58. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko martxoaren 5ean hartua, Tuterako Zaragoza etorbidean biribilgune bat egiteko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

2024ko urriaren 11n, Tuterako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen 38. exekuzio eremuan biribilgune erako bidegurutze bat egiteko obra-proiektuak (Tuterako Zaragoza etorbidean biribilgune bat egitekoak) ukitutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetze espedientea abiatzea, proiektuaren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea, baita proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra ere, proiektua onesteak berekin baitakar, eta, orobat, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onetsi eta jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.

Jendaurreko epea igarota, Tuterako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2024ko abenduaren 19an egin bilkuran, behin betiko onetsi zituen aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta ezetsi egin zituen aurkeztutako alegazioak. Era berean, adierazi zuen aurrekontuan kontsignatze nahikoa dagoela, "1533/60000 Lurrak eskuratzea" aplikazioan, ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta desjabetze espedientetik eratorritako gainerako betebeharrak ordaintzeko, eta Nafarroako Gobernuari eskatu zion egin zezala presako okupazioaren deklarazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Presakoa da proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea ibilgailu asko igarotzen direlako bertatik (egunean 7.754 ibilgailu, batez beste), baita jende asko ere (oinez zein bizikletaz), Tuteraren hegoaldeko sarrera eta irteera bide nagusia delako, bai eta aisialdiko La Barrena poligonoarekin lotzen duena ere. Biribilgune horri esker, Uvesatik irteten diren ibilgailu astun askok ez dute Tuteran sartu eta hurbilen (750 metrora) dagoen biribilguneraino joan beharko, han noranzkoa aldatu eta Zaragozarantz jotzeko (1.500 metro guztira). Alferrikako joan-etorri horiek, eguneroko trafikoan bide segurtasuneko eragozpenak eragiteaz gain, atmosferara isurtzen den CO2-a areagotzen dute. Horregatik, proiektua lehenbailehen gauzatuz gero, isuri horiek arintzen ahal ditugu.

Nafarroako Gobernuak, Tuterako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Tuterako Zaragoza etorbidean biribilgune bat egiteko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Tuterako Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2503487