2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRIBERRI
Ordenantza, arautzen duena zer baldintza dauden agiri teknikoak aurkezteko Hirigintza Alorrean. Behin betiko onespena
Honen bidez, aditzera ematen da iragan dela jendaurreko informazioaren tramitea, hasierako onespena 2024ko azaroaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (234. zk.) argitaratuta hasia, epe horretan ez dela aurkeztu inolako alegazio nahiz erreklamaziorik, eta, ondorioz, onespena behin betiko bilakatzea eta ondoko testua argitaratzea dagokiola.
Erriberrin, 2024ko otsailaren 28an.–Alkatea, Josu Etxarri Sueskun.
ERRIBERRIKO UDALAREN HIRIGINTZA-ARLOAN DOKUMENTU TEKNIKOAK AURKEZTEKO BALDINTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
HITZAURREA
Hirigintza Arloak dokumentazio tekniko ugari jasotzen du hirigintza-plangintza, -kudeaketa eta -egikaritzea onesteko edo aldatzeko jarduketak definitzeko; azken kasu horretan, bai lurzorua eraldatzeko kudeaketari dagokionez, bai eraikitzeko eta lurzorua eta eraikinak erabiltzeko lizentziak emateari dagokionez. Beste horrenbeste gertatzen da indarreko araudiak udal-eremuari esleitzen dion ingurumeneko esku-hartzearen eremuan.
Izapide anitzetan, dokumentazio hori oso luzea da, eta, gainera, konplexutasun tekniko handikoa. Hori dela eta, udaleko langileek denbora luzea eman behar izaten dute dokumentazio hori aztertzen.
Zalantzarik gabe, dokumentazio idatzi zein grafiko hori formalki egoki eta zuzen antolatzeak laguntzen du azterketa errazten, eta, ondorioz, eraginkortasun eta efizientzia administratibo handiagoa lortzen ere bai.
Bada, ordenantza honen helburua da hirigintza- eta ingurumen-espedienteen sustatzaileentzako gida izatea, batik bat kasuan kasuko espedienteekin aurkeztu beharreko dokumentazio teknikoa formalki antolatzeari dagokionez, espediente bakoitzean informazio garrantzitsua aurkitzea errazteko eta, azken batean, haren edukia ezagutu eta dokumentazio horren hirigintza- eta ingurumen-alderdiei buruzko informazioa eman behar duten teknikarien lana arintzeko.
I. KAPITULUA–ORDENANTZA HONEN XEDEA, HELBURUA ETA OINARRIA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea.
Ordenantza honen xedea da Hirigintza eta Ingurumen Arloan izapidetzeko partikularrek eta interesdunek Erriberriko Udalean aurkezten dituzten dokumentu teknikoak aurkezteko baldintza formalak eta aurkezteko moduari dagozkion baldintzak arautzea, kasuan kasuko izapideak egin ahal izateko.
Ordenantza honek ez du arautzen kasuan kasuko gaiaren arabera une bakoitzean indarrean dauden zehaztapen teknikoen erregulazioa, eta ez du horietan interferentziarik eragin nahi ere. Horrek ez du galarazten, hala ere, Udalak kontrolatzea horiek betetzen direla, hala badagokio.
2. artikulua. Ordenantza honen helburua.
Ordenantza honetan ezarririko baldintza formalen helburua da kasuan kasuko administrazio-prozeduretan interesdunek aurkeztu beharreko hirigintza- eta ingurumen-dokumentazioaren eduki materiala argiago aurkeztea, teknikariek bizkorrago azter dezaten eta, azken batean, dagozkien espedienteak eraginkortasun eta efizientzia administratibo handiagoz izapidetu daitezen.
3. artikulua. Ordenantza honen oinarri juridikoa.
Ordenantza honen lege-oinarria da Nafarroako toki entitateei aitortzen zaien araugintza- eta autoantolaketa-ahala (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. eta 325. artikuluetan eta hurrengoak, eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1.a artikulua).
II. KAPITULUA.–APLIKAZIO-EREMUA
4. artikulua. Eremu objektiboa.
Ordenantza hau hirigintzako edo ingurumeneko espedienteetan izapidetzeko Erriberriko Udalean aurkezten diren dokumentu tekniko eta ekonomikoei aplikatuko zaie, aurkezten diren erregistroa edo horretarako erabiltzen den bidea edozein izanik ere.
5. artikulua. Eremu subjektiboa.
Espediente bati hasiera emateko, alegazioak egiteko, erreklamazioak aurkezteko edo beste edozein asmo planteatzeko Udaleko erregistro ofizialaren bidez aurreko artikuluan aipaturiko edozein dokumentu aurkezten duen edozein pertsonak (fisikoa nahiz juridikoa, publikoa nahiz pribatua) bete beharko ditu ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak, baldin eta Udaleko langileek aztertu eta balioetsi behar badute dokumentu horien edukia Hirigintza eta Ingurumen Arloan edozein motatako espedienteak izapidetzeko.
III. KAPITULUA.–DOKUMENTUEN ERREGISTROA
6. artikulua. Idazkiak eta dokumentuak aurkezteko bideak.
1. Administrazio-prozedurari buruzko araudian oro har xedaturikoa aplikatuko da.
2. Ordenantza hau izapidetzeko eta indarrean jartzeko unean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarririko bideak erabiliz aurkezten ahalko da dokumentazioa, hau da, bide hauek erabiliz:
a) Zuzentzen zaizkion administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan, eta sektore publikoa osatzen duten subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan.
b) Posta-bulegoetan, arauz ezartzen den moduan.
c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul-bulegoetan.
d) Erregistroaren alorreko laguntza-bulegoetan.
e) Indarreko xedapenek ezartzen dituzten beste toki guztietan, halakorik ezarriz gero.
7. artikulua. Aurrez aurreko aurkezpena eta aurkezpen telematikoa.
1. Pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete ordenantza honetan aipaturiko agiriak aurkezteko bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera. Pertsona bakoitzak edozein unetan aldatzen ahalko du Administrazio Publikoekin komunikatzeko aukeratu duen bidea.
2. Nolanahi ere, gutxienez honako subjektu hauek aurkeztu beharko dute dokumentazio hori bitarteko elektronikoen bidez:
a) Pertsona juridikoak.
b) Nortasun juridikorik gabeko entitateak.
c) Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, lanbide-jarduera hori gauzatzean egiten dituzten izapide eta jarduketetarako.
d) Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.
3. Modu presentzialean aurkeztutako dokumentuak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntzarako administrazio-zerbitzuak, Adiministrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 30/1992 Legearen 27. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoaren arabera, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitaliza ezin daitezkeen formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.
4. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.
8. artikulua. Ordezkaritza.
1. Jarduteko gaitasuna duen pertsona fisikoak, beste baten ordezkari gisa ari bada, agiri bidez egiaztatu beharko du ordezkaritza hori, ordezkaritza modu fidagarrian jasota uzten duen eta zuzenbidean onartzen den edozein bide erabiliz. Pertsona juridikoa bada, aukera horrek estatutuetan aurreikusita egon beharko du.
Ordezkaritza egiaztaturik geldituko da apud acta ahalordetzearen bitartez egin bada, agerraldi pertsonala eginez edo dagokion egoitza elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez, edo ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu izana egiaztatuz.
2. Beste pertsona baten izenean eskaerak egiteko, erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpenak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, akzioetan atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko, ordezkaritza egiaztatu beharko da. Izapide huts diren egintza eta kudeaketak, berriz, inolako egiaztapenik gabe egin ditzake ordezkariak.
9. artikulua. Kontsigna-zerbitzu publikoen bidez aurkeztea.
Dokumentazioa kontsigna-zerbitzu ofizial publikoen bidez legez aurkezten ahal den kasuetan, Udalak dokumentazio hori eskuratu ahal izateko behar diren pasahitzak erantsiko zaizkio, ezinbestean, aurkeztu beharreko dokumentazioari berari. Edozein ondoriotarako, dokumentazioa ez da aurkeztutzat joko harik eta pasahitzak Udalaren esku jartzen diren arte.
Betiere, kontsigna-zerbitzuaren arauak errespetatu beharko ditu hura interesdunen eskura jartzen duen administrazio edo entitate publikoak.
IV. KAPITULUA.–DOKUMENTAZIOAREN ALDERDI FORMALAK
10. artikulua. Edukien egitura.
Ordenantza honetan aipatzen diren dokumentuen edukia epigrafetan sailkatuko da, landutako gaien arabera. Luzerak hala eskatzen duenean, epigrafe horiei azpiepigrafeak gehituko zaizkie, gaia zehatzago sailkatzeko.
Testuak osatzeko eranskinak gehitzen ahalko dira, baldin eta eranskinetan alderdi xehatuak garatzen badira edo testu nagusiarekiko erabat autonomoak diren alderdiak garatzen badira. Eranskinak zenbaki erromatarrekin zenbakitu beharko dira (I. eranskina, II. eranskina, etab.).
11. artikulua. Dokumentazioa orrialdekatu eta indexatzea.
Hiru orri edo gutxiagoko luzera duen dokumentazioaren kasuan izan ezik, edukia identifikatzeko karatula bat izan beharko du ordenantza honetan aipatzen den dokumentazioak, eta aurkibide orokor bat izanen du hasieran, dokumentazio guztia bilduko duena.
Aurkibidean, dokumentuaren edukia egituratu den maila guztietako epigrafeak eta azpiepigrafeak jasoko dira. Epigrafeak eta azpiepigrafeak ordena honetan banatzea iradokitzen da: I, 1, A), a).
Dokumentazioak bost orrialde baino gehiagoko eranskinak baditu (Times New Roman 12 tipografiarekin edo baliokide batekin, eta lerroarte bakunarekin), horiek ere izanen dute beren aurkibidea, eta aurkibide orokorrean errepikatuko da hura.
Orrialdekatze bakarra izanen du eranskinak biltzen dituen aurkibide orokorrak.
Dokumentazioak planoak baditu, aurkibide orokorrean sartuko dira, eta dokumentuak duen orrialdekatze bakarrean integratuta zenbakituko dira. Planoak A1etik A4ra bitarteko dimentsio estandarretan definitzen ahalko dira.
12. artikulua. Tipografia eta lerroartea.
Interesdunak aukeratuko du dokumentuen tipografia, berak nahi bezala, baina, gutxienez, Times New Roman 11ren tamainaren baliokidea izan beharko du, lerroarte bakunean.
13. artikulua. Dokumentu grafikoen eskalak.
Eskala hauetako batean aurkeztuko dira dokumentu grafikoak: 1:1; 1:2, 1:5, 1:10, 1:20, 1:50, 1:100, 1:200, 1:500, 1:1.000, 1:2.000, eta 1:5.000.
Eskala beharrezkoa ez bada dokumentuaren balorazio teknikoa egiteko, eskalarik gabeko grafiko adierazgarriak aurkezten ahalko dira.
Eskalatutako dokumentu grafikoak aurkeztuz gero, zenbakizko eskalaren ondoan dagokion eskala grafikoak ere agertu beharko du.
14. artikulua. Administrazio-helburu baterako baino gehiagotarako dokumentazioa.
Dokumentu berak espediente batean baino gehiagotan ondorioak izanen dituzten edukiak baditu, edukia argi eta garbi bereiziko da, hirigintza-alderdiei, ingurumen-alderdiei edo beste edozein motatako alderdiei buruzkoa den, salbu eta interesdunak dokumentu bereiziak aurkeztea nahiago badu.
15. artikulua. Sinadura elektronikoa.
Interesdunak Udalarekin harremanetan jartzeko bide elektronikoak erabiltzera behartuta badaude, dokumentuaren benetakotasuna bermatu beharko du sinadura-sistemak, gaiari buruzko araudian ezarririkoari jarraikiz.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza hau indarrean sartzen denetik, indargabeturik geldituko dira honen edukiaren aurkakoak edo honekin bateraezinak diren beste udal-ordenantzetako xedapen guztiak.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Ordenantza hau indarrean jarri ondotik aurkezten diren beronetan araututako dokumentuei aplikatuko zaizkie ordenantzaren xedapenak, eta ez zaie exijitzen ahalko haiek betetzea aurretik aurkezturiko dokumentuei, nahiz eta amaitu gabeko espedienteetan egon.
AZKEN XEDAPENA.–INDARREAN JARTZEA
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitateak aurkaratzeko duten hamabost egun baliodun iragan ondotik jarriko da indarrean ordenantza hau, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: L2503232