1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
35/2025 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio "Ecijako zazpi haurrak" izeneko margolana kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarrien kategorian sailkatuta. Margolan hori Gustavo de Maeztu y Whitneyk egina da, eta haren jabea Lizarrako Udala da.
Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, Lizarrako Udalaren Gustavo de Maeztu y Whitneyren Bilduma kultur intereseko ondasun deklaratu zen. Espediente hartan obra guztiak zehaztu ziren, baina "Ecijako zazpi haurrak" margolana berariaz baztertu zen; izan ere, "kontserbazio egoera txarrean zegoenez, ezin izan da hura behatu, eta, beraz, ez dago argazkirik, ez daturik hura osorik deskribatzeko". 2019an, obra hori zaharberritzeari ekin zitzaion, eta, lanak bukatu ondoren, koadroa Gustavo de Maeztu museoan eseki zen; izan ere, bilduma osoa han gordetzen da eta pieza garrantzitsuenak han erakusten dira.
Gustavo de Maeztu y Whitneyk Lizarran bizi eta lan egin zuen bere bizitzako azken urteetan. Haren oinordekoek, artistaren nahiari jarraituz, Lizarrako estudioan zeukan obra guztia udalerri horretako udalari eman zioten.
Gustavo de Maeztu (Gasteiz, 1887 - Lizarra, 1947) intelektual eta artista polifazetikoa izan zen, teknika eta material ugarirekin esperimentatu zuena, mota guztietako generoak landuz; horien artean nabarmentzekoak dira, bere lanetan motibo zentralak izan baitira, alde batetik, eskulturaren ikuspegitik tratatutako giza irudia, eta bestetik, dekorazio-estetika duten paisaiak.
"Ecijako zazpi haurrak" koadroa, "Ecijako zazpi bidelapurrak" izenaz ere ezagutzen dena, formatu handiko obra da (395 x 288 cm). Eszena dinamiko bat da; kromatismo handiko paisaia batean, zazpi zaldun ageri dira, zenbait planotan banatuak, Écija atzean dutela. Pertsonaiak mugimendu betean harrapatuta daude, eta arma eskuetan dutela ageri dira, jaka laburra, gerrikoa, buruko zapia, Calañasko kapela, bota luzeak ezproiekin eta manta jantzita. Lehen planoan, bi irudi nabarmentzen dira, zatikatuak: trabukoa duen bidelapur bat, zeina biratuta ageri baita bere zaldiaren uhalei eusten dien emakume atletikoari begiratzeko. Margolanean, kostunbrismo folklorikoa nahasten da gazte kuadrilla horren ikuspegi erromantikoarekin. Izan ere, gazte horiek 1808an elkartu ziren Napoleonen aurka borrokatzeko, eta Córdoba eta Sevilla arteko bideetan lapurretak egiten bukatu zuten 1817ra arte. Gustavo de Maeztu museoan koadro horren zirriborroa gordetzen da.
"Ecijako zazpi haurrak" izeneko margolanaren interes historiko artistikoa Lizarrako Udalaren jabetzako Gustavo de Maeztu y Whitneyren Bilduman kontserbatzen den margolan garrantzitsuenetako bat izatean datza. Margolan hori duela urte batzuk kultur intereseko ondasun deklaratutako piezen zerrendatik kanpo utzi zen, bere kontserbazio egoeragatik katalogatu ezin izan zelako, baina gero zaharberritu egin zen, eta gaur den egunean leku nabarmena dauka Gustavo de Maeztu museoaren erakusketan.
Horrenbestez, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren iritziz behar bezala justifikatuta dago pieza horren garrantzia eta berezitasuna, eta bat etorriz Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin, proposatzen du behar den espedientea hastea Gustavo de Maeztu y Whitneyren "Ecijako zazpi haurrak" izeneko margolana, zeina Lizarrako Udalaren jabetzakoa baita, kultur intereseko ondasun deklaratzeko, ondasun higigarrien kategorian sailkatuta.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea Gustavo de Maeztu y Whitneyren "Ecijako zazpi haurrak" izeneko margolana kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarrien kategorian sailkatuta. Margolaren deskribapena eta ezaugarriak espedientean daude jasota.
2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Lizarrako Udalari, Gustavo de Maeztu museoari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Kultur Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrari, zeina atxikita baitago Kultura Ministerioko Ondare Historikoaren Dokumentazioaren eta Erregistroen Zuzendariordetzari, ondasunaren prebentziozko idatzoharra egin dadin, bai eta ukitutakoei ere, espedientean agertzen denarekin bat.
Iruñean, 2025eko otsailaren 25ean.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.
Iragarkiaren kodea: F2502917