6. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

252/2024 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, merezimendu lehiaketarako deia egiten duena Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroan (NHEBZ) irakasle lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Urtarrilaren 18ko 1/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) sortu zen, hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentro gisa. Hezkuntza Departamentuaren mende dago –organikoki, inklusioaren arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitatearen mende dago–, eta Iruñean eta Tuteran izanen du egoitza.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle lanpostuak nola bete arautzen duen apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuak bere 3. artikuluan ezartzen du Hezkuntza Departamentuak merezimendu lehiaketen deialdiak eginen dituela Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko (NHEBZ) irakasle lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko. Zentroa zein gairi lotuta dagoen, haren gaineko eskumena duen organoak proposaturik eginen dira deialdiak.

Behin Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak proposamena egin duelarik ikasturte honetan Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroan (NHEBZ) zerbitzu eginkizunetan aritzeko zenbait lanposturen deialdia egiteko, bidezkoa da lanpostu horiek zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia egitea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko irakasle lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia onestea.

2. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak www.nafarroa.eus Nafarroako Atarian argitaratzea, dagokion fitxan, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/informacion-laboral-rrhh.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MEREZIMENDU LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Merezimendu lehiaketarako deia egiten da honako lanpostu hauek zerbitzu eginkizunetan betetzeko, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz:

PROGRAMAK

LANPOSTUA

PLAZA
KOPURUA

Ikastetxeen eraldaketa eta ikaskuntzaren diseinu unibertsala inklusiorako

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea)

1

Hezkuntza premia bereziak

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea), euskaraz

1

Jokabidea

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea), euskaraz

1

Programen artekoa Tuteran

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa)

1

Arreta goiztiarra

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea)

1

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea), Tuterako eskualdea

1

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea), euskaraz

2

Ospitaleko eta etxeko laguntza. Lanpostua ospitale batean

Bigarren Hezkuntzako irakaslea, esparru zientifiko-teknikokoa, euskaraz

1

Maisu-maistra (Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntza), ingelesezko hizkuntza-eskakizunarekin, euskaraz

1

Lanpostu horiek guztiak ibiltariak izanen dira.

Bigarrena.–Baldintza orokorrak eta lanbide-profila.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Hezkuntza Departamentuaren mendeko irakaslea izatea, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa, eta 2025eko irailaren 1ean jarduneko zerbitzu egoeran egotea.

–Ebazpen honen I. eranskinean eskatzen diren berariazko baldintzak betetzea.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek horretarako diseinatutako eskabidea bete beharko dute (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orrian eskuratu daiteke), eta, bete ondoren, Erregistro deialdiaren web-fitxan gaituta dagoen botoiaren bidez aurkeztu, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzendua. Eskabidearekin batera, ebazpen honen III. eranskinean dagoen merezimenduen baremoan aipatzen diren merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dira.

Parte hartzeko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatuko du Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, hautagaien espediente pertsonalaren arabera. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA tituluaren edo beste titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, salbu jadanik beren zerbitzu-orrian jaso bada.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Betekizun bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

2. Izangaiek dokumentazioaren kopia eskaneatuak aurkeztuko dituzte; hala ere, administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioaren jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak.

3. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko berezko hizkuntza ofizialean idatzitakoak, salbu eta euskaraz idatzita daudenak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrendak jakitera emateko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orrian argitaratuko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdun guztiei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Interesdunek zerrenda horien aurkako erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

2. Epe hori bukaturik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrendak jakitera emateko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdun guztiei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Seigarrena.–Hautapen sistema.

1. Hautapen sistemak bi zati ditu:

a) Lehenengo zatian, hautagaiak eskuratu nahi duen lanpostuaren eginkizunei buruzko proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko du, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren zehaztapenekin bat.

Izangai bakoitzak ahoz azalduko dio bere proiektua hautapen organoari, 15 minutuz gehienez. Gero, hautapen organoak eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, ahoz, 15 minutuz gehienez.

Proiektuaren aurkezpenari eta defentsari 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak baztertuko dira.

Lortzen den puntuazioa hautapen organoko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa izanen da, milarenera biribilduta.

Hautapen organoa eratu ondoren, lanpostu bakoitzerako balorazio irizpideak jakitera emanen dira deialdiaren fitxan.

b) Bigarren zatian, merezimenduak baloratuko dira, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoari jarraikiz, eta gehienez 10 puntu emanen dira.

Hautapen prozeduraren lehenbiziko zatia gainditzen duten hautagaien merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

Hautapen organoari dagokio izangaien merezimenduak baloratzeko ardura. Nolanahi ere, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak hautagai bakoitzak egindako zerbitzuen berri emanen die hautapen organoko kideei, merezimenduen baremoko I. atala baloratzeari begira.

2. Prozedurari hasiera emateko, hautapen organoaren aurrean aurkezteko ekitaldi bat eginen da. Ekitaldi horretan, hautagaiek proiektuaren kopia bat entregatu beharko dute, pertsonalki eta eskura.

Proiektua entregatzen ez duten izangaiak hautapen prozeduratik kanpo geldituko dira.

Proiektua entregatzeko ekitaldira agertzerik ez duten izangaiek baimena ematen ahalko diote beste norbaiti beren izenean entrega dezan.

Pertsona hori baimentzeko, www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) eskura dagoen agiri eredua bete beharko da. Hautagaiak eta baimendutako pertsonak sinatu beharko dute, eta bi sinatzaileen NANaren kopiekin eta proiektuarekin batera aurkeztuko da.

Onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, hautapen organoak deialdia eginen du hautagaiak ager daitezen proiektuak entregatzeko eta defendatzeko ekitaldietara, gutxienez 48 ordu lehenago. Deialdi hori prozeduraren web-fitxan argitaratuko da, www.nafarroa.eus webgunean, hautapen organoaren aurreko jarduna hasiko den eguna, ordua eta lekua adierazita. Hautagaiak behartuak daude hautapen organoak proiektua entregatzeko eta/edo defendatzeko jarduketak hasteko ezartzen duen orduan agertzera. Hortaz, dei egiten zaien momentuan adierazitako lekuan ez dauden hautagaiak ez-aurkeztutzat joko dira.

Hautagaiek proiektua defendatzeko hurrenkera alfabetikoki ezarriko da, bakoitzaren lehen abizenaren hasierako letraren arabera, "U" eta "T" letretatik abiatuta, halaxe erabaki baitzen Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 66/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz egindako zozketan.

3. Hautagaien balorazioa bukaturik, hautapen organoak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioak adierazita.

Berdinketak hausteko, irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:

–Proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazio handiena.

–Merezimenduen baremoaren ataletan eta azpiataletan lortutako puntuazio handiena, baremoan agertzen den hurrenkerari berari jarraikiz.

Berdinketak jarraitzen badu, oinarri honen 2. atalean aipatzen den letra-zozketaren emaitza hartuko da aintzat.

Kalifikazio horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduak, argitara eman eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, hautapen organoak behin betiko kalifikazioak bidaliko dizkio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioak adierazita, eta prozeduraren fitxan argitaratuko dira, www.nafarroa.eus web-orrian. Era berean, prozeduraren espediente osoa igorriko da.

4. Deialdi honen xedeko zerbitzu eginkizunak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez onetsiko dira, hautagaiak aukeratzen diren ordenaren arabera.

Zazpigarrena.–Hautapen organoak.

1. Deitutako lanpostuetarako izangaiak ebaluatzeko, bi hautapen organo eratuko dira, bata euskarazkoa eta bestea gaztelaniazkoa, pertsona hauek osatuko dituztenak:

1. hautapen organoa (euskara).

–Lehendakaria: Berdintasun eta Bizikidetza Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Unibertsitateaz Kanpoko Irakasleen Batzordeak izendatutako pertsona bat.

–Epaimahaikide-idazkaria: Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko teknikari bat.

2. hautapen organoa (gaztelania).

–Epaimahaiburua: Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Unibertsitateaz Kanpoko Irakasleen Batzordeak izendatutako pertsona bat.

Epaimahaikide idazkaria: Inklusio Ataleko burua.

2. Beharrezkoa izanez gero, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen organoa osatzeko ordezkoak izendatuko dira.

Halaber, hautapen organoak aholkulari adituen laguntza izaten ahal du, eta aurreko paragrafoan deskribatu den modu berean izendatuko dira. Aholkulari horien eginkizuna hautapen organoari laguntzea izanen da, baina, bakar-bakarrik, izendapenaren xede den gaiari buruzko kontuetan.

3. Hautapen organoetako kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Era berean, egoera horietako bat gertatzen bada, errekusatuak izan daitezke.

4. Deialdi honetan ezarria ez dagoen guztian, hautapen organoaren eraketari, jarduketari eta funtzionamenduari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoetan kide anitzeko organoei buruz jasotako araudiari jarraikiko zaio.

5. Hautapen organoetako kideek beren ohiko lan ordutegiaren barruan lan eginen dute.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.

1. Zerbitzu eginkizun hauek, hasiera batean, bi ikasturte oso iraunen dute, 2025eko irailaren 1ean hasita.

Behin lehenbiziko ikasturtea bukaturik eta bigarren ikasturteko martxoaren 1a baino lehen, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroan zuzendari lanpostu batean zerbitzu eginkizunetan dauden langileek ordura arte egindako lanaren memoria aurkeztu beharko dute. Irakasle lanpostuetan ari direnen kasuan, memoria hori zentroko zuzendariak eta kasuan kasuko gaian eskuduna den zerbitzuak baloratuko dute. Memoriaren balorazioa gai edo ez gai izanen da, eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari bidaliko zaio dagokion ikasturteko apirilaren 30a baino lehen.

Memoriak balorazio ona izateak berekin ekarriko du zerbitzu eginkizunak hiru ikasturtez luzatu ahal izatea.

2. Aurreko atalean aipatzen den bost urteko aldia bukaturik, baldin eta baliabide zentro batean edo irakasleentzako laguntza zentro batean lanpostu baten jabetza bigarren aldiz eta jarraian hartzen bada deialdi bidez, bukatu eginen da hautagaiak behin betiko betetzen zuen irakasle lanpostuaren erreserba.

Lanpostuaren erreserba bukatu ondoren, eta betiere irakasleak zerbitzu eginkizunetan segitzen duen bitartean Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Zentroan deialdi bidez erdietsitako lanpostuan, borondatez parte hartzen ahalko du Hezkuntza Departamentuak deitzen dituen lekualdatze-lehiaketetan, eta lekualdatze-lehiaketa horietan lanpostu bat esleitzen bazaio, horrek berekin ekarriko du zerbitzu eginkizunei automatikoki uko egitea lekualdatze-lehiaketan esleitzen zaion destinoaren jabetza hartzen duen egunean berean.

Zerbitzu eginkizunak bukatu ondoren, irakasle horiek nahitaez parte hartu beharko dute deitzen diren lekualdatze-lehiaketetan, eta destinoa lortzeko lehentasunezko eskubidea izanen dute beren azken behin betiko destinoa izan zuten herriko edo eskualdeko ikastetxeetan.

3. Deialdi honen ondorioz esleitzen diren zerbitzu eginkizunak, orobat, arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:

a) Aldi jakin baterako eman zirelako eta aldi hori bukatu delako.

b) Zentroa kentzea edo aldatzea, baldin eta aldaketa horrek ezinezkoa egiten badu zerbitzu eginkizun horietan jarraitzea.

c) Interesdunak berariaz uko egitea.

d) Gerora sortutako arrazoiak, honako hauen ondorioz: lanpostua betetzeko gaitasun edo egokitzapen falta, langilearen errendimendu eskasak agerian uzten duelako ezin dituela emandako eginkizunak eraginkortasunez bete, edo edukia aldatzea.

Aipatu arrazoi horiengatik zerbitzu eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariari hasiera eman diezaiola zerbitzu eginkizunak bukatzeko prozedurari.

Prozedura Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez hasiko da. Ebazpena zentroko zuzendaritzak igorritako txostenarekin batera igorriko da deialdia proposatu duen organora, honek egoki iritzitako jarduerak egin ditzan, interesdunari eta Langile Irakasleen Batzordeari entzun ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondotik, deialdia proposatu duen organoak betetako lanpostuari atxikitako langilearen gaitasuna eta egokitzapena baloratzeko txostena eginen du eta Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura igorriko du.

Txosten hori negatiboa bada, zerbitzu eginkizunei bukaera emanen zaie, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren ebazpen baten bidez.

e) Jarduneko zerbitzua ez den beste edozein egoera administratibotara pasatzea.

f) Administrazioan beste lanpostu baterako izendatua izatea.

g) Langileari beste zerbitzu eginkizun bat ematea, dela Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barnean, dela beste edozein administrazio publikotan.

h) Zerbitzu eginkizunak emateko arrazoia izan zen beharra desagertzea, zentroan behin betiko destinoa duten irakasleek lanpostu hori bete dutelako.

i) Baldintzak gerora ez betetzea.

Behar bezala justifikatutako ohiz kanpoko kasuetan izan ezik, zerbitzu eginkizunak aurreikusitako epea baino lehen bukatzen badira b) eta c) letretan adierazitako arrazoiak gertatzeagatik, ikasturtearekin batera bukatu beharko dira.

4. Zerbitzu eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean adierazitako arrazoi bat (a eta d letretakoak izan ezik) gertatzen denean, ez da zerbitzu eginkizunik emanen.

5. Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik baimen aldia hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta deialdi honetan ezarritako zerbitzu eginkizunak onartzea nahi badu. Orobat, funtzionarioari zerbitzu eginkizunak onartu bazaizkio edo jadanik zerbitzu eginkizunetan ari bada eta aipatutako baimenen bat eskatzen badu, baimena ukatuko zaio.

6. Deialdi honetako lanposturen bat betetzen ez bada hautagai bakar bat ere ez aukeratzen ez delako, zilegi izanen da gaiaren arabera eskumena duen organoak egindako proposamen arrazoituari jarraikiz betetzea zerbitzu eginkizunen araubidean, baina behin baino ez, betiere interesdunak deialdiaren baldintzak betetzen baditu eta ikasturte baterako baldin bada.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Hautapen organoaren egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2024ko azaroaren 15ean.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

I. ERANSKINA.–BETEBEHAR ESPEZIFIKOAK

PROGRAMA

LANPOSTUA

LANPOSTU KOP.

BETEKIZUNAK

Ikastetxeen eraldaketa eta ikaskuntzaren diseinu unibertsala in­klu­siorako

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea)

1

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza-orientazioa espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

Hezkuntza premia bereziak

Bigarren Hezkuntzako euskarazko irakaslea (eskola-­orientatzailea)

1

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza-orientazioa espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Jokabidea

Bigarren Hezkuntzako euskarazko irakaslea (eskola-­orientatzailea)

1

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza-orientazioa espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Programen artekoa

(Tuterako eskualdea)

Maisua/Maistra (Pedagogia Terapeutikoa)

1

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Pedagogia Terapeutikoa espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

Arreta goiztiarra

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea)

1

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza-orientazioa espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

Bigarren Hezkuntzako irakaslea (eskola-orientatzailea), Tuterako eskualdea

1

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza-orientazioa espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

Bigarren Hezkuntzako euskarazko irakaslea (eskola-­orientatzailea)

2

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, Hezkuntza-orientazioa espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Ospitaleko eta etxeko laguntza. Lanpostua osasun zentro batean

Bigarren Hezkuntzako ira­kaslea, esparru zientifiko-­teknikokoa, euskaraz

1

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegokoa izatea, esparru zientifiko-teknikoarekin lotutako edozein espezialitatetakoa (Matematika, Fisika eta Kimika edo Biologia eta Geologia), edo horrekin parekatutako lanpostua

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Maisu-maistra (Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntza), ingelesezko hizkuntza-eskakizunarekin, euskaraz

1

Maisu-maistren kidegokoa izatea, Haur eta Lehen Hezkuntza espezialitatekoa, edo horrekin parekatutako lanpostua

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Ingeleseko hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izatea

II. ERANSKINA.–HAUTAPEN SISTEMAREN ETA LANPOSTUEN GAINEKO ZEHAZTAPENAK

1.–Proiektuaren edukia eta ezaugarriak.

Interesdunek lan proiektu bat aurkeztuko dute, non argi geratuko den beren profil profesionala egokia dela lan egin nahi duten programarako. Horrez gainera, erakutsi beharko da gaitasuna dutela egoera praktikoak ebazteko, NHEBZren eta/edo beste entitate batzuen beste programa batzuekin koordinatuz eta haiekin elkarlanean. Hori guztia ikuspegi inklusibo batetik eta hezkuntza berriztatzeko prozedurak sustatuz.

Proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, horrelakorik badago), alde batetik idatziak, DIN A-4 tamainan, lerroarte bikoitzarekin eta Arial 11 letra erabiliz.

NHEBZko irakasle lanpostuen kasuan, proiektuak, gutxienez, honako atal hauek izanen ditu

a) Izangaiaren profil profesionala zenbateraino den egokia lortu nahi den lanpostuarentzat.

b) Lortu nahi den programarako lan egitasmoaren proposamen bat, kontuan hartuta hezkuntza ikuspegi inklusiboa eta beste programa batzuekiko koordinazioa.

c) Ikastetxe batek egindako esku-hartze eskaera batetik abiatutako kasu praktiko bat, lortu nahi den programatik erantzun beharrekoa. Kasu horrek, gutxienez, honako atal hauek izan beharko ditu:

–Ikaslearen profila, baita haren eskola eta familia ingurunea ere, agerian utzita irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua eragozten ahal duten oztopoak.

–Zer jarduketa eginen liratekeen honako arlo hauetan:

  • Ikastetxearentzako aholkularitza.
  • Familientzako aholkularitza.
  • NHEBZren beste programa batzuekin eta/edo beste entitate batzuekin koordinatzeko eta talde-lanean aritzeko estrategiak.

d) Lortu nahi den programarako hezkuntza berriztatzeko proposamenak.

2.–Irakasle eta zuzendari lanpostuen eginkizunak.

Urtarrilaren 18ko 1/2023 Foru Dekretuan jasotakoak, horren bidez arautu baitziren Hezkuntza Departamentuaren mendeko Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren (NHEBZ) sorrera, antolamendua eta funtzionamendua.

3.–Antolaketa.

1. NHEBZko langileek, lanpostu jakin bati atxikirik badaude ere, beste arlo eta programa batzuetan bete ditzakete beren eginkizun guztiak edo bakar batzuk, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak edo NHEBZko zuzendaritzak proposatzen duen urteko lan planaren barruan.

2. NHEBZko profesional guztiek, galarazi gabe programa jakin bati atxikirik egotea, baterako jarduketak egiten ahalko dituzte eta beren eginkizunak betetzen ahalko dituzte beste profesional batzuen lana osatuz edo ordeztuz edozein programa edo arlotan, zuzendaritzak baloratzen dituen beharren arabera.

3. Euskara eskakizuna duten lanpostuak betetzen dituzten profesional guztiek, galarazi gabe programa edo arlo jakin bati atxikirik egotea, diziplinarteko lanak eginen dituzte, eta, behar izanez gero, profesional baten lana osatuko dute, hurrenez hurren, D hizkuntza ereduan matrikulatutako ikasleen balorazioak, laguntzak edo haiei zuzendutako materialak egiteko.

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

Merezimenduen baremoko puntuazioa, guztira: 10 puntu.

I.–Irakaskuntzako esperientzia (5 puntu gehienez).

Deialdian betebehar gisa eskatzen den irakasleen kidegoan edo kidegoetan, edo horiekin parekatutako lanpostuetan, funtzionario gisa, lan-kontratudun gisa edo aldi baterako administrazio-kontratudun gisa bildutako esperientzia baloratuko da; 0,48 puntu emanen dira deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean egindako zerbitzu-urte bakoitzeko.

Hilabete osoko 0,04 puntu emanen dira, eta hondarreko egunak ez dira kontuan hartuko.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz emanen duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.

II.–Beste merezimendu batzuk (5 puntu gehienez).

2.1. Etengabeko prestakuntza (2 puntu gehienez):

2.1.1. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jarduerak gainditzeagatik: egiaztatutako 10 orduko, 0,05 puntu. Gehienez ere puntu bat.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako prestakuntza jardueren kasuan, frogagiri gisa Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuaren ziurtagiria erabiliko da, Hezkuntza Departamentuak ofizioz emanen duena.

Beste hezkuntza administrazio batzuek edo beste entitate batzuek antolatutako prestakuntza jardueren kasuan, jarduera horien ziurtagiriaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko da. Ziurtagiri hori Hezkuntza Ministerioak, autonomia erkidegoetako hezkuntza sailek, unibertsitateek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek emanen dute, eta bertan berariaz adierazi beharko da jarduerak zenbat kreditu dituen edo zenbat ordu iraun duen. Gainera, irabazi asmorik gabeko erakundeek antolatutakoen kasuan, hezkuntza administrazioak jarduera horiek onartu edo homologatu dituela egiaztatu beharko da agiri sinesgarri baten bidez, edo hezkuntza administrazioaren prestakuntza erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu.

2.1.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza eta hobekuntza jarduerak emateagatik: egiaztatutako 5 orduko, 0,1 puntu. Gehienez ere puntu bat.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen bost ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako prestakuntza jardueren kasuan, frogagiri gisa Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuaren ziurtagiria erabiliko da, Hezkuntza Departamentuak ofizioz emanen duena.

Beste hezkuntza administrazio batzuek edo beste entitate batzuek antolatutako prestakuntza jardueren kasuan, jarduera horien ziurtagiriaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko da. Ziurtagiri hori Hezkuntza Ministerioak, autonomia erkidegoetako hezkuntza sailek, unibertsitateek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek emanen dute, eta bertan berariaz adierazi beharko da jarduerak zenbat kreditu dituen edo zenbat ordu iraun duen. Gainera, irabazi asmorik gabeko erakundeek antolatutakoen kasuan, hezkuntza administrazioak jarduera horiek onartu edo homologatu dituela egiaztatu beharko da agiri sinesgarri baten bidez, edo hezkuntza administrazioaren prestakuntza erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu.

2.2. Ikerketa eta berrikuntza jarduerak, eta beste jarduera batzuk (puntu bat gehienez):

2.2.1. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten ikerketa eta berrikuntza jardueretan parte hartzeagatik: 0,25 puntu jarduera bakoitzeko.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako ikerketa eta berrikuntza jardueren kasuan, frogagiri gisa Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuaren ziurtagiria erabiliko da, Hezkuntza Departamentuak ofizioz emanen duena.

Ikerketa eta berrikuntza jarduerak beste hezkuntza administrazio batzuek antolatu badituzte, jarduera horietan parte hartu izana justifikatzen duen ziurtagiriaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, dagokion hezkuntza administrazioak emana.

2.2.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten ikerketa eta berrikuntza jarduerak koordinatzeagatik: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako ikerketa eta berrikuntza jardueren kasuan, frogagiri gisa Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuaren ziurtagiria erabiliko da, Hezkuntza Departamentuak ofizioz emanen duena.

Ikerketa eta berrikuntza jarduerak beste hezkuntza-administrazio batzuek antolatu badituzte, jarduera horiek koordinatu izanaren egiaztagiriaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, dagokion hezkuntza administrazioak emana.

2.3. Prestakuntza akademikoa (3 puntu gehienez):

2.3.1. Graduatu ondokoak, doktoretza eta aparteko sariak:

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek bere irakasle kidegoan edo horrekin parekatutako lanpostu batean sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira: 1 puntu.

–Doktore titulua izateagatik: 1 puntu.

Tituluaren ziurtagiria edo, hala badagokio, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

Ikertzeko nahikotasunari edo Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomari dagokionez:

–Unibertsitatearen ziurtagiria, ikertzeko nahikotasuna aitortzen duena, baldin eta urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren arabera eskuratu badu.

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma, baldin eta ikasketa horiek apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuaren arabera egin baditu.

2.3.2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:

unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatutakoez beste batzuk, honela baloratuko dira:

–Lehen zikloko titulazioak: diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulu bakoitzagatik edo legez horien baliokide den titulu bakoitzagatik, eta lizentzia bateko, arkitekturako edo ingeniaritzako lehen zikloari dagozkion ikasketengatik: 1 puntu.

Azpiatal honetan ez dira behin ere baloratuko izangaiek aurkezten dituzten mota horretako lehenengo tituluak edo ikasketak.

–Bigarren zikloko titulazioak: lizentzia bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako bigarren zikloko ikasketengatik, unibertsitateko gradudun titulu ofizialengatik edo legez horien baliokide diren tituluengatik: 1 puntu.

Bigarren ziklokoak bakarrik diren tituluak eta ondorio guztietarako unibertsitateko lizentziadun tituluaren baliokidetzat jotzen diren tituluak bigarren ziklo bat bezala baloratuko dira bakarrik.

Norberaren kidegoan edo horrekin parekatutako lanpostu batean sartzeko baldintza diren tituluen kopia eskaneatua aurkeztu behar da, bai eta merezimendu gisa aurkezten dituen titulu guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Gradudun titulua ez da baloratuko baldin eta titulu hori lortu bada ikasketa arlo bereko unibertsitateko titulu bat (diploma edo lizentzia) daukatenentzat bideratutako egokitzapen ikastaro bat eginez.

Titulazio berean oinarritzen diren espezialitateak ez dira titulu desberdintzat hartuko. Titulu berari dagozkion aipamenak ez dira gradutzat hartuko.

Tituluak atzerrian lortu badira, titulu horien kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2.3.3. Araubide bereziko irakaskuntzetako eta berariazko lanbide heziketako titulazioak:

–Musikako edo Dantzako titulu profesional bakoitzeko: 0,5 puntu.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

–Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

–Goi mailako kirol teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

Tituluaren ziurtagiria edo, hala badagokio, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

2.4. Euskararen, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza egiaztatzeko titulazioak (2 puntu gehienez):

Atal honetan, ez da baloratuko euskara maila egiaztatzen duen ziurtagiririk, baldin eta euskaraz jakitea nahitaezko betebeharra bada lortu nahi den lanpostuan onartua izateko.

Euskara, ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea egiaztatzen duen ziurtagiria, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan jaso zen bezala (Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren eta Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduaren bidez aldatua):

–C2 edo baliokidea: 1 puntu.

–C1 edo baliokidea: 0,75 puntu.

–B2 edo baliokidea: 0,50 puntu.

Merezimendu gisa alegatutako ziurtagiriaren kopia eskaneatua aurkeztuko beharko da, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Hizkuntza bakoitzean, maila altueneko ziurtagiria bakarrik hartuko da kontuan.

Ez da beharrezkoa izanen hizkuntza gaitasunen ziurtagiriak gaztelaniara itzultzea.

Iragarkiaren kodea: F2417131