58. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2025erako "Europa Hurbilago Programarako Laguntzak" dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 817305.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren 94E/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako Nafarroako Gobernuaren 2021-2024 Kanpoko Ekintza Planean adierazten zen bezala, Bruselan egoitza dute Europako edo nazioarteko 1.500 erakundek baino gehiagok, 160 enbaxadak eta Europako lanbide elkarte eta federazio gehienek. Horrez gain, Brusela munduko prentsa zentro handienetako bat da, eta bertan aritzen dira atzerriko 60 banketxetik gora, nazioarteko 1.700 enpresa, nazioarteko 300 abokatu kabinete eta aholkularitza-etxe, bai eta nazioarteko 21 eskolatik gora ere.

Kanpo Ekintzako Plan horren ardatzetako bat zen Nafarroako entitateen itzulkinak hobetzea EBko funtsak lortzeko, eta, horretarako, funtsezkoa da Bruselan gertatzen denari, Europako programei eta beste finantzaketa-aukera batzuei buruzko informazioa eta ezagutza.

Hori dela eta, Europako Proiektuen Bulegoak urtero deitu du Europa Hurbilago laguntzen deialdi hau. Deialdi horri esker, 2021-2024 aldian 32 erakundek parte hartu ahal izan dute Bruselako enpresa-misioetan, eta Europako erakundeak (Europako Batzordea, Europako Parlamentua, Eskualdeen Europako Batzordea, etab.) hobe ezagutzea, Bruselan harremanak izateko agenda bat eta nazioarteko beste enpresa eta erakunde batzuekin networkinga egitea lortu dute.

2025-2028 Kanpo Ekintzako Plan berriaren helburuetako bat izanen da, berriz ere, Nafarroako entitateek Bruselan duten parte-hartze aktiboa areagotzea, Europako instituzioen ezagutza handiagoa lortzeko eta, horrela, EBk eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, Nafarroako eragileetan Europako ezagutzak modu praktiko eta esperimentalean indartuz. Horregatik, Europa Hurbilago 2025 laguntza-deialdi berri baterako deialdia egitea proposatzen da.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Europa Hurbilago Programarako Laguntzak izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50003-B5200-4701-145100: Europa Hurbilago Programarako laguntzak

2025

30.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko otsailaren 26an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da 4. oinarrian zehazten diren jarduketetako batean parte hartzen duten Nafarroako enpresentzako laguntzen araubidea ezartzea.

Helburua izanen da, berriz ere, Nafarroako enpresek Bruselan duten parte-hartze aktiboa areagotzea, Europako instituzioen ezagutza handiagoa lortzeko eta, horrela, EBk eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, Nafarroako eragileetan Europako ezagutzak modu praktiko eta esperimentalean indartuz.

2. oinarria. Aurrekontua.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 30.000 eurokoa da, gehienez ere, 2025eko gastu aurrekontuko "Europa Hurbilago Programarako Laguntzak" izeneko B50003/B5200/4701/145100 partidaren kargura.

3. oinarria. Onuradunak.

Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

b) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

d) Epe hautagarrian hurrengo oinarrian azaltzen diren jardueren partean parte hartzea.

e) Azken hiru urteetan laguntza honen onuradun ez izatea.

4. oinarria. Jarduera diruz lagungarriak.

Ibilbide hauetan parte hartzen duten enpresek jasoko dute dirulaguntza:

1. Enterprise Europe Network sareak antolatutako enpresa-misioa.

Enterprise Europe Network (EEN) Europako Batzordeko ETEentzako Agentzia Betearazleak (EISMEA) sustatutako munduko enpresa-konexioko sare bat da. Europako Batzordeak enpresei laguntzeko Europan ezarri duen sare handiena da EEN. 60 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta guztira tokiko 600 erakunde baino gehiago daude elkarrekin lotuta, enpresei laguntza eta zerbitzuak emateko helburu bakarrarekin. Nafarroan EEN diren bi entitate daude eta enpresa-misio bat antolatzen dute urtero Bruselan.

Misio horrek ekintza hauek biltzen ditu:

a) 2021-2027 urte anitzeko finantza-esparruko proposamenak prestatzeko prestakuntza-ekintzak. 2025ean zehar prestakuntza bat edo gehiago egitea aurreikusten da. Prestakuntza horiek Nafarroan emanen dira, Europako Proiektuen Bulegoaren eta Nafarroako Enterprise Europe Network (EEN) nodoen arteko lankidetzan, eta izaera praktikoa izanen dute.

b) Europako ekitaldi, biltzar eta konferentzietara joateko misioa Bruselara, 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruko programen proposamenak hobetzeko funtsezko eragileekin bilerak antolatzeko helburuarekin, Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkaritzarekin lankidetzan.

2. ADItech Fundazioak eta Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak batera antolatutako misio teknologikoa.

ADItech Fundazioak, Nafarroak Europar Batasunean duen Bulego Iraunkorrarekin eta Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuarekin lankidetzan, enpresa-misio hau antolatuko du, Europako proiektuetan parte hartzeko interesa duten osagai teknologikoko enpresentzat, batez ere I+G+b proiektuetan, eta Bruselan bilera-agenda bat eginen du, parte hartzen duten enpresen beharretara egokitua, batez ere 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren aukeretan edo monitorizatzen diren sare eta elkarte europarren berezko deialdietarako aukeretan oinarritua.

3. Bestelako partaidetzak.

Enpresek beste ekitaldi batzuetan antolatutako Europako partaidetzak finantzatzen ahalko dira, honako mota hauetan:

–Info Days, Europako Egunak, Europako Asteak... (adibidez, Europako Aste Berdea, Energia Jasangarriaren Europako Astea, Industriaren Europako Egunak, etab.) edo Europako Batzordeak edo haren agentzia betearazleetako batek antolatutako (edo elkarrekin antolatutako) beste edozein ekitaldi, Nafarroako erakundearen posizionamendu hobea eta/edo 2021-2027 aldirako Urte Anitzeko Finantza Esparruaren deialdi batean finantzaketa lortzera bideratutako eskaintza prestatzea helburu dutenak.

–Europako Batzordeko Project Officers-ekin banakako elkarrizketak egitea, enpresek definitutako proiektu-proposamen zehatzen arabera.

–Bilerak Europa mailako sare eta plataformekin partzuergoak osatzeko, Nafarroako enpresek Europako Batzordeak edo haren agentzia betearazleetako batek antolatutako (edo elkarrekin antolatutako) brokerage ekitaldietan parte hartuz.

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gastuak misioetan edo bidaietan parte hartzen duten enpresen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak izanen dira, baldintza hauekin:

–Ekintzaren agendaren arabera, ekintzaren beraren garapenerako ezinbestean behar diren gastuak bakarrik onartuko dira.

–Bidaia bakoitzeko enpresa bakoitzeko profesional bakar baten joan-etorria finantzatuko da.

–Hegazkinez eginiko joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 200 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

–Gehienez, 100 euro ordainduko dira egun bakoitzeko mantenuagatik, eta zenbateko hori ez da metatzen ahalko.

–Bidaia bakoitzeko onartutako gastuaren gehieneko zenbatekoa ez da izanen 1.250 euro baino gehiagokoa (BEZa kenduta).

–Gastu horiek berariaz zehaztuak egon behar dute onuradunari igorritako fakturetan, eta espresuki adierazi behar da eginkizun horretarako zein profesional izendatu duen enpresak.

2. Gastuek 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 21era bitarte eginak behar dute.

3. Gastu diruz lagungarria ez da izanen, inola ere, 1.250 euro baino handiagoa enpresa onuradun bakoitzeko.

4. Laguntzek finantzatuko dute diruz lagun daitezkeen gastuen %100, aurreko puntuan ezarritako mugarekin.

6. oinarria. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko urriaren 3an bukatuko. Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan ezarritako ereduaren arabera.

b) Diruz lagungarria den jarduketari buruzko enpresaren Jarduketa Planaren Memoria.

c) Jarduerak, banakatuta, eta aurrekontua, non adierazten baita dirulaguntzaren xedeko jardueretan parte hartzeko kostuen aurreikuspena.

d) Dagokion jardueran izena eman edo parte hartu izanaren frogagiria (enpresa-misioa, Europako astea, infoday, etab.).

Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak enpresa interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-empresas-en-el-marco-del-programa-europa-cerca (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarra eduki beharko da nahitaez. Ogasun Ministerioaren https://dehu.redsara.es/ helbidean eskuratzen ahal da gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Harpidetza egiten da gaitutako helbide elektroniko bakarra eskuratzen den helbide berean.

7. oinarria. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Laguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, oinarri honetako irizpideen arabera eskaerak konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

Baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira:

a) Enpresaren deskribapena eta parte hartzearen helburuak (gehienez 25 puntu): helburuek SMART izan behar dute (espezifikoak, neurgarriak, errealistak, egokiak eta denboran mugatuak). Baloratuko da benetako sinergia dagoela enpresaren xedearen eta eskuratu nahi diren EBko programen eta dirulaguntzen helburuen artean.

b) Proiektuaren ideiaren deskribapena, zein deialditan aurkez daitekeen adierazita (gehienez 25 puntu): enpresak aurkeztu nahi dituen EBko programen deialdi espezifikoen identifikazio arrazoitua. Baloratuko da enpresak identifikatzea Europako Batzordearen urteko balizko lan programa edo bestelako dokumentu batzuk.

c) Jardueraren garapenarekin lortu nahi dituen emaitzak (gehienez 25 puntu): enpresak Bruselan eginen duen egonaldian aurreikusten dituen prestakuntza-ekintzen deskribapena, aldebiko topaketen antolaketa, erakundearen aurkezpenak eta abar.

d) Proiektua idazteko garatu beharreko ekintzen kronograma (gehienez 25 puntu): EBko 2025. urterako deialdietarako aurreikusitako egutegia identifikatzea eta azaltzea, interesgarriak izan baitaitezke.

8. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak, hura baita laguntzak kudeatzen dituen organoa, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Enpresa onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia da laguntzak nori eman erabakitzeko organo eskuduna. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, enpresa interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, administrazio-prozedura erkideari buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

9. oinarria. "De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, bat etorrita Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. Enpresaren definizioa aipatu erregelamenduaren 4. kontuan hartuzkoak ematen duena izanen da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

Horretarako, onuradunek aitortuko dute, laguntzen eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta, "de minimis" laguntzarik jaso duten deialdiaren aurreko hiru urteetan.

10. oinarria. Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin asmo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11. oinarria. Enpresa onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten enpresek:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz. Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Dirulaguntza ematea ekarri duen jarduera oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

c) Laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri ematea Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari. Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Edozer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

d) Argitara ematea Nafarroako Gobernuaren finantzaketa. Betebehar hori gauzatzeko, Europa Hurbilago Programan parte hartu dela jaso beharko da enpresaren webgunean, egokitzat jotzen den atalean (albisteak, bloga, orri-oina...), eta adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak diruz lagundu duela partaidetza hori, eta erakunde horren ikur grafikoa sartu. Logo hori helbide honetan deskarga daiteke.

e) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte. Dirulaguntzen arloko zehapenak ezartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 120. eta 121. artikuluetan xedatutakoa beteko da.

12. oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

2025eko azaroaren 21a azken eguna izanen da egindako ekintzaren justifikazioa aurkezteko, behar bezala eta telematika bidez aurkeztuko dena. Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako dirulaguntza adinako edo hortik gorako gastua egin dela frogatzen dutenak. Agiri horietan, hauen gaineko datuak jasoko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Faktura guztiek entitatearen izena eta IFZa izan beharko dute.

Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, enpresaren legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko.

b) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, gastu justifikagarria izanen da, soilik, 2025eko azaroaren 21a baino lehen ordaindu dena, hura baita diruz lagundutako jarduerak egiteko azken eguna, 5. oinarrian zehazten den bezala. Txartel pertsonalen bidezko ordainketen kasuan (enpresaren izenean ez badaude), aurkeztu beharko dira txartel horren ordainagiria nahiz enpresak txartelaren titularrari eginiko ordainketa.

c) 11.d oinarrian adierazitako publizitate-betebeharra bete izanaren froga dokumentala.

Enpresak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan.

Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Kudeaketa organoak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

Iragarkiaren kodea: F2503129