6. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

4507/2024 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena ingeniari biomedikoaren lanpostu bat betetzeko, oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.

Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio, eta hartan sartu ziren, besteak beste, ingeniari biomedikoaren lanpostu bat, B mailakoa.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 28ko 2540/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ingeniari biomedikoen lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 3031/2024 Ebazpenaren bidez, bete gabe deklaratu zen lekualdatze-lehiaketa hori.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ingeniari biomedikoaren lanpostu bat sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ingeniari biomedikoaren lanpostu bat betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere. Lanpostua sarrera prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko da.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 27an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

DEIALDIA, INGENIARI BIOMEDIKOAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da ingeniari biomedikoaren lanpostu bat betetzea, oposizio bidez eta txanda irekian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko. Lanpostu hori B mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa da, plantilla organikoan 72132 zenbakia du, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentralei atxikia dago eta destinoa Iruñean du.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Ingeniaritza Biomedikoko gradudun titulu unibertsitarioa izatea, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko xedapenen babesean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Enplegu publikorako deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

Telematikoki ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Iñigo Ascunce Echavarren jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordea.

–Ordezko epaimahaiburua: María Ignacia Redrado Laraña andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko burua.

–Epaimahaikidea: Juan Pedro Tirapu León jauna, Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloko fakultatibo espezialista/albokoa.

–Ordezkoa: Óscar Luengo Díaz jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Bulego Teknikoaren Unitateko burua.

–Epaimahaikidea: Santiago Miquelez Alonso jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erradiofisikaren eta Babes Erradiologikoaren Zerbitzuko burua.

–Ordezkoa: Santiago Pellejero Pellejero jauna, Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloko fakultatibo espezialista/albokoa.

–Epaimahaikidea: Nuria Hernández Guillen andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezkoa: Josu Arraiz Muñoz jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Sara Lizarbe Sancha andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko atalburua.

–Ordezko idazkaria: Daniel Hernandorena Largo jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ingeniari teknikoa.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2025eko apiriletik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 100 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.

Proba honi dagokion puntuazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da. Kasu teoriko-praktiko batzuk garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz, epaimahaiak proposatuko dituenak ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendaren berariazko zatiko gaiei buruz, eta lanpostuaren berezko funtzioak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzekin loturikoak.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

Bigarren proba honi dagokion puntuazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematikoki.

7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko, eta egin daitezen lanpostu hutsak hautatzeko izapideak.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinduta segitzen badute, berdinketa ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du oposizioa gainditu duten izangaiek (zehaztuko da zenbatek) betebehar hau betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

–Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen direnak eskainiko zaizkio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. eta 8. oinarrietan aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta honek aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.

9.6. Izangai batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, halaber, lanpostu hutsak esleituko dira.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta izanen dituzte indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie, jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua beteko da, era berean, deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.

12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

13.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.

13.2. Oposizio deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioaren hautapen prozesuan lortutako puntuazioa adierazita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak presta eta onets ditzan eremu horretan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

13.3. Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran izangaiek adierazi beharko dute zer esparru eta zer kontratazio mota aukeratzen duten, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.

Orobat, deialdiaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hamar egun balioduneko epea irekiko du, nahi duenak hasierako hautaketa alda dezan.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

13.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

13.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Telematikaz eginen da, dagokion kategoriara sartuz esteka honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

13.5.1. Titulazioa.

Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, deialdian eskatzen den titulazioa izatea egiaztatu beharko da.

Izangaiaren titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.

Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.

13.5.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

13.5.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

13.5.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematikoki eginen da.

Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

13.6. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

13.7. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

13.8. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honetan sortutako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako kontratazio zerrendekin batera.

14.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako barne igoeran aritzeko izangaien zerrendak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuetan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da (horren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea), baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

Oposizio deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioaren hautapen prozesuan lortutako puntuazioa adierazita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak presta eta onets ditzan esparru horretako aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak.

Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran, izangaiek adieraziko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako barne igoeran aritzeko zerrendetan egon nahi duten, erakunde autonomoak aintzat har ditzan zerrendak prestatzeari begira.

Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean sailkatua egotea, borondatezko eszedentzia egoeran edo nahitaezko eszedentzian ez egotea eta 2.1.1 oinarrian lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak prestatuko eta onetsiko ditu mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

15.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

15.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko. (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.

15.2. Oposizioaren deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretako aldi baterako izangaien kontratazio zerrendak presta eta onets ditzan.

15.3. Aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda mota eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran izangaiek aukeratu beharko dute zer kontratazio mota nahi duten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.

Orobat, deialdiaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hamar egun balioduneko epea irekiko du, nahi duenak hasierako hautaketa alda dezan.

15.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

15.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dokumentazioa telematikoki aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

15.5.1. Titulazioa.

Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, deialdian eskatzen den titulazioa izatea egiaztatu beharko da.

Izangaiaren titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.

Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.

15.5.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta/edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar egiaztatzeko, ofizioz aurkeztuko baitu NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

15.5.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

15.5.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematikoki eginen da.

Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

15.6. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

15.7. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

15.8. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honetan sortutako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako kontratazio zerrendekin batera.

16.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko izangaien zerrendak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko lanpostuetan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da (horren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea), baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

Oposizioaren deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko izangaien zerrendak presta ditzan.

Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran, izangaiek adierazi beharko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko zerrendetan egon nahi duten, erakunde autonomoak aintzat har ditzan zerrenda horiek prestatzeari begira.

Aldi baterako barne igoerako zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoak izatea, lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean sailkatuta egotea eta 2.1.1 oinarrian lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak prestatu eta onetsiko ditu aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak, mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

17.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

Iruñean, 2024ko azaroaren 27an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Zati orokorra.

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: atariko titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: Haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedurak eta ebazpenak.

6. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa: Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio publikoetako organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak.

11. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Egintza administratiboak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

12. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

13. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Administrazio-egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

14. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: IV. titulua: Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Berariazko zatia.

I. zatia.

1. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (I): kontratazio publikoaren printzipioak. Lizitatzaileen jardute-gaitasuna eta kaudimena. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu kudeaketarako printzipioak eta arauak.

2. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (II): Plegu arautzaileak. Adjudikazio prozedurak. Lizitazioen publizitatea. Lizitazio elektronikoa. Adjudikazioa.

3. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (III): Kontratuak exekutatzea: exekuzio printzipioak. Prezioen berrikuspena. Kontratuen aldaketak. Eskumena administrazio kontratuetan.

4. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (IV): Kontratazio mahaia. Kontratua prestatzeko jarduketak. Administrazio kontratuak exekutatzeko arau orokorrak. Obra kontratua. Hornidura kontratua. Zerbitzu kontratua (lehen atala).

5. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017/745 (EB) Erregelamendua, 2017ko apirilaren 5ekoa, osasun produktuei buruzkoa. Aplikazio-eremua eta definizioak.

6. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017/745 (EB) Erregelamendua, 2017ko apirilaren 5ekoa, osasun produktuei buruzkoa. Produktuen merkaturatzea eta zerbitzuan jartzea, eragile ekonomikoen obligazioak, birprozesatzea, CE marka, zirkulazio askea.

7. gaia.–192/2023 Errege Dekretua, martxoaren 21ekoa, osasun produktuak arautzen dituena. Xedapen orokorrak. Instalazioak. Erabilera bakarreko produktuen birprozesatzea eta erabilera berria. Jakinarazitako erakundeak. Merkaturatzea eta zerbitzuan jartzea. Merkataritza Europar Batasuneko merkatuan eta kanpoko merkatuan.

8. gaia.–192/2023 Errege Dekretua, martxoaren 21ekoa, osasun produktuak arautzen dituena. Ebaluazio klinikoa eta ikerketa klinikoak. Zaintza sistema. Merkatua kontrolatzeko jarduerak eta osasuna babesteko neurriak.

9. gaia.–1616/2009 9 Errege Dekretua, urriaren 26koa, inplantatzeko osasun produktu aktiboak arautzen dituena.

10. gaia.–601/2019 Errege Dekretua, urriaren 18koa, erradiazio ionizatzailearen erabilera justifikatzeari eta optimizatzeari buruzkoa, pertsonen babes erradiologikorako, medikuntzagatiko esposizioetan.

11. gaia.–1085/2009 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, X izpien aparatuak diagnostiko medikoetarako instalatzeari eta erabiltzeari buruzko Erregelamendua onesten duena.

12. gaia.–UNE 14644:2015 araua: 1-5 atalak eta A eranskina.

13. gaia.–UNE 100713:2005 araua.

14. gaia.–171340:2020 UNE araua: 1-6 atalak eta 7.4 eta 7.b atalak. A eta B eranskinak.

15. gaia.–ISO 13485:2018 araua.

II. zatia.

1. gaia.–Abangoardiako Osasunerako PERTEa (laburpen exekutiboa).

2. gaia.–Osasun-informaziorako sistemak. Kudeaketa eta plangintza: HIS, RIS eta PACS.

3. gaia.–3D inprimaketa: fabrikazio gehigarrirako teknologiak.

4. gaia.–FENIN-Ospitaleko profil teknologikoa eta osasun-teknologiak berritzeko proposamena (2024). Ospitaleko profil teknologikoaren gaur egungo egoera Espainian.

5. gaia.–FENIN-Ospitaleko profil teknologikoa eta osasun-teknologiak berritzeko proposamena (2024). Espainiako osasungintzan gaur egun dagoen teknologia defizitari aurre egiteko proposamenak. 10 gomendio.

6. gaia.–FENIN-Ospitaleko profil teknologikoa eta osasun-teknologiak berritzeko proposamena (2024). Ekipamenduak eguneratzeko arrazoiak.

7. gaia.–FENIN-Ospitaleko profil teknologikoa eta osasun-teknologiak berritzeko proposamena (2024). Banda teknologien proposamena.

8. gaia.–FENIN-Gailu medikoak informazio sistemetan integratzea.

9. gaia.–Segurtasun Nuklearreko Kontseilua: babes erradiologikoa osasun ingurunean. Erradiazio ionizatzaileak. Aplikazioak medikuntzan. Erradiazioaren arriskuak. Ondorio biologikoak.

10. gaia.–Segurtasun Nuklearreko Kontseilua: babes erradiologikoa osasun ingurunean. Babes erradiologikoko sistema. Babes erradiologikorako sistema aplikatzea. Babes erradiologikorako neurriak. Hondakin erradioaktiboen ekoizpena eta kudeaketa. Eginkizunak eta erantzukizunak.

11. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Gailu medikoak, diskordantziaren kudeaketa (I). Gailu medikoak. Osasun publikoaren premiak.

12. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Gailu medikoak, diskordantziaren kudeaketa (II). Lehentasunezko gailu medikoei buruzko proiektuak: metodologia.

13. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Gailu medikoak, diskordantziaren kudeaketa (III). Gailu medikoen arazoak eta horiek konpontzeko aukerak.

14. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Gailu medikoak, diskordantziaren kudeaketa (IV). Gailu mediko egokiak bilatzea: ikerketa-lerro posibleak etorkizunari begira.

15. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Osasun-teknologien ebaluazioa, gailu medikoei aplikatuta.

16. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Ekipamendu medikoen inbentarioen kudeaketarako hastapenak.

17. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Ekipamendu medikoak mantentzeko programaren hastapenak.

18. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Mantentze-lanak kudeatzeko sistema konputarizatua.

19. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Gailu medikoen premien ebaluazioa.

20. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundea-Eskuratzeko prozesurako baliabideen gida.

21. gaia.–Osasuneko Institutu Nazionala: osasun materiala esterilizatzeko eta desinfektatzeko prozesuak kudeatzeko eskuliburua: 1. titulutik 5.era, eta 9.enetik 13.era.

22. gaia.–Medikamentuen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia-AEMPS: nola arautzen dira botikak eta osasun produktuak Espainian.

23. gaia.–Erradiazioak eta uhinak: materiaren egitura, eredu atomikoak eta atomoaren energia. Erradiazio elektromagnetikoaren energia eta espektro elektromagnetikoa. Uhina-partikula dualitatea. Erradiazioaren eta materiaren arteko elkarreraginak. Uhin materialak eta ultrasoinuak.

24. gaia.–Elektromagnetismoa: material magnetikoak, eremu magnetikoak eta indar magnetikoak. Eremu elektromagnetikoak. Elektrizitatea, korronte jarraitua eta aldizkako korrontea: oinarrizko kontzeptuak. Indukzio elektromagnetikoa, autoindukzioa eta elkarrekiko indukzioa. Korronte sorgailuak, transformadoreak eta artezgailuak.

25. gaia.–X izpien ekoizpena eta izpien interakzioa materiarekin. Irudi erradiologikoaren osaera eta x izpien sortaren azterketa.

III. zatia.

1. gaia.–Ultrasoinuetan oinarritutako ekipamenduak: uhin mekanikoen ezaugarriak. Efektu piezoelektrikoa. Ultrasoinuen interakzioa ingurunearekin. Ekografia ekipamenduak eta transduktoreak. Irudi ekografikoa: ezaugarriak eta artefaktuak.

2. gaia.–Erresonantzia magnetikoa (I): espin nuklearra eta eremu magnetikoa. Erresonantzia magnetikoaren seinalearen sorrera. Seinalea hartzea. Jasotako seinalearen intentsitatean eragina duten faktoreak.

3. gaia.–Erresonantzia magnetikoa (II): espina-eko eta eko-gradientea eskuratze-sekuentziak. 2D eta 3D irudien berreraikuntza.

4. gaia.–Erresonantzia magnetikoko ekipamenduak: ekipamendu motak, imanak eta bobinak. Erresonantzia magnetikoaren erabilera diagnostikoak eta terapeutikoak. Artefaktuak irudietan.

5. gaia.–Digestio aparatuko endoskopia oinarrizkoa: endoskopia ekipamenduen osagai teknikoak, mekanikoak eta elektronikoak. Digestio aparatuko endoskopia ekipamenduetako osagaien eta material osagarrien garbiketa, desinfekzioa eta esterilizazioa.

6. gaia.–Aireztapen mekanikoa: presio positibo bidezko aireztapen mekanikoaren definizioa eta printzipio fisikoak. Aireztapen mekanikoaren moduak.

7. gaia.–Desfibriladoreak: oinarriak eta motak. Oinarrizko bizi-euskarria.

IV. zatia.

1. gaia.–Erradiologia konbentzionala (I): X izpien tutuen osagaiak eta funtzionamendua. Irudi-hartzaileak. Saretak eta X izpien sortak murrizteko elementuak. Erradiologia konbentzionaleko ekipamenduen osagaiak eta funtzionamendua. Neurri-unitateak erradiodiagnostikoan.

2. gaia.–Erradiologia konbentzionala (II): irudia prozesatzea eta tratatzea erradiologia konbentzionalean. Irudia erradiologia konbentzionalean, eta haren erregistroa. Irudi erradiografikoaren kalitateari eragiten dioten faktoreak.

3. gaia.–Ordenagailu bidezko tomografiaren eskanerra. Ordenagailu bidezko tomografia: konbentzionala, helikoidala eta ebaketa anitzekoa. Ekipamenduaren osagaiak. Dosia optimizatzea. Ordenagailu bidezko tomografiaren irudia: errepresentazioa eta kalitateari eragiten dioten faktoreak.

4. gaia.–Erradioterapia: brakiterapia eta teleterapia. Brakiterapiako ekipamenduak. Azeleragailu linealen osagaiak. Protoi bidezko terapiaren oinarrizko kontzeptuak. Erradioterapiako instalazio baten elementuak.

5. gaia.–Medikuntza nuklearra: isotopoak eta desintegrazio erradioaktiboa. Erradionuklidoak eta erradiofarmakoak. SPECT, gammakamerak eta PET.

Iragarkiaren kodea: F2417653