2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SAKANAKO MANKOMUNITATEA
Gordailuak eratzea
2025eko otsailaren 27an, Sakanako Mankomunitateko buruak 132/2025 Ebazpena eman zuen; hona hemen haren testu osoa:
Gordailuen Kutxa Orokorrean berme edo gordailu bat eratzea jarduera instrumental edo izapide-jarduera bat da, prozedura nagusi bat betetzeko: kontratu bat, nahitaezko desjabetze bat, dirulaguntza bat edo bertzelako administrazio-jarduera bat. Prozedura hori ekonomikoa da, eta botere publikoek babestu beharreko interesa izan nahi du. Horrenbertzez, beharrezkoa da Gordailuen Kutxa Orokorrak ahalbidetzea zerbitzatzen duen prozedura nagusia eta horren xedea atzerapenik gabe eta modu eraginkorrean bete dadin.
Prozedura bat artikulatu beharra dago, eskudiruzko gordailuak kudeatzen laguntzeko, Sakanako Mankomunitateak jarduerak gauzatu ahal izateko. Arautu beharra dago nola eratuko eta nola deuseztatuko diren gordailu horiek.
Gordailu horiek eratzea eta deuseztatzea joko dira Sakanako Mankomunitateak egindako kobrantza eta ordainketatzat.
Gordailuak zer eratako jarduketari dagozkion, jarduketa hori gauzatzeko eskumena duen Sakanako Mankomunitatearen organoa arduratuko da aipatu bezala eratutako gordailuak kontrolatzeaz, kudeatzeaz eta erregistratzeaz.
Sakanako Mankomunitatearen estatutuen 22.6. artikuluak ezartzen duenez, mankomunitateburuak dituen eskudantzien artean honako hauek daude:
"6. Gastuak xedatzea, bere eskumenen mugen barnean, eta ordainketak agintzea diru-sarrerak egitera behartzen duten dokumentuak baimentzea eta kontuak ematea, baita garapen eta kudeaketa ekonomikoa ere, onetsitako aurrekontuaren arabera".
Horregatik,
EBATZI DUT:
Lehena.–Gordailuak eratzeko baimena ematea partikularrei, bertze partikularren eskura jartzeko, gordailu horien xedea denean Sakanako Mankomunitatearen organoek bere gain hartutako betebeharrak gauzatzea.
Era berean, gordailuak Sakanako Mankomunitatearen organoek eratu ahalko dituzte partikularren alde.
Bigarrena.–Ondorio horietarako, kasuan kasuko prozedura administratiboa egiazki betetzen dela aitortu behar duen organo kudeatzaileak ordainketa-gutuna emanen du.
Hirugarrena.–Gordailuak eratzeko, horien zenbatekoa sartuko da Sakanako Mankomunitateko Diruzaintzan. Gordailua eratutzat joko da aipatu diruzaintzan sartzen den unetik.
Sakanako Mankomunitatearen organo bati badagokio gordailu bat eskudirutan eratzeko betebeharra, gordailua eratutzat joko da horretarako aitortzen den aurrekontu-betebeharra ordaintzen denean. Ordainketa hori eginen da formalizazio bidez ordaintzeko barne-mekanismoak erabilita.
Organo kudeatzaileek eskudirutan eratutako gordailuak erregistratu eta kontrolatu beharko dituzte.
Laugarrena.–Dagokion organoak erabakiko du gordailua deuseztatzea, horretarako ezarritako baldintzak betetzen direnean. Behin erabaki hori hartuta, eta Kontu-hartzailetzak fiskalizazioa egin ondoren, dagokion ordainketa eginen da dagokion hirugarrenaren alde.
Bosgarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Sakanako Mankomunitatearen zerbitzu ekonomikoei, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Lakuntzan, 2025eko otsailaren 28an.–Mankomunitateko burua, Aitor Larraza Carrera.
Iragarkiaren kodea: L2503246