54. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

64E/2025 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena, dirulaguntza hauek eman daitezen norgehiagoka: Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzak, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzeko, finkatzeko eta mantentzea babesteko, horiek 2025ean finantzatzen lagunduz. DDBN identifikazioa: 815740.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki entitateek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, xedatzen du Nafarroako Gobernuak laguntza eta babesa emanen diela toki entitateei, eta sustatu eginen duela berdintasun arloko teknikariak kontrata ditzaten.

Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan kontuan hartzen da toki administrazioak planaren ildo estrategiko guztietan eta bereziki I. ildo estrategikoan duen erantzukizuna; izan ere, horren helburua da genero ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza ereduan, bai eta toki administrazioenean ere.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak Toki Administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate guztien premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki entitateetako errealitate guztien premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau prestatu du, bai toki entitateentzat banan-banan, bai toki entitateen elkarteentzat, dirulaguntza honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak ematea da, Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finka ditzaten toki entitateek, baita teknikari horien mantentzea babestu dezaten ere, finantzaketarako laguntza emanez.

Berdintasun agenteen kontratazioa babestea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen berdintasun helburuak tokian-tokian egon eta bultza daitezen. Berdintasun agenteen kontratazioa bultzatuta eta babestuta, lanbide-profil hori finkatu eta mantendu beharko litzateke toki administrazioetan. Halaber, helburua da figura profesional hori finantzatzeko laguntzak baliagarriak izatea toki entitateen finantza nahikotasuna osatzeko, aipatutako Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legeak esleitzen dizkien eginkizunei dagokienez, 12. artikuluak adierazten duen bezala. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, emaitza hori lortzeko bidean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateetarako dirulaguntzen deialdia onestea, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzeko, finkatzeko eta mantentzea babesteko, 2025ean horien finantzaketarako laguntza emanez.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da: 250.000 euro 2025. urteko gastuen aurrekontuko "080001 08100 4609 232200 Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun arloko politikak eta zainketen aldeko itunak bultzatzeko" partidaren kargura.

Salbuespen gisa, 115.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta oinarri arautzaileak (I. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Baseari haren berri ematea.

Iruñean, 2025eko otsailaren 18an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea 2025erako.

Helburua da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea Nafarroako toki entitateetan, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzeko, finkatzeko eta mantentzea babesteko, langile horiek finantzatzen lagunduz. Laguntza hori, berdintasun arloko teknikariak mantentzen laguntzeko xedea duena, zazpi urtez emanen da gehienez ere.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Nafarroako toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

3. oinarrian biltzen diren betekizun guztiak toki entitateko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagiria III. eranskinean dagoen ereduaren arabera bete beharko da.

3.1. Toki entitateek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. B mailako berdintasun agente bat lanaldi osoan kontratatua izatea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jaso izana 2024. urtean, edo epe diruz lagungarrian lanpostu berri baten kontratazioa hastea.

Kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Ulertuko da kontratazioa epe diruz lagungarrian hasteko baldintza betetzen dela lehen ez zegoen berdintasun agentearen lanpostu berri baterako kontratazio berria egiten denean; inola ere ez da baldintza hori betetzat joko aurretik zeuden B mailako berdintasun agenteen lanaldi osoko lanpostuetan kontratuak berritu, aldatu, berrabiarazi edo ordezteko kasuetan.

Kontratazio bat epe diruz lagungarrian hasten bada, dirulaguntza emateari begira, betekizun hori egiaztatutzat joko da baldin betetzen bada toki entitateko idazkariaren ziurtagiriari (III. eranskina) buruz eskatutakoa, non frogatuko baita toki entitateak konpromisoa hartu duela berdintasun agente bat kontratatzeko; ondoren, diruz lagundutako kontratazioa egin izana frogatu beharko da.

3.1.2. Nolanahi ere, toki entitatearen kontratazioa indarreko legeriaren arabera eginen da, eta une oro egokitu beharko da enplegu publikoaren arloko araudiak eskatutakora. Toki entitateak bakarrik izanen du legedi horretara ez egokitzearen erantzukizuna.

3.1.3. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuetan salbu; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

Era berean, aurreko deialdietan zazpi urtez onuradun izan diren toki entitateek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik eskatu (lanpostu gehigarri baterako kontratazioaren kasuan izan ezik).

3.1.4. Egitura organikoan berdintasun arloko zinegotzia, batzordea edo alorra izatea, edo berdintasuneko eginkizunak dituen alorra edota emakumeen alorra, edo dirulaguntza jasotzeko aldian horietako bat eratzeko konpromisoa hartzea.

Udalerri batek baino gehiagok osatutako toki entitateen kasuan (mankomunitateak, izaera tradizionaleko elkarteak, etab.), bai eta oinarri hauetako 3.2 puntuan aipatzen diren toki entitateen elkarteen kasuan ere, lurraldean berdintasuna kudeatzeko lan mahai bat eratu beharko da. Mahai horretan nahitaez egon beharko dira ordezkatuta toki entitate hori edo entitateen elkarte hori osatzen duten udalerri guztiak. Ordezkaritza hori zehazteko, mahaia osatuko da udalerri guztietako alkateekin edo berdintasun arloko eskumenak dituzten zinegotziekin. Lan mahai horren ardura izanen da lurralde osoan onestea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lanaren plangintza.

3.1.5. Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

3.1.6. Aukera-berdintasunerako plana edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoa edo genero berdintasunerako lan-plana izatea, NABIren "Ibilbidea"ren agirian oinarritua (emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikaren plangintza egiteko NABIk toki entitateei proposatzen dien "Ibilbidea"ren agiria, Nafarroako toki entitateen eremuko berdintasun teknikariekin lankidetzan egina). Ildo horretan, berdintasun arloko teknikariek beteko dituzten eginkizunak egokitu beharko dira aipatutako "Ibilbide" horretan jasotakoetara, bai eta plan horietan jaso ere.

Berdintasun agentea lehen aldiz kontratatzen bada, betekizun hori frogatutzat joko da baldin betetzen bada toki entitateko idazkariaren ziurtagiriari (III. eranskina) buruz eskatutakoa, non frogatuko baita toki entitateak asmoa duela deialdi honek aintzat hartzen duen aldian berdintasun plana edo urteko lan egitasmoa prestatzeko, arestian aipatutako "Ibilbidea"ren agirian oinarritua.

3.2. Onuradun izan daitezkeen toki entitateek elkartze-akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin, lanaldi osoan berdintasun agentea kontratatzeko, honako muga eta baldintza hauekin:

–5.000 biztanletik gorako toki entitateak ezin izanen dira elkartu.

–Elkartutako toki entitateetako guztizko populazioa ezin izanen da, inola ere, 12.000 biztanletik gorakoa izan.

–Lehendik dagoen elkartze-akordio bati atxikitzen ahalko zaizkio gerora beste toki entitate batzuk, baldin eta aurreko bi baldintzak betetzen jarraitzen badute. Nolanahi ere, 5. oinarrian adierazitako dirulaguntza kalkulatzeko, elkartzeko lehen akordioaren kontratazioaren hasierako data hartuko da kontuan beti. Halaber, ondoren aipatzen diren gauzatze konpromisoak eguneratu beharko dira.

Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira elkartutako toki entitate bakoitzak bere gain hartutako gauzatze konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza zenbatekoa. Entitate horiek ere onuradun izanen dira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Horrez gain, adierazi beharko da toki entitate sinatzaileen artean zeinek egin duen kontratazioa.

Aurrekoa gorabehera, elkartze-akordioaren testuan jasota geratu beharko da berdintasun agentearen lanak lurralde ikuspegia izan beharko duela, ziurtatze aldera berdintasun politikek eragina izanen dutela elkartutako entitateei dagokien lurralde osoan, batera. Ildo horretan, oinarri hauetako 3.1.4 ataleko bigarren paragrafoan adierazitakoa hartuko da kontuan bereziki.

4. oinarria. Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak, eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Toki entitate bakoitzak edo toki entitateen elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan, ez gehiago.

Dirulaguntza emanen da 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean lanaldi osoan ari den B mailako berdintasun agente baten langile gastuak finantzatzen laguntzeko, betiere 5. oinarrian ezarritako ehunekoen arabera. 4.2 oinarriak zehazten ditu diruz lagungarriak jotzen diren gastuak.

Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, pertsonal-gastuak diruz lagungarriak izanen dira lanaldi osoa bi pertsonak betetzen badute.

Kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen badu apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, 3. oinarrian ezarri bezala, toki entitateek beste toki entitate batzuekin egiten ahalko dituzte behar diren akordioak, baldintza hori betetzearren. Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa elkartutako entitateen guztirako lanorduek osatzen dutela, nahiz batek bakarrik kontratua formalizatu, eta aurreko paragrafoan xedatutakoa ere aplikatuko da.

Diruz lagunduta kontratatzen den berdintasun agentea alta egoeran egon behar da, eta benetan betetzen NABIren "Ibilbidea"ren agirian jasotako eginkizunak (emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikaren plangintza egiteko NABIk toki entitateei proposatzen dien "Ibilbidea"ren agiria, Nafarroako toki entitateen eremuko berdintasun teknikariekin lankidetzan egina).

Ulertuko da berdintasun agente titularra alta egoeran dagoela soldatarik gabeko baimenetan, lizentzietan, eszedentzietan eta/edo ezintasunetan, edo legerian aurreikusitako antzeko beste edozein kasutan.

Kontratua urte oso batekoa izanen da gutxienez. Nolanahi ere, kontratazioa indarreko legeriara egokituko da beti, bereziki kontuan hartuta 3.1.2 oinarrian adierazitakoa.

Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako beharkizuna.

4.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza erabiliko da berdintasun agentearen nominan jasotako pertsonal-gastuak eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota finantzatzeko, deialdi honen 5. oinarriaren arabera emandako zenbatekoaren mugarekin.

4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Inola ere ez dira diruz lagunduko nominan sartuta ez dauden gastuak, ez eta lan-kontratua amaitzeagatik kontratatutako pertsonari legozkiokeen kalte-ordainak ere. Era berean, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen enplegu publikoaren araudian administrazio kontratuetarako jasotako gehieneko epeak ez betetzeagatik ordaindu beharreko konpentsazioak.

5. oinarria. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2024ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, berdintasun agente baten lanaldi osoari dagokiona.

b) Aurreko atalaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, dirulaguntza ehuneko hauek aplikatuko dira:

–Dirulaguntza ematen deneko lehen eta bigarren urtea, pertsonal-gastuen %85, a) atalean adierazitakoaren arabera.

–Dirulaguntza ematen deneko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteetan, pertsonal-gastuen %70, a) atalean adierazitakoaren arabera.

–Dirulaguntza ematen deneko zazpigarren urtean, pertsonal-gastuen %60, a) atalean adierazitakoaren arabera.

c) Elkartutako entitateek eskatuz gero, proportzionaltasuna aplikatuko da, entitate bakoitzean lanean ematen den denboraren arabera.

d) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion ehunekoak aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko.

e) Entitateak aurreko deialdietan diruz lagundutako kontratazioa eten badu, dirulaguntzaren ehunekoak kalkulatzeko kontuan hartuko da aurreko deialdietan diruz lagundutako denbora.

f) Deialdiren batean toki entitate onuradunari ez bazaio zenbatekorik eman edozein arrazoirengatik (baldintzak behin-behinean ez betetzeagatik, justifikaziorik ez izateagatik, etab.), ez da ulertuko zazpi urteko gehieneko zenbaketa eten denik. Beraz, dirulaguntza eta haren ehunekoak kalkulatzeko, dirulaguntza aurrenekoz ematea eragin zuen kontratazioaren hasiera-data hartuko da kontuan.

6. oinarria. Eskaerak.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, eta agiri bereizietan bidali beharko dute:

a) Eskaera nahitaez aurkeztu beharko da horretarako diseinatutako eskabide ereduan (II. eranskina). Eskabide ereduak barne hartzen ditu urteko lan-plana eta aurrekontua, eta nahitaez bete beharko dira biak.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, kontratazioa egiten duen toki entitatearen ordezkariak sinatu beharko du eskaera.

Eskaera aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da kalkulatzeko zenbateko dirulaguntza eman behar den.

b) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (III. eranskina), egiaztatzen duena 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla eta, era berean, jarduketa diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea 4. oinarrian jasotakoarekin bat datozela.

c) Kontratazioa bi toki entitatek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, haien artean ezarritako akordioaren kopia.

d) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

e) Aurreko kontratazio bat eten bada, egoera azaltzeko txostena.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak atzematen duenean entitate eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan. Aditzera emanen dio, orobat, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 19. artikuluarekin.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. NABIko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek eginen dute aurkezturiko eskeren ebaluazioa. Ebaluazio txosten bat eginen dute, loteslea instrukzio-organoarentzat, non jasoko baita entitate onuradunek behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela dagozkien dirulaguntzak eskuratzeko; halaber, eskaeren balorazioa jasoko du txostenak.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Eskaeren lehentasun hurrenkera:

–Lehenik, lehentasuna emanen zaie deialdi honen aurretik egindako eta 2024. urtean NABIk diruz lagundutako kontratazioei eta, horien artean, antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtekoei, hurrenez hurren.

–Bigarrenik egonen dira, epe diruz lagungarrian hasitako kontratazio berrien artean, aurretik berdintasun agenterik izan ez duten toki entitateek egindakoak edo izan badute ere, aurretik dirulaguntza hau jaso ez duten toki entitateek egindakoak.

–Hirugarrenik, epe diruz lagungarrian kontratazioa hasi duten toki entitateek egindakoak, aurretik berdintasun agentea izan eta hura kontratatzeagatik dirulaguntza jaso badute baina arrazoi justifikatuak direla-eta kontratua eten badute.

–Laugarrenik, berdintasun agentea duten toki entitateek egindakoak, hura kontratatzeagatik dirulaguntzarik jaso ez badute eta beste agente bat kontratatu nahi badute.

–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.

Kasu guztietan, talde bakoitzean berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie biztanleria handieneko toki entitateen eskaerei.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, ikusita Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek egindako ebaluazioa, ebazpen proposamena egin, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Emandako dirulaguntza konturako ordainketa bakarrean ordainduko da. Onuradunak, 2025eko azaroaren 5a baino lehen, aurkeztu beharko du berdintasun agenteari dagozkion pertsonal-gastuek 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra eragindako kostuei buruzko dokumentazio guztia, 10.2 oinarriaren A atalean ezarritakoaren arabera eta atal horretan adierazitako eranskinetara egokituz.

Halaber, dokumentazio horrek 2025eko azaroari dagozkion gastuen aurreikuspena jasoko du.

Justifikazioa aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 31n bukatuko da. Egun hori baino lehen, idazkariaren beste ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, 10.2 oinarriko B atalean adierazitakoaren arabera.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

A) 2025eko azaroaren 5a baino lehen.

Entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta:

–Justifikazio memoria, diruz lagundutako epean berdintasun agenteak zer eginkizun eta jarduketatan parte hartu duen jasotzen duena. IV. eranskineko ereduaren arabera egin behar da.

–Kontratatutako pertsonaren edo pertsonen nominak eta haien ordainagiriak, urtarriletik urrira bitarteko hilabeteei dagozkienak. Nomina horietan jasotakoa bat etorri beharko da V. eranskinean bete den banakapenarekin.

–Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (V. eranskinean eskuragarri), berdintasun agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena.

Ziurtagiri horretan, berdintasun agenteari dagozkion pertsonal-gastuen eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa jasoko da, 2025eko azaroari dagozkion gastuen aurreikuspena barne, eta gastua diruz lagundutako jarduerari behar bezala aplikatu zaiola ere egiaztatuko da. Kontratazioaren kostuaren banakapena hilabeteka bete beharko da, aipatu V. eranskineko ereduan agertzen den bezala.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan berean dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak jasoko dira. Hori guztia, ezertan galarazi gabe 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa.

–Frogagiriak, egiaztatzeko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partzialki aldatu zuen 4/2016 Foru Dekretua).

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Halaber, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoarekin batera, deialdiaren fitxan egonen da eskuragarri, oinarri hauen testuaren amaieran. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

B) 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen.

Entitate onuradunek, dirulaguntza justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, agiri bereizietan eta eskuragarri dagoen eranskinera egokituta:

–Toki entitatearen idazkariaren ziurtagiria, VI. eranskin gisa eskuragarri dagoena. Ziurtagiri horretan, 2025eko azaroan berdintasun agenteak sortutako pertsonal-gastuek eragindako kostuaren justifikazioa jasoko da, V. eranskinean jaso ziren gastuak berresteko (2025eko azaroaren 5a baino lehen aurkeztua).

–Kontratatutako pertsonaren edo pertsonen nomina eta haren banku-ordainagiria, 2025eko azarokoa. Bat etorri beharko da VI. eranskinean jasotakoarekin.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun balioduneko epean, gehienez. Toki entitateak eskaeran adierazi duen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEb) eginen da errekerimendu hori.

10.4. Dirulaguntzaren kalkuluaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa (dirulaguntza emateko ebazpenean ageri dena) baino zenbateko txikiagoa justifikatzen den kasu guztietan, ordaindu beharreko kopurua gutxituko da, eta azkenean justifikatu eta onartu den zenbatekoari deialdi honen 5. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuko zaizkio.

10.5. Aurrekoa galarazi gabe, honako hau hartuko da kontuan ezintasun, eszedentzia, lizentzia edo/eta soldatarik gabeko baimen egoeretan dirulaguntza ordaintzeko, edo legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean:

a) Ordezkapenik eginez gero, kontuan hartuko dira laneko bajan dagoen pertsonaren benetako kostuak, toki entitateak bere gain hartuko dituenak, gehi hura ordezten duen pertsonaren kostua, ordainketa kalkulatzeko soilik, eta emandako zenbatekoa gainditzen ez bada.

b) Lanaldiaren murrizketaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxiagotuko da.

c) Eszedentzietan, lizentzietan, baimenetan edo ordainsaririk ez duten egoeretan, proportzionalki gutxiagotuko da ordaindu beharreko kopurua.

10.6. Bidezkoa izanen da kobratzeko eskubidea kentzea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, kontratazioa bukatutzat eman eta beste agente bat kontratatzen ez badu hilabeteko epean. Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

10.7. Oinarri honetan adierazitako frogagiriak egiaztatuta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak likidazioa egiteko eta espedientea bukatzeko ebazpena emanen du, justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko eskaerarekin, halakorik bada.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, baldin eta haien guztien baturak ez badu gainditzen oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera egindako kontratazioaren guztizko kostua.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotzen ahalko dituzte, helburu eta xede bererako, bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kostuaren %100 baino handiagoa.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, toki entitate onuradunek beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzaren xede den berdintasun agenteari dagozkion pertsonal-gastuak gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko berdintasun agentearen kontratazioan edo lan egoeran sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta baimena eskatzea balizko edozein aldaketa egin aurretik.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den mota orotako informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundeetan, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasun agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea.

13. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

13.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–3.1.2 oinarria betetzen ez dela egiaztatzen bada, %100eko ez-betetzea izan dela ulertuko da.

–4.1 oinarrian ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, %100eko ez-betetzea izan dela ulertuko da.

13.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura arautuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, eta ebatzi beharko da abiarazten denetik 12 hilabeteko epean.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

16. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa.

Iragarkiaren kodea: F2502614