Iragarkia
59. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
80E/2025 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako tokiko ekintza taldeentzat, 2025. urtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 816460.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiteko.
Tokiko ekintza taldeak eskualde mailako elkarteak dira, eta bertan biltzen dira eskualdeko sare sozioekonomikoa ordezkatzen duten solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakume-elkarteak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, etab.). Landa garapenaren Europako estrategiak aplikatzea dute helburu, kolektibo sozial, ekonomiko eta instituzionalen arteko adostasunaren ondorioz sortzen diren eskualdeko programak diseinatuz, abian jarriz eta kudeatuz.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean, "Herritar aktiboak, ahalduntzea eta parte-hartzea" kapituluaren barnean, bereziki aipatzen dira alderdi hauek: genero-ikuspegia landa garapeneko jarduketetan txertatu beharra, emakumeen ahalduntzea landa esparruan, despopulazioari aurre egiteko neurriak, landa esparruan dagoen eten digitala desagerrarazteko jarduketak eta abar. Auzi horietan guztietan, tokiko ekintza taldeen jarduna erabakigarria da; izan ere, lurraldeari bultzada emateko garrantzi eta eragin handiko entitateak dira. Bestalde, berdintasunari buruzko foru lege horrek berak administrazio publikoei eskatzen die eskain ditzatela pertsona guztien bizitzaren jasangarritasuna errazten duten baliabideak, eta aintzatets dezatela etxeko lanaren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaren funtzio sozial eta ekonomikoa, bai eta ordainsaririk edo aintzatespen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere. Horren harira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bizitzaren jasangarritasunean eta zainketen balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, "Zainketen aldeko Itunak Nafarroan" programa garatzen du Nafarroako Gobernuaren departamentuekin eta tokiko ekintza taldeekin lankidetzan.
Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan, kontuan hartzen da toki-administrazioaren erantzukizuna ildo estrategiko guztietan, eta, bereziki, I. ildo estrategikoan, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza-ereduan, toki-administrazioa barne, eta hura tokiko ekintza taldeen parte ere bada, adierazi den bezala. II. ildo estrategikoak, bere aldetik, helburu estrategikotzat du zainketek bizitza sostengatzeko duten balioa aitortzea. Halaber, plan estrategiko horretako IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren haritik, elkarteen lana ezinbestekoa da, hain zuzen ere, ikuspegi feminista aintzat hartuz eta emakumeen aniztasunetik, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko dioten elkarteena, eta erakundeekin izanen duten elkarrizketak eragina izan behar du politika publikoetan.
Adierazi behar da, bestalde, tokiko esparrua dela herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin eta tokiko ekintza taldeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Tokian tokiko errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten tokiko ekintza taldeentzat. Deialdian hiru dirulaguntza modalitate aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten tokiko ekintza taldeentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten tokiko ekintza taldeentzat. Halaber, deialdiak zenbateko bat esleitzen du Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programan parte hartzen duten tokiko ekintza taldeentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzera eta bultzatzera bideratutako proiektuak gauzatuz gero Zainketen aldeko Tokiko Itunen bidez.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak "Ibilbidea" dokumentua proposatu die toki entitateei, Nafarroako toki eremuko berdintasun teknikariekin lankidetzan egin dena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politika planifikatzeko tresna izan dadin. Ibilbide hori, halaber, eredu izanen litzateke tokiko ekintza taldeentzat. Era berean, tokiko ekintza taldeen lana planifikatzeko baliagarria izan daiteke "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa", zeina eskualde-eremuko mota horretako elkarteentzako lankidetza-proiektu espezifiko baten emaitza baita.
Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, helburu duena 2025. urtean Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 30.000 euroko gastua baimentzea 2025eko gastu-aurrekontuko "080001 08100 4819 232207 Tokiko ekintza taldeentzako transferentziak" aurrekontu-partidaren kargura.
4. Ebazpen hau eta haren oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) biltzen dituzten eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko otsailaren 21ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntza batzuk emateko 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arteko aldian eginiko proiektuetarako (bi egun horiek barne), Nafarroako tokiko ekintza taldeei, talde horietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, tokiko ekintza talde horiek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuen bitartez.
2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.
2.1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean legez eratutako tokiko ekintza taldeek, Nafarroako Foru Komunitatean deialdi honetako proiektuak sustatzen badituzte, eta, era berean, oinarri hauetako baldintzak betetzen badituzte.
2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:
a) A modalitatea: Nafarroako tokiko ekintza taldeek garatzen dituzten proiektuak, baldin eta berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez badute.
b) B modalitatea: Nafarroako tokiko ekintza taldeek garatzen dituzten proiektuak, baldin eta berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen badute.
c) C modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten Nafarroako tokiko ekintza taldeek garatzen dituzten proiektuak.
2.3. Ohartarazten da ezen, bakoitzari dagokion modalitatearen barruan, zainketen aldeko itun bat sinatuta daukaten tokiko ekintza taldeek aukera izanen dutela zenbateko bat jasotzeko, itun horri lotutako ekintzak finantzatzeko, aurrerago zehaztuko den moduan.
3. oinarria. Betebeharrak.
3.1. Nafarroako tokiko ekintza taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den epe osoan, salbu 3.1 oinarriko b.2 apartatuan jasotakoaren kasuan.
Edozein modalitatetan, tokiko ekintza taldeek legez eratuta egon beharko dute Nafarroako Foru Komunitatean, eta Nafarroako Gobernuak hautatuta eta onetsita egon beharko dute.
Halaber, Zainketen aldeko Tokiko Itunari dagokion zenbatekoa eskatzen duten tokiko ekintza taldeek sinatuta eduki beharko dute itun hori eskaera egiteko unean, edo 2025ean sinatzeko konpromisoa izan beharko dute, behin programan parte hartzea eskatuta eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak parte-hartze hori onartuta.
a) A eta B modalitateak:
1. Eskaera egiten den unean, B mailako berdintasuneko agente bat kontratatuta edo plantillan izatea, lanaldi osoan. Tokiko ekintza taldeak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa (hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat erabiliko da. IV. eranskina).
Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.
2. Entitatearen 2025erako aurrekontuetan partidak izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko (hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
3. Aukera berdintasuneko plan bat, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategiko bat edo urteko lan-plan bat edukitzea. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatuz gero, baldintza hori egiaztatutzat joko da tokiko ekintza taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz gero (IV. eranskina). Adierazpen horretan, egiaztatuko da tokiko ekintza taldeak berdintasun-plana edo urteko lan-plan bat egiteko asmoa duela deialdi honen aldian. Puntu honetan aipatutako planak oinarri izan beharko du NABIk toki entitateei emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politika planifikatzeko tresna izan dadin proposatzen dien "Ibilbidea", edo, bestela, "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa".
4. Erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan, dirulaguntzaren aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada (hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
b) C modalitatea:
1. 2025erako partida bat edo aurrekontu esleipen bat edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua (hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
2. Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan (hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu diruz lagungarriak.
4.1. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak, modalitate guztietakoak, gauzatu beharko dira 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean.
4.2. Tokiko ekintza taldeek proiektu bakarra aurkeztu behar dute, dagokien modalitatean. Bidezkoa bada, proiektu bakar horretan Zainketen aldeko Tokiko Itunari dagokion atala ere sartuko da, baldin eta eskatzen bada.
4.3. Proiektu diruz lagungarriek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.
Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:
A eta B modalitateak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten tokiko ekintza taldeetan.
Aurkeztutako proiektuak deialdi honen xedearen arabera diseinatuko dira (1. oinarrian adierazitakoa), bai eta honako esku-hartze arlo hauen arabera ere:
a) Toki gobernantza eta zeharkakotasuna.
Ohartaraztea jarduketa honen barnean ez direla diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barne Planak (diagnostikoak barne) plantillan 50 langiletik gora dituzten tokiko ekintza taldeetan.
b) Emakumeen kontrako indarkeria.
c) Zaintza, erantzukidetasuna eta kontziliazioa.
Arlo honen barruan, eskaera egiteko unean zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta daukaten tokiko ekintza taldeek –edo 2025ean sinatzeko konpromisoa dutenek, behin programan parte hartzea eskatuta eta NABIk parte-hartze hori onartuta– programatu beharko dituzte sinatu duten tokiko itunaren akordioaren dokumentuan jasotako ekintza motak. Nolanahi ere den, itunik sinatuta ez daukaten tokiko ekintza taldeek ere zaintzaren arloko ekintzak programatzen ahalko dituzte, baina ez dute aukerarik izanen deialdi honen 5.2.d) puntuan jasotako zenbatekoa eskuratzeko.
d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
Era berean, A eta B modalitateetako proiektuak planifikatzeko, erreferentzia gisa hartzen ahalko da "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa" izeneko dokumentua, eta aipatutako ibilbidean jasotako hiru mailetako edozeinetan koka daitezkeen ekintzak planifikatzen ahalko dira.
Aurrez aipatutako edozein arlotan sartzen diren ekintzak biltzen dituzten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta honako helburu hauek badituzte:
–Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharka integratzeko.
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta abar).
–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
–Azterlanak, ikerketak, plangintza eta ebaluazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Atal honetan diruz laguntzen ahal diren ekintzen artean sartzen da indarkeriaren tokiko protokoloak prestatzea, INAI/NABIk emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio protokoloak prestatzeko gidari jarraikiz. Nolanahi ere, protokoloak egitean, bete beharko dira gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak. Gainera, azken legegintza-araudiak jaso beharko dira, ahalik eta ikuspegi eguneratuenarekin, eta protokolo bakoitza kasuan kasuko tokiko ekintza taldearen errealitatera egokitu, ahal den neurrian.
C modalitatea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, lanaldi osoko berdintasuneko agenterik ez duten tokiko ekintza taldeek aurkeztuak.
Modalitate honetan diruz lagungarriak diren ekintza bakarrak honako hauek izanen dira:
–Lurraldeko esparru desberdinetan emakumeen eta gizonen egoera erakusten duten azterlan eta diagnostiko integralak egiteko ekintzak, genero berdintasunaren arloan jarduteko lehentasunak ezartzera bideratuak. Diagnostiko horietatik, ez dira diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barneko Planen aurretik egindako diagnostikoak, tokiko ekintza talde horien plantillan 50 langiletik gora ari badira.
–Tokiko ekintza taldeak planifikatzen eta gauzatzen dituen proiektuetan genero-ikuspegia zehar lerro gisa txertatzeko ekintzak.
Diruz lagundutako ekintza horiek zainketen arloaren barrukoak badira, eskaera egiteko unean zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta daukaten tokiko ekintza taldeek –edo 2025ean sinatzeko konpromisoa dutenek, behin programan parte hartzea eskatuta eta NABIk parte-hartze hori onartuta– programatu beharko dituzte sinatu duten tokiko itunaren akordioaren dokumentuan jasotako ekintza motak. Bestalde, ituna sinatuta ez duten C modalitateko tokiko ekintza taldeek ere ekintzak programatzen ahalko dituzte zainketen arloan (betiere atal honetan jasotako tipologiaren barruan badaude), baina ez dute deialdi honetako 5.2 d) puntuko zenbatekoa jasoko.
Ekintza horiek C modalitatean planifikatzeko, "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa" izeneko dokumentua hartzen ahalko da erreferentziatzat. Ekintzak sailkatzen ahalko dira, bakarrik, aipatutako ibilbidean jasotako 1. mailan.
4.4. Gastu diruz lagungarriak.
Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira:
a) Laguntza teknikoa. Laguntza teknikotzat hartuko da gutxienez proiektuaren %40 azpikontratatzea. Nolanahi ere, tokiko ekintza talde onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin.
b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta pertsonek edo entitateek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.
c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.
d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, entitate onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.
e) Diruz lagundutako jarduerak gauzatu bitartean, eta orduan bakarrik, laguntza beharra duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.
Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:
a) Tokiko ekintza taldearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, besteak beste, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, bazter utziko dira laguntza beharra duten pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak, non ez den betetzen 4.4.e) atalean xedatutakoa.
b) Ez dira diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barneko Planak prestatzeko proiektuak, tokiko ekintza talde horien plantillan 50 lagunetik gora ari badira.
c) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero-ikuspegirik ez duten proiektuak.
d) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.
e) Kontziliaziorako azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea, Nafarroako Gobernuaren edo Estatuko beste deialdi edo programetan jasota daudenak.
f) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.
g) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasle, familia eta ikastetxeetako langileei zuzendutakoak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.
h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.
4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:
a) Tokiko ekintza taldeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean laguntza behar duten pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4 ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.
Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.
b) Tokiko ekintza taldearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.
c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.
d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).
5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
Aurrekontu-partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzun gabe, dirulaguntza emanen zaie honako lehentasun hurrenkera honetan, harik eta partida agortu arte:
1. A modalitateko eskaerak.
2. B modalitateko eskaerak.
3. C modalitateko eskaerak, lortutako puntuazioaren arabera, II. eranskinean jasotako balorazio-irizpideei jarraituz. Puntuazio bera duten eskaeren artean berdinketa hausteko, kontuan hartuko da zeinek lortu duen puntuaziorik handiena aipatutako II. eranskineko A ataleko balorazioan (proiektuaren kalitate teknikoari buruzkoa). Berdinketa hausten ez bada, bere lurralde-eremuan biztanle gehienengana iristen den tokiko ekintza taldearen arabera ordenatuko da.
5.2. Gehieneko zenbateko hauek ezartzen dira modalitate bakoitzerako dirulaguntza gisa, bai eta gehieneko zenbateko bat ere zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta daukaten tokiko ekintza taldeentzat:
a) Gehienez 14.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen ez duten tokiko ekintza taldeen eskaeretarako. (A modalitatea).
b) Gehienez 8.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten tokiko ekintza taldeen eskaeretarako. (B modalitatea).
c) Gehienez 3.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan ez duten tokiko ekintza taldeen eskaeretarako. (C modalitatea).
d) Gehienez ere 4.000 euro modalitate guztietako tokiko ekintza taldeentzat, baldin eta eskaera egiteko unean zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta badaukate edo 2025ean sinatzeko konpromisoa badute –behin programan parte hartzea eskatuta eta NABIk parte-hartze hori onartuta–, betiere zaintzaren arloko ekintzak aurkezten badituzte proiektuaren barnean. Tokiko ekintza talde batek d) atalari soil-soilik dagokion proiektu bat aurkezten badu, Zainketen aldeko Tokiko Itunerako zenbateko hori eskuratzeko aukera baizik ez du izanen, eta ez zaio emanen bestelako zenbatekorik, hots, oinarri honen a), b) eta c) ataletarako esleitutako zenbatekorik.
5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau.
8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak onartu eginen dira, eta honako kopuru hauek emanen zaizkie:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.
b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua", handiagoa baldin bada eman beharreko gehienekoa baino, eman beharreko gehieneko zenbatekoaren %100.
Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.
5.4. Berariazko balorazio bat eginen da dirulaguntza emateko Zainketen Aldeko Tokiko Itunak programan parte hartzearekin lotutako zenbatekoa eskatzen dutenei, hots, 5.2.d) atalean jasotakoa. Kontuan hartuko da 8. oinarriko "itunetarako" berariazko balorazioan lortutako puntuazioa: "Zainketen aldeko Tokiko Itunerako irizpideak". Kasu horretan, balorazio orokorrerako eskatzen diren 60 puntuez gain, lortu beharko dira, orobat, 60 puntu edo gehiago balorazio horretan, onartzeko eta Zainketen aldeko Tokiko Itunerako zenbatekoa eskuratzeko aukera izateko. Zenbatekoa emanen da 5.3 oinarrian ezarritako irizpide beren arabera.
Betiere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.
6. oinarria. Dokumentazioa.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten tokiko ekintza taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereiztuetan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:
a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu beharko da eskaera ereduaren arabera (III. eranskina). Bertan, memoria bat jasoko da, zeinak deskribatuko baititu deialdiaren proiektua eta aurrekontu osoa, esku-hartze arloka banakaturik. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.
b) Tokiko ekintza taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena –IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen eredua–; bertan egiaztatuko da 3. eta 12. oinarrietan zehaztutako baldintzak betetzen direla, eta orobat, 13. oinarrian ezarritako betebeharrak.
Elkarte bakoitzak bere modalitateari dagokiona bete beharko du eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.
c) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla edo agiriak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da noiz eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.
6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak atzematen duenean elkarte eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan. Aditzera emanen dio, orobat, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 19. artikuluarekin.
Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako justifikazioa aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxatik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
Gaitutako helbide elektroniko bakar bat adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da bidea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta tokiko ekintza talde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako.
Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du talde eskatzaileak. Hauxe da gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzeko eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza egiteko helbidea: https://dehu.redsara.es; horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
8.2. NABIko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek eginen dute aurkezturiko eskeren ebaluazioa. Ebaluazio txosten bat eginen dute, loteslea instrukzio-organoarentzat, non jasoko baita entitate onuradunek behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela dagozkien dirulaguntzak eskuratzeko; halaber, proiektuen balorazioa jasoko du txostenak.
8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzean, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" hartuko da kontuan. Dirulaguntza emanen da kontuan izanda proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza, deialdiaren 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Halaber, Zainketen aldeko Tokiko Ituna deritzon atala baloratuko da, hura ere II. eranskinean jasoa, atal horretako zenbatekoa eskatu dutenentzat eta atalean bertan zehaztutako irizpideei jarraikiz.
8.4. Proiektuari dagozkion irizpideetan gutxienez 60 puntura iristen ez diren proiektuak ez dira onartuko, eta ez dira diruz lagunduko. Onartu ez diren proiektuek ezin izanen dute jaso Zainketen aldeko Tokiko Itunari dagokion zenbatekoa ere, 5.2.d) oinarrian ezarria.
Eskatzen bada Zainketen aldeko Tokiko Itunak programan parte hartzeko zenbatekoa, "Zainketen aldeko Tokiko Itunaren irizpideak" atalean 60 puntura iristen ez diren proiektuak ez dira onartuko atal horretan, eta ez dira diruz lagunduko itunari esleitutako zenbateko horren bidez.
8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, ikusita Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek egindako ebaluazioa, ebazpen proposamena egin, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua" den zenbatekoa III. eranskinaren arabera, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" den zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoarekin bat etorriko dena.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, elkarte onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
9.3. Elkarte eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate guztiek aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa jakinarazi beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Horretarako, dirulaguntzen gainean ebatzi ondoren, esteka bat gaituko da deialdiaren fitxan, gardentasunari buruzko adierazpenaren kudeaketa tramitatzeko.
Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.
11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:
Deialdi honetan emandako zenbatekoak ordainketa bakarrean ordainduko dira, proiektuak gauzatzeko epea bukatzen denean eta proiektuok justifikatu ondoren. Gehieneko zenbatekoa 2025. urteari dagokion dirulaguntzarena izanen da (2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra).
11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:
Aurreko 11.1 puntuan ezarritako ordainketa egiteko, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoarekin, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan, dirulaguntzaren fitxan eskuragarri dauden eranskinetara egokituta:
2025eko azaroaren 5erako, beranduenez: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, bilduko duena 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra egindako gastua . Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 atalean xedatutakoa.
11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, entitate onuradunek "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2025eko azaroaren 5a baino lehen, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorrita, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:
–V. eranskina: justifikazio memoria.
–VI. eranskina: tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria).
Oro har, egindako gastutzat hartuko dira gauzatzeko epea (2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarte) bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.
Adierazpen horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.
–VII. eranskina: gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak banakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.
–Fakturak eta ordainketa agiriak: baliozkotasunez emandako fakturak: froga-balio baliokidea duten dokumentuak eta faktura elektronikoak onartuko dira, betiere zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, bai eta horiek ordaindu izanaren frogagiria ere.
Inola ere ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.
Kontratatutako langileei lotutako gastuei dagokienez (4.6 oinarriko a) apartatuan zehaztutako salbuespena), nominak, gizarte aseguruak (TC1 eta TC2) eta dagozkien ordainketa agiriak aurkeztu beharko dira.
–VIII. eranskina: enpresaren hautapenari buruzko ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, tokiko ekintza taldeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela argi adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta hedapenean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo horren ezaugarri teknikoak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan daude jasota (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partez aldatu zuen foru dekretu hori). Zainketen aldeko Tokiko Ituna programan sartutako ekintzetan, aurreko logotipoez gain, Zainketen aldeko Tokiko Itunak programaren logotipoa ere txertatu beharko da.
Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoa eta Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoa eskuragarri egonen dira, halaber, deialdiaren fitxan, zeinaren esteka oinarri hauen testuaren amaieran baitago. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.
Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.
–IX. eranskina: generoari buruzko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena (C modalitaterako soilik): C modalitatean kontratatutako enpresek edo aholkulariek adierazi beharko dute generoari buruzko prestakuntza dutela, baldin eta ekintza hauek egiten badituzte:
- Ikerketak edo diagnostikoak egitea.
- Prestakuntza-ekintzak, baldin eta, horiek guztiak batuta, haien balioa azkenean onartzen den aurrekontuaren %40koa edo hortik gorakoa bada.
Adierazi beharko dute genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza dutela, erakunde publikoek edo unibertsitateek –publiko zein pribatuek– zuzenean edo lankidetzan emana. Hori frogatzeko, IX. eranskin honetan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta sinatu beharko du kontratatutako pertsonak edo entitateak.
11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean. Tokiko ekintza taldeak eskaeran adierazten duen gaitutako helbide elektroniko bakarrean eginen da errekerimendu hori.
11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastuaren egiaztagirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa baldin bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino ("NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria); dirulaguntza emateko ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da, honela:
Murrizketa proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa, formula honen arabera:
Justifikatutako eta onartutako zenbatekoa x emandako zenbatekoa / justifikatu beharreko zenbatekoa
Hori guztia, baldin eta proiektu guztia egitetik hurbil badago nabarmenki, eta egiaztatu bada konpromisoak betetzeko joera garbia duela, proiektuaren balorazio berari eutsita.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada handiagoa dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.
13. oinarria. Elkarte onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten tokiko ekintza taldeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako betebehar hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute laguntzen fitxaren bitartez, laguntzen fitxan gaituko den estekan eskuragarri dagoen eredua erabiliz, deialdiaren 9.3 oinarriarekin bat etorrita.
Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.
e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, elkarte onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta diruz laguntzen den proiektuko jardueren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".
h) Betetzea xedatuta dagoena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, non gardentasun betebeharrak arautzen baitira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunenak barne.
i) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskaeran Nafarroako Berdintasunerako Institutuari baimena eman beharko zaio inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.
Kontsulta hori baimentzen ez bada, dirulaguntzaren fitxaren bidez aurkeztu beharko dira egiaztagiriak.
14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
14.1. Elkarte onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere ordaindu, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.
–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.
14.2. Aurrekoa gorabehera, A eta B modalitateetan, bidezkoa izanen da jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta tokiko ekintza taldeak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, elkarte onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.
14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura arautuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, eta ebatzi beharko da abiarazten denetik 12 hilabeteko epean.
15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
16. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
17. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa.
II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
A eta B modalitateak
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
A) Proiektuaren kalitate teknikoa | 60 |
1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua | 45 |
Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 15 |
Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 5 |
Proiektuaren garapen kronologikoa | 5 |
Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak. | 5 |
Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 10 |
2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa | 10 |
Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak | 5 |
Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten) | 5 |
B) Proiektua nola egokitzen den tokiko ekintza taldearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera | 10 |
C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak | 10 |
Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, tokiko ekintza taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (denetariko publikoa). | 5 |
Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (denetariko komunikabideak). | 5 |
D) Lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo tokiko ekintza taldearen beste arlo batzuek proiektuan parte hartzea | 10 |
Emakumeen elkarteak | 4 |
Tokiko kolektiboak | 4 |
Tokiko ekintza taldearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk | 2 |
E) Proiektuaren berrikuntza (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 10 |
C modalitatea
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
Tokiko ekintza taldeak berdintasunarekiko duen konpromisoa | 10 |
NABIren gidaren araberako indarkeria-protokoloren bat du | 10 |
Proiektuari buruzko irizpideak | 90 |
A) Proiektuaren kalitate teknikoa | 50 |
1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua | 40 |
Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 10 |
Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 4 |
Proiektuaren garapen kronologikoa | 4 |
Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 2 |
Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 15 |
2. Proiektuak tokiko ekintza taldearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin eta abar). | 10 |
B) Proiektua nola egokitzen den tokiko ekintza taldearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera | 20 |
C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak | 5 |
Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, tokiko ekintza taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (publiko aniztasuna). | 3 |
Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (denetariko komunikabideak). | 2 |
D) Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa | 10 |
Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak | 5 |
Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
E) Proiektuaren berrikuntza (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 5 |
"Zainketen aldeko tokiko ituna"
(Modalitate guztietarako balio du, betiere itun horri esleituriko zenbatekoa eskatu bada)
Balorazio honen lehen bi irizpideen balorazio teknikoa egiteko, kontuan hartuko da ituna 2025ean sinatu den edo urte horretan sinatzeko konpromisoa dagoen (1. egoera) edo tokiko ituna dirulaguntza deialdi honen aurreko urteetan sinatu zen (2. egoera).
Bereizketa horren arrazoia da uste dela itunaren ekintzek ezin dituztela balorazio-irizpide berak izan egoera batean edo bestean.
ZAINKETEN ALDEKO TOKIKO ITUNARI DAGOKION ZENBATEKOA ESKATU DUTENENTZAKO BALORAZIOA | 100 |
ITUNARI ESLEITUTAKO ZENBATEKOA ESKATZEN DU | BAI EZ |
1. egoera: zainketen aldeko Tokiko Ituna abian jartzeko beharrezkoak diren ekintzak (gehienez 15 puntu) 2. egoera: ekintzak lotuta egotea Zainketen aldeko Tokiko Itunaren urteko lan-programari (gehienez 15 puntu) | 15 |
1. egoera: ekintzen berrikuntza, lurraldean aurretik egindako ekintzekiko (gehienez 15 puntu) 2. egoera: ekintzen berrikuntza, "Zainketen aldeko Itunak" dirulaguntzaren aurreko edizioekin alderatuta (gehienez 15 puntu) | 15 |
Barnean hartzen ditu proposatutako ekintza bakoitzaren garapenean parte hartuko duten entitateak, elkarteak eta ituneko beste kolektibo batzuk (gehienez 15 puntu) | 15 |
Ekintzek zaintza-lanen banaketa orekatuaren alde egiten dute, eta berekin dakarte inplikatutako pertsona eta eragile guztiek parte har dezaten zaintzan (administrazioa, gizarte zibila, komunitatea, sektore pribatua eta banakako pertsonak) (gehienez 20 puntu) | 20 |
Proiektuak kontuan hartzen ditu zainduen eta zaintzaileen beharrak, eta autozaintza eta autonomia pertsonala errazten ditu (gehienez 15 puntu) | 15 |
Proiektuak zaintzaren zeharkakotasuna sustatzen du toki entitateko udal alorren artean (gehienez 20 puntu) | 20 |
III. eranskina.–Eskaera eredua.
IV. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.
V. eranskina.–Justifikazio memoria.
VI. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena (justifikazioa).
VII. eranskina.–Gastuen eredua.
VIII. eranskina.–Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.
IX. eranskina.–Genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.
Iragarkiaren kodea: F2502815
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
