57. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIAN

Aldaketa Laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Udal honek, 2024ko abenduaren 23an egin osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, hasiera batez onestea San Adriango laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal-ordenantzaren aldaketa, espedientean jasotzen den moduan. Ordenantza hori 1997ko urriaren 9ko osoko bilkuran onetsi zen behin betiko, eta 1997ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 1ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2025eko urtarrilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (10. zk.), baita Udalaren iragarki-taulan paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork aurkeztu gabe inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluko aginduak, ondotik argitaratzen dira behin betiko onetsitako aldaketak.

Laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen San Adriango udal-ordenantzaren epigrafe hauek aldatzen dira:

–6.1. artikulua: honela gelditu dira idatzirik epigrafe hauek:

Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 6 urte lehenagotik.

(...)

d) San Adriango Udalarekin zerga betebeharrak egunean izan behar dituzte familia-unitateko kide guztiek.

2. Artikulu hau interpretatzean sor litezkeen zalantzak San Adriango Alkateak ebatziko ditu; aurrez Nekazaritza Batzordearen txostena eskatzen ahalko du.

6. artikuluko gainerako epigrafeak ez dira aldatzen.

–8. artikulua: azken paragrafoa kentzen da:

Adjudikaziodunen artean lurzatiak trukatzeak berekin ekarriko du haiek gutxienez urte bat edo bi edukitzea lurzati berria, eta hura ez uztea landu gabe. Hala egin ezean, Udalak baimena kentzen ahalko dio trukatzeari.

8. artikuluko gainerako epigrafeak ez dira aldatzen.

–13. artikulua honela gelditu da idatzirik:

d) Sei hilabetez edo denbora gehiagoz landu gabe egotea, justifikaziorik gabe, erabiltzeko eskubidea galtzeko arrazoi izanen da.

Epigrafe hau kentzen da:

g) Adjudikaziodun bakoitzak zuhaitz bat landatuko du adjudikatzen zaion lurzatian, lehendik landatu ez bada.

Hurrengo epigrafea honela gelditu da idatzirik:

i) Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da, eta aprobetxamendu-eskubidea ez da eskualdatzen ahalko ezein tituluren bidez, ez inter vivos, ez mortis causa.

Hurrengo epigrafea honela gelditu da idatzirik:

j) Adjudikazioa hogei urterako izanen da. Epe hori iraganik, automatikoki azkenduko da aprobetxamendu-eskubidea. Titularraren heriotzak edo hark uko egiteak ere ekarriko du eskubidea azkentzea.

13. artikuluko gainerako epigrafeak ez dira aldatzen.

–14. artikulua: hurrengo epigrafea honela gelditu da idatzirik:

a) San Adriango biztanlea izatea, gutxienez 6 urte lehenagotik, eta udalerrian bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.

–15. artikulua honela gelditu da idatzirik:

Lurzati hutsik egonez gero, urtero adjudikatuko dira familia-baratzeak, zozketa bidez, honela:

1.–Herri-lurrak adjudikatuko dira kontzesio-txanda hastearekin batera. Horretarako, Udalak, alkatearen ebazpenez eta iragarkia Udalaren iragarki-taulan eta webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, hamabost egun balioduneko epea zabalduko du eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

2.–Eskabideak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, administrazio-prozedurari buruzko legerian aurreikusirik dauden moduetako edozeinetan.

Udalean interesdunei emanen zaien eredu ofizialari jarraikiz aurkeztuko dira eskabideak, zinpeko aitorpenarekin edo honako hau aski frogatzen duten agiriekin batera:

a) San Adriango bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) San Adriango Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren ildotik, interesdunari galdegiten ahalko zaio eskabidean atzemandako akatsak zuzendu ditzala hamar eguneko epean. Kasu horretan, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Alkatearen ebazpen bidez, onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta jendaurrean jarriko da udal honen iragarki-taulan eta webgunean, 15 egun balioduneko epean, interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten edo, akatsik egin badute, haiek zuzendu daitezen. Alegaziorik edo akats-zuzenketarik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe. Alegazioak edo akatsen zuzenketak aurkezten badira, Alkateak modu arrazoituan ebatziko ditu, eta herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

3.–Alkateak zehaztuko ditu zozketaren eguna eta ordua, eta udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da, baita bandoen bidez ere.

Zozketa publikoa izanen da, eta udal-bulegoetan eginen da.

4.–Udal-zerbitzu teknikoek eskuragarri dauden herri-lurzatiak zenbakituko dituzte.

Alkatearen ebazpen bidez, onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta udal honen iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da, hamar egun balioduneko epean, interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda behin betiko joko da zuzenean.

Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, Udalak horien gaineko ebazpena emanen du, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta onetsiko du herri-lurzatiak adjudikatzeko prozeduran parte hartzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda.

5.–Zozketa publikoa izanen da, eta udal-bulegoetan eginen da.

6.–Eskabideak alfabetikoki ordenatuko dira, lehenbiziko deituratik. Bik edo gehiago deitura bera izanez gero, bigarren deitura erabiliko da, eta, behar izanez gero, izena. Zozketaren egunean, 1. zenbakia esleituko zaio horretarako eginen den ausazko zozketatik ateratzen den eskabideari, eta alfabetoaren hurrenkeran zenbakituko dira gainerako eskabideak hartatik aurrera. Eskatzaile bakoitzari zenbaki horri dagokion partzela-zenbakia adjudikatuko zaio, harik eta erabilgarri dauden partzelak agortu arte.

Alkatea eta udal-idazkaria egonen dira zozketan, edo legez haiek ordezkatzen dituzten pertsonak, eta zozketaren arauak betetzen dela jasoko dute idatziz, bai eta gertatzen diren gorabehera guztiak ere.

Zozketa egiten den unetik adjudikazio-akordioa bozkatzen den osoko bilkuraren bezperara arte (hurrengo epigrafeari jarraikiz eginen da osoko bilkura), adjudikaziodunek uko egiten dieten lurzatiak zozketan lurzatirik lortu ez duten eskatzaileei adjudikatuko zaizkie, uko-egiteen hurrenkerari eta eskatzaileek zozketan lortu duten postuaren hurrenkerari jarraikiz.

7.–Osoko bilkuraren erabaki bidez adjudikatuko dira lurzatiak, aurreko epigrafean xedatutakoari jarraikiz. Erabaki hori udalbatzako kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz hartu beharko da. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari jarraikiz, udalaren iragarki-taulan eta webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ebazpen hori, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu jakinarazpen-ondorioak.

8.–Adjudikatu ondotik, lurzatia emanen da emate-akta sinatuz. Udal-langile bat bertaratuko da ekitaldira.

–16. artikulua honela idatzita gelditu da:

Eskabide baino herri-lurzati gehiago egonez gero, Nekazaritzako Informazio Batzordeak txostena egin ondotik, alkateak erabakiko du zein lurzati zozketatuko diren. Soberako lurzatiak ondorengo zozketetarako gordeko dira.

–21 artikulua: azken paragrafoa honela idatzita gelditu da:

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 300 euroko zehapena ezarriko da, gehienez ere.

–Kanonak: herri-lurretako aprobetxamenduengatiko kanonak urtero zehaztuko dira, San Adriango Udalaren tasa eta prezio publikoen ordenantzan.

Kanona zergaldiko lehen egunean sortzen da.

Zergaldia urte naturalarekin bat dator, adjudikazioa egiten den lehenbiziko urtean eta azken urtean izan ezik, kasu horietan seihileko osoen araberakoa izanen baita.

Urteko kuota sei hileko bi zatitan banatuko da, Udalaren urteko zerga-egutegian ezarritako egunetan.

–Beste artikulu bat gehitzen da, 22. artikulua: "Adjudikazio-epea amaitzean, edo aldez aurretik baja ematen bada gerora sorturiko arrazoiengatik edo adjudikaziodunak galdeginik, Udalak egiaztatuko du zer egoeratan dagoen herri-lurzatia. Adjudikatu zeneko baldintza berberetan ez badago, San Adriango Udalak konpondu edo egokituko du, eta adjudikaziodunaren kontura izanen dira horrek dakartzan kostuak".

–Xedapen iragankor hau gehitzen da:

Ordenantza honen aldaketa indarrean jarri ondotik egiten adjudikazioei aplikatuko zaie (testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean jarriko da indarrean).

Nolanahi ere, aldaketa hau indarrean jarri aurretik eginiko biziarteko adjudikazioek bere horretan jarraituko dute titularra hil arte, edo hark uko egin arte; titularrak ez du eskubidea eskualdatzen ahalko ezein tituluren bidez, ez inter vivos, ez mortis causa. Dena den, hildakoaren ondorengoek, aurrekoek edo ezkontideak lurzatia adjudikatzeko eskatzen ahalko dute, titularra hiltzen denetik hamabost egun balioduneko epean. 15.2. artikuluan xedaturikoarekin bat etorriz egin beharko da eskaera. Eskatzaileak ordenantza honetako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondotik, 13.j) artikuluan ezarritako eperako adjudikatuko zaio lurzatia, 15.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Eskatzaile bat baino gehiago badago, honako hurrenkera honi jarraikiko zaio: bizirik dagoen ezkontideak lehentasuna izanen du gainerakoen aldean, eta ondorengoek, aurrekoen aldean. Bi kategoria horietan, hildakoarekin ahaidetasun-maila hurbilena dutenek izanen dute lehentasuna. Kategoria bereko eta ahaidetasun-maila bereko eskatzaile bat baino gehiago badaude, zozketa eginen da haien artean. Alkatearen eta udal-idazkariaren aurrean eginen da zozketa, edo legez haiek ordezkatzen dituztenen aurrean, eta eskatzaileak egoten ahalko dira zozketan.

San Adrianen, 2025eko otsailaren 28an.–Alkatea, Marta Ezquerra Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2503265