Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOBEITI
Deialdia, administrari-ofizialaren lau lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Tokiko Gobernu Batzarrak 2025eko otsailaren 25ean hartutako erabaki baten bidez deialdi bat onetsi zen, Berriobeitiko Udaleko administrari-ofizialaren lau lanpostu, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean jarduteko. Honako hauek dira deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari-ofizialaren lau lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak eta lanaldi osoan, Berriobeitiko Udalaren zerbitzura jardun dezaten. Lanpostuek 16, 22, 23 eta 24 zenbakiak dituzte plantilla organikoan, 2024. urterako onetsitako lan publikoaren eskaintzaren arabera, eta honako txanda hauetan banatuta daude:
–2 lanpostu txanda irekian.
–2 lanpostu igoera txandan.
Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.
1.2. Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak Udaleko funtzionario bilakatuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.
1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.
1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Egin beharreko lanak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkienak; bertzeak bertze, jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea.
Guztiz zehaztuta ez badaude ere, hona zeregin batzuk:
–Jendearentzako arreta, udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta administrazio-lan orokorrak.
–Udalaren gastu-fakturak kontrolatzea.
–Gastu-fakturak eta helbideratutako ordainketak kontabilizatzea.
–FACE kontrolatu eta kudeatzea.
–Arlokako txostenak sortzea.
–Berriobeitiko Udalak likidatu beharreko edozein zergan, tasan edo prezio publikoren erroldeak eta/edo ordainagiriak sortzea eta kudeatzea.
–Udaleko alorrendako garatutako datu-baseen aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.
–Ebazpenen kudeaketa.
–Faktura elektronikoaren interfazea - Kontabilitatea.
–Nominen interfazea - Kontabilitatea.
–Kontu-hartzailetzako administrazio-lanak (ordainagiriak, kobrantzak, ordainketak, bekak, etab.) eta Excel eta Acces erabiltzea.
–Gainbalioak.
–Ematen dizkioten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri behar bezala ematea Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari, baita kudeaketa organoei ere.
–Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari jasotzen diren agirien berri ematea.
–Tramiteko eginbide eta ofizioak prestatzea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibideei loturik.
–Bere ardurapeko espedienteen kudeaketa, jarraipena eta kontrola, eta espedienteen administrazio-izapideak osatzea, dagozkien agiriak erantsiz (hala nola, honako espedienteei dagozkienak: katastroa, hirigintza, obra baimenak, jarduera sailkaturako lizentziak; kontribuzioa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga).
–Zailtasun juridikorik gabeko txosten eta ebazpen proposamenak prestatzea Udalaren eskumeneko espedienteen gainean, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraituz.
–Horrela erabakiz gero agindu ahal zaizkion lan arloetan, datuak lortzen eta eransten laguntzea txosten, proposamen, espediente eta era guztietako lanetan.
–Idazkaritza arloko eginkizun eta eskumenak garatzea eta horietan laguntzea, baita komunikatuen, kide anitzeko organoetarako deialdien, akordioen eta abarren arloan ere.
–Zerbitzuak horrela behar duenean, Udalaren administrazio zerbitzuei atxikitako administrazio eta mendeko langileen artean lanak banatzea, Udalaren administrazio zerbitzuetako arduradunaren jarraibideekin bat.
–Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu, Herritarrendako Harrera Bulegoan (HAB) integraturik.
–Eta, oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak egitea, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion bertze edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari dagokionez eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko bertze estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat, gutxienez, edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Soilik 16 zenbakidun lanpostuan: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bertzela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Igoera txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea.
b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko bertze lanpostu finko edo aldi baterako batean.
c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
d) Deialdian eskatutako titulua edukitzea eta administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.
Bertzalde, d) letran adierazitako baldintzen ordez, administrazio publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.
2.2. Gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek deialdi honen 8. oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko ditu eta haien jabe izanen da hautatze prozeduran, harik eta izendatu arte.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://sedeelectronica.berrioplano.es/), "instancia general" izapidea baliatuta.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bertzelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, bertze orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.
3.4. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.5. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:
3.5.1. NANaren edo nortasuna frogatzen duen bertze agiri baten fotokopia.
3.5.2. Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
3.5.3. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, 6. oinarrian ezarritako baremoari jarraikiz.
3.5.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa do hortik gorakoa) aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.5.6. Azterketa-eskubideetarako 11,64 euro ordaindu izanaren frogagiria; dirua CaixaBankeko ES80 2100 5184 5422 0005 1438 kontuan sartuko da. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: administrari-ofizialaren azterketa.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.5.7. Euskara baloratzeko dokumentuak 22, 23 eta 24 lanpostuetan.
Euskararen B1 maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiri ofiziala.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriobeitiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitara dadila.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko. Telematikoki aurkeztu beharko dira erreklamazioak .
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.
Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela erabaki honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan.
4.6. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Félix Remírez Hoyos, Berriobeitiko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: Luis González Lorente, Berriobeitiko Udaleko alkateordea.
–Epaimahaikidea: Ana María Pérez Muñoz, Berriobeitiko Udaleko administrari-ofiziala.
–Ordezkoa: José Vidal Cobos, Berriobeitiko Udaleko administrari-ofiziala.
–Epaimahaikidea: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
–Ordezkoa: José Ángel Ipiña Paris, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
–Epaimahaikidea: Larraitz Osés Ripalda, Berriobeitiko Udaleko ordezkari sindikala.
–Ordezkoa: Roberto Leon Zaro, Berriobeitiko Udaleko ordezkari sindikala.
–Epaimahaikidea: Idoia Suárez Urrutia, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Lehiaketaldia. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.3. Merezimenduen baremoa. Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
6.3.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 20 puntu.
a) Edozein administrazio publikotan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu urteko.
b) Edozein administrazio publikotan administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
d) Bertze zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
e) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan eman diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, betetako eginkizunak frogatzen dituena eta lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa adierazten duena.
6.3.2. Prestakuntza. Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak baloratuko dira, erakunde ofizialek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badituzte, eta 10 puntu emanen dira gehienez:
–Ofimatikako ikastaroak (Word, Excel, Outlook):
- 0,10 puntu, 10 eta 15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
- 0,20 puntu, 16 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
- 0,30 puntu, 30 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.
Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.
6.3.3. Euskara, 22, 23 eta 24 lanpostuei dagokionez.
Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan xedatutakoari jarraikiz, eta bat etorriz 97/2024 Foru Dekretuan ezarritako portzentajearekin, euskararen balorazioa %7koa izanen da, merezimenduen baremoaren gainerakoari esleitutako puntuazioari dagokionez (foru dekretu horrek arautzen du nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko). Hortaz, euskara jakiteagatik gehienez ere 2,1 puntu emanen dira B1 titulua edukiz gero. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emanen zaizkie: A1 tituluak 0,42 puntu izanen ditu, A2 tituluak 0,84 puntu, B2 tituluak 2,1 puntu eta C1 tituluak 2,1 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, eta eskabideari agiri horren fotokopia konpultsatua erantsi behar zaio.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.
6.4. Oposizioaldia 2025eko apiriletik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan 48 orduko aurrerapenarekin; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.
Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.6. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.6.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galderak test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrak galdera zuzen baten puntuazioaren laurden batekin zigortuko dira.
6.6.2. Bigarren proba: praktikoa. Kasu praktiko bat edo gehiago ebatzi beharko dira, II. eranskinean adierazitako gairen bati buruz. Ariketa honengatik gehienez 30 puntu emanen dira, eta gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko zenbat denbora egonen den.
6.7. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira, bada, ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bertzelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
6.8. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan.
6.9. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bortz egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
7.–Gainditu dutenen zerrenda, lanpostu hutsak aukeratzea eta izendapen proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketa gertatuz gero, oposizioaldiko lehenengo proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Epaimahaiak Berriobeitiko Udaleko alkateari helaraziko dio puntuazio handiena duten hautagaien aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Berriobeitiko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
b) Lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duen osasun ziurtagiri ofiziala.
c) Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zin egite edo hitz ematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
7.4. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra errateagatik.
7.5. 7.4 apartatuan aurreikusitako kasuan, puntuazioen zerrendan, 7.1. apartatuan aipatu den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin aurreko apartatuetan adierazi moduan jokatuko da.
7.6. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.
Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da informazio hori.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen-prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duten izangaiek 7.3 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Berriobeitiko Udaleko alkateak ebatziko du Berriobeitiko Udaleko funtzionario izendatzea, administrari-ofizialaren 16, 22, 23 eta 24 lanpostuetan jardun dezaten.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, Berriobeitiko Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko dituzte, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1. oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Era berean, aldi baterako kontrataziorako izangaien bigarren zerrenda bat eratuko da, zerrenda nagusiaren subsidiarioa (plazarik gabeko gaindituak), oposizioko lehen ariketarako ezarritako puntuazioaren %30, gutxienez, lortu duten izangai baztertuekin.
Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Halaber, hautapen prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehendabiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera, eta zerrenda horretan berdinketa badago, zozketa bidez ebatziko da.
9.2. Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
9.3. Deialdi honetan sortuko diren kontratazio zerrendek bortz urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo bertze deialdi bat egiten bada.
9.4. Deialdi honetatik sortzen den izangaien zerrenda arautuko du Berriobeitiko Udalean aldi baterako langileak kontratatzeko zerrendak kudeatzeko erregelamenduak (2017ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 19koa).
9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda osatzeko, euskararen C1 mailaren titulazioa duten izangaiek deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute.
10.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) zehazki, haren 13. artikuluari:
–Berriobeitiko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz (Udaletxeko plaza, 1, Berriobeiti), ayuntamiento@berrioplano.es helbide elektronikora idatziz edo web-orria kontsultatuz (https://www.berrioplano.es/eu/).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Berriobeitin, 2025eko martxoaren 4an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
ESKABIDEA, BERRIOBEITIKO UDALEKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LAU LANPOSTU OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO
Eskabidea, Berriobeitiko Udaleko administrari-ofizial izateko lau lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko (........ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, data: ......................).
1. Datu pertsonalak:
Izena: …………...................................……, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ……....……, jaioteguna: .................., jaioterria: ........................... (....................), eta bizitoki hau: herria: ............................... (.................), karrika: ..........................., zenbakia: .........., solairua: ........., posta kodea: ...................., telefono finkoa: ................................., sakelako telefonoa: ...................................., helbide elektronikoa: ......................................................, zure aurrera agertu eta
AZALTZEN DUT:
Ez dudala karguan aritzea eta hartan jardutea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik.
Ez dudala indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Ez nautela bereizi, diziplina espedientearen bidez, inongo administrazio publikoren zerbitzutik, ezta bidali ere diziplinako kaleratzearen bidez, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.
Baldintza guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (bertze orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
Aurkezten dudala desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.
Eskabideari agiri hauen fotokopiak erantsi dizkiodala:
–Nortasun Agiri Nazionala.
–Eskatzen diren ikasketen tituluak.
–Euskara titulua (16 zenbakia duen lanposturako).
–Merezimenduak, lehiaketaldirako.
Igoera txandako izangaiendako berariazko betebeharrak:
Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea.
Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen administrazioko bertze lanpostu finko edo aldi baterako batean.
Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
Deialdian eskaturiko titulazioa izatea eta administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.
Horrenbertzez,
ESKATZEN DUT iragarritako deialdian onartua izatea.
.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n
(Sinadura)
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: biztanleria eta errolda.
2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.
–Atariko titulua:
- I. kapitulua.–Xedapen orokorrak.
- II. kapitulua.–Administrazio Publikoen organoak.
- III. kapitulua.–Zehapen ahalmenaren printzipioak.
- IV. kapitulua.–Administrazio publikoen ondare-erantzukizunak.
- V. kapitulua.–Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.
–III. titulua.–Administrazioen arteko harremanak:
- I. kapitulua.–Printzipio orokorrak.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa.
–II. titulua.–Udalerria:
- I. kapitulua.–Lurraldea eta biztanleria.
- II. kapitulua.–Antolaketa.
–V.titulua.–Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea:
- I. kapitulua.–Funtzionamendu araubidea.
- IV. kapitulua.–Herritarren informazioa eta parte-hartzea.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
–I. titulua.–Toki-entitateen antolaketa eta administrazioa: I. kapitulua. Udalerriak.
–III. titulua.–Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa.
–IV. titulua.–Toki-erakundeen ondasunak.
–V. titulua.–Jarduerak, zerbitzuak eta obrak.
–IX. titulua.–Prozedura eta araubide juridikoa. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatzen duena aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan.
8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.
9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.
10.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa: Ekonomia jardueren gaineko zerga kudeatzeko arauak.
11.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.
12.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.
13.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua: V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea. 3. eranskina.
14.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua, III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak; II. titulua, I., II., III., IV. eta V. kapituluak; III. titulua, I., IV. eta V. kapituluak.
15.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
16.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua (I. eta II. kapituluak), I. titulua (I., II., III. eta IV. kapituluak) eta II. titulua (I. eta II. kapituluak).
17.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
18.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak. Kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.
19.–Word 2016 testu-prozesadorea. Lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.
20.–Excel 2016 kalkulu-orria. Lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.
21.–Interneti eta posta elektronikoari buruzko kontzeptu oinarrizkoak.
22.–Berriobeiti udalerriko geografia, toponimia eta kale-izendegia.
Iragarkiaren kodea: L2503467
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
