1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
48/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Polizien Kontseiluaren osaera ezartzen duena.
Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 13. artikuluan arautzen da Nafarroako Polizien Kontseilua, kontsultarako eta aholku emateko kide anitzeko organo gisa.
Foru lege horren beraren 14. artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Polizien Kontseiluak Nafarroako administrazio publikoen sei ordezkari izanen ditu, Nafarroako Gobernuan barne arloko eskumena duen departamentuko titularrak hautatuak –horien artean kontseilaria bera edo hark eskuordetzen duen agintaria–, eta Nafarroako polizien sei ordezkari.
Nafarroako administrazio publikoen ordezkari horietarik hiru Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak izanen dira, eta gainontzeko hirurak toki entitateenak. Azken hiru horietatik bat Iruñeko Udalaren ordezkaria izanen da, eta beste biak udaltzaingoa duten gainerako Nafarroako toki entitateenak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak.
Nafarroako polizien ordezkariei dagokienez, hiru Foruzaingoaren ordezkariak izanen dira, Foruzaingoko buruak proposatuak, eta gainerako hirurak,udaltzaingoen ordezkariak: bat Iruñeko Udaltzaingoarena eta beste biak gainerako udaltzaingoenak, azken bi horiek Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak proposatuak.
Kontseiluko idazkaria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bat izanen da, zeinari bere lanpostua eskuratzeko zuzenbideko lizentziadun titulua izatea eskatu baitzaio.
Aurreko guztiarekin bat, departamentu honetan sartu dira Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak egindako proposamena, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak egindakoa eta Nafarroako Foruzaingoko buruak egindakoa.
Horren ondorioz, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako Polizien Kontseiluan izanen dituen ordezkariak izendatzea:
–Barne arloan eskumena duen departamentuko titularra, edo hark eskuordetzen duen agintaria.
–Barne Zuzendaritza Nagusiko titularra, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
–Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
2. Nafarroako toki entitateek Nafarroako Polizien Kontseiluan izanen dituzten ordezkariak izendatzea:
a) Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zinegotzi delegatua, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
b) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuta:
–Tafallako Udaleko alkatea, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
–Atarrabiako Udaleko alkatea, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
3. Nafarroako poliziek Nafarroako Polizien Kontseiluan izanen dituzten ordezkariak izendatzea:
a) Foruzaingoaren esparruan, eta Foruzaingoko buruak proposaturik:
–Nafarroako Foruzaingoko burua, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
–Ikuskapen Orokorraren Arloko komisario nagusi burua, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
–Barne Araubideko Brigadako inspektore burua, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
b) Udaltzaingoen esparruan:
–Iruñeko Udaltzaingoko burua, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak proposaturik, 2024ko urriaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiaren arabera:
–Tuterako Udaltzaingoko burua, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
–Tafallako Udaltzaingoko burua, edo hura erregelamenduz ordezten duena.
Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak proposatutako pertsonen ordez, hauetako edozein arituko da, hurrenkera honi jarraikiz eta proposamen horrekin bat etorriz: Burlatako Udaltzaingoko burua eta Cintruenigoko Udaltzaingoko burua.
4. Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria izendatzea Nafarroako Polizien Kontseiluko idazkari.
5. Foru agindu hau izendatuei, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, Iruñeko Udalari eta Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 5ean.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.
Iragarkiaren kodea: F2503495