Iragarkia
54. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 18a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZANGOZA
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru lanpostu, D mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko; Zangozako Udaleko obretako brigadari atxikita daude
Alkatetzak 2025eko martxoaren 6an emandako 19/2025 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi da: "Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Zangozako Udalean"; hona hemen haren oinarriak:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdiaren xedea da Zangozako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzea; plantilla organikoan haien identifikazio kodeak 40.3, 40.4 eta 40.5 dira, eta obretako brigadari atxikiak daude (Obra eta Lorategien Zerbitzuen Alorra).
Deialdiaren xede diren lanpostuak honako txanda hauetan banatzen dira, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan xedatuarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):
a) Txanda irekiko lanpostua: plantilla organikoko 40.5 lanpostua. Lan-araubidekoa.
b) Nafarroako administrazio publikoetako langileentzako igoera-txandako lanpostuak: plantilla organikoko 40.3 eta 40.4 lanpostuak. Funtzionarioen araubidea.
1.2. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 7.3 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
1.3. Izendapenak, ondorio guztietarako, nominako eta plantillako funtzionario edo langile lan-kontratudun finko bihurtuko du izangaia, eta aukeratzen duen lanpostuari lotuko zaio. Araubide horietako bakoitzerako Zangozako Udaleko langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu, eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.
1.4. Lanpostuek D mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta Zangozako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, baita plantilla organikoan horietarako jasotzen diren osagarriak ere.
1.5. Lanaldia urtero ezarriko da, zerbitzuaren beharretara egokiturik, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak honako hauek dira:
Obra eta lorategietako brigadaren berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzak; hona hemen horietariko batzuk, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
a) Berariazko eginkizunak.
–Igeltserotza lanak, orokorrean.
–Lorezaintza-lanak, kale eta plazetako zuhaitzak inaustea, eta, ondorioz, ereitea, landatzea, ureztatzea, azpiegiturak programatzea eta mantentzea, belarra lantzea, moztea eta sastrakak kentzea, eta parkeak eta lorategiak mantentzea. Bide publikoetako eta udal-finketako lanak.
–Soldadura lanak.
b) Eginkizun nagusiak:
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako mantentze-lanak.
–Ibilgailuak eta makinak gidatzea.
–Zer zerbitzuri atxikitzen zaion, harexek berezko dituen makina, erreminta eta lanabesak erabiltzea eta haiek mantendu eta konpontzeko lanak egitea.
–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.
–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea.
–Agertokiak, hesiak eta gainerako tresnak muntatzea eta desmuntatzea, udalak programatutako jaietan eta ekitaldietan edo udalaren laguntza dutenetan.
–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
1.7. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 3. eta 9. oinarrietan xedatutakoarekin bat.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Txanda irekia.
Deialdira onartuak izateko, izangaiek bete beharko dituzte ondotik ematen diren baldintzak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta 7.3 apartatuak aipatzen dituen agiriak aurkezteko epearen barnean eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte, haren edukitza delako 7.3 apartatuan ezarritako epeari baitagokio. Hona hemen:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek (legezko banantzea ez badago), 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.
f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
2.2. Igoera-txanda.
Igoera txandako izangaiek, aurreko apartatuan aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita, deialdi honetako 7.3 oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea; edo, eskatutako titulazioa izan ezean, Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatzea.
2.3. Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak beharkizun horiek frogatu beharko ditu, deialdi honen 7.3 oinarrian ezarritako epean eta moduan. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, baita hautapen prozesu osoan ere, izendapen egunera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak aurkeztu beharko dira Zangozako Udalaren erregistro orokorrean (Kale Nagusia 35, 31400, Zangoza), edo Zangozako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.sanguesa.es/default.aspx)30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:00 arte. Eskabideek oinarri hauekin batera argitaratutako ereduari jarraitu beharko diote, hau da, oposizio-lehiaketan onartua izateko eskabideari. Udalaren bulego nagusietan ere eskuratzen ahalko da, bai eta Interneteko www.sangüesa.es helbidearen bidez ere.
3.2. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) Eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia konpultsatua.
c) Tasa ordaindu izanaren agiria.
d) Lehiaketaldian alegatutako merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia autentifikatuak.
e) Gidabaimenaren fotokopia.
Dokumentu horiez gain, minusbaliotasunen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
3.3. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartzen duten izangaiek, horretaz gain, 2.2 apartatuan adierazitako baldintzen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Zangozako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Zangozako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.
–1. epaimahaikidea: Zangozako Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Zangozako Udaleko administrari-ofizial bat (izendatzeke).
–2. epaimahaikidea: Zangozako Udaleko administrari-ofizial bat (izendatzeke).
Ordezkoa: Zangozako Udaleko administrari-ofizial bat (izendatzeke).
–3. epaimahaikidea: Zangozako Udaleko langileen ordezkari bat.
Ordezkoa: Zangozako Udaleko langileen ordezkari bat.
–Epaimahaikide idazkaria: Zangozako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Ledeako Udaleko idazkaria.
5.2. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik-norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa.
Epaimahaiak Zangozako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen ditu argitara gainerako probetarako iragarkiak.
6.2. Lehiaketaldia. 30 puntu, gehienez.
Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak, baremo honi jarraikiz:
A) Lanbide-esperientzia. 12 puntu, gehienez.
a.1) Administrazio publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo antzeko lanpostuetan egindako urte oso bakoitzeko (1.6.a apartatuko berariazko eginkizunetako edozein eginez): 4 puntu urteko, eta 12 puntu gehienez ere. Urte zatiak proportzionalki hainbanatuko dira.
Apartatu hau frogatzeko, dagokion toki entitatearen ziurtagiria aurkeztuko da.
a.2) Enpresa publiko edo pribatuetan (besteren kontura) edo autonomo gisa (norberaren kontura) deialdiko lanpostuaren pareko lanpostuetan egindako urte oso bakoitzeko (1.6.a apartatuko berariazko eginkizunetako edozein eginez): 2 puntu urteko, eta 6 puntu gehienez ere. Urte zatiak proportzionalki hainbanatuko dira.
Apartatu hau frogatzeko, besteren kontura egindako zerbitzuen kasuan, enpresa-ziurtagiria edo lan-kontratua aurkeztuko da, Gizarte Segurantzako lan bizitzaren txostenarekin batera (apartatu honetan, 7, 8, 9 eta 10 kotizazio-taldeetan sartutako denboraldiak baino ez dira baloratuko). Bestetik, norberaren kontura lan egindako aldiak frogatzeko, ekonomia-jardueren gaineko zergaren ziurtagiria aurkeztuko da, Gizarte Segurantzako lan bizitzaren txostenarekin batera.
B) Prestakuntza. 14 puntu, gehienez.
b.1) 1.6.a) apartatuan zerrendatutako espezialitateetako goi-mailako Lanbide Heziketako titulazio akademikoengatik, 4 puntu titulu bakoitzeko, gehienez 8 puntu.
b.2) 1.6.a) apartatuan zerrendatutako espezialitateetako erdi-mailako Lanbide Heziketako titulu akademikoengatik, 2 puntu titulu bakoitzeko, gehienez 4 puntu. Puntuazio hori bateraezina izanen da b.1 apartatuaren arabera baloratutakoarekin, baldin eta hautagaiaren titulazioa espezialitate berari buruzkoa bada.
b.3) Lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntza (makinen erabilera, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, soldadura, lorezaintza, mantentze-lanak edo fitosanitarioak): ikastaro guztietako orduak batuko dira eta 0,10 puntu emanen dira ikastaroak irauten duen ordu bakoitzeko, gehienez 5 puntu.
b.4) Laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko ikastaroa (gutxienez 30 ordukoa): 1 puntu, gehienez.
C) C motako gidabaimena: 4 puntu.
6.3. Oposizioaldia. 70 puntu, gehienez.
Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira bertan:
Lehen ariketa.–Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Deialdiaren I. eranskineko gaiei buruzko 50 galdera erantzun beharko dira idatziz. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakar bat izanen da zuzena. Epaimahaiak gehieneko iraupena zehaztuko du hura hasi baino lehen. Proba honetan gehienez ere 25 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 12,50 puntu erdietsi behar dira. Erantzun zuzenei 0,50 puntu emanen zaizkie, eta erantzun okerrak 0,15 puntu kenduta zigortuko dira. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.
Bigarren ariketa.–Praktikoa, zenbait probaz osatua, deialdiaren 1.6 oinarrian adierazitako zenbait eginkizuni buruz.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean ala gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu emanen dira, eta 17,50 puntu erdietsi behar dira, gutxienez, proba guztiak batuta.
Hirugarren ariketa.–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatutako zenbait proba psikotekniko izanen dira, izangaiak deialdiaren xedeko lanpostuari eta haren ezaugarriei nola egokitzen zaizkien baloratzeko. Proba honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bigarren ariketa gainditzen dituztenek baino ez dituzte eginen proba horiek.
6.4. Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, jendaurrean jarriko dira, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Bazterturik geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietariko baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak.
7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda eginen du, puntuazio handienetik txikienerako ordenan antolatua, bakoitzak ateratako kalifikazioarekin. Zerrenda Zangozako Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta www.sangüesa.es web-orrian.
Hautaproben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan -hurrenez hurren eta ordena berean- puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak irauten badu, zozketa bat eginen du epaimahaiak.
7.2. Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio puntu gehien erdietsi eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena, espediente osoarekin eta aipatu zerrendarekin batera; proposamena loteslea izanen da. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean:
a) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan ez dela dioena.
b) Zangozako Udaleko Prebentzio Zerbitzuak egindako osasun txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasunik nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.
c) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.
d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
e) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.
g) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.
Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.
7.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposaturiko izangaiek aipatutako agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izanen dira izendatu, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiekeen erantzunbeharra ukatu gabe.
7.5. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, Alkatetzak beste izangai batekin beteko du hutsunea, gainditu duten izangaiekin 7.1 apartatuan heldu den zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin; harekin ere aurreko apartatuetan adierazi bezala jokatuko da.
8. oinarria.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen prozedura buruturik, Alkatetzak Zangozako Udaleko langile –funtzionario edo lan-kontratudun– izendatuko ditu, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua betetzeko, eta lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituko dizkie, txanda bakoitzeko –irekia eta igotzekoa– puntuazio ordenaren arabera, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten hautagaiei.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez badira, Zangozako Udaleko lan-kontratudun finkoa edo funtzionarioa izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrela gertatuz gero, 7.4 eta 7.5 oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio.
9. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, Zangozako Udalean aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko dira:
- 1.a: Hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiek osatuko dute.
- 2.a: Proba teorikoa gainditu duten izangaien zerrenda. Proba teorikoa gainditu dutenek osatuko dute bigarren zerrenda hau, betiere lehendabiziko zerrendan ez badaude.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, bai eta Zangozako Udalaren iragarki-taulan ere.
9.2. Izangaiek lehenbiziko zerrendan duten ordena hautapen prozesuan ateratako puntuazioaren arabera erabakiko da, handienetik txikienera, eta bigarren zerrendan, proba teorikoan ateratako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.
9.3. Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du erran nahi interesdunei onartu zaienik 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira ondoko apartatuan ezartzen den maneran.
9.4. Zerrendetako izangaiei dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direlako ziurtagiriak, kontratua gauzatzen denean ekarri ere, jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak aurkeztuz.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Zangozan, 2025eko martxoaren 6an.–Alkatea, Javier Solozábal Amorena.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.
2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.
3. gaia.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.
4. gaia.– Udal-mugarteko alderdiak eta leku izenak. Udalerriko kaleak, izen ofizialak eta usadiokoak.
5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea.
6. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak.
7. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.
8. gaia.–Udalaren makinak, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea.
9. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.
10. gaia.–Lorezaintzako tresnen ezagutza eta maneiatzea: eskuzkoak, elektrikoak eta motorizatuak. Lorezaintzako produktuen ezagutza.
11. gaia.–Arbolen, zuhaixken, landaresien, sasoiko loredun parterren, landare geruzagileen eta erraboilen landaketa.
12. gaia.–Lorezaintza: ureztatzeko instalazioak. Ureztatze sareen programatzea eta mantentze-lanak. Lorategien ongarritzea.
13. gaia.–Soldadura. Kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak.
II. ERANSKINA.–OPOSIZIO-LEHIAKETAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
Iragarkiaren kodea: L2503529
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
