Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOBEITI
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru lanpostu
Tokiko Gobernu Batzarrak 2025eko otsailaren 25ean hartutako erabaki baten bidez deialdi bat onetsi zen, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, bat lan-araubidekoa eta bi funtzionarioen araubidekoak. Honako hauek dira deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Berriobeitiko Udalaren zerbitzura arituko diren zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru lanpostu betetzea, oposizio-lehiaketa bidez, bat lan-araubidekoa eta bi funtzionarioen araubidekoak, D mailakoak, lanaldi osoan. Plantilla organikoan 73., 76. eta 77. zenbakiekin identifikatutako lanpostuak dira, 2024rako onetsitako lan publikoaren eskaintzaren arabera.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.
1.2. Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak bilakatuko dira Berriobeitiko Udaleko lan-kontratudun langile finko (73. lanposturako) eta funtzionario (76. eta 77. lanpostuetarako), ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.
1.3. Lanpostuek izanen dituzte Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.
1.4. Urteko lanaldia izanen da gainerako udal langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.5. Beren mailako eta kategoriako eginkizunak beteko dituzte. Adierazpen gisa eta ez modu baztertzailean, hona hemen egin beharreko zeregin batzuk:
–B motako gidabaimena behar duten ibilgailuak gidatzea.
–Udalaren ibilgailuak zaindu, ordenatu eta garbitzea, bai eta agindutako lanak egiteko behar diren makinak, tresnak eta materialak ere.
–Udalaren hiri-azpiegiturak eta instalazioak, biltegiak, etxabeak eta udal-nabeak mantentzea, kontserbatzea, garbitzea eta ordenatzea.
–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze- eta konponketa-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, lorezaintza eta abar.
–Zenbait lan egitea, hala nola zangak irekitzea eta ixtea, altzariak biltzea eta deskargatzea, pintadak garbitzea, soldadura-lanak, kristalak jartzea, sarrailagintza-lanak egitea eta abar.
–Hirigintza alorretik eskatzen zaizkion lanak, honako hauek jartzeko, muntatzeko eta desmuntatzeko: hesiak, seinaleak, agertokiak, karpak eta bestelako elementuak.
–Sasiz garbitzea bide publikoak, udal jabetzako lurzatiak, udalerriko hilerriak (barrualdetik zein kanpotik) eta hirigintza alorretik eskatzen diren lekuak garbitzea.
–Parke eta lorategien mantentze-lanak.
–Bide publikoak garbitzea.
–Aurretik deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak, bere maila eta kategoriaren barruan, baldin eta zerbitzuak agintzen badizkio.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako edo Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea izatea, edo Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan dagoen estatu bateko nazionalitatea, joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete Espainiako nazionalitatea eta aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez izatea Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo aurrekoetako baten baliokidea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.
d) B motako gidabaimena.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek deialdi honen 8. oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte eta haien jabe izanen dira hautatze prozeduran, harik eta izendatu arte.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko hogeita hamar egun naturaleko epea egonen da, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira, nahitaez, Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez https://sedeelectronica.berrioplano.es/default.aspceskabide orokorraren izapidea erabiliz.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezartzen ahalko dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen bigarrenean (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak) hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.3. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta/edo zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.
3.4. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen 6. oinarriaren arabera.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.5. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:
3.5.1. NANaren edo nortasuna frogatzen duen beste agiri baten kopia.
3.5.2. Deialdiko bigarren oinarrian eskatzen d(ir)en titulu(eta)ko baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
3.5.3. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, 6 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
3.5.4. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.5.6. CaixaBankeko ES80 2100 5184 5422 0005 1438 kontuan azterketa-eskubideen kontzeptupean 6,35 euro ordaindu izanaren egiaztagiria. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: zerbitzu anitzetako enplegatuaren azterketa.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.5.7. Euskara baloratzeko agiriak.
B1 mailako euskararen ziurtagiri ofiziala edo titulu egiaztagarria.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriobeitiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitara dadila.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira beti.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta erreklamazioak edo, hala badagokio, zuzenketak ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.
Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela erabaki honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaldiko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan.
4.6. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Félix Remírez Hoyos, Berriobeitiko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: Luis González Lorente, Berriobeitiko Udaleko alkateordea.
–Epaimahaikidea: José Ángel Ardanaz Ulibarri, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
–Ordezkoa: Francisco Espiga López, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
–Epaimahaikidea: Jesús M.ª López Goñi, Berriobeitiko Udaleko lorezaintzako arduraduna.
–Ordezkoa: Roberto Leon Zaro, Berriobeitiko Udaleko ordezkari sindikala.
–Epaimahaikidea: Laura Luis Soto, Berriobeitiko Udaleko aparejadorea.
–Ordezkoa: David Azcona Ruiz de Galarreta, Berriobeitiko Udaleko arkitektoa.
–Epaimahaikide idazkaria: Idoia Suárez Urrutia, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Lehiaketaldia. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.3. Merezimenduen baremoa. Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
6.3.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 15 puntu.
a) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, edozein administrazio edo sozietate publikotan egiazki egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
b) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, herri-administrazioetatik kanpo egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1 puntu urteko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak berdin baloratuko dira, lanaldia edozein izanik ere.
d) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
e) Lan egindako denbora baloratzeko, honako hau aurkeztu beharko da: zerbitzuak zer administraziotan egin diren, administrazio horrek emandako ziurtagiria, egindako eginkizunak eta lanposturako eskatzen den titulazioa frogatzen dituena.
6.3.2. Prestakuntza. Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza-jarduerak baloratuko dira, gehienez 10 punturekin, baldin erakunde ofizialek eta/edo elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatuak badira:
–0,5 puntu, 10 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
–0,7 puntu, 30 ordutik gora eta 100 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
–1 puntu, 100 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.
Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.
6.3.3. Goi mailako tituluak. Erdi eta goi mailako Lanbide Heziketako ikasketa tituluengatik, lanpostuarekin ikustekoa badute:
–Erdi mailako gradua: energia eta ura lanbide-arloa; instalazioa eta mantentze-lanak lanbide-arloa; elektrizitatea eta elektronika lanbide-arloa; igeltserotza eta eraikuntza lanbide-arloa; arotzeria lanbide-arloa; lorezaintza lanbide-arloa; edo deialdiaren xedeko lanpostuarekin lotutako erdi-mailako gradua: 2 puntu.
–Goi mailako gradua: energia eta ura lanbide-arloa; instalazioa eta mantentze-lanak lanbide-arloa; elektrizitatea eta elektronika lanbide-arloa, igeltserotza eta eraikuntza lanbide-arloa; arotzeria lanbide-arloa; lorezaintza lanbide-arloa; edo deialdiaren xedeko lanpostuarekin lotutako goi mailako heziketa zikloa: 3 puntu.
Gehienez ere 5 puntu emanen dira, guztira, goi-mailako titulazioengatik.
6.3.4. Euskara.
Udal-eremuan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantzan ezarritakoaren arabera, eta Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen 97/2024 Foru Dekretuan ezarritako ehunekoarekin bat etorriz, euskara baloratuko da merezimenduen baremoaren gainerakoari esleitutako puntuazioaren %7arekin. Hortaz, euskararen ezagutza gehienez ere 2,1 puntu baloratuko da B1 titulua edukiz gero. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emanen zaizkie: A1 tituluak 0,42 puntu izanen ditu, A2 tituluak 0,84 puntu, B2 tituluak 2,1 puntu eta C1 tituluak 2,1 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, eta eskabideari agiri horren fotokopia erantsi behar zaio.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.
6.4. Oposizioaldia 2025eko apiriletik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Halakorik bada, epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan 48 orduko aurrerapenarekin gutxienez; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.
Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasuna edo desgaitasun aitortu handiagoren bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.6. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.6.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galderak test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez ere 35 puntu lor daitezke, eta gutxienez ere 17,5 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Erantzun okerrak galdera zuzen baten puntuazioaren laurden batekin zigortuko dira.
6.6.2. Bigarren proba: praktikoa. Proba praktikoa gai hauetako bati edo batzuei buruzkoa izan daiteke: elektrizitatea, mekanika, iturgintza, igeltserotza, soldadura... lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia dutenak. Ariketa honengatik gehienez ere 35 puntu lor daitezke, eta gutxienez ere 17,5 puntu eskuratu behar dira gainditzeko.
Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko zenbat denbora egonen den.
6.7. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira, bada, ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.
Proba teorikoa egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
6.8. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da proba teorikoan. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du kalifikazioen zerrenda Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan eta, era berean, adieraziko da gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
6.9. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
7.–Gainditu dutenen zerrenda, lanpostu hutsen hautaketa eta izendapen proposamena.
7.1. Ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Berriobeitiko Udaleko egoitza elektronikoan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketa gertatuz gero, oposizioaldiko lehenengo proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publiko bidez ebatziko da.
7.2. Epaimahaiak Berriobeitiko Udaleko alkateari helaraziko dio puntuazio handiena duten hautagaien aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte Berriobeitiko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Interesdunak lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela dioen osasun ziurtagiria.
c) Deialdian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentifikatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zin egite edo hitz ematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
7.4. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra esateagatik.
7.5. 7.4 apartatuan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da puntuazioen zerrendan, 7.1 apartatuan aipatu den horretan, hurrengoa den izangaiarekin, eta harekin aurreko apartatuetan adierazi moduan jokatuko da.
7.6. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.
Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da informazio hori.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen-prozesua amaituta, gainditu eta puntuazio handiena lortu duten izangaiek 7.3 oinarrian aipatutako dokumentuak aurkeztuta, eta lanpostu hutsak hautatzeko egintza eginda, Berriobeitiko Udaleko Alkatetzak Berriobeitiko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, 76. eta 77. lanpostuetarako, eta lan-kontratudun langile finko izendatuko du 73. lanposturako, zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan ari daitezen.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Ezarritako epearen barnean, eta behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badute, eskubide guztiak galduko dituzte Berriobeitiko Udaleko funtzionario eta lan-kontratudun finko bilakatzeko, eta aurreko oinarrian esandakoari jarraikiko zaio.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Era berean, aldi baterako kontrataziorako izangaien bigarren zerrenda bat eratuko da, zerrenda nagusiaren subsidiarioa (plazarik gabeko gaindituak), oposizioko lehen ariketan gutxienez 30 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin.
Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Halaber, hautapen prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da oposizioaldiko lehenengo proban lortutako puntuazioaren arabera, eta zerrenda horretan berdinketa badago, zozketa bidez ebatziko da.
9.2. Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
9.3. Deialdi honetan sortuko diren kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.
9.4. Deialdi honetatik sortzen den aldi baterako lan-kontratazioetarako zerrenda arautuko du Berriobeitiko Udalean aldi baterako langileak kontratatzeko zerrendak kudeatzeko erregelamenduak (2017ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 19koa).
10.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) zehazki, haren 13. artikuluari:
–Berriobeitiko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz (Udaletxeko plaza 1, Berriobeiti), ayuntamiento@berrioplano.es helbide elektronikora idatziz edo webgunea kontsultatuz (https://www.berrioplano.es/eu/).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Berriobeitin, 2025eko martxoaren 4an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
ESKABIDEA, BERRIOBEITIKO UDALEKO ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUEN HIRU LANPOSTU OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO
Eskabidea, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ...... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, data honetan: .........................................
1. Datu pertsonalak:
Izen abizenak: ................................................................................................................................., NAN zk.: ......................................................... Jaiotze data: .............................................................. helbidea:.................................................... kalea: .........................................................., zenbakia: ............, pisua: ......., posta kodea: ............., telefono finkoa: ......................., telefono mugikorra: ............................., e-maila: ..............................................., zure aurrera agertu eta
AZALTZEN DUT:
Ez dudala karguan aritzea eta hartan jardutea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik.
Ez dudala indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Ez nautela kendu, diziplina espedientearen bidez, inongo administrazio publikoren zerbitzutik, ezta kanporatu ere diziplinako kaleratzearen bidez, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.
Baldintza guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.
Eskabideari agiri hauen fotokopiak erantsi dizkiodala:
–Nortasun Agiri Nazionala.
–Eskatzen diren ikasketen tituluak.
–Merezimenduak, lehiaketaldirako.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia: arriskuak identifikatzea, norbera babesteko ekipamendua erabiltzea, seinaleztatzea eta balizatzea...
2.–Soldadura teknikak eta erreminten oinarrizko erabilera.
3.–Igeltserotzako teknikak: erremintak; materialak; zolatzea eta alikatatzea, enkofratuak eta murruak zutitzea...
4.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak.
6.–Ulertzea eskema elektrikoak eta iturgintzakoak.
7.–Udalaren makinak, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea.
8.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak.
9.–Pintura-teknikak, erremintak eta materialak. Pintura-lanak, oro har. Apaintzeko pintura eta obrako pintura. Bideetako pintura.
10.–Lorezaintzako teknikak (erremintak, inausketa, fitosanitarioen erabilera, sastrakak kentzeko makinaren maneiua, ureztatzeko sistemak).
11.–Kaleen garbiketa mekanizatua eta ez-mekanizatua.
12.–Hondakin mota bakoitza bereizi eta metatzea.
13.–Zurgintzako kontzeptu orokorrak. Zurgintzako lanabesak. Zurgintzako materialak, zurgintza-lanak.
14.–Sarrailagintza eta metalgintza. Oinarrizko ezagutzak. Erremintak. Materialak. Tratamendu termikoak eta azaleko tratamenduak. Sistema mekanikoak konpondu, doitu eta erregulatzea. Sarrailen, banden, gontzen eta ateetarako bestelako burdinerien mantentze- eta konpontze-lanak.
15.–Berriobeiti udalerriko geografia, toponimia eta kale-izendegia.
16.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. eta IV. tituluak.
17.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: II. titulua.
Iragarkiaren kodea: L2503468
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
