54. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Aldaketa, herri-lurrak arautzen dituen ordenantzan

Arbizuko Udalak, 2024ko azaroaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Arbizuko herri-lurrak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa.

Espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkiak argitaratu ondoren 2024ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, eta Udalaren iragarki-taulan. Alegaziorik jarri ez denez, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsita geratzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Arbizun, 2025eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Francisco Javier Razquin Flores.

ALDAKETA, HONAKO ORDENANTZA HONETAN: UDAL ORDENANTZA, HERRI-LURRAK ARAUTZEN DITUENA

Hona hemen aldatu den testua:

17. artikulua.

1. Oro har, Arbizuko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urte lehenagotik.

c) Arbizun urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Arbizuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak Arbizuko Udaleko katastroan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunendako.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Arbizuko Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondoren.

37. artikulua. Ahuntzak larratzea baimentzen ahalko du Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen zerbitzuak.

38. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, Arbizuko Udalak baliokidetzak finkatu ditu erregistratzeko gaitutako abeltzaintza zerbitzuaren katastroan sartutako azienden arabera.

Hona hemen testu osoa:

ARBIZUKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Arbizuko udal-mugarteko herri-ondasunen gainean administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak bertzerenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bertzela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Arbizuko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Arbizuko Udalak herri-ondasunei dagokienez hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Arbizuko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Arbizuko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Jarraikiko zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Arbizuko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Arbizuko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aitzinetik idazkariaren, aholkularitza juridikoaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herri-ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, berariaz adierazi behar da herri-ondasun direla.

9. artikulua. Arbizuko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Arbizuko Udala herri-lurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demanda judizialen gainetik egongo da, eta ez die haiei amore emanen, non ez duen Udalbatzak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren berariazko onespena beharko da aurretik.

11. artikulua. Arbizuko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

12. artikulua. Arbizuko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo bertze zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsagarriez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da; eta utzarazpen administratiboaren bidezko prozeduraren arauei jarraitu beharko zaie.

13. artikulua. Arbizuko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

14. artikulua. Arbizuko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 26. artikuluan xedatzen den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Arbizuko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

15. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxeetarako egur-aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako bertze aprobetxamendu batzuk.

16. artikulua. Arbizuko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

17. artikulua.

1. Oro har, Arbizuko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urte lehenagotik.

c) Arbizun urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Arbizuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak Arbizuko Udaleko katastroan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunendako.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Arbizuko Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondoren.

18. artikulua.

1. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da izanen azken enkanteko hasierako prezioa baino merkeagoa.

2. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabortz egun natural lehenagotik gutxienez ere.

3. Hala ere, laborantzako herri-lurren edo herri-larreen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da toki erakundearen iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bortz egun lehenago, gutxienez.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

19. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak zuzenean ustiatuko ditu toki-erakundeak edo enkante publiko bidez adjudikatuko ditu.

20. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Arbizuko Udalak berdintasun eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emanen die familia-unitatearen titular hauei:

a) Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak.

b) Jabetzan edo bertze modu batez, antzeko lurrik ez dutenei.

c) Herri-lurretako bertze aprobetxamendurik ez dutenak.

Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, jardueretan aritzeari dagokion tokiko zerga-oinarria, eta horren gisako bertze zeinahi datu.

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu mota honetarako, Arbizuko Udalak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da aurrekontu arruntean. Adjudikazio-prozedura, ordenantza honen V. tituluaren araberakoa.

2. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen ehuneko laurogeita hamarra baino gutxiago.

3. Kanona aurreko paragrafoan adierazitakoaren %50 izanen da, hala eskatzen duten onuradunendako, baldin eta frogatzen badute familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak direla lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerak, guztira, aipatutako soldata halako bat eta erdi baino gutxiago direla.

4. Ondorio horietarako, familia-unitatean desgaitasun fisikoa edo mentala duen kide bakoitzeko (agiriz frogatua), zenbatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko hirurogeiko diru-sarrerak daudela.

5. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera. Nolanahi ere, kanonak Arbizuko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Herri-lurren aprobetxamenduak baliatzeko epea 8 urtekoa izanen da, eta luzatzen ahalko da, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 148. artikuluaren arabera.

23. artikulua.

1. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo bertze batzuei lagatzeko.

2. Arbizuko Udalak zehaztuko du zenbat laborantzako lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta dagoen herri-lurra eta adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak eta familia-unitatearen egoera ekonomikoa ere.

24. artikulua.

1. Arbizuko Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

2. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:

a) Nekazaritzako makinak edukita, adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenen kasuan.

b) Arbizuko Udalaren Landazaintza Zerbitzuaren edo Nekazaritza Batzordearen txostenari jarraituz, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.

c) Honako alderdi hauei buruzko egiaztagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez dituztenen kasuan: lur-lantze lanei buruz, lehengaiak erosteko lanei buruz eta produktuak saltzeko lanei buruz, betiere lanok berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak direnean.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenak, horretara beharturik egonik.

e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak izatea.

f) Bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodun izanik, aziendak udal honetako abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

25. artikulua. Laborantzako herri-lurrak zuzen landu eta aprobetxatu beharko dituzte onuradunek.

26. artikulua. Onuradunek herri-lurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, adjudikatutakoak ez diren bertze aprobetxamendu batzuetarako.

27. artikulua. Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko Arbizuko Udalaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak egiteko honako material hauek erabil daitezke: harlauzak, zura, landareak edo taketak burdin hariekin. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, edo hormigoi-blokezkoak.

28. artikulua. Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.

29. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskaria egin gabe eta Arbizuko Udalak baimenik ematen ez badu.

30. artikulua. Arbizuko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen adjudikazioak eraginik gabe uzten ahalko ditu, herri-lur horietan arbolak sartzea eta bertze hobekuntza batzuk bultzatzen baditu.

Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela ekarriko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik onuradunarendako. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

31. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, partikularren finkekin batean, baterako ustiapen unitatea osatzen baitute, aprobetxamendua hasi aurretik, Udalak, osoko bilkuran, zenbait eremu ezarriko ditu.

32. artikulua. Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun. Adjudikazio-prozedura izanen da herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez eta, bide hori agorturik, enkante publikoaren bidez. Herri-larreen adjudikazio-prozedura, ordenantza honen V. tituluaren araberakoa izanen da.

33. artikulua. Herri-larreak adjudikatzerakoan, Arbizuko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

34. artikulua. Familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Arbizuko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 20. artikuluan islatzen den bezala.

35. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Honi dagokionez, ulertuko da herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen familia-unitateko bizilagun titularrek aziendak ateratzen dituztenean Arbizuko Udalerriko Abere Aberastasunaren Katastrotik.

36. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak beharko du osasun ziurtagiria, frogatzeko betetzen direla behar diren baldintzak, ezarrita daudenak herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan, hau da, dagokion foru legean eta haren erregelamenduetan.

37. artikulua. Ahuntzak larratzea baimentzen ahalko du Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen zerbitzuak.

38. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, Arbizuko Udalak baliokidetzak finkatu ditu erregistratzeko gaitutako abeltzaintza zerbitzuaren katastroan sartutako azienden arabera.

39. artikulua. Artzaintza-garaiak, motak eta bazkatu beharreko azienda kopurua ezartze aldera, Arbizuko Udalak honako irizpide hauek ezartzen ditu data zehatzei buruz, aziendak ingurumen-faktoreak kontuan hartuta bazka ditzan. Maiatzetik urrira bitartean, gutxi gorabehera. Klimatologiak horretara eramanda, edo bazkaren kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, aurreko artikuluan zehaztutako eskualdeetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Arbizuko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.

40. artikulua. Arbizuko Udalak urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda eta larratzeko eremua zehaztuta.

41. artikulua. Arbizuko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei ohartarazi ondoren, aprobetxamenduen adjudikazioak eraginik gabe uzten ahal ditu, herri-lur horietan arbolak sartzea eta bertze hobekuntza batzuk bultzatzen baldin baditu.

Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA.–ZURAREN ETA EGURRAREN APROBETXAMENDUAK

42. artikulua. Herri-basoetako aprobetxamenduak eginen dira jarraikiz basoen arloko foru araudiak ezarritako baldintzei eta baimenei. Administrazioen arteko lankidetzaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan basoen arloan eskumena duen departamentuak txosten bat eginen du, toki-erakundeak eskatuta, aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoari buruz. Balorazioa orientabide modura eginen da, eta ez da loteslea izanen.

Herritarrek etxerako eta materialetarako egurraren aprobetxamendua egiten dutenetan, toki-erakundeak finkatuko ditu zenbatekoa, epeak eta gainerako baldintzak, eta ez da inola ere onartuko saltzea.

Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Arbizuko Udalak etxerako egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

43. artikulua. Arbizuko Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

44. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea. Epaitza horiek biltzeko epea hiru hilabetekoa da enkantearen egunetik hasita, Udalak baimen esplizitua eman ezik.

45. artikulua. Adjudikatu diren epaitzetatik kanpora, botatzeko arbolen enkantea eginen du, urtero, Arbizuko Udalak.

46. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Arbizuko Udalak aurrekontu arruntean. Toki entitateek zur eta egurretako aprobetxamenduak bertzerentzen ahalko dituzte, enkantearen tramitea egin gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 170. artikuluan ezarritako kasuetan.

47. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BERTZE APROBETXAMENDU BATZUK

48. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak sartuz eratzen diren barrutietan, eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

49. artikulua. Arbizuko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu nahiz hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

50. artikulua.

1. Arbizuko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Osoko Bilkuraren erabakia, edo toki entitateko gobernu eta administrazio organo gorenarena, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Foru Komunitateko Administrazioak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sortzen zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, baldin zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

51. artikulua. Arbizuko Udalak erabakia hartu ondotik, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Arbizuko Udalaren iragarki-taulan argitara eman ondoren. Bertan, eskabideak onartzeko epea zehaztuko da.

52. artikulua. Aprobetxamendurako eskabideekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, bertzeak bertze honako hauen gainekoa:

a) Herriko biztanlea izatea, gutxienez 3 urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioko aprobetxamenduetarako, eskatzaileek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak laborantzako zenbateko azalera duen jabetzan, bai udal honetan bai bertze batzuetan, labore mota berariaz adierazita.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai bertze batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko kapital zergagarriak, salbu eta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai mugarte honetakoak bai bertzeetakoak, familia-unitateko kide bakoitzak dituen azienden kopurua eta espeziea adieraziz, dagokion ziurtagiriarekin batera, larreak hartzea eskatuz gero.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Arbizuko Udalak beretzat gordetzen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko ahalmena, egiaztatze aldera errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak.

53. artikulua. Eskaerak ikusita, Udalaren Osoko Bilkurak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behineko, adierazita zein den aprobetxamenduaren tokia edo lotea. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

54. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak Udalaren iragarki-taulan paratuko dira 15 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko, bidezko irizten diren alegazioak egin daitezen. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

55. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.

Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunetan, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak Arbizuko Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

56. artikulua. Behin-behineko zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

57. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.

d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

e) Adjudikazioetan artzaintzarako ezarritako epe eta eremuak ez errespetatzea.

f) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

58. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

Baldin e) arau-haustea bada, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bortz eta gehienez halako hamar ordainduko da. Aprobetxatutakoaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da 60 eta 12.000 euro artekoa.

Hori guztia, Herri-lurren Legea eta Foru Erregelamendua aplikatuz ezar daitezkeen zehapenen kalterik gabe.

OHARRAK:

(1) Udalak zehaztuko du kanona, eta antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen ehuneko berrogeita hamar artekoa izaten ahalko da.

(2) Erabiltzeko epea ez da zortzi urtetik beherakoa ez eta laborearen bizitza baino handiagoa izanen, lurra urte anitzeko aprobetxamenduetarako erabiltzen bada.

Ordenantza hau hasiera batez onetsi zuen Arbizuko Udalak, 2020ko urtarrilaren 29an egin osoko bilkuran, eta 2020ko 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28koan.

Iragarkiaren kodea: L2502020