54. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Nafarroako Foru Komunitatean 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean bukatuko diren kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 816186.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak 3. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol politikaren helburuen artean foru komunitatean kirol ekitaldi garrantzitsuak sustatzea dago, bai eta kirolaren arloan koordinazioa, lankidetza eta elkarlan arduratsua bultzatzea ere administrazio publikoen artean eta horien eta foru komunitatean kirola sustatzen eta garatzen diharduten beste entitate publiko zein pribatuen artean.

Deskribatutako beste helburuetako bat da premia bereziak direla-eta kirol jarduerak egiteko zailtasunak dituzten pertsonek kirol jarduerak egitea lehentasunez sustatzea, hala nola adinekoek, desgaituek, etorkinek eta babesgabeko kolektiboek. Horrez gain, desgaituen kirol jarduerak sustatu nahi dira, pertsona horiek erabat gizarteratzen laguntzeko.

Halaber, emakumeak behar bezalako errepresentazioa ez duten kirol jardueren eremuetan sartzea lehentasunez bultzatzeko helburua ezarri da.

Eta, modu berean, ingurune naturalaren aprobetxamendu egokia eta orekatua sustatu eta zaindu nahi da, zenbait kirol jarduera egiteko beharrezko gune gisa. Kirol jarduera eta ingurumenaren babesa bateragarriak izan daitezen zaintzea da asmoa une oro.

Azkenik, uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol jarduera sustatzea planteatzen du, laguntzen eta dirulaguntzen bitartez.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren bidez ematen diren laguntzei esker, gizartearen, kirolaren eta ekonomiaren aldetik garrantzitsuak diren kirol ekitaldiak eta jarduerak antolatu eta egiten ahal dira. Hori guztia, Nafarroako Kirolaren Foru Legearen helburuekin bat, zuzenean edo zeharka kirol jardueren sustapena eta programen antolakuntza eta garapena azpimarratzen duten formulak hartuz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, horrek ezartzen baitu araubide esparru orokorra Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoei zuzendutako dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko.

Era berean, aipagarria da foru komunitatearentzat kirol ekitaldi eta jarduera garrantzitsuak antolatzeak eta egiteak duen eragin ekonomiko zuzena, bai eta zeharkakoa ere, Nafarroaren kirol irudiaren zabalkundeari begira.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismoko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4819-336130: Kirol ekitaldiak antolatzeko laguntza

2025

175.000,00

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko otsailaren 21ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean bukatuko diren kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea.

2. Laguntza hauek onura publikokoak dira nafarren artean kirolaren praktika sustatu eta zabaltzen laguntzen dutelako lehiaketa mailan, arreta berezia jarriz emakume eta kolektibo zaurgarrienei, eta zuzeneko zein zeharkako eragin ekonomikoa dutelako.

3. Deialdi honetarako kirol ekitalditzat hartzen da Nafarroan 5 talde hauetako baten ezaugarriak betetzen dituen jarduera fisiko edo kirol jarduera bat antolatzea:

A) taldea Autonomia erkidegoko, autonomia erkidegoen arteko edo estatuko txapelketa eta lehiaketak, sektoreko faseak edo igotzeko eta jaisteko promozioak antolatzea, federatutako lehiaketetan eta kirol garrantzi berezikoak. Federazioak ofizialki onartu beharko du lehiaketa, eta dagokion federazioaren egutegian agertu beharko du. Horrez gain, kirol autoktonokoa izan beharko da (herri kirolak eta euskal pilota), edo kirol modalitateak diruz laguntzeko moduan egon behar du jasota Kirol Kontseilu Gorenaren 2023ko azaroaren 7ko Ebazpenean (Kirol Kontseilu Gorenaren dirulaguntzen deialdietan finantzatu daitezkeen kirol modalitate, espezialitate eta proben katalogoa onartzen duena), 9. eranskinean.

B) taldea Estatuan edo nazioartean duten oihartzunagatik Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuarentzat kirol garrantzi berezia duten proba edo txapelketak antolatzea, estatuko zein nazioarteko federazioen kasuan kasuko egutegien barnean daudenak. Txapelketa federazioak onartu beharko du modu ofizialean. Horrez gain, kirol autoktonokoa izan beharko da (herri kirolak eta euskal pilota), edo kirol modalitateak diruz laguntzeko moduan egon behar du jasota Kirol Kontseilu Gorenaren Ebazpenean (9. eranskina).

C) taldea Jarduera fisiko eta kirol jarduera irekiak antolatzea, gutxienez 100 kirolarirekin, edo interes berezia dutenak Nafarroako bertako modalitateak sustatzeagatik. Talde horretan sartuko da, gainera, federazioak ofizialki onartu dituen txapelketen antolaketa, Kirol Kontseilu Gorenaren aipatu ebazpenean (9. eranskinean) diruz lagungarritzat jotzen ez diren kirol modalitateena, baldin eta gutxienez 100 kirolarik parte hartuko badute.

D) taldea Emakumeen jarduera fisikoa eta kirol jarduera sustatzeko eta ikusarazteko interes bereziko jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzea. Talde horretan sartuko dira emakumeen %100eko partaidetza duten eremu federatuko jarduera fisikoak eta kirol jarduerak, edo emakumeen %100eko partaidetza eta gutxienez 80 emakumerena duten jarduera fisiko eta kirol jarduera irekiak.

E) taldea Talde zaurgarrietako pertsonen kirol jarduera bultzatzeko interes bereziko jarduera fisiko eta kirol jarduera irekiak antolatzea. Gutxienez 50 partaide izan beharko dituzte, eta kolektibo zaurgarriren bateko pertsonek partaide guztien %60 izan beharko dute gutxienez. Kolektibo zaurgarritzat hartuko dira, besteak beste, adinekoak, desgaituak, pobrezia eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak, iraupen luzeko langabeak, etorkinak eta asilo eskatzaileak edo lan eremuan zaurgarriak diren pertsonak (esperientziarik gabeko gazteak, 45 urtetik gorakoak, etab.).

4. Deialdi honetatik kanpo daude:

a) Nafarroako Kirol Jokoetan edo Nafarroako txapelketetan oso-osorik sartuta dauden kirol ekitaldiak.

b) Beste deialdi berariazkoago baten xede diren ekitaldiak.

c) Herrietako jaien programetan sartuta dauden kirol ekitaldiak. Ekitaldiak ez dira muga honen menpe egonen kirol federazio baten txapelketa ofizialak baldin badira.

d) Izaera soziala duten kirol ekitaldiak edo jarduerak, «bazkidearen eguna», «klubaren eguna» edo antzekoen harira programatzen direnak, baita entitatetik kanpoko pertsonen partaidetzarik ez duen beste edozein ekitaldi ere.

e) Soilik beteranoentzat edo masterrentzat diren kirol ekitaldi edo jarduerak.

f) Kirolari adingabekoen (2009. urtean eta geroago jaiotakoak) partaidetza parte hartzaileen %60tik gorakoa den edozein ekitaldi, baldin eta Espainiako txapelketak edo horren aurretiko faseak ez badira. Ez dira apartatu honetan sartuko kirolariak ez diren partaideak, hala nola teknikariak, arbitroak, ofizialak, etab.

g) Lagunarteko partidak eta/edo erakustaldiak.

h) Prestakuntza jarduerak: klinikoak, mintegiak, masterclass-ak, etab.

i) Apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten ekitaldiak. Halaber, bazter uzten dira enpresa mota horien edozein publizitate mota duten ekitaldiak, dela ekitaldia egiten den instalazioetan, dela parte hartzaileen ekipamenduetan eta materialean.

Apartatu honetako c), e), f) eta h) letretan adierazitako salbuespenak ez zaizkie aplikatuko E taldeko kirol ekitaldiei.

2. Helburuak.

Aurreko oinarrian aipatutako dirulaguntzak Nafarroan kirol ekitaldiak eta jarduerak antolatzeagatik sortutako gastuak hein batean laguntzeko izanen dira soilik. Gastuek espresuki izan beharko dute dirulaguntza eskatu den jarduera antolatzeko.

3. Onuradunak eta betebeharrak.

1. Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatutako kirol klubek, kirol klub filialek eta kirol sustapenerako erakundeek. Salbuespen gisa, 1.3 oinarriko E taldeko ekitaldietarako, Nafarroako elkarte, fundazio eta labide elkargoen erregistroetan inskribatutako irabazi-asmorik gabeko entitateek aurkezten ahalko dituzte eskabideak.

2. Entitate horiek 1. oinarrian adierazitako kirol ekitaldiak eta jarduerak antolatu behar dituzte foru komunitatean, eta horiek 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean bukatu beharko dute.

2024ko urriaren 1a baino lehenagoko gastuak sartzen ahalko dira, baldin eta 2024ko urriaren 1etik aurrera bukatzen diren ekitaldietakoak badira.

3. Entitate eskatzaileek beren gain hartu, kudeatu eta gauzatu beharko dute eskatzen den dirulaguntzaren xedeko jardueraren antolaketa.

4. Onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarri diren gainerako debeku egoeretan ez izatea. Aurreko inguruabar hori dirulaguntza eskabidean egiaztatuko da, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, galarazi gabe Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egia ikertzeko duen ahalmena.

c) Laguntza eskatzen denean ez egotea administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, ez dira onuradun izaten ahal laguntza eskatzen denean arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain dauden entitateak. Aurreko inguruabar hori dirulaguntza eskabidean egiaztatuko da, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, galarazi gabe Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egia ikertzeko duen ahalmena.

d) Kirol entitateak normalean kirol jarduerak egiten baditu adingabeekin, ezinbestean bete beharko ditu ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralarenak, 48. artikuluan ezartzen dituen obligazioak. Horretarako, markatu dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren laukitxoa eskabidearen eranskinean edo entregatu adierazpen hori, Administrazioak aurkeztutako aitorpenen edo egiaztagirien egiazkotasuna ikertzeko dituen ahalmenei kalterik egin gabe.

4. Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira bakar-bakarrik dirulaguntzaren kirol jarduerari dagozkion gastuak, zehazki, honako hauek:

a) Jarduera antolatzeko berariaz kontratatutako langileen eta laguntzaileen gastuak. Gastu horri 1.000 euro arteko dirulaguntza emanen zaio. Zenbateko hori handiagoa izaten ahalko da, baina ez da inolaz ere gainditzen ahalko jardueran onartutako gastu aurrekontuaren %25.

Ez dira sartuko entitate antolatzaileko langileen nominak, salbu eta nominan aparteko ordu espezifikoen kontzeptua badago diruz lagundutako ekitaldia antolatzeko.

b) Kasuan kasuko espezialitateko kirolari edo kirol talde garrantzitsuak kontratatzeak eragindako gastuak, barne direla horien mantenu eta ostatatze gastuak. Gastu hori 1.3 oinarri arautzaileko B taldeko ekitaldietan bakarrik onartuko da diruz lagungarritzat.

c) Arbitro, epaile, kirol komisario, federazio kanon eta jarduera gauzatzeko behar diren baimen ofizialen kontzeptuaren kontura ordaindutako gastuak, bidaia, mantenu eta ostatatze gastuak barne.

d) Garaikur, domina eta antzekoak (kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrien arabera: txapelak, maillotak eta abar).

e) Eskudiruzko sariak, jardueran onartu diren diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuaren %25 gehienez ere. Kontzeptu horrek ez du dirulaguntzarik jasoko baldin eta gizonentzako eta emakumeentzako sariak badaude, hau da, sarietan parekotasunik ez badago.

f) Osasun arreta, kirol modalitate bakoitzaren arriskuen araberakoak (anbulantzietako gastua eta/edo osasun arloko langileena), eta istripu eta/edo erantzukizun zibilaren aseguruaren kontratazioa, jarduerak irauten duen aldiari dagokiona.

g) Anoetarako gastuak.

h) Instalazioak eta azpiegiturak: jarduerarako instalazioa egokitzeko guztiz beharrezkoak diren gastuak (lurra markatzea eta sasi garbitzea barne, halakorik behar bada), baita hesiak, podiuma, koltxonetak eta antzekoak garraiatu eta jartzea ere, modalitate bakoitzaren berezitasunen arabera. Kontuan hartuko den gastua jardueraren gastu osoaren %30ekoa izanen da gehienez.

Ez dira kontuan hartuko jarduera antolatzen duen entitatearen instalazioetako gastu arruntak (alokairua, argia, gasa eta abar).

i) Karteletako gastuak eta webgunea eta sare sozialak aldatzekoak, horretan kirol proba txertatzeko eta jardueraren berri emateko.

j) Diruz lagundutako jarduera streaming, argazki eta speaker bidez zuzenean emateko gastuak.

k) Finantza gastuak eta notariotzakoak, halakorik bada, diruz lagungarriak izaten ahalko dira, baldin eta mailegua deialdi hau argitaratu ondoren kontratatzen bada, onuradunak diruz lagundutako kirol jarduera dela-eta hartutako betebeharrei erantzuteko baliabiderik ez duela frogatzen badu, eta maileguaren zenbatekoa osorik erabiltzen bada jarduerarekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko. Horiez guztiez gain, finantza kostuak ezin du merkatuaren balioa gainditu. Bakarrik jasotzen ahalko dute dirulaguntza faktura jaulkitzen den egunetik sortzen diren finantza gastuek, edo, kasua bada, laguntza ematen den egunetik aurrerakoek, hura geroago emanez gero, eta dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen den arte.

l) Oro har, diruz lagungarria den kirol jarduera antolatzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa den beste edozein gastu.

m) Apartatu honetan aurreikusitako gastuei dagokien BEZa, berreskuratu edo konpentsatu ezin denean.

2. Honako hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Material inbentariagarria eta kirol jantziak erostea.

b) Protokoloko eta luxuzko arretarako gastuak (harrerak, opariak, erregaliak eta otorduak).

c) Dohaintzak eta eskuzabaltasunak.

d) Banku kontuetako interes zordunak.

5. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa deialdi honen 2. eranskineko baremoaren eta aplikazio irizpideen arabera zehaztuko da.

2. Dirulaguntzak ez dira inola ere kirol ekitaldia edo jarduera egitetik heldu den defizita baino handiagoak izaten ahalko, eta hala bada murriztu eginen da haren zenbatekoa.

3. Deialdi honen xedeko jardueretarako laguntza 175.000,00 eurokoa izanen da guztira, eta 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako «Kirol ekitaldiak antolatzeko laguntza» izeneko A50002-A5100-4819-336130 partidaren kargura ordainduko da. Diru kopuru hori deialdiaren 1.3) oinarrian jasotako apartatuen artean banatu eta multzotan antolatuko da, honako kopuru hauen arabera:

a) A TALDEA: 73.500 euro. Ekitaldi bakoitzak gehienez ere 12.000 euro arteko laguntza jasoko du.

b) B TALDEA: 31.000 euro. Ekitaldi bakoitzak gehienez ere 22.000 euro arteko laguntza jasoko du.

c) C TALDEA: 45.500 euro. Ekitaldi bakoitzak gehienez ere 7.000 euro arteko laguntza jasoko du.

d) D TALDEA: 15.000 euro.

e) E TALDEA: 10.000 euro.

4. Aurreko edozein multzotan 2. eranskinean ezarritako irizpideen arabera esleitu beharreko kopuruak ez badu erabilgarri dagoen partida agortzen, soberako kopurua gainerako multzoen artean banatuko da, hasieran esleitutako kopuruaren proportzioan.

6. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren webgunea ere baliatu daiteke horretarako: https://www.deportenavarra.es/eu/acontecimientos.

Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematika bidez aurkezten ez den eskaerarik. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Dirulaguntza eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskaera orria, 3. eranskinaren araberakoa.

b) Kirol federazio baten lehiaketa ofiziala bada, kirol federazioaren ziurtagiria, kirol ekitaldiaren modalitateari dagokiona (4. eranskina betez).

c) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala nahi izanez gero (lehen aldia bada edo ordura arte ordainketa egiteko erabiltzen zen kontua aldatu bada bakarrik).

d) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari ekitaldiko 3 argazki emanez gero, entitatearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko da, entitateak antolatutako jardueretan parte hartzen duten pertsonen datu pertsonalak babesteari buruzko araudia uneoro errespetatzen duela adieraziz. Orobat, argazkiak lagatzean, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari lagatako argazkietan agertzen diren pertsonen berariazko baimena duela adierazi behar da, alegia, lagapenaren berri eman behar zaie pertsona horiei, baita Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak argazki horiek web orrietan edo sare sozialetan argitaratzen ahalko dituela ere. Eskaeraren 3. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena betetzen ez bada, entitate eskatzailearena izanen da adierazpen hori aurkezteko ardura.

4. 2025eko martxoaren 1a baino lehen bukatu diren ekitaldiek ere aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau:

–Eranskin honen 12. oinarrian jasotzen diren frogagiriak.

–Eranskin honen 14. oinarrian jasotzen den gardentasun dokumentazioa.

5. Dirulaguntza eman ondotik, 2025eko martxoaren 1etik aurrera bukatzen diren jarduerak dituzten eskabideek bide telematikoan aurkeztu beharko dute jardueraren justifikazioa, 12. oinarrian ezarritakoa betez.

7. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketarako eta instrukziorako organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da.

2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, errekerimendua eginen da dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

3. Gaitutako helbide elektroniko bakarrera eta herritar karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Balorazioa.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak eginen ditu dirulaguntzen espedienteak tramitatu eta ebazteko bidezkoak diren ebaluazioak eta egiaztapenak, horretarako ezarritako baremoari jarraikiz.

10. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du dirulaguntza ematearen gainean, deialdi honetan eskaerak jasotzeko muga egunetik hiru hilabeteko epean gehienez ere. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

2. Deialdi honen barnean ematen diren ebazpen guztiak bide elektronikoak erabiliz jakinaraziko dira, entitate interesdunen herritar karpetara nahiz gaitutako helbide elektroniko bakarrera (DEHú).

Hala ere, ebazpen horiek Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

11. Ordainketa.

1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera eginda eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio onuradunari, dagokion ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.

2. Ez badira gastu guzti-guztiak justifikatzen, dirulaguntza ordaintzean kopurua gutxituko da, multzo bakoitzerako 2. eranskinean adierazitako jarraibideekin bat. Horretarako, kontuan hartuko da onuraduna nabarmen hurbildu den baldintza guztiak betetzera eta, orobat, bere betebeharrak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.

12. Frogagiriak.

1. Diruz laguntzen den kirol ekitaldia edo jarduera egiten den egunaren arabera ezarriko da frogagiriak aurkezteko epea:

–2025eko martxoaren 1a baino lehen bukatzen diren ekitaldiek hasierako eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte frogagiriak.

–2025eko martxoaren 1etik 2025eko maiatzaren 31ra bitartean bukatzen diren ekitaldiek 2025eko ekainaren 30era arte izanen dute frogagiriak aurkezteko.

–2025eko ekainaren 1etik aurrera bukatzen diren ekitaldiek 2025eko urriaren 31 izanen dute azken eguna frogagiriak aurkezteko.

2. Onuradunak behar bezala beterik aurkeztu beharko du 5. eranskina («Justifikazioa»), lehen aipatutako web orrian eskuratu daitekeena, eta dirulaguntzaren entitate onuradunaren legezko ordezkariek sinatu beharko dute. Eta emandako informazioa egiaztatzeko behar den dokumentazioa erantsi beharko du.

3. Honako hauek jasoko dira frogagirietan, aitortzailearen erantzukizunpean:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehea, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna (6. eranskina).

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura/frogagiri eskaneatuak, aipatu zerrendan duten ordena berean. Fakturak jatorrizkoak izan beharko dira edo frogatarako balio bera duten agiriak.

2024ko urriaren 1a baino lehenagoko gastuak sartzen ahalko dira, baldin eta 2024ko urriaren 1etik aurrera bukatzen diren ekitaldietakoak badira.

c) Ordainagiri eskaneatuak honako hauek izanen dira, aukeran: bankuko frogagiriak, «ordainduta» zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri, kontabilitate orriak barne.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria zehaztu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak nola aplikatu zaizkien lagundutako jarduerei (6. eranskina).

e) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan aukeratu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin. Kasu horretan, 7. eranskina bete beharko da.

f) Kasua bada, diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin azpikontratatu dela egiaztatzea, osorik edo zati batean. Kasu horretan, 8. eranskina bete beharko da.

g) Hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin. Kasu horretan, 8. eranskina bete beharko da.

h) Entitate antolatzaileak datuak babesteko indarrean dagoen araudia betetzen badu eta parte hartzaileei jakinarazi eta baimena eskatu badie, ekitaldiko 3 argazki bidaltzen ahalko dira, gutxieneko HD kalitatearekin.

Argazkiak ez dira onartuko, baldin eta entitate antolatzaileak datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen duela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada. Erantzukizunpeko adierazpena egiten ahalko da justifikazioaren 5. eranskinean dagokion laukitxoa markatuta.

4. Beste agiri batzuk.

Entitate eskatzaileak edo/eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak interesgarritzat jotzen duen beste edozein dokumentazio ere aurkeztuko da, gauzatutako jarduerekin zerikusia badu.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Gaitutako helbide elektroniko bakarrera eta herritar karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

13. Betebeharrak.

1. Dirulaguntzen onuradunek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

2. Entitate onuradunak behartuta daude hartutako dirulaguntza beren kontabilitatean edo erregistro liburuetan erregistratzera, diru sarrerak nondik jaso dituzten eta inbertsioa edo gastuak zertarako diren azalduta. Egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

3. Gainera, dirulaguntzaren onuradunak gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, 14. oinarri arautzailean azaltzen den moduan, bestela ez baitzaio aldez aurretik onartutako dirulaguntza ordaintzen ahalko.

4. Entitate onuradunek, beren ekitaldietan, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala zabaldu beharko dute, ezarrita dagoena urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan, honako bitarteko hauetakoren bat erabiliz:

a) Nafarroako Gobernuko langileak, prentsaurrekorako edo sariak emateko.

b) Nafarroako Gobernuaren logoa erakustea honako publizitate dokumentu hauetan: kartela, liburuxka, emanaldiak, jantziak, parte hartzaileentzako opariak...

c) Aipamena egitea webgunean edo sare sozialetan (@deporte–na, @deporte–kirolana, @gob–na, etab.).

d) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak utzitako materiala erabiltzea instalazioaren azpiegiturarako eta/edo ekitaldia antolatzeko. Material hori (podiuma, dortsalak, zinta mugatzailea, helmuga arkua, pankartak eta hesiak) honen bidez eska daiteke: https://www.deportenavarra.es/eu/nkjfiri-material-eskaera.

Ikur hori hemen aurki daiteke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

5. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiliko da komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestuko da, eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari eta erantzukidetasunari lotutako balioak sustatuko dira.

Gainera, berdintasuna izanen da lehiaketetan emakumeei eta gizonei ematen zaizkien sarietan.

6. Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, edozein ekitaldi antolatzen duten kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan, araudian ezarritakoa betez: paperak, inskripzio orriak, kartelak, hedapenerako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

7. Begiratuko da, antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere. Era berean, Ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritako prebentzio neurriak, hondakinak bereizi eta kudeatzeko neurriak eta komunikazio eta sentsibilizazio neurriak bete beharko dira. Adibide gisa, ingurumen jasangarritasuneko neurri hauek biltzen ditu:

–Ez da erabiltzen ahalko erabili eta botatzeko ontzirik edariak —ura barne— doan banatzeko. Edariak saltzeko, erabili eta botatzeko ontzien alternatibak ezarriko dira.

–Txorrotako ura duen ontzi bat edo edalontzi berrerabilgarriak edo botila berrerabilgarrietan dagoen ura dohainik eskatzeko aukera eskainiko da beti.

–Ez da saltzen eta banatzen ahalko edarietarako erabili eta botatzeko edalontzirik. Ontzi berrerabilgarriek UNE-EN 13429:2005 arauaren baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, behar diren bitartekoak jarri beharko dira ondoren horiek berreskuratu eta garbitzen direla bermatzeko.

–Ez da erabiltzen ahalko elikagaietarako erabili eta botatzeko plastikozko ontzirik, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarri edo konpostagarriz osatutakoak izan ezik.

–Erabiliko den baxera berrerabilgarria izanen da, edo, hori ezinezkoa bada, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarri edo konpostagarrizkoa izanen da, edalontziak izan ezik, horiek berrerabilgarriak izan beharko baitira.

–Hondakinen eremuak jarri beharko dira, kasuan kasuko toki erakundeekin bat etorriz egokiak diren edukiontziekin. Aukera emanen da gutxienez honako hondakin hauek bereizteko: materia organikoa, ontzi arinak (edo ontziak eta materialak, erreferentzia sistema hori duten erakundeetan), papera eta kartoia, beira eta errefusa.

–Ekitaldia egin aurretik, erakunde antolatzaileak edo sustatzaileak eskuragarri dauden bitarteko guztien bidez jakinaraziko ditu ezarritako jasangarritasun neurriak, besteak beste web orrien, sare sozialen, prentsaren eta izena emateko orrien bidez. Komunikazio guztietan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da, eta irudi berdinzalea emanen da, genero rolekin lotu gabea, eta emakumeen eta gizonen askotariko irudia eskainiko da. Orobat, ekitaldian, argi eta garbi emanen da hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko ezarritako neurrien berri.

8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradunek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

14. Gardentasun betebeharrak.

Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dago), baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, bi inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen fitxa espezifikoa betez eta entitatearen legezko ordezkariak sinatuz:

2025eko martxoaren 1a baino lehen bukatu diren ekitaldiei lotutako eskabideek gardentasun dokumentazioa eta gainerako agiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidea egiten den unean bertan.

2025eko martxoaren 1etik aurrera bukatu diren ekitaldiei lotutako eskabideek dirulaguntza onartzeko ebazpena jakinarazten den egunetik hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.nafarroa.eus.

15. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, nazionalek zein nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Hala, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ez da inola ere izaten ahalko eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

16. Azpikontratazioa.

Erakunde onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte, osorik edo partez, jarduera diruz lagungarriak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin. Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada.

17. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza osorik edo zati batean galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra eta aurrerago helburu bereko edo bertsuko dirulaguntzen eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, aplikatu beharreko arauek ezartzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

Onuradunek frogagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da dirulaguntza osorik edo partez galtzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18. Datu pertsonalak babestea.

1. Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen 3. eranskineko 11. apartatuan, informazioa ematen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

2. Entitate antolatzaileak izanen du erabiltzen dituen datu pertsonalen tratamenduaren ardura, baita irudi, argazki edo bideoen bidez eskuratzen diren datuen tratamenduaren ardura ere (bereziki adingabeenak badira). Eta horien arduradun diren heinean, nahitaez bete behar dute datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Araudi hori betetzen ez bada, entitate antolatzailearena izanen da erantzukizun osoa.

3. Entitate antolatzaileak kirol ekitaldiaren argazkiak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari lagatzen badizkio, argazkietan agertzen diren pertsonen berariazko baimena beharko du. Hain zuzen, lagapen horren berri emanen die, baita jakinarazi ere helburu bakarra Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak argazki horiek 2029ko abenduaren 31ra arte bere webgunean, urtekarian eta sare sozialetan argitaratu ahal izatea dela, interes publikoarekin artxibatzeko asmoz.

19. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

20. Araudi osagarria.

Foru lege honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA.–BAREMOA ETA APLIKAZIO IRIZPIDEAK ETA DIRULAGUNTZAREN XEDE DIREN KIROL EKITALDI ETA JARDUEREN KALITATE MAILAREN BALORAZIOA

Eranskin honetako I. apartatuko aplikazio irizpideak erabiliko dira 1.3 oinarriko A, C, D eta E ekitaldietarako. Hala ere, eranskin honetako II. apartatuko aplikazio irizpideak erabiliko dira 1.3 oinarriko ekitaldien B talderako.

I.–EKITALDIETARAKO APLIKAZIO ETA BALORAZIO IRIZPIDEAK.

a. BAREMOA (gehienez 87 puntu).

1.–Eragina gizartean: (gehienez 15 puntu).

A) Eraginpeko eremua: 5 puntu gehienez.

ERAGINPEKO EREMUA

LOKALA

NAFARROA

AUTONOMIA
ERKIDEGOAK

ESPAINIA

NAZIOARTEA

Puntuazioa

1

2

3

4

5

B) Hedabideetan agertzea: 5 puntu gehienez (apartatuz apartatu batuko dira agerpenak).

HEDABIDEETAN
AGERTZEA

KARTELAK

TRADIZIONALAK

(prentsa, irratia
eta/edo telebista)

INTERNETA

(jardueraren berri
ematen da entitatearen
webgunean eta/edo
sare sozialetan)

INTERNETA

(webgunea eta/edo
probarako berariazko
sare sozialak)

ZUZENEKO EMANKIZUNA (streaming)

Puntuazioa

1

2

3

4

5

C) Edizio kopurua: 5 puntu gehienez.

5 eta 10 artean

11 eta 20 artean

21 eta 30 artean

31 eta 40 artean

40 baino gehiago

1

2

3

4

5

2.–Lehiaketa maila: (gehienez 11 puntu).

A) Herrikoiak 7 puntu gehienez.

B) Federatuak: 4 puntu gehienez.

LOKALA

NAFARROA

AUTONOMIA
ERKIDEGOAK

ESPAINIA

NAZIOARTEA

1.–Herrikoiak

3

4

5

6

7

2.–Federatuak

1

2

3

4

3.–Partaidetza: (gehienez 15 puntu).

A) Zenbakia: 6 puntu gehienez.

B) Kalitatea: 9 puntu gehienez.

1.–Kopurua

<50

50-149

150-249

250-399

400-699

700-1.499

>1.500

Puntuazioa

0

1

2

3

4

5

6

2.–Kalitatea

Herrikoia

Federatua

1. maila estatuan

1. maila nazioartean

Puntuazioa

1

3

5

9

4.–Baliabide ekonomikoak: (gehienez 18 puntu).

A) Diruz lagundutako gastuaren bolumena: 11 puntu gehienez.

B) Haztatu beharreko defizita (onuradunak jarritako baliabideak): 7 puntu gehienez.

1.–Diruz lagun
daitekeen gastuaren bolumena

>500
euro

>1.500
euro

>4.000
euro

>8.000
euro

>13.000
euro

>20.000
euro

≥ 40.000
euro

Puntuazioa

1

2

3

4

7

9

11

2.–Haztatu beharreko defizita (1)

> %60

%50etik
% 60ra

%40tik
%49,99ra

%30etik
%39,99ra

%20tik
%29,99ra

< %20

Puntuazioa

0

1

3

5

6

7

(1) Defizitari lotutako irizpidea aplikatzeko, jardueraren gastuak sartuko dira aurrekontuan. Gastu horiek behar bezala justifikatu beharko dira, nahiz eta diruz laguntzeko modukoak ez izan, eta kontzeptu horietarako inskripzioen edo berariazko babesletzen diru sarreren bidez (adibidez, parte hartzaileei egindako opariak: kamisetak, artekariaren poltsak, etab.) eutsi behar zaie.

5.–Kirol ekitaldiaren berezitasuna eta garrantzi berezia: (23 puntu gehienez).

–Honako hau duten klubak:

A) Antolatu den jardueraren modalitatean, estatuko lehiaketetan parte hartzen duten kategoria absolutuko taldeak (2 puntu).

B) Antolatu den jardueraren modalitatearen barruan, lehen mailako estatuko lehiaketetan parte hartzen duten kategoria absolutuko taldeak (4 puntu).

–Kolektibo zaurgarrienen partaidetza:

A) Kolektibo zaurgarriren bateko kideen partaidetza (gutxienez 10 pertsona) aurreikusten duten ekitaldiak: (5 puntu).

KOLEKTIBO ZAURGARRIETAKO
PERTSONEN PARTAIDETZAREN %

>%0 - < %10

%10 - < %20

%20 - < %30

%40 - < %60

%60 edo gehiago

Puntuazioa

1

2

3

4

5

–Berdintasun printzipioa:

A) Ekitaldia bai emakumeentzat bai gizonentzat baldin bada: (5 puntu gehienez).

SEXU BATEKOEN PARTAIDETZAREN%

%0

> %0 - < %20

%20 - < %40

%40 - < %48

%48 - < %52

Puntuazioa

0

1

2

4

5

–Kirola eta emakumea:

A) Ekitaldian emakumeek bakarrik parte hartzen badute (5 puntu).

–Bertako kirolak:

A) Bertako kirol modalitateen ekitaldiak: pilota edo herri kirolak (5 puntu).

–Ekitaldiaren iraupenaren (2) arabera:

A) Bi egun (1 puntu).

B) Hiru egun (2 puntu).

C) Lau egun (3 puntu).

D) Lau egunetik gora (4 puntu).

(2) Iraupenari lotutako irizpidea aplikatzeko, lehiaketa egun 1 zenbatuko da lehiaketaren txanda/fase/jardunaldi bakoitzeko. Adibidez, lehiaketan final-laurdenak, finalerdiak eta finalak egiten badira, 3 egun zenbatuko dira nahiz eta kanporaketa horiek 10 egunetan jokatu.

6.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuarekin lankidetzan aritzea (kirol ekitaldiaren argazkiak lagatzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari): (gehienez 5 puntu).

A) Ekitaldiaren garapenaren 3 argazki lagatzen dituzten ekitaldiak (gutxienez, HD kalitatean). (5 puntu).

Ekitaldia antolatzen duen erakundeak ekitaldiaren argazkiak lagatzen ahalko dizkio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari. Argazki horiek parte hartzaileen irudiak izan ditzakete, edo ez. Irudietan agertzen diren pertsona fisikoak identifikatzen ahal direnean soiik hartuko dira datu pertsonaltzat; kasu horretan, datu pertsonalak babesteko araudia aplikatuko da. Hala bada, jarduera antolatzen duen entitatea izanen da tratamenduaren arduraduna, eta interesdunei jakinaraziko die argazki horiek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari laga diezazkiokeela. Lagapen horren helburua da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak argazki horiek argitaratzea eta zabaltzea bere sare sozialetan, urtekarian eta web orrian 2029ko abenduaren 31ra arte, interes publikoarekin artxibatze aldera. Dokumentazio grafikoa ematean, jardueretan parte hartu dutenen datu pertsonalak babesteko araudia beteko da. Haien datuen tratamenduari buruzko informazioa emanen zaie, eta, beharrezkoa denean, baimena eskatu.

b. MAILAREN ETA EKITALDIEN PUNTUEN ARTEKO KORRELAZIOA.

1. Kalitate maila hauek ezarri dira:

I. maila: 20 puntu arte.

II. maila: 21 - 30 puntu.

III. maila: 31 - 40 puntu.

IV. maila: 41 - 50 puntu.

V. maila: 51 - 60 puntu.

VI. maila: 61 - 70 puntu.

VII. maila: 71 puntutik aurrera.

KOEFIZIENTE
BIDERKATZAILEA

PUNTUAK,
GUZTIRA

I. maila

0 - 20 puntu

40

800 arte

II. maila

21 - 30 puntu

80

1.600 arte

III. maila

31 - 40 puntu

150

3.100 arte

IV. maila

41 - 50 puntu

300

6.100 arte

V. maila

51 - 60 puntu

700

13.100 arte

VI. maila

61 - 70 puntu

1.500

28.100 arte

VII. maila

71 puntutik aurrera

3.000

2. Puntuak, guztira:

I. maila: puntu bakoitza 40z biderkatu eta hala lortuko dira guztirako puntuak.

II. maila: aurreko mailako 800 puntuei 80 puntu gehitu behar zaizkie 20tik gorako puntu bakoitzeko, guztira 1.600 puntu gainditu gabe.

III. maila: aurreko mailako 1.600 puntuei 150 puntu gehitu behar zaizkie 30etik gorako puntu bakoitzeko, guztira 3.100 puntu gainditu gabe.

IV. maila: aurreko mailako 3.100 puntuei 300 puntu gehitu behar zaizkie 40tik gorako puntu bakoitzeko, guztira 6.100 puntu gainditu gabe.

V. maila: aurreko mailako 6.100 puntuei 700 puntu gehitu behar zaizkie 50etik gorako puntu bakoitzeko, 13.100 puntu gainditu gabe.

VI. maila: aurreko mailako 13.100 puntuei 1.500 puntu gehitu behar zaizkie 60tik gorako puntu bakoitzeko, guztira 28.100 puntu gainditu gabe.

VII. maila: aurreko mailako 28.100 puntuei 3.000 puntu gehitu behar zaizkie 70etik gorako puntu bakoitzeko.

c. A, C, D eta E TALDEETARAKO DIRULAGUNTZAREN KALKULUA.

Puntuaren balioa zein bere aldetik lortzen da 1.3 oinarrian adierazitako taldeetako bakoitzean.

Aurkeztutako eskabide guztiak jaso ondoren, 1.3 oinarrian jasotako ekitaldiei dagokien taldeari esleituko zaizkio, eta aurreko apartatuko irizpideen arabera puntuatuko dira.

Talde bakoitzari erreserbatutako zenbatekoa zati talde horretako eskabide guztiek lortutako puntuen batura eginen da, eta horren emaitza talde bakoitzaren puntuaren balioa izanen da.

Taldeko eskaera bakoitzak lortutako puntuekin biderkatuko da talde bakoitzaren puntuaren balioa. Biderkadurak ez du gainditzen ahalko jardueraren defizita ez eta 5.3 oinarriak ezarritako muga ere.

Eragiketa horiek egin ondoan ez bada ekitaldi talde bakoitzerako dagoen kreditu erabilgarria agortu, geratzen den saldoa banatuko da, lehentasun ordenaren arabera, defizit egiaztatu eta onartuaren zenbatekora eta 5.3 oinarrian ezarritako dirulaguntzaren mugara iristen ez diren eskaeren artean. Banaketa horretan, dirulaguntza gisa onesten den zenbatekoa ez da 2.000 eurotik gorakoa izanen, ezta defizitaren %50etik gorakoa ere. Horrez gain, dirulaguntzak ez du inongo kasutan gainditzen ahalko 5.3 oinarrian ezarritako muga.

Edonola ere, oraindik ere kreditu erabilgarririk bada taldeetako edozeinetan, erabilgarri dagoen kopurua beste taldeen artean banatuko da, proportzioan, 5.3 oinarrian talde bakoitzari esleitutako zenbatekoaren arabera.

Ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da, egiaztatzen bada hasieran lortutako puntu guztien kopurua onuradunak aurkeztutako frogagiriak kontuan hartuta legokiokeena baino handiagoa dela. Kopurua proportzioan gutxituko da, murriztutako puntuek zenbat jo eta horren arabera.

Dena den, ez da kopururik gutxituko birkalkulatu ondoren epigrafe batean galdutako puntuak beste batean eskuratutakoez konpentsatzen baldin badira.

II.–B TALDERAKO APLIKAZIO ETA BALORAZIO IRIZPIDEAK.

a. BAREMOA:

Dirulaguntzaren portzentajea kalkulatuko da jarduera antolatzeko onartu den diruz laguntzeko moduko guztizko kostuaren arabera, baremo honi jarraikiz:

–30.000 eurotik beherako diruz lagundu daitezkeen gastuak: %35.

–30.000 euroko edo gehiagoko diruz lagundu daitezkeen gastuak: %30.

b. talderako DIRULAGUNTZAREN KALKULUA:

Aurkeztutako eskabide bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko onartutako gastuak biderkatuko dira arestiko baremotik dagokion ehunekoaz.

Esleitutako kopuruen guztizko baturak gainditzen baldin badu b) talderako ezarritako aurrekontua, murrizketa aplikatu beharko zaie eskaera guztiei, proportzioan.

Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoek ez dute gainditzen ahalko jardueraren defizita, ez eta 5.3 oinarriak ezarritako muga ere.

Hori egin ondoren ez bada aurrekontu erabilgarria agortu, geratzen den saldoa proportzionalki banatuko da, defizit egiaztatu eta onartuaren zenbatekora eta 5.3 oinarrian ezarritako dirulaguntzaren mugara iristen ez diren eskaeren artean.

Edonola ere, oraindik ere kreditu erabilgarririk bada taldeetako edozeinetan, erabilgarri dagoen kopurua beste taldeen artean banatuko da, proportzioan, 5.3 oinarrian talde bakoitzari esleitutako zenbatekoaren arabera.

Justifikazioan onartutako diruz laguntzeko moduko gastua eskabidean onartutako diruz laguntzeko moduko gastuak baino txikiagoa baldin bada, ordaindu beharreko zenbatekoa murriztuko da, zer portzentajetan murriztu den justifikazioa hasierako aurrekontuarekiko, horrenbeste.

Iragarkiaren kodea: F2502722