57. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

23/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 21eko 79/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onesten baitira, kostu bidezko ondare-eskualdaketen eta sozietate-eragiketen eta egintza juridiko dokumentatuen modalitateetakoak.

Apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenen Testu Bateginaren 39.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, subjektu pasiboek, zerga aitorpena aurkezten dutenean, dagokien zerga-zorra zehaztu beharko dute autolikidazioa eginez eta araudiak ezarritako toki, modu eta epeetan haren diru-sarrera egin.

Azaroaren 21eko 79/2023 Foru Aginduaren bidez, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onesten dira, kostu bidezko ondare-eskualdaketen eta sozietate-eragiketen eta egintza juridiko dokumentatuen modalitateetakoak. Hala, bi ereduak web-inprimaki baten bidez elektronikoki aurkezten ahalko dira, eta ezin izanen da laguntza programaren bidez aurkeztu. Gainera, indargabetutako 2/2011 Foru Aginduan jasotako erregulazioa eguneratu da.

Aipatu 79/2023 Foru Legea argitaratu zenetik, garapen informatikoak egin dira eta posible da aitorpenak beste modalitate batzuen bidez aurkeztea. Garapen horiei esker errazagoa da aitorpenak elektronikoki bete eta aurkeztea, baita zergadunak Zerga Administrazioak eskatutako informazio guztia duten ereduak betetzen dituela bermatzea ere.

Zehazki, ezartzen den modalitate berria "aurreaitorpena" izenekoa da, autolikidazioa online betetzean datzana, ondoren inprimatu eta aurrez aurre aktibatzeko. Beraz, ezin izanen da eredua hutsik inprimatu ondoren eskuz betetzeko, ezta paperezko eredu ofiziala erabili ere. Hortaz, desagertu egiten da aurreinprimatutako papera.

Ondorioz, foru agindu honen xedea da "aurreaitorpena" sortzea 600 eta 605 ereduak aurkezteko modu gisa.

Maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ondare-Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 94.3 artikuluaren arabera, subjektu pasiboek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko diete zerga-administrazioko organo eskudunei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariaz onetsitako aitorpen-likidazio inprimakiaren ereduan.

Halaber, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta foru lege horren 90. artikuluan aipatzen diren entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 21eko 79/2023 Foru Agindua, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onesten dituena, kostu bidezko ondare-eskualdaketen eta sozietate-eragiketen eta egintza juridiko dokumentatuen modalitateetakoak.

Honela idatzita geldituko dira azaroaren 10eko 79/2023 Foru Aginduan aldatutako manu hauek:

Bat.–5.1 artikulua.

"1. 600 eta 605 ereduak aurkezteko, subjektu pasiboek bide hauetako edozein erabiltzea erabakitzen ahal dute:

a) Paperean (aurreaitorpena), bakar-bakarrik Nafarroako Foru Ogasunak horretarako garatu duen inprimaketa zerbitzua erabiliz sortzen dena.

Horretarako, Nafarroako Foru Ogasunak Interneteko atariaren bidez ematen duen inprimakia bete beharko da, eta ondoren inprimatu. Inprimakia (PDF formatuan) "aurreaitorpena" da eta ez du legezko baliorik aktibatzen ez den bitartean. Aktibatzeko, Nafarroako Foru Ogasuneko bulegoetan aurkeztu beharko da, behar bezala sinatuta eta 9. artikuluaren arabera bidezkoa den dokumentazioa erantsita.

Nafarroako Foru Ogasunak inprimakia online betetzen laguntzeko arreta pertsonalizatutako zenbait gune jarriko ditu zergapekoentzat, baldin eta zergapekoek hori eskatzen badute eta ez badaude behartuta aitorpena Internetez eta bide elektronikoz aurkeztera, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 13ko 132/2009 Foru aginduan ezarritakoari jarraikiz. Zergapekoek izanen dute modu horretan betetako inprimakien edukiaren ardura.

"Aurreaitorpenean" inprimatutako datuek lehentasuna izanen dute eskuz eginiko aldaketa edo zuzenketen gainetik; aldaketa edo zuzenketa horiek ez dute ondoriorik izanen zerga administrazioarentzat.

b) Modu elektronikoan, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz."

Bi.–8.2 artikulua.

"2. Sartu beharreko autolikidazioen ordainketa.

Subjektu pasiboek autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunaren edozein finantza-entitate laguntzailetan, horretarako III. eta IV. eranskinetan ageri diren 770 eta 771 ordainketa-gutunak erabiliz.

Ordainketa-gutun horiek honela lortzen ahal dira:

a) Nafarroako Foru Ogasunak horretarako garatu duen eta Interneteko atarian eskuragarri dagoen inprimatzeko zerbitzuaren bidez.

b) Zerga aurkezteko web-zerbitzuaren bidez; datuak behar bezala bete ondoren, zirriborro bat gordetzeko aukera emanen du, bai eta zirriborroan agertzen den zenbatekoarekin ordainketa-gutuna eskuratzekoa ere.

Modu elektronikoan Internet bidez aurkeztutako autolikidazioetan, gainera, aurreikusirik dago ordainketa telematikoa egiteko aukera, web-inprimakia bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketarako oharrei jarraikiz. Aukera hori erabiltzeko, finantza-entitateak Nafarroako Foru Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistema erabili beharko du. Zerga hau aurkezteko web-zerbitzuan sistema hori duten finantza-entitateen zerrenda kontsultatzen ahal da."

Hiru.–9. artikulua.

"1. Subjektu pasiboek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dokumentu publikoen kasuan, aitorpenaren xedeko egintza edo negozio juridikoa jasotzen duen dokumentu judizial edo administratiboaren kopia edo eskritura publikoaren kopia soila.

Agiri hori notario-agiri publiko bat bada eta hori baimendu duen notarioak agiri horren kopia Nafarroako Foru Ogasunera bide elektronikoz bidaltzen badu, ez da agiri hori erantsi beharko, 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzari buruzko Legearen 17 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Dokumentu pribatuen kasuan, aitorpenaren xedeko egintza edo negozio juridikoa jasotzen duen dokumentuaren kopia.

c) Horrez gain, onura fiskalen bat aplikatu bada, hura aplikatzeko eskubidearen egiaztagiriak ere aurkezten ahal dira.

2. Dokumentazio hori guztia ereduak paperean edo bide elektronikoz aurkeztearekin batera aurkeztuko da."

Lau.–Xedapen iragankor bakarra gehitzen da.

"Xedapen iragankor bakarra.–Zerga-zorra geroratzea.

Kasu hau Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduak ezartzen duen telematikaz aurkezteko betebeharraz salbuetsita dago: autolikidazioaren ondorioz ordaindu beharreko kopurua zatitzeko edo geroratzeko eskaera daramaten autolikidazioak, aurkezpen-modu hori garatzen ez den bitartean. Aitorpen horiek guztiak inprimatutako paperean (aurreaitorpena) aurkeztuko dira."

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkeztutako aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2025eko martxoaren 4an.–José Luis Arasti Pérez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria.

Iragarkiaren kodea: F2503447