Iragarkia
58. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
4E/2025 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, 2025eko toki erakundeei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 813909.
Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planak (2022-2025) "Landa merkataritza eta artisautza sendotzeko laguntza" izeneko 3.4 ildo estrategikoan ezartzen duenez, bere helburuetako bat da kontsumoa sustatzea landa merkataritzan, landa eremuan merkataritzan aritzeko modua modernizatzea eta eraldatzea eta Nafarroako landa eremuan hornidura, banaketa eta eskaintza baldintzak hobetzea.
Zehazki, "Negozio ereduak landa merkataritzan egokitzeko programa" izeneko 3.4.2 neurriak azpiegiturak eta merkataritzako espazio publikoak hobetzea du xede.
Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 78E/2024 Ebazpenaren bidez, landa merkataritza biziberritzeko toki erakundeei dirulaguntzak emateko 2024ko deialdia onartu zen, eremu horietan udal-titulartasuneko lokalak egokitu eta jarduera anitzeko negozioak egokitzeko.
Negozio horiek lokal berean biltzen dute txikizkako merkataritza, jatetxeekin edo beste zerbitzu batzuk ematearekin batera, eta biztanleriaren mantenua sustatzen duten oinarrizko zerbitzuak biltzeko sortzen dira, landa-ingurunean oinarrizko produktuen hornikuntza bultzatuz.
Eta hori guztia kontuan hartuta landa eremuetan eragin handia dutela hainbat faktorek, hala nola despopulazioa, biztanleriaren zahartze progresiboa, eremu horietako saltokien errentagarritasun txikia, biztanle gutxi izatea eta kontsumo txikiak gune horietako ekimen pribatua gutxiesten duela.
Era berean, kontuan hartuta 2024ko deialdi horrek toki-erakundeen artean interes handia sortu zuela, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak proposatu du beste deialdi bat onartzea 2025ean landa-merkataritza biziberritzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. 2025eko toki erakundeei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Baimentzea 160.000 euroko gastua, bete daitezen dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak; finantzatuko da 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura: G-830001-83100-7609-432104 (E) Merkataritzako dirulaguntzak. Toki erakundeak. Merkataritzako hirigintzarako deialdia.
4. Gehieneko 40.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzea. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko epearen kontaketa berriz hastea ere.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko otsailaren 10ean.–Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–DEIALDIA, 2025EAN TOKI ERAKUNDEEI LANDA MERKATARITZA SUSPERTZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da landa eremuko toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, udal titulartasuneko lokalak egokitzeko eta moldatzeko lanak egin ditzaten, lokal horietan jarduera anitzeko negozioak eta txikizkakoak jarri ahal izateko. Helburua da negozio horiek oinarrizko produktuen hornikuntza erraztea, batez ere adinekoei begira, eta lurraldea egituratzeko aukera ematea landa eremuan enplegua sortuz.
Deialdiaren helburua eta interes publikoa da merkataritza-zerbitzuen eskaintzarik ez duten toki erakundeetan negozioak sortzea eta txikizkako merkataritza-jarduera ekonomiko berriak ezar daitezen sustatzea.
2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 160.000,00 eurokoa da.
3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
1. 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 30era bitartean egindako inbertsioak, biak barne, 11. oinarrian aurreikusitako aurrerakina lortzen bada.
Fakturek eta ordainagiriek 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 30era artekoak izan behar dute, biak barne.
Epemuga gisa, obrek eta jarduketek bukatuta eta jasota egon behar dute 2026ko urriaren 30erako, egun hori barne, eta merkataritzako edo jarduera anitzeko lokalak jendearentzat irekita egon behar du egun horretarako.
2. 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 15era bitartean egindako inbertsioak, biak barne, 11. oinarrian aurreikusitako aurrerakina lortzen ez bada.
Fakturek eta ordainagiriek 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 15era artekoak izan behar dute, biak barne.
Epemuga gisa, obrek eta jarduketek bukatuta eta jasota egon behar dute 2026ko abenduaren 15erako, egun hori barne, eta merkataritzako edo jarduera anitzeko lokalak jendearentzat irekita egon behar du egun horretarako.
4. oinarria.–Entitate onuradunak eta jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak.
1. Entitate onuradunak.
Dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen diren udalek eta tokiko gainerako erakundeek (aurrerantzean, toki erakundeak).
2. Betebehar orokorrak.
Betebehar orokor hauek betetzen dituzten toki erakundeak izan daitezke onuradun:
2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoak, eta foru lege horren 13.2 artikuluan erakunde onuradun izateko ezarritako debekuetan sartuta ez egotea.
2.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
2.3. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
3. Jarduketa diruz lagungarriek eskaera aurkezten denean bete behar dituzten betebehar espezifikoak.
–Jarduketak dirulaguntza eskatzen duen toki erakundearen titulartasuneko instalazioetan edo higiezinetan egin behar dira.
–Toki erakundeak 1.000 biztanletik beherako populazioa izan behar du. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak indarrean duen foru-agindua, zeinaren bidez ofizialtzat jotzen baitira Nafarroako kontzejuetako biztanle-kopuruak, deialdiaren eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta daudenak.
–Ezarri nahi den negozioa txikizkako merkataritzako jarduera baterako soilik izan daiteke, edo jarduera anitzeko lokal bat izan daiteke; kasu horretan, oinarrizko elikagaien eskaintza bat izan behar du nahitaez, eta eskaintza komertzial hori, besteak beste, eta adibide gisa, ekipamendu pertsonaleko eta etxeko produktuekin handitzen ahalko da. Merkataritza-jarduera beste jarduera ekonomiko batzuekin batera egin daiteke, hala nola jatetxeekin edo ostalaritzarekin.
–Establezimenduan aldi berean txikizkako merkataritzako jarduerak eta halakotzat hartzen ez diren beste jarduera batzuk eginen badira, establezimenduan negozio-bolumenaren arabera egiten den jarduera nagusia (salmenta-zifra) txikizkako merkataritzakoa ez bada ere, txikizkako merkataritzako jarduerak eskaintza egonkorra, jarraitua, nahikoa, arrazoizkoa eta koherentea izan behar du deialdiaren xedearekin. Era berean, jarduera anitzeko lokalaren espazioen konfigurazioaren eta banaketaren barruan, txikizkako merkataritza-jarduerak ezin du hondar-presentzia, hutsala edo garrantzirik gabekoa hartu edo ekarri.
–Toki erakundean ez da egonen jardunean beste merkataritza-establezimendurik, ezarri nahi den negozioak ez baitu zuzeneko lehiarik eragin beharko.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak dira tokiko erakundeen jabetzakoak diren higiezinetan merkataritza-establezimendu bat edo jarduera anitzeko lokal bat abian jartzeko beharrezkoak diren inbertsioak, eta, zehazki, honako kontzeptu hauek:
a) Lokala egokitzeko obrak, berrikuntzak eta jarduketak egitea, bai eta bertako instalazioak berritzea edo abian jartzea ere, hala nola argiztapena, iturgintza, aire girotuko sistemak edo energia-eraginkortasuna hobetzeko beste batzuk, barruko eta kanpoko errotulazioa eta antzeko beste jarduketa batzuk.
b) Lokalaren ekipamendua.
Onartu eginen da aktibo finko berriak erostea, produktuak aurkeztu eta biltegiratzeko altzari gisa, bai eta lokalean egin beharreko merkataritza-jarduerarako edo jarduera anitzeko jarduerarako beharrezkoak diren bestelako aktibo finkoetan inbertsioak egitea ere.
c) Zerbitzu-sariak ezinbesteko zerbitzu tekniko profesionalak ordaintzeko, lotura zuzena badute aurreko jarduketekin, zehazki:
–Balioetsitako proiektu teknikoa edo memoria idaztea.
–Obra zuzendaritza.
Proiektua idazteko eta obra zuzentzeko gastuengatik, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez a) eta b) apartatuetan.
Proiektua idazteko eta obra zuzentzeko gastuetarako, a) eta b) ataletan diruz lagun daitezkeen inbertsioen aurrekontuaren %20 onartuko da, gehienez ere, diruz lagun daitekeen gastutzat.
2. Jarduketek eraikin oso bati eragiten badiote, merkataritzako edo jarduera anitzeko lokal bat jartzeko lokalari ez ezik, diruz lagunduko da dirulaguntzaren xede den jarduerarako zuzenean eta zalantzarik gabe erabiltzen diren eraikuntza eta inbertsioen zati proportzionala.
3. Balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarria da, honako kasu honetan izan ezik: toki erakundeak gastu hori berreskuratu edo konpentsatzen ahal duenean.
6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko inbertsioa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa inbertsio diruz lagungarrien zenbatekoari %80 aplikatu ondoren lortutakoa da.
2. Gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 15.000 eurokoa da. Balioetsitako proiektu teknikoa idazteko edo memoria idazteko gastuak eta obra-zuzendaritzaren gastua ez dira kontuan hartuko zenbateko horretara iristeko.
3. Proiektu bakoitzeko, gehienez ere 65.000 eurokoa izanen da dirulaguntza. Zenbateko hori kalkulatzeko, onuradunak, hala badagokio, landa merkataritza biziberritzeko toki erakundeentzako 2024ko dirulaguntzen deialdian lortutako dirulaguntza hartuko da kontuan.
7. oinarria.–Epea, eskaerak aurkezteko modua eta eskatzen den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-empresas-en-el-marco-del-programa-europa-cerca (hemendik aitzina laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
b) Entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoa egin denekoa izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den eskaera-orri normalizatua erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
3. Laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioak datu-orri normalizatuaren araberakoa izan beharko du, eta agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztuko da. Hona hemen:
3.1. Erakunde eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera ereduan honako adierazpen hauek daude:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, 4.2 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzkoa.
b) Jarduketa bererako jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
3.2. Jarduketa guztien gaineko dokumentazio komuna:
a) Egin beharreko obren zenbatekoa kuantifikatzeko, proiektu tekniko edo memoria baloratu bat aurkeztuko da. Proiektu edo memoria horiek dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsita eta/edo onetsita egon beharko dute, eskabideak aurkezteko azken egunean.
Ez da beharrezkoa izanen dokumentu hori aurkeztea, baldin eta 2024ko landa merkataritza biziberritzeko toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdian aurkeztu bazen.
Jarduketek eraikin oso bati eragiten badiote, merkataritzako edo jarduera anitzeko lokalaz gain, proiektua idatzi duen taldearen ziurtagiri teknikoa aurkeztuko da, lokal horri egozteko aurreikusitako inbertsioen zenbatekoa egiaztatuko duena. Dirulaguntzaren xede den jarduerara zuzenean eta zalantzarik gabe bideratzen diren eraikuntza lanen eta inbertsioen zati proportzionala baizik ez da diruz lagunduko.
b) Proiektuaren idazketaren, obra zuzendaritzaren eta lokalaren ekipamenduaren zenbatekoa kuantifikatzeko, aurrekontuak, proforma fakturak edo azken fakturak aurkeztuko dira.
c) Dirulaguntza eskaeraren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria, bilduko duena gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatz eta xehatua:
–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak, jarduketak eginez lortu nahi diren helburuak eta beren interesa merkataritzaren ikuspuntutik.
–Diruz lagungarria den jarduketa aldian egin diren edo egiteko diren jarduketan deskripzioa.
–Jarduketak gauzatzeko kronograma, eta jarduketa zer gauzatze egoeratan dagoen dirulaguntza eskatzen den unean.
–Jarduketak egin nahi diren eraikinaren eta lokalaren argazkiak.
d) Toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:
–Entitate eskatzailea jarduketak egin behar diren higiezinen edo instalazioen titularra dela, eta ukitutako lurzati zedulen xehetasuna.
–Ezarri nahi den negozioak ez duela zuzeneko lehia eraginen udalerriko inongo merkataritza-establezimendutan, eta bertan saltokiren bat jardunean egonez gero, adierazi beharko dira saltoki horiek ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dauden epigrafeak.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, diru-laguntza eskatzen den jarduketei aplikatzekoa den balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu edo konpentsatu daitekeen kontzeptua dela edo, aitzitik, ziurtagiri horrek frogatu beharko duela berreskuratu ezin den gastua dela. Zati bat berreskuratzen ahal bada, adieraziko da hainbanaketaren zein ehuneko ez den izanen, inola ere, diruz lagungarria.
3.3. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.
Legokiokeen laguntza osoa emateko kreditu erabilgarrira iristen ez den eskabideak 3 egun balioduneko epea izanen du dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik, adieraz dezaten ados ote dauden aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin edo, hala badagokio, proiektua dimentsio egokiarekin birformula dezaten. Proiektua birformulatzen ez badute, laguntza partzial horren onuradunak inbertsio guztia justifikatu beharko du.
Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek laguntzari uko egin eta, ondorioz, kreditua askatzen bada, beste xede hauetarako erabiltzen ahalko da, adierazitako hurrenkeran:
–Nahikoa aurrekontu-izendapen ez izateagatik laguntza osoa jaso ez zuen eskatzaileari emandako laguntza partziala osatzea.
–Aurrekontu nahikorik ez izateagatik ezetsita gelditu diren eskabideei erantzutea.
Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.
3. Balorazio irizpideak.
ZK. | IRIZPIDEA | XEHETASUNA | PUNTUAK |
1 | Saltokia ezarriko den toki erakundeko biztanle kopurua | 250 biztanle arteko toki erakundeak | 30 |
251 eta 500 biztanle arteko toki erakundeak | 25 | ||
501 eta 750 biztanle arteko toki erakundeak | 20 | ||
751 eta 1.000 biztanle arteko toki erakundeak | 15 | ||
2 | Lurraldeko despopulazio arrisku-mailaren indizea | Muturreko arriskua | 30 |
Arrisku bizia | 25 | ||
Arrisku nabarmena | 20 | ||
Gainbehera bizia | 15 | ||
Gainbehera moderatua | 10 | ||
Ahula | 5 | ||
Arriskurik gabe | 0 | ||
3 | 2025eko urtarrilaren 1ean obra-proiektua edo memoria baloratua idatzita eta ikus-onetsita duten jarduerak | 30 | |
Puntuazio osoa, gehienez | 90 | ||
4. Eskaeren arteko puntuazio berdinketak ebazteko prozedura.
Lehentasuna izanen du 1. irizpidean puntu gehien lortu dituen toki erakundeak eta, berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duenak.
9. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzen organo kudeatzailea baita, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, kontuan izanik zer proiektu mota den, eta organo eskudunari ebazpena emateko proposamena helaraziko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria.–Egindako jarduketak frogatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Aurkezteko epea.
Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez:
- 2026ko urriaren 30ean, data hori barne, dirulaguntzaren aurrerakin bat eman bada.
- 2025eko abenduaren 15ean, data hori barne, dirulaguntzaren aurrerakin bat eman ez bada.
2. Aurkezteko modua.
Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da, laguntzaren fitxa erabiliz. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak justifikatzeko erregistrorako esteka egonen da, justifikaziorako datu-orri normalizatua erabiliz, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira igorriko da.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, eskaneatuta, agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan:
a) Hasieran aurreikusitako proiektuarekiko gertatu diren desbideratzeak azaltzen dituen memoria.
b) Aurkeztutako fakturen zerrenda xehatua eta sailkatua, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak. Ez da beharrezkoa izanen eskaerari erantsita lehendik aurkeztu diren fakturak berriz aurkeztea.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
e) Dirulaguntzaren xede diren jarduketen argazkiak, jarduketak egin aurreko egoera eta ondorengoa egiaztatu ahal izateko.
f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela publikoki agertzeko betebeharra bete dela frogatzeko argazkiak edo agiriak edo web estekak.
g) Toki erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria edo txostena, honako inguruabar hauei buruz:
–Dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko jarduketen kontratazioan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.
–Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak).
–Dirulaguntzaren xede diren jarduketak burutu direla; bestela, obren harrera-akta edo obra bukaerako ziurtagiria.
h) Jarduera anitzeko edo merkataritzako lokala kudeatuko duen erakundeari edo pertsonari buruzko informazioa, lokala jendearentzat irekitzeko aurreikusitako data adierazita, baita hura hautatzeko erabilitako prozedura ere.
i) Obrek eraikin oso bati eragiten badiote, obra-zuzendaritzaren ziurtagiri teknikoa, lokalari egotz dakizkiokeen inbertsioen zenbatekoa egiaztatzen duena.
11. oinarria.–Aurrerakinen aurreikuspena.
1. Entitate eskatzaileak dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela justifikatzen badu, emandako dirulaguntza osoaren aurrerakina emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Horretarako, erakunde eskatzaileak, laguntza-eskaerarekin batera, toki erakundeko idazkaritzaren edo kontu-hartzailetzaren ziurtagiria aurkeztuko du. Ziurtagiri horrek egiaztatuko du dirulaguntzaren helburuak betetzeko dirulaguntzaren aurrerakina lortu beharra dagoela, aurrekontuak gauzatuta dauden moduaren arabera, erakundearen diruzaintzako egoera-orrien arabera, banku-kontuetako likideziaren arabera eta abar.
3. Aurrerakina laguntza ematean ordainduko da, eta erakunde onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkeztu ondoren erregularizatuko da; horrela, horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen ez bada, ordaindutako dirulaguntzaren soberakina itzultzeko eskatuko da, dagozkion berandutze-interesekin batera.
12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
2. Esleitutako dirulaguntza aldez aurretik ordaintzen ahalko da, aurreko oinarrian aurreikusitakoari jarraikiz.
3. Esleitutako dirulaguntzak ordaintzeko ebazpena 2025eko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
13. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.
b) Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean, kontzesioaren ebazpena jakinarazten denetik aitzina, emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, diruz lagunduriko ekintzak ez badira egin behar deialdian ezarritako epeetan, eta, hala badagokio, ordaindutako aurrerakina eta dagozkion berandutza interesak itzultzea.
c) Dirulaguntzaren xede izan den inbertsio proiektuan egin nahi diren aldaketa garrantzitsuen berri ematea Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Eta dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez bada ezarritako epean egin behar, horren berri ere ematea. Zerbitzu horrek baimendu beharko ditu proiektuan egin nahi diren aldaketa garrantzitsu guztiak, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude, eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.
d) Dirulaguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak, aurkezpenak edo webguneak) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da.
e) Dirulaguntza behar bezala iragartzea, honela:
–Dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik 3 urteko epean, toki erakundearen webgunean honako inskripzio hau txertatuko da: "Toki erakunde honek Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza jaso du, 2025eko toki erakundeei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdian".
–Era berean, merkataritza-lokalaren leku ikusgarri batean, jendearentzat irekitzen denetik 3 urtez, kartel bat jarrita egonen da, Nafarroako merkataritza-marka eta inskripzio hau barne direla: "Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako jarduera. 2025eko toki erakundeei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdia", laguntza-fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
f) Jarduera anitzeko edo merkataritzako lokala dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez ere 3 urtez, lokala irekitzen den egunetik aurrera.
g) Merkataritzako edo jarduera anitzeko lokala abian jartzea eta jendearentzat irekitzea, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
h) Jarduera anitzeko edo merkataritzako lokalaren kudeaketa esleitzeko hautaketa-prozedurari hasiera ematea, behar bezalako aurreikuspen eta arretarekin, jarduera anitzeko edo merkataritzako lokala lehen adierazitako egunean jendearentzat ireki ahal izateko.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Ez badira betetzen e) eta f) apartatuetako baldintzak betetzeko epeak, itzuli beharreko zenbatekoa izanen da betetzeko gelditzen den denborarekiko zuzenki proportzionala.
14. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten dirulaguntzekin.
Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.
Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.
Era berean, emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, erakunde onuradunak eta emandako diru kopurua.
16. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2502089
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
