Iragarkia
60. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
73E/2025 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena, dirulaguntza hauek eman daitezen norgehiagoka: Nafarroako tokiko ekintza taldeentzako dirulaguntzak, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzeko, finkatzeko eta horien mantentzea babesteko, horiek 2025ean finantzatzen lagunduz. DDBN identifikazioa: 815842.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (NABI), haren estatutuak arautzen dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuarekin bat, eskumen hau dagokio, besteak beste: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Hala, bere eginkizunen artean dago genero berdintasuna sustatzeko deialdiak kudeatzea.
Tokiko ekintza taldeak eskualde mailako elkarteak dira, eta bertan biltzen dira eskualdeko sare sozioekonomikoa ordezkatzen duten solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakume-elkarteak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, etab.). Landa garapenaren Europako estrategiak aplikatzea dute helburu, kolektibo sozial, ekonomiko eta instituzionalen arteko adostasunaren ondorioz sortzen diren eskualdeko programak diseinatuz, abian jarriz eta kudeatuz.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean, "Herritar aktiboak, ahalduntzea eta parte-hartzea" kapituluaren barnean, bereziki aipatzen dira alderdi hauek: genero ikuspegia landa garapeneko jarduketetan txertatu beharra, emakumeen ahalduntzea landa esparruan, despopulazioari aurre egiteko neurriak, landa esparruan dagoen eten digitala desagerrarazteko jarduketak eta abar. Auzi horietan guztietan, tokiko ekintza taldeen jarduna erabakigarria da; izan ere, lurraldeari bultzada emateko garrantzi eta eragin handiko entitateak dira.
Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan, kontuan hartzen da toki administrazioaren erantzukizuna ildo estrategiko guztietan, eta, bereziki, I. ildo estrategikoan, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza-ereduan, toki administrazioa barne, eta hura tokiko ekintza taldeen parte ere bada, adierazi den bezala. Halaber, plan estrategiko horretako IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren haritik, elkarteen lana ezinbestekoa da, hain zuzen ere, ikuspegi feminista aintzat hartuz eta emakumeen aniztasunetik, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko dioten elkarteena, eta erakundeekin izanen duten elkarrizketak eragina izan behar du politika publikoetan.
Adierazi beharrekoa da, halaber, tokiko esparrua dela herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat dela emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin eta tokiko ekintza taldeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Tokiko esparruko errealitateen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du tokiko ekintza taldeentzat, helburua izanik dirulaguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitateko tokiko ekintza taldeei, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agenteak kontratatzeko eta finkatzeko, bai eta teknikari horien mantentzea babesteko ere, finantzaketan lagunduz.
Berdintasun agenteen kontratazioa babestea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen berdintasun helburuak tokian-tokian egon eta bultza daitezen. Kontratazio hori sustatzearen emaitza izanen da profil profesional hori tokiko esparruan finkatzea, eta, horregatik, eskualdeko elkarte horietan ere sustatu nahi da figura profesional horren kontratazioa. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, emaitza hori lortzeko bidean.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako tokiko ekintza taldeentzako dirulaguntzen deialdia onestea, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzeko, finkatzeko eta horien mantentzea babesteko, 2025ean horien finantzaketarako laguntza emanez.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da: 45.000 euro, 2025eko gastuen aurrekontuko "080001 08100 4819 232207 Tokiko ekintza taldeentzako transferentziak" aurrekontu partidaren kontura.
Salbuespen gisa, 30.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Ebazpen hau eta oinarri arautzaileak (I. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Baseari haren berri ematea.
Iruñean, 2025eko otsailaren 19an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea 2025erako.
Helburua da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea Nafarroako tokiko ekintza taldeetan, eta horretarako, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzea, finkatzea eta horien mantentzea babestea, langile horiek finantzatzen lagunduz. Laguntza hori, berdintasun arloko teknikariak mantentzen laguntzeko xedea duena, zazpi urtez emanen da gehienez ere.
2. oinarria. Entitate onuradunak.
Deialdi honen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko tokiko ekintza taldeak, baldin eta legearen arabera eraturik badaude, oinarriotan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta Nafarroako Gobernuak onespena emanik hautatuak baldin badira.
3. oinarria. Betebeharrak.
Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira 3. oinarri honetan eskatutako betebehar guztiak. Adierazpen hori III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko da.
3.1. Tokiko ekintza taldeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
3.1.1. B mailako berdintasun agente bat lanaldi osoan kontratatua izatea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jaso izana 2024. urtean, edo epe diruz lagungarrian lanpostu berri baten kontratazioa hastea.
Kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.
Ulertuko da kontratazioa epe diruz lagungarrian hasteko baldintza betetzen dela lehen ez zegoen berdintasun agentearen lanpostu berri baterako kontratazio berria egiten denean; inola ere ez da baldintza hori betetzat joko aurretik zeuden B mailako berdintasun agenteen lanaldi osoko lanpostuetan kontratuak berritu, aldatu, berrabiarazi edo ordezteko kasuetan.
Epe diruz lagungarrian kontratazio bat hasiz gero, dirulaguntza emateari begira, baldintza hori egiaztatutzat joko da tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpenean (III. eranskina) dagokion atala beteta, hor adieraziko baita tokiko ekintza taldeak berdintasun agente bat kontratatzeko konpromisoa hartzen duela; ondoren, diruz lagundutako kontratazioa egin dela frogatu beharko da.
3.1.2. Betiere, tokiko ekintza taldeak egindako kontratazioa indarreko legeriaren arabera eginen da, eta une oro egokitu beharko da hartan eskatutakora. Tokiko ekintza taldeak bakarrik izanen du legeria horretara ez egokitzearen erantzukizuna.
3.1.3. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuetan salbu; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.
Era berean, aurreko deialdietan zazpi urtez onuradun izan diren tokiko ekintza taldeek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik eskatu (lanpostu gehigarri baterako kontratazioaren kasuan izan ezik).
3.1.4. Entitatearen egitura organikoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorra izatea, edo berdintasun esparruko eginkizunak dituen alorra, edo emakumeen alorra, edo dirulaguntza jasotzeko aldian horietako bat eratzeko konpromisoa hartzea.
3.1.5. Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.
3.1.6. Aukera berdintasuneko plan bat, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategiko bat edo urteko lan-plan bat edukitzea.
Berdintasun agentea lehen aldiz kontratatuz gero, baldintza hori egiaztatutzat joko da tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpenean (III. eranskina) dagokion atala beteta, hor adieraziko baita tokiko ekintza taldeak berdintasun plan bat edo urteko lan-plan bat egiteko asmoa duela deialdi honen aldian.
Puntu honetan aipatutako planak oinarritu beharko dira NABIren "Ibilbidea" agirian (emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikaren plangintza egiteko NABIk toki entitateei proposatzen dien tresna, Nafarroako toki entitateetako berdintasun teknikariekin lankidetzan egina) edo, bestela, "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa" izenekoan.
Nolanahi ere, berdintasun agentearen lanak lurralde ikuspegia izan beharko du, berdintasun politiken eragin osoa tokiko ekintza taldeak estaltzen duen lurralde guztira irits dadin.
4. oinarria. Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak, eta horiek gauzatzeko epea.
4.1. Tokiko ekintza talde bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan, ez gehiago.
Dirulaguntza emanen da 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean lanaldi osoan ari den B mailako berdintasun agente baten langile gastuak finantzatzen laguntzeko, betiere 5. oinarrian ezarritako ehunekoen arabera. 4.2 oinarriak zehazten ditu diruz lagungarriak jotzen diren gastuak.
Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, pertsonal-gastuak diruz lagungarriak izanen dira lanaldi osoa bi pertsonak betetzen badute.
Kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen badu apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.
Diruz lagunduta kontratatzen den berdintasun agentea alta egoeran egon behar da, eta benetan betetzen NABIren "Ibilbidea"ren agirian jasotako eginkizunak (emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikaren plangintza egiteko NABIk toki entitateei proposatzen dien tresna, Nafarroako toki entitateetako berdintasun teknikariekin lankidetzan egina).
Ulertuko da berdintasun agente titularra alta egoeran dagoela soldatarik gabeko baimenetan, lizentzietan, eszedentzietan eta/edo ezintasunetan, edo legerian aurreikusitako antzeko beste edozein kasutan.
Kontratua urte oso batekoa izanen da gutxienez. Nolanahi ere, kontratazioa indarreko legeriara egokituko da beti, bereziki kontuan hartuta 3.1.2 oinarrian adierazitakoa.
Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako beharkizuna.
4.2. Gastu diruz lagungarriak.
Dirulaguntza erabiliko da berdintasun agentearen nominan jasotako pertsonal-gastuak eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota finantzatzeko, deialdi honen 5. oinarriaren arabera emandako zenbatekoaren mugarekin.
4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Inola ere ez dira diruz lagunduko nominan sartuta ez dauden gastuak, ez eta kontratua amaitzeagatik kontratatutako pertsonari legozkiokeen kalte-ordainak ere.
5. oinarria. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.
Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:
a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2024ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, berdintasun agente baten lanaldi osoari dagokiona.
b) Aurreko atalaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, dirulaguntza ehuneko hauek aplikatuko dira:
–Dirulaguntza ematen deneko lehen eta bigarren urtea, pertsonal-gastuen %85, a) atalean adierazitakoaren arabera.
–Dirulaguntza ematen deneko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteetan, pertsonal-gastuen %70, a) atalean adierazitakoaren arabera.
–Dirulaguntza ematen deneko zazpigarren urtean, pertsonal-gastuen %60, a) atalean adierazitakoaren arabera.
c) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion ehunekoak aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko.
d) Entitateak aurreko deialdietan diruz lagundutako kontratazioa eten badu, dirulaguntzaren ehunekoak kalkulatzeko kontuan hartuko da aurreko deialdietan diruz lagundutako denbora.
e) Deialdiren batean tokiko ekintza talde onuradunari ez bazaio zenbatekorik eman edozein arrazoirengatik (baldintzak behin-behinean ez betetzeagatik, justifikaziorik ez izateagatik, etab.), ez da ulertuko zazpi urteko gehieneko zenbaketa eten denik. Beraz, dirulaguntza eta haren ehunekoak kalkulatzeko, dirulaguntza aurrenekoz ematea eragin zuen kontratazioaren hasiera-data hartuko da kontuan.
6. oinarria. Eskaerak.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten tokiko ekintza taldeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, eta agiri bereizietan bidali beharko dute:
a) Eskaera nahitaez aurkeztu beharko da horretarako diseinatutako eskabide ereduan (II. eranskina). Eskabide ereduak barne hartzen ditu urteko lan-plana eta aurrekontua, eta nahitaez bete beharko dira biak.
Eskaera aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da kalkulatzeko zenbateko dirulaguntza eman behar den.
b) Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), egiaztatzen duena 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla eta, era berean, jarduketa diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea 4. oinarrian jasotakoarekin bat datozela.
c) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
d) Aurreko kontratazio bat eten bada, egoera azaltzeko txostena.
6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.
6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak atzematen duenean entitate eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan. Aditzera emanen dio, orobat, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 19. artikuluarekin.
Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
8.2. NABIko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek eginen dute aurkezturiko eskeren ebaluazioa. Ebaluazio txosten bat eginen dute, loteslea instrukzio-organoarentzat, non jasoko baita entitate onuradunek behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela dagozkien dirulaguntzak eskuratzeko; halaber, eskaeren balorazioa jasoko du txostenak.
8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:
Eskaeren lehentasun hurrenkera:
–Lehenik, lehentasuna emanen zaie deialdi honen aurretik egindako eta 2024. urtean NABIk diruz lagundutako kontratazioei eta, horien artean, antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtekoei, hurrenez hurren.
–Bigarrenik egonen dira, epe diruz lagungarrian hasitako kontratazio berrien artean, aurretik berdintasun agenterik izan ez duten tokiko ekintza taldeek egindakoak, edo izan badute ere, aurretik dirulaguntza hau jaso ez dutenek egindakoak.
–Hirugarrenik, epe diruz lagungarrian kontratazioa hasi duten tokiko ekintza taldeek egindakoak, aurretik berdintasun agentea izan eta hura kontratatzeagatik dirulaguntza jaso badute baina arrazoi justifikatuak direla-eta kontratua eten badute.
–Laugarrenik, berdintasun agentea duten tokiko ekintza taldeek egiten dituzten kontratazioak, hura kontratatzeagatik dirulaguntzarik jaso ez badute eta beste agente bat kontratatu nahi badute.
–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.
Kasu guztietan, multzo bakoitzaren barnean berdinketa gertatzen bada, lehentasuna emanen zaie biztanle gehieneko lurralde-eremuan dauden tokiko ekintza taldeen eskaerei.
8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, ikusita Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek egindako ebaluazioa, dirulaguntzak emateko ebazpenerako proposamena egin, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
9,3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, dirulaguntzak emateko ebazpenaren ondoren, esteka bat gaituko da deialdiaren fitxan, gardentasunari buruzko adierazpenaren kudeaketa tramitatzeko.
Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.
10. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:
Emandako dirulaguntza konturako ordainketa bakarrean ordainduko da. Onuradunak, 2025eko azaroaren 5a baino lehen, aurkeztu beharko du berdintasun agenteari dagozkion pertsonal-gastuek 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra eragindako kostuei buruzko dokumentazio guztia, 10.2 oinarriaren A atalean ezarritakoaren arabera eta atal horretan adierazitako eranskinetara egokituz.
Halaber, adierazpen horrek 2025eko azaroari dagozkion gastuen aurreikuspena jasoko du.
Justifikazioa aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 31n bukatuko da. Egun hori baino lehen, erantzukizunpeko beste adierazpen bat aurkeztu beharko da, 10.2 oinarriko B atalean adierazitakoaren arabera.
10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:
A) 2025eko azaroaren 5a baino lehen.
Entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta:
–Justifikazio memoria, diruz lagundutako epean berdintasun agenteak zer eginkizun eta jarduketatan parte hartu duen jasotzen duena. IV. eranskineko ereduaren arabera egin behar da.
–Kontratatutako pertsonaren edo pertsonen nominak eta haien banku-egiaztagiriak, urtarriletik urrira bitarteko hilabeteei dagozkienak. Nomina horietan jasotakoa bat etorri beharko da V. eranskinean bete den banakapenarekin.
–Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskinean eskuragarri), berdintasun agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena.
Adierazpen horretan, berdintasun agenteari dagozkion pertsonal gastuen eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa jasoko da, 2025eko azaroari dagozkion gastuen aurreikuspena barne, eta gastua diruz lagundutako jarduerari behar bezala aplikatu zaiola ere egiaztatuko da. Kontratazioaren kostuaren banakapena hilabeteka bete beharko da, aipatu V. eranskineko ereduan agertzen den bezala.
Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.
Adierazpen horretan, dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak jasoko dira. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.
–Frogagiriak, egiaztatzeko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partzialki aldatu zuen 4/2016 Foru Dekretua).
Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona / Diruz laguntzen du". Halaber, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren sinbolo grafikoa deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri (oinarri hauen testuaren bukaeran dago esteka). Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.
B) 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen.
Entitate onuradunek, dirulaguntza justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, agiri bereizietan eta eskuragarri dagoen eranskinera egokituta:
–Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskin gisa eskuragarri dagoena. Adierazpen horretan, 2025eko azaroan berdintasun agenteak sortutako pertsonal gastuek eragindako kostuaren justifikazioa jasoko da, V. eranskinean jaso ziren gastuak berresteko (2025eko azaroaren 5a baino lehen aurkeztua).
–Kontratatutako pertsonaren edo pertsonen nomina eta haren banku-ordainagiria, 2025eko azarokoa. Bat etorri beharko da VI. eranskinean jasotakoarekin.
10.3. Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio tokiko ekintza taldeari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun balioduneko epean, gehienez. Tokiko ekintza taldeak eskaeran adierazten duen gaitutako helbide elektroniko bakarrean (GHEB) eginen da errekerimendu hori.
10.4. Dirulaguntzaren kalkuluaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa (dirulaguntza emateko ebazpenean ageri dena) baino zenbateko txikiagoa justifikatzen den kasu guztietan, ordaindu beharreko kopurua gutxituko da, eta azkenean justifikatu eta onartu den zenbatekoari deialdi honen 5. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuko zaizkio.
10.5. Aurrekoa galarazi gabe, honako hau hartuko da kontuan dirulaguntza ordaintzeko ezintasun, eszedentzia, lan lizentzia edo/eta soldatarik gabeko baimen egoeretan, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean:
a) Ordezkapenik eginez gero, kontuan hartuko dira laneko bajan dagoen pertsonaren benetako kostuak, bere gain hartuko dituenak tokiko ekintza taldeak, gehi hura ordezten duen pertsonaren kostua, ordainketa kalkulatzeko soilik, eta emandako zenbatekoa gainditzen ez bada.
b) Lanaldiaren murrizketaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxiagotuko da.
c) Eszedentzietan, lizentzietan, baimenetan edo ordainsaririk ez duten egoeretan, proportzionalki gutxiagotuko da ordaindu beharreko kopurua.
10.6. Bidezkoa izanen da kobratzeko eskubidea kentzea baldin eta tokiko ekintza taldeak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, kontratazioa bukatutzat ematen badu eta ez badu beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.
10.7. Oinarri honetan adierazitako frogagiriak egiaztatuta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak likidazioa egiteko eta espedientea bukatzeko ebazpena emanen du, justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko eskaerarekin, halakorik bada.
11. oinarria. Bateragarritasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, baldin eta haien guztien baturak ez badu gainditzen oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera egindako kontratazioaren guztizko kostua.
Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotzen ahalko dituzte, helburu eta xede bererako, bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kostuaren %100 baino handiagoa.
12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, tokiko ekintza talde onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:
a) Dirulaguntzaren xede den berdintasun agenteari dagozkion pertsonal-gastuak gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko berdintasun agentearen kontratazioan edo lan egoeran sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta baimena eskatzea balizko edozein aldaketa egin aurretik.
c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.
e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
f) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.
g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".
h) Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea, horren bidez arautzen baitira gardentasun betebeharrak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunenak barne.
13. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
13.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
–3.1.2 oinarria betetzen ez dela egiaztatzen bada, %100eko ez-betetzea izan dela ulertuko da.
–4.1 oinarrian ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, %100eko ez-betetzea izan dela ulertuko da.
13.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
15. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
16. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa:
Iragarkiaren kodea: F2502648
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
