1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
371/2025 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, Artearen eta Zientziaren I. Sariketan parte hartu nahi duten artistei sariak emateko deialdia onesten da. Sariketa bi urtean behin eginen da, eta antolatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedra da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak jakintza eta kultura zientifikoa zabaltzeko katedra bat du, Laboral Kutxarekin lankidetzan. Katedraren helburu orokorraren esparruan, ezagutza zientifikoaren eta sorkuntza artistikoaren arteko harremana funtsezkoa da, harreman hori bereziki emankorra baita.
Testuinguru horretan, eta La Fábrica de Gomas gune kultural eta artistikoarekin lankidetzan, sariketa eta erakusketa bat egitea da helburua. Bi urtean behin eginen da, eta lehenbiziko deialdia iragarri nahi dugu hemen.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Laboral Kutxa Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoaren akta, zeinak deialdia eta haren aurrekontua onesten baititu.
Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.
Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.
Ikusirik Kontu-hartzailetzak egindako txostena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Artearen eta Zientziaren I. Sariketan parte hartu nahi duten artistei sariak emateko deialdia, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarrien arabera. Sariketa bi urtean behin eginen da, eta antolatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedra da.
Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko, 6.400 eurokoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Laboral Kutxa Katedrak finantzatua.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.8671.0380.480.08. Katedren sariak: 6.400 euro. Espediente zk. 2025/0000450.
Hirugarrena.–Honako diru sari hauek emanen dira:
–Lehen saria, 2.500 eurokoa.
–Bigarren saria, 1.500 eurokoa.
–8 accesit, bakoitza 300 eurokoa.
Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak. Dena den, hala izanen da sarituak ez badira sariaren xede den jardueran profesionalki aritzen, kasu horretan errendimendu profesionaltzat hartuko baita.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Laboral Kutxa Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Kontu-hartzailetzari eta Ikerketa Zerbitzuari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Halaber, haiek argitaratzeaz gainera, bermatuko da ahalik eta hedapen handiena izanen dutela Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Laboral Kutxa Katedraren webgunearen bidez.
Seigarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta haren oinarrien aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruña, 2025eko otsailaren 28an.–Martín Larraza Quintana, Ikerketako errektoreordea.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
ARTEAREN ETA ZIENTZIAREN I. SARIKETA, JAKINTZA ETA KULTURA ZIENTIFIKOA ZABALTZEKO LABORAL KUTXA KATEDRAK ANTOLATUA, HARTAN PARTE HARTU NAHI DUTEN ARTISTEI SARIAK EMATEKO
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Laboral Kutxak osatzen dute Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedra, zeinak, hain zuzen, ezagupenak gizarteari helarazteko helburuan lagundu nahi baitu, prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak garatzeari esker.
Ildo horretan, eta 2025erako jarduera-programaren barnean, Artearen eta Zientziaren I. Sariketa antolatu eta sustatzea erabaki du katedraren Jarraipen Batzordek Mistoak, eta sariketaren helburua izanen da hartan parte hartu nahi duten artistei sariak ematea.
Hona hemen sariketan lehiatzeko ezarri diren,
OINARRIAK
1.–Xedea.
Oinarri hauen helburua da, hain zuzen, Artearen eta Zientziaren I. Sariketan parte hartu nahi duten artisten artean irabazleak hautatzeko eta sariak emateko prozesua arautzea. Sariketaren antolatzailea NUPen Laboral Kutxa Katedra da. Halaber, lanean ari diren artisten lana bultzatzea, laguntzea eta sustatzea da deialdiaren helburua, eta barne hartzen ditu azken joera artistikoen proposamen berritzaile eta adierazgarriak.
Aipatu bezala, Artearen eta Zientziaren I. Sariketaren antolatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedra da, eta bi helburu hauek ditu:
Iruñeko La Fábrica de Gomas Galerian hamar artelan erakustea https://www.lafabricadegomas.com/.
Bi sari eta zortzi accesit ematea artistaren ordainsari gisa. Izan ere, sari horiekin saridun gisa hautatzen diren artelanen beharrak ase nahi dira, hau da, sariketan parte hartzeagatik sortuko diren beharrak.
2.–Finantzaketa.
Gastua, 6.400 eurokoa, 2025eko aurrekontuaren kargura eginen da, zehazki "30.30.00.8671.0380.480.08 Katedren sariak" partidaren edo ekitaldi horretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
Laboral Kutxa Katedrak jarriko du zenbateko hori.
3.–Deialdiko sariak.
Honako sari hauek emanen dira:
–Lehen saria, 2.500 eurokoa.
–Bigarren saria, 1.500 eurokoa.
–8 accesit, bakoitza 300 eurokoa.
Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak. Dena den, hala izanen da sarituak ez badira sariaren xede den jardueran profesionalki aritzen, kasu horretan errendimendu profesionaltzat hartuko baita.
4.–Lehiatzeko betebeharrak.
Sariketan parte hartzen ahalko dute hamasei urtetik gorako artistek edo kolektiboek, edozein genero eta nazionalitatekoek, egiaztagiri batekin identifikatzeko modukoek.
Sariketan parte hartu nahi duen artista, talde edo kolektibo bakoitzak artelan bakarra aurkezten ahalko du.
Aurkeztutako artelanek bete behar dituzten ezaugarriak eta parte hartzeko baldintzak.
Artearen eta Zientziaren I. Sariketaren deialdiak artea eta zientzia modu kritiko eta sortzailean uztartzen duten artelanak bilatzen ditu, eta oraingoan, adimen artifizialen izaerari lotutako alderdi edo gaiak lantzen dituzten artelanak nahi ditu -edozein dela ere adimen artifizialaren kontzepzioa-, baina ez da nahitaezkoa AA tresnak erabiltzea artelana sortzeko prozesuan.
Honako hauek baloratuko dira: artelanaren kontzeptualizazioa, proposamenaren izaera esperimentala, berrikuntza estetikorako gaitasuna eta erabilitako baliabideei buruzko hausnarketa.
Formatu eta euskarri guztiak hartuko dira kontuan, baina La Fábrica de Gomas galeriako espazioaren baldintzak kontuan hartuta, lehentasuna izanen dute paretan iltzatu edo paretaren ondoan jartzen ahal diren artelanek. Ikus-entzunezko artelanak loop moduan erakutsiko dira organizazioak emanen duen monitore batean.
Bazterturik uzten ahalko dira deialdiaren gaiarekin zerikusirik ez duten artelanak.
Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.
5.–Hautagaitzak aurkezteko epea.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsonek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dute eskaera, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eskuragarri izanen den inprimaki normalizatua betez. Halaber, artelana ikusteko irudiak erantsi beharko dituzte, PDF formatuan edo esteka baten bidez.
Muntaiaren aldetik berezitasunak dituzten artelanak badira, dagozkion jarraibideak erantsi beharko dira.
Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2025eko apirilaren 21ean bukatuko da. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
6.–Saridunen betebeharrak.
Saridunek nahieran erabiltzen ahalko dute jasoko duten diru kopurua.
PFEZari dagokionez, saria laneko errendimendutzat hartzen da, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena eginen du.
Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
Deialdi honetan parte hartzeak deialdiko oinarri guztiak onartzea dakar berekin. Haien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Laboral Kutxa Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak ebatziko du.
7.–Hautatutako eta saritutako artelanen erakusketaren inaugurazioa.
Sarituak izateko hautatzen diren artelanen egileek konpromisoa eta erantzukizuna hartuko dute erakusketaren inaugurazioaren eguna baino 12 egun lehenago bidaltzeko artelana.
Erakusketaren inaugurazioa 2025eko ekainaren 1ean izanen da, eta 2025eko ekainaren 31n bukatuko da.
Erakusketaren muntaia komisario taldeak koordinatu eta gainbegiratuko du.
Erakusketa amaitzen denean, artelanak gehienez ere 10 eguneko epean erretiratu beharko dira.
8.–Sariaren epaimahaia.
Honako lau kide hauek osatuko dute saria emateaz arduratuko den epaimahaia:
–Joaquín Sevilla Moróder, NUPeko Laboral Kutxa Katedraren zuzendaria
–Mar Rubio Varas, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Patxi Araujo Barón, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Javier Soto Nantes, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
Katedraren zuzendaritzak eskatuta eratuko da epaimahaia. Horretarako, bere kideei dei egin, eta epaimahaiaren jarduna errazteko beharrezkoak diren kudeaketak eginen ditu.
9.–Saria ematea.
Epaimahaiak 10 artelan hautatuko ditu gehienez, hurrengo puntuan zehaztutako irizpideen arabera. 10 artelan horien artean, irabazlea eta bigarren sailkatua adieraziko dira, eta besteek accesit saria jasoko dute.
Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat proposamenak baloratzerakoan:
–Kalitate artistikoa: proposamenaren izaera esperimentala, berrikuntza estetikorako gaitasuna eta erabilitako baliabideei buruzko hausnarketa.
–Artelanaren kontzeptualizazioa, hots, egokitzen ote zaion sariketaren gaiari: artea eta zientzia, adimen artifiziala.
–Lehentasuna emanen zaie erakusketarako tokira hobekien egokitzen diren artelanei: paretan iltzatzen ahal direnak, edo, bestela, paretaren ondoan jartzen ahal direnak, eta loop moduan erakusten ahal diren ikus-entzunezko artelanak.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio deialdiko sariak emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpen horretan, saritutako lanak besterik ez dira agertuko, eta gainerako hautagaitzak baztertu direla ulertuko da. Ebazpen horren aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Sariak emateko ebazpen hori, beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta Laboral Kutxa Katedrak eta Unibertsitateak ere hedatzen ahalko dute horretarako egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez.
10.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (DBEO)–; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Laboral Kutxa Katedrak antolaturiko sariak antolatzea eta ematea da datuen tratamenduaren helburua.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Interesdunek zilegi izanen dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haiei buruzko informazioa izateko eskubidea erabiltzea, baita dagozkien beste eskubide batzuk erabiltzea ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
11.–Argitaratzea eta zabaltzea.
Deialdi hau arautzen duten oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
Halaber, oinarri horiek aplikatuz ematen diren gainerako egintzak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, eta, horrez gain, ahalik eta zabalkunderik handiena emanen zaie Laboral Kutxa Katedraren webgunearen bidez: https://www.unavarra.es/catedra-cultura-cientifica/?languageId=100001.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2503688