1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
31/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Elizondoko Benito Menni ospitalean egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu funtsezkoak arautzen dituena.
Eva Arrieta Insausti andreak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, 2025eko otsailaren 20an aurkeztutako idazki baten bidez, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuari jakinarazi dio grebarako deialdia egin dela Elizondoko Benito Menni ospitalean, 2025eko martxoaren 10, 11, 12, 13, 14 eta 15erako, martxoaren 10eko 08:00etan hasi eta martxoaren 15eko 08:00etan bukatuta.
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.
Desgaitasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitza-zentroak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke. Egoitza horiek egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona zaurgarriak hartzen dituzte beren instalazioetan. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, zainketa hori gabe kalte larriak eragiten ahal zaizkielako osasunean.
Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, nabaria da hizpide dugun kasua funtsezko zerbitzua dela gizartearentzat, eta, haren hartzaileen ezaugarriengatik –gaixotasun mentala, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak direnez–, larritasun bereziko inguruabarrak daudela onartu behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.
Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Proposamena igorri zaie grebarako deia egin duen sindikatuari, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, eta deialdiak ukitzen duen erakundeari. Sindikatuak baietsi ezin diren alegazioak aurkeztu ditu. Horren arrazoia da greba-egunetan lan egin behar duten langile zehatzak zehaztea enpresari berari dagokiola, gutxieneko zerbitzuei buruzko foru aginduak ezarritako tartearen barruan; izan ere, enpresak ezagutzen ditu ongien bai zentroaren antolamendua, bai egoiliarrei arreta ematen zaiela bermatzeko behar den langile kopurua, hala teknikariei dagokienez nola zuzeneko eta zeharkako arretako langileei dagokienez.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Lehenbizikoa.–Elizondoko Benito Menni ospitalean 2025ko martxoaren 10ean, 11n, 12an, 13an, 14an eta 15ean (martxoaren 10eko 08:00etan hasi eta martxoaren 15eko 08:00etan bukatuta) egitekoa den greba dela-eta, grebaren xedeko esparruetan gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:
Erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.
Helburu horrekin, zerbitzu horiek emanen direla bermatzeko behar diren langileek jardunean egon beharko dute, hau da, jaiegunetarako aurreikusitako zuzeneko arretako langileek, betiere ez badira deialdiko lanaldiei legokiekeena baino langile gehiago, salbuespen hauekin:
–Farmazia zerbitzuaren kasuan, martxoaren 10ean, 12an eta 14an gutxienez txanda bat egin beharko da, farmaziako profesional batek eta farmaziako laguntzaile batek osatua.
–Arropa garbitzeko zerbitzuari dagokionez, gutxienez bi pertsonak eman beharko dute zerbitzua goizeko txandan.
Bigarrena.–Foru agindu hau Eva Arrieta Insausti andreari jakinaraztea, ELA sindikatuaren ordezkaria den aldetik, jakinarazpenetarako helbidean (Kolon pasealekua 27, 20302 Irun) eta posta elektronikoz (evaarrieta@ela.eus).
Hirugarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (helbidea: Bordaxurialde karrika 4 P, 31700 Elizondo).
Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.
Bosgarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 4an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2503470