59. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPEA IREKITZEA, Nafarroako Gobernuak nekazaritzako elikagaien sektorerako Taiwanera antolatzen duen enpresa-misioan parte hartzea eskatzeko.

Misioa 2025eko irailaren 22tik 26ra arteko astean izanen da.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du (http://www.planinternacionaldenavarra.es/), Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Txina da planaren jomuga orokorra, baina misioan Txina kontinentaleko eta Taiwango merkatuak lehenetsiko dira enpresen kanpo sustapeneko jarduerak egiteko, bereziki garrantzitsuak baitira nekazaritzako elikagaien sektorerako eremu horiek eskaintzen dituzten aukerak.

Taiwangoa Asiako ekonomia dinamikoenetako bat da. Mundu mailan, barne-produktu gordin (BPG) nominalari dagokionez, 22. lekuan dago. Are gehiago, interes handiagoa pizten du per capita BPGa erosteko ahalmenaren parekotasunari (EAP) begira aztertzean; 79.000 dolar baino gehiago ditu per capita, Asiako zenbateko altuenetako bat da. Horrek guztiak, eta aintzat hartuta 23 milioi biztanle dituela, Taiwanen egoera ekonomiko indartsua islatzen du, eta Nafarroarendako merkatu interesgarri bihurtzen.

Elikagaien segmentua:

Txinarekiko harremanetan, Taiwangoa oso merkatu interesgarria da sektorean Asian eta Pazifikoan kokatu nahi duten enpresa nafarrendako. Taiwanek erreferentziazko sinergiak sortzen ditu Hego Korea eta Japoniarekin, eta Txina kontinentalerako atea da. Bazkide taiwandarrak izatea oso baliagarria izan daiteke Txinako negozioen kulturari buruz ikasteko, baita Txinako Herri Errepublikan lan egiten duen bazkide bat aurkitzeko ere; izan ere, maiz Taiwanen arrakasta izatea erreferentzia izaten ahal da ondoren produktu berdina Txina kontinentalean saltzeko.

Merkatu honetan Mediterraneoko produktuak goraldi handia izaten ari dira, eta, gainera, balio-kate sektorialen integrazio altuari esker, enpresa txiki eta ertainendako aukera handiak daude; izan ere, balio-kate sektorial horietan askotan inportatzailea/handizkaria eta banatzailea agente bakarra da.

Nafarroako Nazioarteko Planaren jarduketak merkatu honen balioa nabarmendu du jada, eta Taiwango enpresek Nafarroako produktuekiko duten interesa ere azpimarratu du.

Nekazaritzako elikagaien teknologiaren segmentua:

Taiwango gobernuak sektore estrategiko gisa identifikatu du nekazaritzako elikagaiei lotutako teknologia, eta berrikuntza eta jasangarritasuna sustatu nahi ditu. Zenbait jarduketaren bidez produktibitatea hobetu nahi du, baita ingurumenarekiko errespetuzko laborantza metodoak garatu eta trazabilitate sistemen bidez elikadura-segurtasuna bermatu ere. Nekazaritza Ministerioaren politiken xedea da nekazaritza "adimenduna, erresilientea, jasangarria eta osasuntsua" lortzea, eta, horretarako, "zerbitzu digitalak eta teknologia aurreratuak integratu nahi ditu nekazaritza industria kate efizienteak, erresilienteak eta arrisku gutxiko operazioetakoak lortzeko".

Uhartean aukera asko daude nekazaritzako elikagaiei lotutako teknologiaren sektorera bideratutako enpresendako, bai bezeroak bilatzeko, bai produktu berriak edo itun erregionalak garatzeko.

Helburua:

Kanpo sustapenerako ekintza honek Taiwango merkatuari begira dituen xedeak honako hauek dira:

–Negozio aukerak eta balizko bazkide eta bezeroak identifikatzea.

–Taiwanen nekazaritzako elikagaien banaketaren sektorea osatzen duten eragileak bertatik bertara ezagutzea.

–Taiwango nekazaritzako elikagaien teknologiaren ekosistemaren barruan dauden aukerak ezagutzea.

–Sektoreko Nafarroako enpresak sustatzea.

–Taiwanen bezero izan daitezkeenekin harremana sortzea.

Ekintzaren edukia:

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek izanen ditu parte hartzen duten Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresendako:

–Enpresei harrera egitea. Topaketa Nafarroako enpresekin, hautatutako hirian. Taiwango nekazaritzako elikagaien ekosistemari buruzko mintegia: balio-katean eragile publiko eta pribatuak identifikatzea eta Taiwango merkatuan aritzeko gomendioak jasotzea.

Elikagaien segmentua:

–B2B topaketak antolatzea Nafarroako enpresen eta enpresa banatzaileen, inportatzaileen eta erosketa-zentralen artean.

–Bisita saltoki handietara, supermerkatuetara eta komenentziako dendetara, merkatuarekin ohitzeko.

–Sustapen-ekitaldia: Nafarroako produktuen showrooma eta showcookinga, gastronomiako preskriptore nagusien parte-hartzearekin.

Nekazaritzako elikagaien teknologiaren segmentua:

–B2B topaketak Taiwango eragile publiko zein pribatuekin, eta ikasketa bisitak sektorean erreferenteak diren fabrikatzaile edo erakundeetara.

–Parte hartzen duten enpresa guztien baterako sustapen liburuxka.

Alderdi orokorrak:

–Misiora joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik.

–Enpresa parte-hartzaileek Naex Digital (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/naex-digital-ii>) programan onartuak izatea eskatzeko aukera, txinera tradizionalean merkatuko tresna digitalak sortzeko (webguneak, landing page-ak, newsletterrak...).

–Taldean eginen diren barne-lekualdatzeak koordinatzea, enpresen joan-etorriak eta programatutako jardueretan elkarrekin parte-hartzea errazteko.

–Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu agendak egiteko, ekitaldiak antolatzeko, enpresa topaketak egiteko eta taldeko bisitak egiteko gastuak.

–Bidaia-gastuak, otorduetakoak, ostatu hartzekoak edo bestelakoak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

–Honako baldintza hauetako edozein betetzea:

  • Nekazaritzako elikagaiak lantzen dituen enpresa izatea.
  • Nekazaritzako elikagaien sektorerako eta elikagaiak prozesatzeko teknologian espezializatutako enpresak izatea.

Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Egoitza, egoitza sozial edo ekoizpen-zentro bat izatea Nafarroan.

–Izen-ematea egiten den momentuan bertan izatea ingelesez idatzitako web-orri bat.

–Kontakturako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, misioaren aurretik, misioa bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

–Txinera tradizionalez idatzitako sustapen liburuxka bat izatea. 2025eko ekainaren 30a baino lehen egon beharko da web-orrian argitaratuta.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2025eko maiatzaren 16ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-empresarial-a-taiwan-para-el-sector-agroalimentario

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Gehienez parte hartzen ahal duten entitateen kopurua:

Gehienez ere 15 entitatek parte hartuko dute, eta 6 entitate beharko dira gutxienez misioa aurrera eramateko.

Inskripzioaren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak. Elikadurako enpresen kasuan, gehienez bi enpresak osatuko dute taldea eta lehentasuna izanen da produktu tipologia bererako izatea. Lehentasuna izanen dute jada produkturen bat Taiwanen duten enpresek, edo, halakorik egon ezean, negoziazio aurreratuak dituztela frogatzen ahal dutenek. Hala, misioa harremanak indartzeko baliagarria izanen da.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, misioa hasi baino gutxienez bi hilabete lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Entitate parte-hartzaileen betebeharrak:

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskabidean zehazten direnak.

–Merkataritza-misioa egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den, denbora hori pasatuta, Taiwanen egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 10ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2503705