57. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

67/2025 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berariazko deialdi bat egiten baita 2024-2025 ikasturtean Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko probak egiteko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 69.4 artikuluan, eskumena ematen die hezkuntza administrazioei Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probak antolatzeko aldian behin, betiere 40. artikuluan ezarritako helburuak betetzen direla frogatuz gero.

Lanbide Heziketaren Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak 140. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketako tituluak lortzen ahal direla horiek zuzenean lortzeko antolatutako probak gaindituz, eta 141. artikuluan xedatzen du hezkuntza administrazioei dagokiela proba horiek aldian behin antolatzea, eta, beren eskumenen esparruan, haietarako deia egitea gutxienez urtean behin, eta, orobat, zehaztea zein diren proba horien xedeko heziketa zikloetako lanbide moduluak, noiz den matrikulazio epea, zein egunetan eta zein ikastetxetan eginen diren eta zein izanen diren proben edukiei dagozkien curriculumak. Era berean, 142. artikuluak zehazten du zein diren probetan parte hartzeko baldintzak eta adinari buruzko betebeharrak.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 54. artikuluak ezartzen duenez, suhiltzaileen lanpostu hutsak funtzio publikoan oposizio bidez edo oposizio-lehiaketa bidez sartzeko deialdi publikoen bidez beteko dira. Deialdi horiek nahitaez barne hartuko dute Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza-ikastaro bat, eta horren barrenean, Hezkuntza Departamentuak berariazko deialdi bat eginen du Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko, Lanbide Heziketakoa.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari dagokio Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proben deialdia egitea eta, ondorioz, baita uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 54.1 artikuluan aipatzen den berariazko deialdi hori ere egitea.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak aurkeztutako txostena, non jasotzen baita beharrezkoa dela berariazko deialdi bat egitea Lanbide Heziketako Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko probak egiteko, uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean xedatutakoaren esparruan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Osasun Larrialdietako teknikari titulua lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egitea 2024-2025 ikasturterako, ebazpen honen eranskinean jasotako oinarriekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera eta ukitutako ikastetxera; Barne Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolara, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura eta aipatu zerbitzuko Prestakuntza Atalera (Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuan).

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko martxoaren 3an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–OSASUN LARRIALDIETAKO TITULUA LORTZEKO PROBEN BERARIAZKO DEIALDIAREN OINARRIAK

2024-2025 ikasturtea

Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da Lanbide Heziketako Osasun Larrialdietako titulua lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egitea, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz.

Berariazko deialdi hau zuzenduta dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen hogeita hamar lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiari lotutako suhiltzaileen oinarrizko prestakuntzaren ikastaroan onartutako izangaientzat (deialdi hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak otsailaren 26an emandako 708/2024 Ebazpenaren bidez onetsi zen), betiere eranskin honetako 4. oinarrian izena emateko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. Ebazpen honetan arautzen den Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proben berariazko deialdia zikloko lanbide modulu guztietako probak egiteko deialdi bati dagokio.

Aurrekoa oinarri hartuta, izena eman ondoren onartuak diren pertsonek ziklo osoko proba libreetan inskribatu eta matrikulatzen dira, hau da, zikloa osatzen duten modulu guztietan; beraz, ez dute izen-emate eta matrikula modularrik egiten, hots, zikloko lanbide modulu batzuetakoak. Beraz, ez da aplikagarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36.4 artikuluan ezarritako 17 tarifa ("Lanbide Heziketako teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua lortzeko proba libre modularretan izena ematea").

3. Berariazko deialdi hau titulu honetarako egiten da:

–Titulua: Osasun Larrialdietako teknikaria (lanbide arloa: Osasuna-Maila: erdi maila).

Nafarroako curriculuma: 43/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa (2009ko abuztuaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala); azken aldaketa: 27/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa (2018ko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Zentro aztertzailea (izena emateko eta probak egiteko zentroa): ESTNA-Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa IB (Irunlarrea kalea 3; Nafarroako Ospitalea). 31008 Iruña Tel.: 848 431060).

http://escuelasanitaria.educacion.navarra.es/web/

escuela.sanitaria@educacion.navarra.es

Izena emateko bete beharreko baldintzak. Berariazko deialdia.

4. Osasun Larrialdietako teknikari tituluak lortzeko proben berariazko deialdian (ebazpen honen bidez arautuan) izena emateko, berariazko bi baldintza orokor hauek bete beharko dira aldi berean:

a) Baldintza orokorrak: proba libreetarako deialdi orokorretan ezarritakoak.

b) Berariazko baldintzak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen hogeita hamar lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiari lotutako suhiltzaileen oinarrizko prestakuntzaren ikastaroa egiten ari izatea; deialdi hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak otsailaren 26an emandako 708/2024 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Deialdirako jarraibideak.

5. Izena emateko eskaera "Osasun Larrialdiak" zikloko lanbide modulu guztietarako egin beharko da.

Honela ematen ahalko da izena:

a) Aurrez aurre: ESTNA-Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa ikastetxe bateratuaren idazkaritzan (Irunlarrea kalea 3, 31008 Iruña).

b) Educa-Atariaren bidezko erregistro telematikoaren bitartez, zentro aztertzaileari zuzendua, "Osasun Larrialdietako titulua lortzeko proba libreak. Berariazko deialdia" izeneko fitxaren bidez, esteka honetatik abiatuta:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Osasun-Larrialdietako-titulua-lortzeko-proba-libreak-berariazko-deialdia

6. Izena emateko, behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko, matrikulaziorako eta probak egiteko egutegia Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa ikastetxe bateratuko zuzendaritzak finkatuko du. Horretarako, kontuan hartuko du moduluei dagokien lehenbiziko proba 2025eko martxoaren 21etik aurrera egin beharko dela.

7. Izangai bakoitzak izena emateko eskaera bakar bat aurkeztuko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Osasun Larrialdietako titulua lortzeko proba libreak. Berariazko deialdia" izeneko tramiteen fitxan dauden ereduen araberakoa.

Norbaitek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, horietako bakar bat ere ez da kontuan hartuko, eta deialdi honetan araututako onarpen prozesutik kanpo geldituko da.

8. Eranskin honen 4. oinarrian aipatzen diren izena emateko baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

9. Izena emateko eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Indarra duen nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Erdi mailako zikloan sartzeko titulua, prestakuntza akademikoa edo sarbide proba egiaztatzen duen ziurtagiriaren fotokopia.

c) Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzailea eranskin honen 1. oinarrian aipatutako suhiltzaileen oinarrizko prestakuntzaren ikastaroa egiten ari dela.

10. Hezkuntza Departamentuak egiaztatzen ahalko du izena eman dutenek aurkeztutako datuak edo/eta dokumentuak benetakoak diren edo ez. Zerbait faltsua dela egiaztatuz gero, matrikulatutako izangaia deialditik kanpo geldituko da eta, kalifikazioren bat jarri bazaio, deuseztatuko zaizkio.

11. Matrikula egiteak ebaluazio deialdi bakar baterako eskubidea emanen du lanbide modulu bakoitzeko.

12. Titulu bat zuzenean lortzeko probetarako deialdietan ezin da baliozkotzerik eskatu, hala jasota baitago Espainiako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako tituluetako lanbide moduluen baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuan. Errege dekretu horren bidez, orobat, aldatu egin zen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

13. Ebazpen honen bidez Lanbide Heziketako tituluak lortzeko iragartzen diren proben berariazko deialdian matrikulaturik daudenek lanbide moduluak aitortzeko eskatzen ahalko dute, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

Ebaluazio batzordea

14. Horri dagokionez, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren martxoaren 7ko 64/2024 Ebazpenean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2503483