Iragarkia
6. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
962E/2024 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2025eko deialdia onesten duena. DDBNeko identifikazioa: 797858.
Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Industria sektoreak Nafarroako produktibitate egitura ekonomikoan duen pisua handitzeko, eta ETEen hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko, neurri hau onesten da: dirulaguntzak ematea produkzio-inbertsioko proiektuak egiten dituzten industriako ETEei.
Horretarako, Nafarroako Gobernuak 2024ko urriaren 23ko erabaki baten bidez 10.000.000 euroko urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa hartu zuen 2027rako.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2025eko deialdia onestea.
2. Laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. Deialdiko konpromisoei erantzuteko, 10.000.000 euroko gastua baimentzea honako partida honen kargura: 2027ko gastuen aurrekontuko "Industrian inbertsioak egiteko dirulaguntzak" izeneko 810007-81200-7701-422205 partidaren baliokide den 2024ko aurrekontu partida. Gasturako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810007-81200-7701-422205: Industrian inbertsioak egiteko laguntzak | 2027 | 10.000.000 |
Halaber, 5.000.000,00 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta ondoko egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko azaroaren 25ean.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Laguntzen xedea.
Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako ETEetan inbertsioak egin daitezen sustatzea, enpresa horien hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko.
2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).
b) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.
c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskaturik izatea, bat etorriz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin, foru agindu horren bidez sortu baitzen Nafarroako Industria Erregistroa (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Laguntza eskatzearekin batera baimena emanen zaio organo emaileari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak; laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean izan beharko dituzte egunean aipatutako betebeharrak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
2. Oinarri honetako betekizunak laguntzen fitxan dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira. Era berean, enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena edo 9.3.d) oinarrian aipatutako ziurtagiria aurkeztuko da.
3. Ezin dira onuradun izan:
a) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren sektore publikoko entitateak.
b) Krisian dauden enpresak, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. ataleko definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan aritzen diren entitateak.
c) Betetzeko zain dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden enpresak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondotik.
d) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari diren enpresak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.
4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:
1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa, oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako Adostutako prozeduren gaineko txostena, non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoaren adinakoa edo handiagoa.
Nahi izanez gero, 4. apartatuko dokumentazio hori laguntza eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, epearen barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, gehienez, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da eskaera egiten denetik hasita.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, organo eskudunak ebazpena emanen du, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko.
5. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.
Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.
6. Laguntzaren enpresa onuradunean egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du.
Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimenduko du, beharrezkoa bada, onuradunaren subrogazioa, eta laguntzaren intentsitatea berriro kalkulatuko du, 8. oinarriarekin bat, eta ezin izanen da inoiz izan hasiera batekoa baino handiagoa, ondorengoaren tamainaren arabera.
7. Enpresaren kapital soziala (osaera eta/edo zenbatekoa) aldatuz gero, tamainari buruzko beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, formalizatu eta hamar egun balioduneko epean.
3. oinarria.–Inbertsio proiektuen betebeharrak.
Aktibo material eta immaterialetan inbertitzeko proiektuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Proiektuak bideratuta egotea enpresak honako jarduera hauetakoren bat egitera:
–Manufaktura industria: Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren –aurrerantzean 2009ko EJSN– C saileko 10.2 taldea eta 13.etik 32.era bitarteko dibisioak (biak barne).
Ez dira lagunduko EBFTaren I. eranskinean zerrendatutako produktuen fabrikazio jarduerak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik), ez eta nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jarduerak ere.
–Hondakinak balorizatzea (2009ko EJSNaren E taldeko 383. jarduera).
–Salgaien gordailutzea eta biltegiratzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (2009ko EJSNren H taldeko 521. eta 5229. jarduerak).
–Informazioa eta komunikazioak (2009ko EJSNren J taldeko 58., 59. eta 60. jarduerak).
b) Helburu hauek izatea:
1. Establezimendu berri bat sortzea.
2. Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.
3. Establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.
4. Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.
5. Establezimendu baten aktiboak erostea, ondoko baldintza hauek betetzen direnean:
i. Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxiko bazen.
ii. Aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosiak izatea.
iii. Eragiketa merkatu-baldintzetan gertatzea.
Hasierako jabearen familiako kide batek edo enplegatu batek hartzen duenean enpresa txiki bat, aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosteko baldintza ez da aplikatuko. Enpresa batek akzioak erostea ez da inbertsioa izanen.
c) Gutxieneko aurrekontu diruz lagungarri bat izatea, enpresak duen tamainari dagokiona:
TAMAINA | GUTXIENEKO AURREKONTUA |
Mikroenpresa | 15.000 euro |
Txikia | 50.000 euro |
Ertaina | 100.000 euro |
d) Nafarroan kokatuta egotea. Ulertuko da proiektuen kokalekua dela inbertsioak fisikoki egiten diren tokia. Ez bada posible proiektuen kokaleku fisikoa zehaztea, ulertuko da eskatzailearen egoitzan dagoela, hots, jarduera garatzen duen zentroan. Eskatzaileak egoitza bat baino gehiago baditu edo jarduera zenbait zentrotan garatzen badu, haiek enpresaren jabetza izan edo ez, proiektua zertara bideratzen den, jarduera hori garatzen duen zentroa izanen da proiektuaren kokalekua.
e) Kalte nabarmenik ez eragitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori egiaztatu da 2.2 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez.
f) 6. oinarrian ezarritako epean gauzatzea.
4. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.
1. Aktibo material eta immaterialetan egiten diren inbertsioen kostuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:
1.1. Inbertsioak proiektuari badagozkio zalantzarik gabe eta honako hauetan badautza:
a) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada proiektuaren kostu diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.
b) Ondasun higiezinak eta instalazio orokorrak eskuratzea, eraikitzea edo hobetzea.
c) Makineria, ekipo-ondasunak eta ondoko instalazioak eskuratzea.
Finantza-errentamenduaren bidez eskuratzen badira, 7. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.
d) Aktibo immaterialak eskuratzea: patenteak, lizentziak, ezagutza teknikoak edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk.
e) Beste kostu batzuk, b), c) eta d) letrei loturikoak, esate baterako, obra-, jarduera- eta irekiera-lizentziak eskuratzeagatik izandako kostuak, edo arkitektura eta ingeniaritza enpresen edo aholkularitzakoen zerbitzu-sariak. Hauen kontura, jatorriko kostuen %20 izanen da diruz lagungarria gehienez.
1.1 apartatu honetako letra bakoitzari dagozkion inbertsio moten informazioa laguntzen fitxan argitaratuko da.
1.2. Lursailak eta ondasun higiezinak eskuratuz gero, zenbateko diruz lagungarria ez da horien merkatu balioa baino handiagoa izaten ahalko, eta hori egiaztatzeko, behar bezala akreditatuta dagoen eta dagokion erregistro ofizialean izena emana duen pertsonak egindako tasazio independentea beharko da, edo behar bezala baimendutako erakunde publiko batek emandakoa. Tasazio hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.
Eskuratutako lursailak edo ondasun higiezinak enpresarenak badira edo KSEOren arabera hari zuzenean nahiz zeharka loturiko edo elkarturiko beste enpresa batenak badira, eskuratze horiek ez dira diruz lagungarriak izanen.
1.3. Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz laguntzen ahal dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.
b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; dagokion elkargo profesionaleko kide batek egindako edo elkargo horrek onetsitako tasazio independente baten bidez egiaztatuko da hori.
Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko gastuak, baldin eta inbertsioaren kostu handiagoaren gisa kontabilizatzen badira.
1.4. Aktibo immaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiltzea.
Ulertuko da hodeian kudeatzeko software programek edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu direnek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.
b) Aktibo amortizagarritzat hartuko dira.
c) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiko zaizkie, merkatuko baldintzetan.
2. Diruz lagungarriak izan daitezen, inbertsioak enpresaren ibilgetuaren kontu espezifikoetan aktibatu behar dira.
3. Enpresak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko kostu diruz lagungarriak izan baditu, kostu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.
4. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:
a) Luxuzko gastuak.
b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.
c) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.
d) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.
e) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute. Bereziki, ordeztetzat joko da enpresan jada egindako produktuak ekoiztera bideratutako molde, trokel eta matrizeak eskuratzea.
f) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.
g) Zorren interesak eta bestelako finantza-gastuak.
h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).
i) 6. oinarrian adierazitakoa betetzen ez duten kostuak. Zehazki, laguntza eskatu aurretiko inbertsioak (fakturekin), ordainketa aurreratuak, bahiturak, erosteko aukerak, entrega albaranak eta lan zatiak.
j) 2.000 eurotik beherakoak diren inbertsio-elementuak edo 500 eurotik beherakoak mikroenpresen kasuan.
k) 2.000 eurotik beherako zenbatekoaz kontabilizatu edo fakturatzen den inbertsio elementuaren zatia. Mikroenpresen kasuan, 500 eurotik beherakoak.
5. oinarria.–Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.
1. Kostu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan eta arkitektura, ingeniaritza edo aholkularitza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.
Onuradunek ez dituzte hiru eskaintza horiek aurkeztu beharko "Hornitzailea aukeratzeko jarraibideak" agirian adierazitako kasuetan (laguntzen fitxan eskuragarri); hala ere, inguruabar hori justifikatu beharko dute aipatu inprimakian.
2. Inprimakia eta, kasua bada, hiru eskaintzak, inbertsioen justifikazioarekin batera aurkeztuko dira, 13. oinarrian adierazitako moduan.
3. Laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez onuradunak hornitzailearen hautaketari buruz aurkeztu duen egiaztagiria ez bada nahikoa, kostu diruz lagungarri horri dagokion dirulaguntza ez da ordainduko.
6. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.
1. Inbertsioak gauzatu beharko dira bi data hauen arteko epean: laguntzak eskatzeko eguna (2. apartatuak aipatzen duen ondorio pizgarriaren ondorioz) eta 2027ko maiatzaren 31 (barne).
Ondorio horietarako, inbertsioa aldi horretan gauzatutzat joko da honako baldintza hauek betetzen direnean:
a) Inbertsioa fisikoki burututa egotea; 14.2 oinarrian adierazitako moduan egiaztatuko da hori.
b) Inbertsioa osorik fakturatuta egotea.
c) Onuradunak inbertsio osoa ordainduta egotea. Inbertsio-elementu baten fakturaren bat alditik kanpo ordainduz gero, faktura hori baino ez da laguntzatik kanpo geldituko, betiere elementuaren kostuaren %10etik gorakoa ez bada.
Ordaindukoak, confirmingak, kanbio-letrak edo bestelako kanbio-efektuak erabiltzen badira, laguntzaren onuradunak gauzatze aldiaren barruan egin beharko du ordainketa.
2. Laguntzek duten izaera pizgarria bermatzearren, zeina jasota baitago KSEOren 6. artikuluan, ez dira diruz lagunduko laguntzen eskaera eguna baino lehen hasitako inbertsio elementuak. Hori egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak bisita bat egiten ahalko du enpresaren establezimendura.
3. Proiektuak gauzatzeko aldia handitzea eskatzen ahalko da, urriaren 1eko Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta enpresari egotz ez dakiokeen kausengatik bada. Organo eskudunak luzapena baimentzen badu, 2027ko abuztuaren 31ra arte luzatuko da gehienez.
Epea handitzeko eskaera 2027ko apirilaren 15ean aurkeztuko da beranduenez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.
7. oinarria.–Inbertsioak finantza-errentamendu bidez eskuratzea.
1. Instalazioetan edo makinerian inbertitzeko diren finantza-errentamendu bidezko eskuratzeen gastua soilik izanen da diruz lagungarria, honako baldintza hauek betetzen direnean:
a) Onuradunak konpromisoa hartu beharko du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du.
b) Inbertsioaren fakturaren data, finantza-errentamenduaren kontratuarena eta eragiketaren BEZa ordaindu izanarena 6. oinarrian ezarritako gauzatze aldiaren barrukoak izanen dira.
2. Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.
3. Finantza-errentamendu bidez eskuratutako inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoak muga bat izanen du, zehazki, laguntzak ordaintzeko proposamena egiten den egunean finantza entitateari ordaindutako amortizazioaren zenbatekoa.
8. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako ehuneko hauek aplikatuko zaizkie inbertsio proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriei, 2.1.a) oinarriarekin bat enpresak duen tamainaren arabera:
TAMAINA | LAGUNTZA (%) |
Ertaina | 10 |
Txikia | 18 |
Mikroenpresa | 20 |
2. Gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoa enpresa bakoitzeko 400.000 euro izanen da.
9. oinarria.–Laguntzen eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es /eu/hasiera).
3. Eskaera-orri telematikoari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar denean, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera:
a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.
b) Memoria tekniko eta ekonomikoa, enpresa eta inbertsio proiektua deskribatzen dituena. Uste bada inbertsio-proiektua S4ko lehentasun edo lan-ildoetako batean sartzen dela, horri frogatzen duen memoria aurkeztu beharko da.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita betetzen direla onuradun izateko betekizunak (2.2 oinarria) eta inbertsio proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari, 3.e oinarrian eskatzen denarekin bat.
d) Enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpen espezifikoa.
Enpresa ertainek, enpresaren bat loturik edo elkarturik badute, tamainari buruzko ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri hori merkataritza ganbera batek eman beharko du, edo "eginkizun publiko administratiboak" (horien barruan halako ziurtagiria ematea) legez esleiturik dituen zuzenbide publikoko beste erakunde batek. Horretarako, behar den dokumentazioa helarazi beharko zaio ziurtagiria egin behar duen erakundeari.
Gainerako enpresek zer aurkeztu aukeratzen ahalko dute: aipatu ziurtagiria edo, haren ordez, enpresaren 2021., 2022. eta 2023. ekitaldietako urteko kontuak, itxita, sinatuta eta merkataritzako erregistroan gordailututa (auditatuak, nahitaezkoa denean).
Beharrezkoa denean, taldeko kontu kontsolidatuak edo eskatzaileari lotutako eta elkartutako enpresen urteko kontuak ere aurkeztu beharko dira, itxitako aipatutako ekitaldietakoak, baldintza berberetan.
Nolanahi ere, laguntzen organo kudeatzaileak enpresari eskatzen ahalko dio tamainari buruzko ziurtagiria aurkezteko, egoki iritziz gero.
e) Behar denean, 16. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, jasotako beste laguntza batzuen egiaztagiriak.
4. Eskaerak 10. oinarriaren balorazio irizpide jakin batzuei jarraikiz baloratzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
IRIZPIDE ZENBAKIA | DOKUMENTAZIOA |
1.1.2. Enpresaren hazkundea | Enpresa eskatzailearen 2022ko eta 2023ko ekitaldietako urteko kontuak, itxiak, izenpetuak eta merkataritzako erregistroan gordailutuak (auditatuak, nahitaezkoa denean). |
2.5. Inbertsio ahalegina | |
1.1.3. Enpresa eskatzaileak 2024ko abenduaren 31n Nafarroan eduki dituen enplegu mugagabeen ehunekoa | 2024ko abenduaren 31ko lan bizitzaren txostenak, enpresak Nafarroan daukan dauzkan kotizazio kontuei dagozkienak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak. |
1.1.4. Langileen prestakuntza | Prestakuntza hobariduna tramitatu den urte bakoitzeko "Enpresa txostena" edo "Laburpen txostena -ekitaldia". Txosten horiek www.FUNDAE.es webgunean daude eskuragarri. |
1.1.5. Lanbide Heziketa Duala | D graduen Lantokiko Prestakuntzaren edo dualaren kasuan: Ikaslea Enpresa Erlazioa dokumentua, sinatua. G graduen kasuan: PNL1 dokumentua, sinatua. |
1.1.6. Genero berdintasuna sustatzea | 10. oinarriko 1.1.6 apartatuan jasotako neurrietako baten egiaztagiriak. |
1.2. Ekoizpen ezarpen berria | Laguntzen fitxan zehaztutako egiaztagiriak. |
2.3. Trantsizio digitala: fabrikazio aurreratuko (Industria 4.0) sistemetako inbertsioak | Eraldaketa digitalerako plana. |
2.4. Proiektua bat etortzea zuzenean Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) lehentasun tematikoetako edo trantsizioekin | Horren gaineko justifikazio memoria. |
5. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan adierazitako baldintzak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egiten duela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
4. apartatuan adierazitako dokumentazioa falta izatea ezin izanen da inola ere zuzendu; horrenbestez, halakorik aurkeztu ezean, eskaera baloratzerik ez da egonen, 10. oinarriaren irizpideei jarraikiz.
10. oinarria.–Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.
Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:
1. Proiektua eginen duen enpresa baloratzeko irizpideak:
1.1. Eskatzaileek jarduera Nafarroan hasi badute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehenago, honako puntuazio hau eskuratuko dute irizpide hauen arabera:
1.1.1. Enpresaren tamaina eta mota:
TAMAINA ETA MOTA | PUNTUAZIOA |
Ertaina | 3 |
Txikia | 5 |
Mikroenpresa | 7 |
Ekonomia sozialeko enpresak (*) | 7 |
(*) Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluko baldintzak betetzen dituzten enpresak.
1.1.2. Enpresaren hazkundea:
2023. URTEKO NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA / 2022. URTEKO NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA (*) | PUNTUAZIOA |
≥1,00 eta <1,10 | 1 |
≥1,10 eta <1,20 | 2 |
≥1,20 eta <1,50 | 3 |
≥1,5 | 5 |
(*) Negozio-zifraren zenbateko garbia enpresa eskatzailearen 2022ko eta 2023ko ekitaldien galeren eta irabazien kontuetan agertzen dena izanen da. 2022ko negozio-zifra 0 bada jarduera 2023an hasi duelako, gehieneko puntuazioa esleituko zaio.
1.1.3. Enpresak Nafarroan duen enplegu mugagabearen ehunekoa, 2024ko abenduaren 31n:
KONTRATU MUGAGABEA DUTENEN KOP. / KONTRATUEN GUZTIZKO KOP. | PUNTUAZIOA |
≥%85 eta <%90 | 2 |
≥%90 eta <%95 | 4 |
≥%95 | 6 |
1.1.4. Langileen prestakuntza:
Baloratuko da enpresak azken hiru urteetan (2022-2024) prestakuntza sustatu eta egin duen hobari programaren bidez, FUNDAE bitartez. Prestakuntza hori tramitatu den urte bakoitzeko bi puntu emanen dira, eta 4 puntu gehienez.
Baloratuko da "Prestakuntza ekintzetarako erabilgarri" atala (lehen txostena bada) edo "Kreditu erabilgarria" atala (bigarren txostena bada) positiboa izatea.
1.1.5. Lanbide Heziketa duala (2 puntu):
Baloratu eginen da enpresak gutxieneko ikasle kopurua hartu izana C graduko (lanbide-gaitasunak) eta/edo D graduko, Lantokiko Prestakuntzako edo gradu dualeko prestakuntza praktiketan oinarrizko, erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan, azken 3 ikasturteetan (2021-2022, 2022-2023, 2023-2024):
TAMAINA | GUTXIENEKO IKASLE KOPURUA |
Ertaina | 3 lagun |
Txikia | 2 lagun |
Mikroenpresa | 1 lagun |
Ekonomia sozialeko enpresak | 1 lagun |
Laguntzen fitxan adieraziko da C eta D graduetako ikasleak matrikulatuta non egon behar diren ondorio horietarako.
1.1.6. Genero berdintasuna sustatzeko neurri hauetakoren bat hartzea (2 puntu):
a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia" zigilua, eta abar).
b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak, ahaldundutako pertsonak edo administratzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
c) 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.
–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; hori enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.
–Laneko sexu jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.
1.1.7. Aurreko deialdietan lortutako dirulaguntzak (4 puntu):
4 puntu emanen zaizkie 2019ko, 2021eko eta 2022ko deialdietan onuradun gertatu ez diren enpresei, bai eta, hala izanagatik ere, ondotik laguntzari uko egin ez diotenei edo kobratzeko eskatutako baldintzak ez betetzeagatik osorik kobratu ez dutenei.
1.2. Ekoizpen ezarpen berria Nafarroan (30 puntu): Honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da:
a) 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hastea enpresaren ekoizpen jarduera Nafarroan (baldin eta inbertsio proiektua ez bada ekoizpen ezarpen berritzat hartu aurreko deialdietan).
b) Proiektuaren xedea izatea uholde, sute edo beste natura-hondamendien ondorioz edo enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duen istripu batengatik hondatutako nabeak, makinak eta instalazioak berreraikitzea. Kasu horietan, berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi emandako laguntzak ez dituzte kostuak gaindituko.
Ekoizpen ezarpen berrien kasuak eta egiaztagiriak laguntzen fitxan zehaztuko dira.
2. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak:
2.1. Proiektua despopulazio arriskua duten udalerrietan kokatzea: Despopulazio arriskua dutela deklaratutako udalerrietan egin beharreko proiektuak baloratuko dira, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduari jarraikiz (2023ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa):
UDALERRIAREN DESPOPULAZIO ARRISKUA | PUNTUAZIOA |
Despopulazio arriskurik gabeko udalerriak | 0 |
5. arrisku maila: Gainbehera moderatua duten udalerriak | 2 |
4. arrisku maila: Gainbehera bizia duten udalerriak | 4 |
3. arrisku maila: Despopulazio arrisku handian dauden udalerriak | 6 |
2. arrisku maila: Despopulazio arrisku bizian dauden udalerriak | 8 |
1. arrisku maila: Muturreko despopulazio arriskuan dauden udalerriak | 10 |
Bi udalerritan proiektu bakarra aurkezten badute, puntuazioa emateko, bi udalerrien arteko batez besteko haztatua eginen da, haietako bakoitzean eskatutako inbertsioak kontuan hartuta.
2.2. 4.1.1 oinarriko c) eta d) letretan sartutako inbertsioen ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:
C) eta D) LETREN INBERTSIOAREN % | PUNTUAZIOA |
>%0 eta <%25 | 5 |
≥%25 eta <%50 | 10 |
≥%50 eta <%75 | 15 |
≥%75 | 20 |
2.3. Trantsizio digitala: Fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 Industria) egindako inbertsioaren ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:
4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN % | PUNTUAZIOA |
≥%10 eta <%25 | 2 |
≥%25 eta <%50 | 6 |
≥%50 eta <%75 | 8 |
≥%75 | 10 |
4.0 Industrian egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:
–Robotika aurreratua edo adimen artifizialduna.
–Ikusmen artifiziala.
–Fabrikazio gehigarria.
–Errealitate birtuala.
–Errealitate areagotua.
–Simulazio edo biki digitala.
–Big data, analitika aurreratua eta business intelligence.
–Gauzen Internet.
–Cloud computing.
–Zibersegurtasuna.
–AGV.
Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa da enpresak eraldaketa digitalerako plan bat edukitzea, "Aktibo Industria 4.0 Programa" edo "Itinerarios 4.0" laguntza deialdietan edo "UNE 0061:2019 Espezifikazioa. Industria 4.0. Digitalizaziorako kudeaketa-sistema. Eskakizunak ebaluatzeko irizpideak" delakoan aurreikusitako irismenarekin, eta enpresaren egoera ebaluatzea arau horretan ezarritako irizpideekin eta neurriekin (Neurriak: Negozio-estrategia eta testuingurua, Azpiegitura teknologikoa, Antolamendua eta pertsonak, Prozesuak eta Produktuak eta zerbitzuak).
2.4. Proiektua bat etortzea zuzenean Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) lehentasun tematikoetako edo trantsizioetako batekin:
LEHENTASUN TEMATIKOAK / TRANTSIZIOAK | PUNTUAZIOA |
Mugikortasun elektrikoa eta konektatua eta Energia Berdearen Industria | 10 |
Gainerako lehentasun tematikoak / trantsizioak (ekologikoa eta digitala) | 5 |
2.5. Inbertsio ahalegina: ratio bat da, inbertsio proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriaren eta 2023ko ekitaldiko urteko kontuetan ageri den negozio-zifraren artekoa.
Puntuazioa (osoko zenbakia) lortutako balioaren %50 izanen da (inbertsio diruz lagungarria / negozio-zifra %), gehienez 20 puntu.
Inbertsio ahalegina = Osoko zk. [(Inbertsio diruz lagungarria/negozio-zifra) % / 2]
1.2 irizpidearen arabera ezarpena berria dela jotzen bada, enpresek 20 puntu lortuko dituzte irizpide honetan.
3. Lortutako puntuazioan berdinketarik bada, honako inguruabar hauek ondoz ondo hartuko dira kontuan hura hausteko:
a) Laguntzarik jaso ez izana industriako ETEek inbertsioak egiteko laguntzen azken deialdian.
b) Ondoko irizpideetan puntuazio handiagoa lortu izana:
1. Trantsizio digitala (2.3 irizpidea).
2. Inbertsio-ahalegina (2.5 irizpidea).
3. Inbertsio-proiektua baloratzeko irizpideak (2. apartatuko irizpidearen guztirako puntuazioa).
c) Eskaera aurkeztu den eguna.
11. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 8. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskabideak ezetsi eginen dira.
2. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, laguntzak emateko proposamena eginen du, eta bertan adieraziko du onuradunek laguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Eskaerak ebaluatu bitartean, organo kudeatzaileak zilegi izanen du beharrezko jotzen dituen egiaztapen jarduketak egitea, eta beharrezko jotzen duen nahi beste informazio osagarri edo argigarri eskatzen ahalko die eskatzaileei, eta ohartaraziko die ezen, ez badiote egindako errekerimenduari 10 egun balioduneko epean erantzuten, aurkeztutako dokumentazioaren arabera ebatziko dela laguntza ematearen gainean.
3. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak ebatziko du laguntzen deialdia. Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea (9. oinarrian) amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta laguntza esleitu ondotik deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean (zati batez edo guztiz) ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko beste epe bat finkatzen ahalko da.
12. oinarria.–Diruz lagundutako inbertsio proiektua aldatzea eta ez-gauzatzeak jakinaraztea.
1. Inbertsio proiektuaren aldaketa hauek baimentzen ahalko dira, baina ez dute inola ere handituko emandako laguntza:
a) Inbertsio proiektuaren kokalekua Nafarroako beste udalerri batera aldatzea.
b) 4. oinarrian eskatutako betekizunak betetzen dituzten inbertsio berriak gehitzea kostu diruz lagungarrietan. Baimentzeko, inbertsioen memoria bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
c) Inbertsio baten unitate kopurua aldatzea, gorantz edo beherantz.
d) Inbertsioak aurreikusitakoa baino kostu txikiagoan edo handiagoan eskuratzea.
e) Inbertsioak ez gauzatzea (laguntza emateko ebazpenean onetsitako inbertsioak ez egitea).
Aldaketa horiek egiteko baimena 13. oinarrian arautzen diren inbertsioen justifikazioa aurkezten denean eskatu behar da. Aldaketa egiteko baimena organo eskudunak emanen du, bidezkoa bada, laguntza ordaintzeko ebazpenean.
2. Eskaeran sartutako inbertsioren bat kentzen bada laguntzak emateari buruz ebatzi baino lehen, jakinarazi beharko da, laguntzaren fitxaren bidez; hori ez da proiektuaren aldaketatzat joko.
3. Aldaketak baimentzeak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du honako kasu hauetan:
a) Proiektuari 10. oinarriari jarraikiz emandako puntuazioa birkalkulatu ondotik, egiaztatzen bada ez dela iristen 11.1 oinarriko lehentasun-hurrenkeran onuradun izateko behar den gutxienekora.
b) Diruz lagungarri gertatzen den inbertsio proiektuaren zenbatekoa, aldatu eta justifikatu ondotik, ez bada iristen 3. oinarrian eskatutako gutxienekora.
c) Gauzatu ez denaren zenbateko garbiak (gauzatu gabeko inbertsioen zenbatekoa ken onetsitako inbertsio berrien zenbatekoa eta hasierako inbertsioen kostu gehigarria) laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontuaren %30 gainditzen badu.
Ondorio horietarako, kontuan hartu beharreko inbertsioak 1 apartatuko b) eta e) letretakoak izanen dira.
4. Aurreko apartatuko c) letran ezarritakoa ez da aplikatuko onuradunak 2026ko ekainaren 30a baino lehen jakinarazten badu gauzatuko diren inbertsioen aurrekontua txikiagoa dela laguntza emateko ebazpenean onetsitakoa baino (bai elementuak ez gauzatzeagatik, bai haien kostua txikiagoa izateagatik). Jakinarazpen hori laguntzen fitxaren bitartez egin beharko da, bertan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.
Kasu honetan, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, jakinarazi eta gauzatu gabeko edo kostu txikiagoko inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoa kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko.
13. oinarria.–Egindako inbertsioen justifikazioa.
1. Onuradunek laguntzen fitxaren bitartez aurkeztu beharko dute gauzatutako inbertsioen justifikazioa. Horretarako epea laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunean hasiko da, eta 2027ko ekainaren 30ean (barne) bukatuko da, 14.4 oinarrian ezarritako berariazko prozeduraren kasuan izan ezik.
2. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Gauzatutako inbertsioen zerrenda, Excelen: onartutako inbertsioen Excel fitxategia laguntzak kudeatzen dituen organoak bidaliko du, onuradunek behar bezala bete dezaten.
b) Proiektua gauzatzeko aldian egindako inbertsioen fakturak eta ordainagiriak.
c) Laguntza emateko ebazpenean onetsitako proiektuari dagokionez izan diren desbideratzeen memoria xehea eta arrazoitua.
d) Ibilgetuaren liburu handiak (2. taldea), zeinetan inbertsioak kontabilizatu baitira.
e) 2. taldeko batura eta saldoen balantze osoa (amortizazio kontuak barne), ahalik eta xehakatuen, 2025 eta 2026ko ekitaldien abenduaren 31n eta 2026ko abenduaren 31ren ondotik eskuragarri dagoen azken egunean.
f) Itxitako azken bi zerga-ekitaldietako urteko kontu erregistratuak (behar izanez gero, auditoretza eginda).
g) Hornitzailearen hautaketari buruzko egiaztagiriak, 5. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.
h) Laguntza ordaindu aurreko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
i) 60.000 euro arteko laguntzen kasuan, gauzatutako inbertsioen argazkiak, eta, kasua bada, identifikazio plakenak, 14.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.
j) Lursailak eta ondasun higiezinak erosi badira: salerosketaren eskritura eta behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasazio independentea, edo behar bezala baimendutako erakunde publikoarena. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada. Halaber, ondasun higiezinak eskuratuz gero, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokien likidazioa aurkeztu beharko da, non adierazi beharko baita eskuratzearen zenbatekoarekiko adostasuna.
k) Obra zibileko proiektuetan: obra amaierako ziurtagiria, udaleko sarrera-erregistroarekin, eta obra-lizentzia.
l) Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratuz gero: ondasunen jatorriari buruzko alderdi saltzailearen adierazpena, non aditzera emanen baitu ondasun horiek ez direla izan Espainiako edo Europako ezein dirulaguntzaren xede, eta tasazio-ziurtagiri independentea.
m) Inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatzen badira: finantza-errentamenduaren kontratua, inbertsioaren hornitzailearen faktura, erosteko aukera erabiltzeko konpromiso irmoa, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaindu izanaren ordainagiria eta sorrarazitako lehen eta azken kuotaren ordainagiriak.
3. Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez bada betetzen edo justifikazioa nahikoa ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo laguntzaren zenbatekoa doituko da, zein den kasua.
Justifikazioa egiten bada oinarri honetan ezarritako epea bukatu ondotik, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea. 11.4 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, haientzako beste gauzatze- eta justifikazio-epe bat ezartzen bada, laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.
14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunek aurkeztutako justifikazioa aztertu eta ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Horretarako, onuradunei eskatzen ahalko die beharrezko jotzen duen informazio osagarri eta argigarri guztia, eta adieraziko die ezen, ez badiote errekerimendu hori erantzuten 10 egun balioduneko epean, aurkeztutako dokumentazioarekin ebatziko duela laguntzaren ordainketa.
2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egin aurretik. Horretarako, bisita bat eginen da inbertsioak egin diren enpresaren establezimendura, eta bisita hori egiaztapen txosten batean jasoko da.
Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.
Baldin eta dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurora artekoa bada, onuradunek argazkien bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak gauzatu dituztela, alde batera utzi gabe organo kudeatzaileak aurreko apartatuan adierazitako bisitaldia egin beharra erabakitzea.
3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiari eginen dio ordainketa proposamena, non adieraziko baitu onuradunak bete dituela bai dirulaguntzaren xede ziren helburuak, bai dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen dioten baldintzak.
Ordaintzeko ebazpena inbertsioen justifikazioa aurkeztu ondoko sei hilabetean emanen da.
4. 6.3 oinarriaren arabera gauzatzeko epealdia luzatzeko baimena duten proiektuetan eta 11.4 oinarriaren arabera dirulaguntza jasotzen ahal duten proiektuetan ordainketa-prozedura honako hau izanen da:
a) 13.2 oinarriko justifikazio-dokumentazioa proiektua gauzatzeko epealdia luzatzen duen ebazpenean edo dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazten den epealdian aurkeztu beharko da, kasuan kasukoa. Aurkeztu ondotik, 2027ko abenduaren 31 baino lehen emanen den ebazpenaren bidez, laguntza kontura ordaintzeko agindua emanen da, justifikatutako inbertsioak adinakoa, eta justifikatu gabeko inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
b) 2028ko ekainaren 30a baino lehen, aipatutako justifikazioa aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondotik, konturako ordainketa likidatzeko ebazpena emanen da.
Ebazpen horretan adieraziko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak, eta laguntzaren azken zenbatekoa zehaztuko da. Laguntza hori egin den konturako ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli egin beharko da.
15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
1. Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) nahiz ez izan (kasu horretan, egoera hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.
b) Inbertsio-proiektua gauzatzea oinarri arauemaileotan ezarritako epean.
c) Gauzatutako inbertsioak justifikatzea 13. oinarrian ezarritako moduan.
d) Inbertsioak enpresaren ibilgetuan kontabilizatzea.
e) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jarduera ekonomikoari atxikita mantentzea, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, inbertsioak amaitzen direnetik aurrera.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko xedearen betebeharra.
f) Industria Sustatzeko Zerbitzuari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasunen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.
g) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.
h) Behar bezalako publizitate publikoa egitea inbertsio proiektuaren finantzaketari buruz, enpresaren webgunean, ikusteko moduko toki batean, honako esaldi hau jarriz: "‘xxx’ inbertsio proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2025eko dirulaguntza deialdiaren bitartez". Betebehar hau nahitaez bete behar da dirulaguntzaren ordainketa egin dadin.
i) Proiektuari lotutako egiaztagiri guztiak lau urtez gordetzea, laguntza ordaintzen den urteko abenduaren 31tik aitzina.
j) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (2.4 oinarrian adierazita daude).
k) Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, proiektua gauzatu dela justifikatu baino lehen.
l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
16. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta metaketa arauak.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.
Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatzen ahal den laguntza kopururik handiena.
2. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
17. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea.
1. Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108. artikuluaren 3. apartatuan ezarria), betetzen baititu Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta III. kapituluaren 17. artikuluan ("ETEen aldeko inbertsiorako laguntzak") ezarritako baldintzak, zeinak barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
2. Halaber, laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik, Batzordearen 2022/2473 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 46. artikuluan ("Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzak") ezarritako baldintzak betetzen dituelako. Erregelamendu horrek (2022ko L327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ekoan argitaratua) barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntza kategoria batzuk ezartzen ditu, arrantzaren eta akuikulturaren produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresentzat, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
Aipatu erregelamenduaren 4.2 artikuluan ezartzen denarekin bat, emate aldian laguntzen onuradunek bete beharko dituzte arrantza politika komunaren arauak, eta aipatu aldian ikusten bada ez direla arau horiek betetzen, dirulaguntzak itzuli beharko dira, ez-betetzearen larritasunaren proportzioan.
18. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.
Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
19. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.
20. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaileen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2417287
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
