arriskurik gabe | 0 |
Horretarako, despopulazioaren arrisku motaren araberako udalerrien zerrenda hartuko da kontuan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak egina eta 2022ko otsailaren 22an eguneratua.
Digitalizazio komertzialeko proiektuetan, enpresa batek saltegi bat baino gehiago baditu, 1. eta 2. irizpideak aplikatzeko helburuetarako, kontuan hartuko da eskatzailearentzat onuragarriena den saltegiaren kokalekua.
3. irizpidea.–Enpresaren tamaina.
Kontuan hartuko da eskaeran horretarako aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpena, eta puntuazio hau emanen da:
ENPRESAREN TAMAINA | PUNTUAK |
Mikroenpresa | 30 |
Enpresa txikia | 20 |
Enpresa ertaina | 10 |
4. irizpidea.–Aurreko dirulaguntzak.
Kontuan izanda zenbateko laguntzak jaso dituen merkataritza arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak 2022., 2023. eta 2024. urteetako deialdietan Nafarroako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko izapidetutako dirulaguntzen deialdietan, organo kudeatzaileak puntuazio hau esleituko du:
ALDI HORRETAN ESKURATUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA | PUNTUAK |
Dirulaguntzarik lortu ez bada | 15 |
5.000 euro arte | 10 |
5.001 eurotik 10.000 eurora | 8 |
10.001 eurotik 15.000 eurora | 6 |
15.001 eurotik 20.000 eurora | 4 |
20.001 eurotik 25.000 eurora | 2 |
25.000 eurotik gora | 0 |
Enpresa onuradunek epe barruan egin bazieten uko emandako dirulaguntzei, horiek ez dira kontuan hartuko jasotako dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzean.
5. irizpidea.–Merkatarien elkarte bateko partaide izatea.
Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako merkatarien elkarte baten kide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehenagotik, 5 puntu emanen zaizkio gehienez, antzinatasunagatik, honela:
ANTZINATASUNA MERKATARIEN ELKARTE BATEAN | PUNTUAK |
5 urtekoa edo hortik gorakoa | 5 |
4 urte edo gehiago eta 5 urte baino gutxiago | 4 |
3 urte edo gehiago eta 4 urte baino gutxiago | 3 |
Urtebete edo gehiago eta 3 urte baino gutxiago | 2 |
Urtebete baino gutxiago | 1 |
Elkarteak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, non enpresa elkartu gisa alta hartu zuen eguna adieraziko baita.
Antzinatasuna kalkulatzeko kontuan hartuko da zenbat denbora igaro den enpresak merkatarien elkarteko kide gisa alta hartu zuenetik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
6. irizpidea.–Atxikipena Kontsumoko Arbitraje Sistemari.
Eskatzailea atxikita badago Kontsumoko Arbitraje Sistemari deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 4 puntu esleituko zaizkio.
Deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du hori Kontsumo Zerbitzuan, baina, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz adierazi badu laguntzaren eskaera inprimakian.
7. irizpidea.–Genero berdintasunaren arloko prestakuntza berariazkoa eta berdintasun planak.
Indarreko araudiaren arabera enpresa ez badago beharturik berdintasun plan bat prestatzera, baina frogatzen badu, eskaera aurkezten duen egunean, berdintasun plan bat ezarri duela, berdintasunaren arloan neurriak hartu dituela edo berariazko prestakuntza jaso duela, 3 puntu emanen zaizkio gehienez, honela:
BERDINTASUN ARLOKO PRESTAKUNTZA | 3 PUNTU |
Enpresak frogatu du berdintasun plan bat duela onetsita eskaera aurkezteko egunean | 3 |
Enpresak berdintasun arloko neurriak hartu ditu | 1 |
Enpresak berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza egin du (langileei emandako 8 prestakuntza orduko) | 1 |
Kasua bada, berdintasun planaren kopia aurkeztu beharko da, lan arloko agintari eskudunaren aurrean erregistratu dena, bai eta berdintasunaren arloan neurriak hartu izana edo prestakuntza jaso izana frogatzeko agiriak ere.
Deialdia kudeatzen duen organoak aholkua eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, enpresa eskatzaileek aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.
8. irizpidea.–Merkataritzako eskualdaketak.
Kontuan izanda zenbat saltegi dauden, 2024ko abenduaren 31n, eskualdatzen den saltegia kokatuta dagoen toki erakundean (eskualdatzen dena barne), honako puntuazio hau aplikatuko da:
SALTEGIEN KOPURUA | PUNTUAK |
1 eta 3 artean | 16 |
4 eta 7 artean | 12 |
8 eta 11 artean | 8 |
12 eta 15 artean | 4 |
15 baino gehiago | 0 |
Atal honetan puntuak lortzeko, saltegien kopurua egiaztatu beharko da, dagokion toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiriaren bidez.
1.2. Aurreko ataleko irizpideak aplikatu ondoren, balorazio irizpide hauek ere aplikatuko zaizkie Iruñeko saltegien eskaerei:
1. irizpidea.–Saltegia kokatuta dagoen auzoaren dentsitate komertziala.
Saltegia kokatua dagoen auzoaren dentsitate komertziala zein den, behean azaltzen den puntuazioa emanen da. Puntuazio hori finkatu da auzo bakoitzaren dentsitate komertzialaren alderantzizko proportzioaren arabera:
AUZOA | PUNTUAK |
Alde Zaharra | 1 |
Zabalguneak | 1 |
Donibane | 2 |
Abejeras-Azpilagaña | 2 |
Sanduzelai | 2 |
Buztintxuri-Euntzetxiki | 2 |
Iturrama | 3 |
Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea | 3 |
Arrotxapea | 3 |
Arrosadia | 3 |
Etxabakoitz | 4 |
Txantrea-Orvina-Ezkaba | 4 |
Mendillorri | 4 |
2. irizpidea.–Saltegia kokatuta dagoen auzoko saltegien kopuruaren bilakaera.
Saltegia kokatuta dagoen auzoan izan den saltegi kopuruaren bilakaeraren arabera, behean azaltzen den puntuazioa emanen da. Puntuazio hori finkatu da auzo bakoitzaren bilakaeraren alderantzizko proportzioaren arabera:
AUZOA | PUNTUAK |
Alde Zaharra | 1 |
Txantrea-Orvina-Ezkaba | 1 |
Abejeras-Azpilagaña | 1 |
Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea | 1 |
Zabalguneak | 2 |
Donibane | 2 |
Mendillorri | 2 |
Sanduzelai | 3 |
Arrosadia | 3 |
Arrotxapea | 3 |
Iturrama | 4 |
Etxabakoitz | 4 |
Buztintxuri-Euntzetxiki | 4 |
3. irizpidea.–Hiri garapen berritzat jotzen diren auzoetako saltegiak.
Jarduketak egiten badira hiri garapen berritzat hartzen diren auzoetan kokatutako saltegietan, honako puntuazio hau aplikatuko da.
AUZOA | PUNTUAK |
Lezkairu | 6 |
Erripagaña-Beloso | 6 |
1.3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenkera honekin:
a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak (fakturatuta eta ordainduta) dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.
b) Dirulaguntzaren zenbateko txikiena jaso duten eskaerak (4. irizpidea).
c) Saltegia kokatzen den toki erakundeko populazioa; lehentasuna emanen zaie populazio txikiena dutenei. Iruñean kokatutako saltegien kasuan, lehentasuna emanen zaie dentsitate komertzial txikiena duten auzoetan kokatuta daudenei.
2. Egonekoa ez den merkataritzako proiektuen eskaerak baloratzeko irizpideak.
2.1. Nafarroako toki erakundeetan 2024an azoka txikietan egindako merkataritzarako, irizpide hauek aplikatuko dira:
1. irizpidea.–Azoka txikia egiten den toki erakundeko populazioa.
TOKI ERAKUNDEAK | PUNTUAK |
%50ek 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 10 |
%50ek 1.500 biztanle baino gutxiago dituzte | 5 |
%50ek 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 3 |
Toki erakundearen biztanle kopurua 5. oinarrian adierazitakoaren arabera zehaztuko da.
2. irizpidea.–Hilean zenbat aldiz joaten den.
HILEAN ZENBAT ALDIZ | PUNTUAK |
7 egun baino gehiago | 10 |
6 eta 7 artean | 5 |
5 egun | 3 |
3. irizpidea.–Urtean zenbat aldiz joaten den.
URTEAN ZENBAT ALDIZ | PUNTUAK |
9 hilabete baino gehiago | 10 |
6 hilabete baino gehiago | 5 |
3 hilabete baino gehiago | 3 |
2.2. Nafarroako toki erakundeetan 2024ko denda-ibilgailuetan egindako merkataritza ibiltarirako, irizpide hauek aplikatuko dira:
1. irizpidea. Ibilbidean dauden Nafarroako toki erakundeetako populazioa.
TOKI ERAKUNDEAK | PUNTUAK |
%50ek 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 20 |
%50ek 1.500 biztanle baino gutxiago dituzte | 10 |
%50ek 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 5 |
2. irizpidea.–Nafarroako zenbat toki erakundetatik pasatzen den merkataritzako ibilbide bakoitzean.
TOKI ERAKUNDEAK | PUNTUAK |
5 baino gehiago | 20 |
4 eta 5 artean | 10 |
3 baino gutxiago | 5 |
3. irizpidea.–Hilean zenbat aldiz egiten duen merkataritzako ibilbidea.
HILEAN ZENBAT ALDIZ | PUNTUAK |
7 egun baino gehiago | 20 |
6 eta 7 artean | 10 |
5 egun | 5 |
2.3. Aurreko irizpideak aplikatzeaz gain, egonekoa ez den merkataritzako jarduerak eskualdatuz gero, 20 puntu emanen dira.
2.4. Azoka txikietan eta denda-ibilgailuarekin aritzen diren saltzaile ibiltariak.
Kasu horretan, laguntza zer inbertsio motatarako eskatzen den, hari dagokion baremoa aplikatu beharko da.
2.5. Egonekoa ez den merkataritzako proiektuei irizpideak aplikatzeko dokumentazioa.
Kontuan hartuko da eskatzaileak eskaera inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpenean emandako informazioa, adierazitako irizpideei dagokien puntuazioa esleitzeko.
2.6. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenkera honekin:
a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.
b) Nafarroako zenbat toki erakundetan jarduten den merkataritza ibiltarian diruz laguntzen ahal den aldian; lehentasuna emanen zaie kopuru handiena dutenei.
c) Inbertsio diruz lagungarrien bolumena; zenbateko handiena dutenak lehenetsiko dira.
9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren, jarduketa mota bakoitzeko, ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerei, puntuaziorik handiena duenetik txikiena dueneraino, jarduketa mota bakoitzerako dagoen kreditu erabilgarria agortu arte.
Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, gainerako jarduketen eskaerei erantzuteko erabiliko da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.
Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.
Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman dagokion laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin. Proposatutako dirulaguntzarekin ados daudela adierazten duten onuradunek dirulaguntza osagarri bat jasotzen ahalko dute, baldin eta aurrekontu baliabide gehiago sortzen badira azkenean ordaintzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa txikiagoa izateagatik hasieran onartutakoena baino, edo onuradunen batek uko egiteagatik dirulaguntzari.
3. Baldin eta dirulaguntzak esleitu ondoren deklaratzen bada laguntzaren bat kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu lortzen bada, beste xede hauetarako erabiltzen ahalko da, adierazitako hurrenkeran:
–Nahikoa aurrekontu kontsignaziorik ez izateagatik laguntza osoa jaso ez zuen eskatzaileari emandako laguntza partziala osatzea, aurreko atalean xedatutakoaren arabera, hurrenkera honetan: MEk, MEs, DK, EEM eta ME motako proiektuak (gainerako toki erakundeak, Iruña).
–Nahikoa aurrekontu ez izateagatik ezetsi ziren eskaerei heltzea, hurrenkera honetan: MEk, MEs, DK, EEM eta ME motako proiektuak (gainerako toki erakundeak, Iruña).
–Saltegi batetarako baino gehiagorako modernizazio eta eraberritze proiektuak aurkeztu dituzten eskaerei heltzea.
Zerbitzu kudeatzaileak 2025eko urriaren 31ra arteko epea proposatzen ahalko du, egun hori barne, dirulaguntza gehigarri horiek emateko, eta epe berriak ezarriko ditu diruz lagungarriak diren jarduketak gauzatu eta justifikatzeko, betiere 2025eko abenduaren 9ko data gainditu gabe, egun hori barne.
4. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
5. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Onuradunen zerrenda jarduketa bakoitzeko, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, hala badagokio, eta laguntzen zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria. Inbertsioen justifikazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2025eko urriaren 17an, egun hori barne.
2025eko laugarren hiruhilekoko PFEZaren atxikipenei dagozkien ordainketen justifikazioa 2026ko otsailaren 15era arte aurkeztuko da, egun hori barne.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 7.2 oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Justifikazioa egiteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.
3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Azken memoria zehatza, egindako jarduketa guztiak eta proiektuaren exekuzioaren azken kostua xehetasunez deskribatzen dituena, baita hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen Excel formatuko ereduarekin bat.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak aurkeztea.
Saltegiak eskualdatzeari edo egonekoa ez den merkataritzako jarduerei dagokienez, erabilitako ondasunak eskuratu badira, azken fakturak banakatuta jaso behar ditu negozioa eskualdatzeagatik fakturatutako kontzeptu guztiak (merkataritza funtsa, instalazioak, altzariak, izakinak, etab.). Kasu horietan, gainera, peritu txosten bat edo tasazio enpresa baten txosten bat aurkeztuko da, bai eta negozioa eskualdatzeko akordioa ere.
Peritu edo tasazio txostenean xehakatu diren kontzeptuen zenbatekoek alde nabarmenak badituzte laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu zen proformako fakturan xehakatutako kontzeptuekin, onuradunak alde horiek justifikatu eta arrazoitu behar ditu.
Zerbitzu kudeatzailearen aburuz justifikazio hori nahikoa ez balitz eta inkoherentea balitz, beste enpresa baten beste peritu txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko dio onuradunari.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, ordainagirien zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan zordundu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze agiriak ez dira onartuko.
Ordainagiri bakoitzarekin batera, dagokion faktura aurkeztuko da.
e) Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzko adierazpena: justifikazio inprimakian adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts propioak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak).
f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko baldintza bete dela egiaztatu ahal izateko argazkiak, frogagiriak edo web esteka, 12.1.k) oinarrian ezarritakoarekin bat.
g) Egindako jarduketen argazkiak:
–Obrak egiten badira saltegiak birgaitu eta egokitzeko eta haien irudia berritzeko, saltegiaren kanpoko eta barreneko argazkiak aurkeztu behar dira, lanak egin ondotik egoera zein den egiaztatu ahal izateko, baita saltegia zabalik eta funtzionamenduan dagoela ere.
–Ekipamendu komertziala edo digitala erosiz gero, diruz lagundutako aktibo finkoen argazkiak.
–Egonekoa ez den merkataritzari lotutako proiektuen kasuan, denda-ibilgailuaren argazkiak, edo erositako ekipamenduarenak.
h) Merkataritza elektronikoa ezartzeko inbertsioen kasuan, web esteka.
i) PFEZaren atxikipenak dituzten fakturak aurkeztuz gero, hileko inprimakia edo hiruhileko inprimakia (715 inprimakia) edo baliokidea aurkeztuko da.
11. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea.
Justifikazio agiriak aztertuta, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintza guztiak.
Laguntza ordaintzeko ebazpena 2025eko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu behar.
Gainerako enpresa onuradunek, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita, telematikoki aurkeztu behar dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautzen dena.
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
b) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurkeztu behar dute 4.1.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa, abenduaren 29ko 3/2024 Legean aurreikusitako ordainketa epeak bete dituztela egiaztatzeko.
c) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.
d) Diruz lagundutako inbertsioak abian jartzeko edo 2025eko abenduaren 1erako saltegia jendearentzat irekitzeko salbuespenezko kasuetan, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinarazi behar zaio zein egunetan irekiko den, ireki baino lehen.
e) Merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, EJZn alta emanda daudela dioen agiriaren kopia aurkeztu beharko dute 2025eko abenduaren 1erako, egun hori barne.
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea 2025eko irailaren 1erako, egun hori barne, emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, baldin eta aurreikusitako inbertsioak ez badira eginen ezarritako gauzatze epean.
g) Diruz lagundutako inbertsioen azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari 2025eko irailaren 1erako, egun hori barne.
h) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.
i) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako lortu den beste edozein diru sarrera, dirulaguntza, babesletza eta abar.
j) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Epe horiek inbertsioak abian jartzen direnetik zenbatuko dira, eta, ondorio horietarako, justifikazioan onartutako azken fakturaren data hartuko da kontuan.
Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, epe horren barnean dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko saltegiko merkataritza jarduera utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada saltegi horretan txikizkako beste merkataritzako jarduera batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu atal honetan ezarritakoaren arabera dagokion epea bukatu arte. Berdin jokatuko da enpresa onuradunak merkataritza ibiltaria uzten badu.
Hori gertatuz gero, enpresa onuradunak egoera horren berri eman beharko dio deialdiaren organo kudeatzaileari edozein erregistro ofizial erabiliz, nahikoa aurrerapenarekin eman ere. Halako kasuetan, dirulaguntza hartu duen enpresak zituen betebehar guztietan subrogatuko da saltegi horretan merkataritza jarduera bere gain hartzen duen enpresa edo salmenta ibiltarian jarraitzen duena.
Negozio bat eskualdatzen bada, onartuko da bi hilabete igaro ahal izatea eskualdatzen den negozioari EJZn baja ematen zaionetik negozioa eskuratzen duen enpresari alta ematen zaionera (EJZko talde berean).
Dirulaguntza saltegi elektroniko bat ezartzeko jaso bada, diruz lagundutako saltegi elektronikoko plataformak jardunean mantendu beharko dira 2 urtez gutxienez, inbertsioak abiatu zirenetik zenbatzen hasita.
k) Dirulaguntzari publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan eta 2 urtez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den biharamunetik aurrera edo, hala badagokio, inbertsioak abian jartzen direnetik aurrera:
–Kartel bat jarriko da saltegian argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
–Gainera, digitalizazio komertzialerako inbertsioen kasuan, enpresaren webgunean honako testu hau txertatuko da: "Enpresa honek dirulaguntza bat eskuratu du merkataritzako ETEen lehiakortasuna hobetzeko 2025eko dirulaguntzen deialdian", Nafarroako merkataritza markarekin eta Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera (2030 agendarekin).
Laguntzaren web fitxan Nafarroako merkataritza marka eta Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erabiltzea eskatzeko estekak agertuko dira.
–Denda-ibilgailua erosi edo egokitzeko inbertsioen kasuan, izen komertziala edo sozietate izena izanen dute denda-ibilgailuek, baita Nafarroako merkataritzaren marka ere; horren erabilera eskatzeko, laguntzaren fitxan horretarako dagoen esteka erabiliko da.
l) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
m) Enpresen deslokalizazio kasu batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, dirulaguntza itzuli beharko da, aipatu foru legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz; hala ere, enpresa deslokalizatzen bada, itzulketa 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzetan eginen da.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunei eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazio hori epez kanpo aurkezten badu, baina, betiere, 2025eko urriaren 17ra bitarte aurkezten badu, egun hori barne, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Fakturen eta/edo ordainagirien data 2025eko urriaren 17tik aurrerakoa bada, baina 2025eko urriaren 31 baino lehenagokoa, haiengatik ordaindu beharreko dirulaguntza %30 murriztuko da.
c) Justifikazio dokumentazioa 2025eko urriaren 17aren ondoren baina 2025eko urriaren 31 baino lehen aurkezten bada, %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza, aurreko atalean ezarritako murrizketa aplikatu ondoren, hala badagokio.
Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
d) Diruz lagundutako jarduketak zenbateko txikiagoan gauzatzen badira (ezarritako epean burutu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era gauzatzen bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da; justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50, hain zuzen.
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik behera gauzatzen bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Murrizketa horiek ez dira aplikatuko onuradunak ezarritako epean aurkezten badu oinarri honetako 1.f) atalean aurreikusitako jakinarazpena.
Gauzatze maila zehazteko, egokia bada, diruz lagundutako inbertsioaren zenbatekoa eta 2025eko urriaren 31ra arte justifikatzen den inbertsio onartuaren zenbatekoa alderatuko dira.
Era berean, onartu den eta justifikatzen den azken inbertsioa ezin da 6.1 oinarrian ezarritako gutxieneko inbertsioa baino baxuagoa izan. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
e) Oinarri honetako j) eta k) atalean ezarritako aldiak betetzen ez badira, itzuli beharreko zenbatekoa zuzenki proportzionala izanen da betetzeko geratzen den denborarekiko, salbu eta kasu hauetan: onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.
f) Betetzen ez bada inbertsioak abian jartzeko data edo saltegia jendearentzat irekitzeko ezarri dena, edo, merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, EJZn alta hartu izana aurkezten ez bada egun horretarako, jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, egokiak diren berandutze interesekin batera.
13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.
1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera inprimakian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo beste "de minimis" erregelamendu batzuen mende badaude.
14. oinarria. Emandako dirulaguntzak ezagutzera ematea.
Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.
Emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan ere argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, enpresa onuradunak eta emandako zenbatekoa.
15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2503586
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
