60. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zuzentzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 5ean emandako 12/2025 Foru Aginduan atzemandako akatsa. Foru agindu horren bidez, batetik, aldatu zen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 78/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira 592 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta A22 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Itzultzeko eskaera" izenekoa; eta, bestetik, arautu ziren lurralde erregistroko inskripzioa, kontabilitate-lana eta izakinen erregistro liburuaren aurkezpena.

Otsailaren 5eko 12/2025 Foru Aginduak A22 ereduaren edukia aldatzen du (eredu hori berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia itzultzeko eskaerari buruzkoa da). Eredu hori aurkeztu beharra dago itzulketa eskaera eragin duten gertakarien hiruhilekoa amaitu eta hurrengo hilabetearen 1etik 20ra bitartean.

Ildo horretan, xede honekin sartu zen indarrean eredu berria: eredu hori erabil zedin 2025eko apirilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko itzulketa eskaeretarako, baldin eta horiek eragin dituzten gertakariak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak badira. Hala ere, 12/2025 Foru Aginduaren azken xedapen bakarrean ez da denboraren alderdi hori argitzen, eta beharrezkotzat jotzen da idazkera zuzentzea, zehazteko.

Akats bat atzeman denez A22 eredua aldatzen duen 12/2025 Foru Aginduan, bidezkoa da hura zuzentzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluari jarraikiz. Izan ere, artikulu horretan xedatzen denez, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio egintzetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza eman duen organoari dagokio.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Zuzentzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 5ean emandako 12/2025 Foru Aginduan atzemandako akatsa. Foru agindu horren bidez, batetik, aldatu zen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 78/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira 592 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta A22 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Itzultzeko eskaera" izenekoa; eta, bestetik, arautu ziren lurralde erregistroko inskripzioa, kontabilitate-lana eta izakinen erregistro liburuaren aurkezpena. Hona hemen zuzenketa:

Indarrean jartzeari buruzko azken xedapen bakarrean, honela dioen tokian:

"Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak".

Honela behar du:

"Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aplikatuko zaie 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko itzulketa eskaerei".

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko martxoaren 4an.–José Luis Arasti Pérez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria.

Iragarkiaren kodea: F2503490