Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
EGUESIBAR
Deialdia, gazteriako teknikariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko urtarrilaren 23an hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez betetzea, txanda irekian, gazteriako teknikariaren lanpostu bat (plantilla organikoan 5.15 zenbakia duena), Eguesibarko Udalaren zerbitzura jarduteko. Lanpostua lan-araubidekoa da eta B maila du.
1.2. Ordainsariak izanen dira B mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarreko araudian zehaztutako moduan, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.
1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.
1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honen lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaio.
1.5. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.6. Hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, gazteriako teknikariaren lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren; hori, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoarekin bat.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.
Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Edukitzea graduko unibertsitate-titulua, unibertsitate-diploma, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo aurrekoren baten baliokidetzat jotako titulua.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, betiere eskuratu badute lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.
3.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
30 egun naturaleko epea izanen da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, honako helbide honetan: https://sedeelectronica.valledeegues.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=7571.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Ordainketa eginen da Udalaren egoitza elektronikoan izena emateko izapideak egitean.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia behin betiko baztertuko da.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.5. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera.
Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.
3.5.1. Dokumentazio hori telematika bidez aurkeztu beharko da, eskabidearekin batera.
3.5.2. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren fitxan, Eguesibarko Udalaren webgunean, udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren webgunean, udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean; horrekin batera argitaratu da oposizioa egiteko data.
Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren webgunean, udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean; horrekin batera argitaratu da oposizioa egiteko data.
4.4. Tasa ez da itzuliko, izangaiak bazterturik gelditzen badira haiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, bost gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitara emanen da izangai onartuen behin betiko zerrendarekin batera.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, bere eskumeneko jarduketa guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:
Oposizioaldian, bi proba eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.
Merezimenduen balorazioko fasean, hots, lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera.
Deialdi honen faseak hurrenkera honetan eginen dira: oposizioaldia lehenik eta, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioaldia.
6.2.1. Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen dira prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean.
6.2.2. Deialdi bakarra eginen da oposizioaldiko probarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo beren burua aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez dutenak.
6.2.3. Oposizioaldiko proba izanen da oinarri honetan zehaztutakoa, eta deialdiaren I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaien ingurukoa.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaproba egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean eskatu badute.
6.2.4. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira:
–Proba teorikoa: test moduko 100 galderari, gehienez, erantzun beharko zaie idatziz, 120 minutuko gehieneko denboran. Galderok izanen dira deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.
Proba hasi baino lehen zehaztuko da zer irizpide erabiliko den proba baloratzeko eta zer penalizazio izanen duten aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsek.
Ariketa horretan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketaren balioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.
Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren web-orrian, aurkeztu diren izangaien zerrenda, behin-behineko puntuazioak adierazirik, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.
–Proba praktikoa: I. eranskineko gaiei buruzko proba teoriko-praktiko bat egin beharko da. Proba izanen da lanpostuan benetan aritzean gertatzen ahal diren egoerei buruzkoa.
Proba hasi aurretik zehaztuko da proba baloratzeko irizpidea.
Ariketa horretan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketaren balioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.
Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren web-orrian, aurkeztu diren izangaien zerrenda, behin-behineko puntuazioak adierazirik, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.
Alegazioak aurkezteko epea bukaturik, oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
6.3. Lehiaketaldia.
6.3.1. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, II. eranskinean ezarritako merezimenduen frogagiriak aurkez ditzaten.
6.3.2. Dokumentazio hori aurkeztuko da Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez; jarraian zehazten den dokumentazioa, hain zuzen.
Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:
–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Eguesibarko Udala ez diren beste administrazio publiko batzuetan eginiko zerbitzuak, II. eranskineko baremoan ezarritakoaren arabera. Bertan, honako hauek jaso beharko dira berariaz: lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.
–Deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak.
6.3.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.
6.3.4. Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.
6.3.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
6.3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.3.7. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-orrian, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
6.3.8. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, Udalaren web-orrian.
7.–Kalifikazioa.
7.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrenda deialdiaren web-fitxan, guztira erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran jarrita, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duenaren alde. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.
8.–Baldintzak frogatzea.
8.1. Aurreko izapidea bete ondoren, 10 egun balioduneko epea irekiko da, eta gainditu duten izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, horretarako ezartzen den bidearen bidez:
–Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agiriak aurkeztea.
9.1. Behin baldintzak frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak izangaia kontratatzeko proposamena igorriko du: puntuazio handiena lortu duen izangaia proposatuko da.
Kontratazio proposamen hori Eguesibarko Udalaren webgunean argitaratuko da.
9.2. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu, Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez eta 10 egun balioduneko epean, kontratazio proposamena webgunean argitaratzen denetik zenbatzen hasita:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
9.3. Epe horren barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
9.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da probak gainditu dituzten izangaien zerrendan (deialdiaren 7. oinarria) hurrengo postuan den izangaiarekin, hutsik geldituriko lanposturako baldintzak betetzen baditu.
10.–Kontratazioa, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
10.1. Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko da, lanpostua bete dezan, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta lanpostu hutsa esleituko zaio.
10.2. Kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapen ebazpena argitaratzen denetik hasita.
10.4. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuari jarraituko zaio.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrenda.
b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.
11.2. Ebazpen baten bidez, hamar egun balioduneko epea emanen zaie –ebazpen hori eman eta biharamunetik hasita– aurreko apartatuaren arabera aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartzekoak direnei, honako agiri hauek aurkez ditzaten:
–Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
Ebazpen hori argitaratuko da, ukitutakoen zerrendekin batera, Eguesibarko Udalaren webgunean.
11.3. Eskatzen diren agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenak eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
11.4. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
11.5. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, hala behar badu, eta argitara emanen dira deialdiaren fitxan:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrenda.
b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.
11.6. Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.
Bestalde, oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan ezarritako irizpideak, berdinketak zozketa bidez hausteari dagokionez.
Goian aipatutako zozketa lehendik egin ez bada, hautapen-prozesuaren une honetan eginen da.
11.7. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, epaimahaiaren ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren webgunearen barnean.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Sarrigurenen, 2025eko urtarrilaren 26an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak.
2. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.
4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea.
6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak.
7. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea. II. Titulua. Administrazio Publikoen jarduna. III. titulua. Administrazio egintzak.
8. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak. V. titulua. Egintzak bide administratiboan berrikustea. VI. titulua. Legegintzako ekimena, eta erregelamenduak eta bestelako xedapenak emateko ahala.
9. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria, antolaketa eta eskumenak. Errolda.
10. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Estatuko Administrazio Orokorra.
11. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. II. titulua. Sektore publiko instituzionalaren antolaketa eta funtzionamendua. III. Titulua. Administrazioen arteko harremanak.
12. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. V. titulua. Gobernuaren legegintza-ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala. VI. titulua. Gobernuaren kontrola.
13. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Datu pertsonalen babesa: erregulazioa eta definizioak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak (1. eta 18. arteko artikuluak).
14. gaia.–2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez.
15. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.
16. gaia.–12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.
17. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
18. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Gardentasuna. III. titulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.
19. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: IV. titulua: Interes taldeak. V. titulua. Zehapen araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
20. gaia.–11/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Gazteriari buruzkoa.
21. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurren eta nerabeen sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa.
22. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
23. gaia–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. II. titulua. Berdintasunaren aldeko politika publikoak. III. titulua. Berdintasuna eta komunikabideak.
24. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa.
25. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. II. titulua. Administrazioen arteko harremanak. III. titulua. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa.
26. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. IV. titulua. Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. VI. titulua. Kontratazioa. VII. titulua. Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak.
27. gaia.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.
28. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Xedapen orokorrak.
29. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. II. titulua. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
30. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. III. titulua. Administrazio Publikoen kontratuen araubide juridikoa.
31. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak.
32. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. II. titulua. Udal zergak.
33. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa.
34. gaia.–Eguesibarko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.
35. gaia.–Gazteriaren Udal Politikak Nafarroan. Tokiko baliabideen egoera aztertzea.
36. gaia.–Eguesibarko gazteriaren diagnostikoa. Udalerriko baliabideak.
37. gaia.–Eguesibarko gazteriaren diagnostikoa. Gazteen eskariak. Helduen pertzepzioa.
38. gaia.–Eguesibarko Gazteriaren Plan Estrategikoa. Planaren ardatzak, helburuak eta ekintzak. Plana garatzeko egiturak.
39. gaia.–Eguesibarko Gazteriaren Plan Estrategikoa. Planaren komunikazioa. Planaren ebaluazioa.
40. gaia.–Eguesibarko Udalaren Gazte Programa.
41. gaia.–Gazteekiko elkarrizketa. Nafarroako Gazteriaren Kontseilua.
42. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). 2022-2024 Kanpo Ekintzaren Plana.
43. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). Gazteriaren Estrategia 2030.
44. gaia.–Nafarroako gazteentzako erantzunkidetasun informazio-programak 2024-2025.
45. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). Orientabideak, Interneteko gorroto-diskurtsoaren aurkako gida laburra.
46. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). Genero-indarkeria gazteen artean. Genero-indarkeriari buruzko ikuspegi orokorra, Espainiako gazteei aplikatua. Indarkeriari buruzko sarrera kontzeptuala.
47. gaia.–Genero-indarkeria gazteen artean. Genero-indarkeriari buruzko ikuspegi orokorra, Espainiako gazteei aplikatua; genero-indarkeriaren betikotzea.
48. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). Genero-indarkeria gazteen artean. Genero-indarkeriari buruzko ikuspegi orokorra, Espainiako gazteei aplikatua; genero-indarkeria gizarte-arazo gisa aitortzea.
49. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). Genero-indarkeria gazteen artean. Genero-indarkeriari buruzko ikuspegi orokorra, Espainiako gazteei aplikatua; genero-indarkeriari buruzko araudia eta legedia munduan, Europan eta Espainian.
50. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). Genero-indarkeria gazteen artean. Genero-indarkeriari buruzko ikuspegi orokorra, Espainiako gazteei aplikatua; genero-indarkeriaren prebentzioa.
51. gaia.–Injuve (Espainiako Gazteriaren Institutua). Genero-indarkeria gazteen artean. Genero-indarkeriari buruzko ikuspegi orokorra, Espainiako gazteei aplikatua; jokabidearen teoria esplikatzaileak, sexuaren arabera bereizita.
52. gaia.–189/2022 Foru Agindua, uztailaren 11koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordea arautzen duena.
53. gaia.–Gazteen parte-hartzearen koadernoa. Nafarroako Gobernua.
54. gaia.–Gazteen Informazioari buruzko Europako Gutuna. Nafarroako Gobernua.
55. gaia.–Gazteen asoziazionismoa. Bidaia bat gazte-elkarteen eratzean eta kudeaketan zehar.
56. gaia.–109/2005 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arreta Goiztiarreko Sarea sortzen eta arautzen duena.
57. gaia.–Gazte informazioaren bidez indarkeriazko estremismoa prebenitzeko eskuliburua.
57. gaia.–5E/2023 Foru Agindua, irailaren 18koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua sortzen eta arautzen duena.
59. gaia.–Haurren eta nerabeen partaidetzarako organoak toki-mailan diseinatzeko gida.
60. gaia.–Gazteriaren alorreko aurrekontu parte-hartzaileak.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
a) Merezimendu profesionalak.
Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 10 punturekin, puntuazio honen arabera:
1. Udaletan edo beste toki-erakunde batzuetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xedeko lanpostu berean: 4 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.
2. Aurreko apartatukoak ez diren beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xedeko lanpostuan: 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.
3. Edozein administrazio publikotan aldi batez egindako zerbitzuak, deialdiaren xedekoa ez diren beste lanpostu batzuetan: 1 puntu lan egindako urte bakoitzeko.
a.1, a.2 eta a.3 apartatuetarako oharrak: Gehienez 10 puntu emanen dira a) apartatu honetan.
Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.
Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Izangaia egon bada prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran, halako aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzu bezala.
Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, halako aldiak kontatuko dira egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala.
Aurreko apartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean; halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.
b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 10 puntu.
b.1) Beste titulu akademiko batzuk:
Titulazio ofizialak eta master tituluak, maila berekoak edo goragokoak, deialdian parte hartzea ahalbidetzen duen titulua baloratu gabe: 2,5 puntu titulazio ofizial bakoitzeko, gehienez 2 titulazio (gehienez ere 5 puntu).
Lanpostuarekin zerikusia duen prestakuntza ekintzak, betiere 2010eko urtarrilaren 1aren ondokoak badira: 0,05 puntu emanen dira prestakuntza ekintzetan eginiko ordu bakoitzeko (gehienez 2,50 puntu).
Zeharkako izaera duten prestakuntza ekintzek lanpostuarekin zerikusia dutela ulertuko da, baldin eta informatikaren, berdintasunaren edo prebentzioaren ingurukoak badira. Kontuan hartuko dira, halaber, lanpostuarekin zerikusia duten izaera espezifikoko prestakuntza ekintzak.
Ez dira aintzat hartuko prestakuntza ekintzak, baldin haien frogagirietan ez bada zehazten ekintza zenbat ordukoa izan den.
b.2) Ingelesa, frantsesa, alemana eta euskara: baloratuko da ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea –Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik– eta, orobat, euskara jakitea, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan: gehienez ere 1,4 puntu.
Oharrak b.2 apartaturako:
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria duenari, emanen zaio aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena.
Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 1,4 puntu EGA edo C1 izateagatik; 1,12 puntu B2 izateagatik; 1,05 puntu B1 izateagatik; 0,93 puntu A2 izateagatik, eta 0,70 puntu A1 izateagatik.
Iragarkiaren kodea: L2503348
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
