1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
36/2025 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio "Ablitasko organoa" izeneko musika-instrumentua kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarrien kategorian sailkatuta.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako kultur ondarea babestu, kontserbatu, berreskuratu, ugaritu, ikertu, zabaldu eta hurrengo belaunaldien esku jartzea. Deklarazioa egiteko, dagokion administrazio prozedura hasi, izapidetu eta ebatzi behar da.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak Ablitasko Ondarearen Elkartearen eskaera bat jaso du, non eskatzen baitu hasiera ematea Ablitasko Santa Maria Magdalena elizan dagoen "Ablitasko organoa" kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarrien kategorian sailkatuta. Organoaren titularra Eliza katolikoa da.
Ablitasko Ondarearen Elkarteak 2025eko otsailaren 12an aurkeztu zuen eskaera, justifikazio-memoria batekin batera, zeina deklarazioaren tramitea hasteko espedienteari erantsi baitzaio. José Luis Echechipía Parisek sinatu du txostena, organista eta ANAO-Nafarroako Organoaren Lagunen Elkarteko batzorde teknikoko kidea bera.
Dokumentu horretan jasotzen den bezala, Ablitasko organoa Nafarroako eta Aragoiko tradiziozko organogintzaren adierazgarririk onenetako eta osoenetako bat da. Miguel eta Gregorio Usarralde anaiek eraiki zuten 1805ean, hots, Zaragozan kokatu ziren nafar jatorriko organo-egile ospetsuek, zeinek, lan horretaz aparte, ez baitzuten bestelako lanik egin Nafarroan.
Oso instrumentu osoa da, eta, ziurrenik, eskola horretako organoen artean Nafarroan gordetzen den handiena (205 x 167 x 150 cm). Gure erkidegoan oso bakanak diren eraikuntza-ezaugarriak ditu, eta gauza bera esan daiteke tinbre-ezaugarriei buruz, batez ere 7 ilarako pistoi-kornetari dagokionez; izan ere, 15. eta 17. harmonikoak errepikatuak ditu, eta 19.a falta du.
Kutxari dagokionez, Nafarroan kontserbatu den Errenazimentuko ale bakanetako bat da, baita zaharrenetako bat ere; izan ere, Nafarroako organo gehienak XVIII. mendetik aurrerakoak dira. Altzaria berrerabilia da, eta, ziur aski, baita aurreko instrumentuaren hodi kanonikoak ere (Guido Baldo Fulgenciok egina zela uste da). Egiturari dagokionez, fatxada bat da, zehazki. Instrumentua barrualdera barneratzen da fabrikako arku baten azpitik, ondoko parrokia-etxearen zati bat okupatuz. Huraxe da funtzionamenduan dagoen organo bat eduki dezakeen kutxa bakarra, beharrezkoa den zaharberritzea egin ondoren.
1826an, organoa goi-koruaren ondoan dagoen tribuna batera eraman zuten, Epistolaren nabearen aldean. Hori dela eta, altzaria berritu eta haren zati bat estutu egin zuten, kaleak berriz konfiguratuta, bai espazio berrira egokitzeko, bai pedalei lekua uzteko. Hori agerian geratzen da moldura eta kartela batzuk moztu zirelako eta muturretan euskarriak jarri zirelako.
XX. mendearen hasieran 49 notako teklatu berri bat instalatu zen eta hauspoak berritu ziren. Itoginek organoari kalte egin zioten, eta, hori dela eta, pandereteak desmuntatu ziren, bai eta hodi txiki gehienak ere, zeinak hauspoen azpian dagoen atzeko gelan gordetzen baitira.
Organoari lege babesa eman beharra abalatzen duten arriskuen artean, musika-instrumentuaren kalitatea eta berezitasuna aipatu behar dira, bai eta jasan duen narriadura progresiboa ere, mantentze-lan faltaren ondorioz eta azken urteotako abandonatze orokorreko prozesuaren ondorioz.
Gaur egun, Ablitasko gizartea oso kontzientziatua dago instrumentu hori berreskuratu beharraz, eta badaude hura birgaitzearen, erabiltzearen eta mantentzearen alde lan egiteko gaitasuna eta interesa duten elkarteak eta erakundeak.
Horrenbestez, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren iritziz behar bezala justifikatuta dago Eliza katolikoaren jabetzako organo horren garrantzia eta berezitasuna, eta bat etorriz Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin, proposatzen du behar den espedientea hastea Ablitasko organoa musika-instrumentua kultur intereseko ondasun deklaratzeko, ondasun higigarrien kategorian sailkatuta.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea Ablitasko Santa Maria Magdalena elizako "Ablitasko organoa" musika-instrumentua kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarrien kategorian sailkatuta. Organoaren deskribapena eta ezaugarriak espedientean daude jasota.
2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Ablitasko Ondarearen Elkarteari, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Kultur Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrari, zeina atxikita baitago Kultura Ministerioko Ondare Historikoaren Dokumentazioaren eta Erregistroen Zuzendariordetzari, ondasunaren prebentziozko idatzoharra egin dadin, bai eta ukitutakoei ere, espedientean agertzen denarekin bat.
Iruñean, 2025eko otsailaren 25ean.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.
Iragarkiaren kodea: F2502918