Iragarkia
54. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
5/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.
Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionalaren barnean daude, 2023-2027 aldirako, Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko zenbait esku hartze, eta horien ezaugarri bereziengatik eta balizko onuradun kopuru handiagatik, komenigarria da esku hartze horiek entitate laguntzaileen bitartez tramitatzea, datuak eskuratzeko programen bitartez.
Ildo horretan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak onesten dira.
Hala ere, berriki onetsi den foru agindua aldatu egin behar da, bi arrazoigatik. Lehenik eta behin, entitate laguntzaileei aitortutako konpentsazioari dagokionez, argi dago aitorpenagatiko batez besteko kostu erreala askoz handiagoa dela erakunde laguntzaile horiei 2023rako aitortu zitzaien 25 euroko zenbatekoa baino. Beraz, azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. artikuluaren 1. puntuaren a) letran aurreikusitako Nekazaritza Zerbitzuaren eskumenen eremuan erregistratutako laguntza eskaerak kudeatu eta izapidetzeagatiko konpentsazio ekonomiko horrek eskatzaileari izapidetze horren ondoriozko edozein kostu jasanarazteko aukera bazter uzten duela dioen aipamena kentzea proposatzen da; hori kentzea ez da gehiegizko konpentsazioa entitatearentzat.
Azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduak ez du jasotzen, Nekazaritza Zerbitzuaren eskumenen esparruan, entitate horiek nekazaritza ustiategien koaderno digitalak betetzeko ematen duten laguntza. Dena den, abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuaren 2.1.g) artikuluarekin bat etorriz (dekretu horrek nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako ekoizpenaren informazio sistema ezarri eta arautzen du, bai eta nekazaritzako ustiategien erregistro autonomikoa eta nekazaritzako ustiategien koaderno digitala ere), nekazaritza ustiategien koaderno digitalak betetzen parte hartzeko aukera aitortuta dute entitate laguntzaileek.
Horrela, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eskumenen esparruan, abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuaren bidez, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako ekoizpenaren informazio sistema ezarri eta arautzen da, bai eta nekazaritza ustiategien erregistro autonomikoa eta nekazaritza ustiategien koaderno digitala ere. Horrez gain, jarduera horiek guztiak koaderno digital batean erregistratzeko betebeharra xedatzen da.
1054/2022 Errege Dekretuak eta haren ondorengo aldaketek ezartzen dutenez, eskatutako NPEren (Nekazaritza Politika Erkidea) laguntzen arabera, titular jakin batzuk behartuta daude nekazaritza ustiategien koaderno digitala erabiltzera 2024ko irailaren 1etik aurrera. Hala ere, nekazaritza sektoreko inguruabarrak kontuan hartuta, eta betebehar jakin batzuk informatizatzearen ondorioz eragozpenik edo zailtasunik ez dagoela ziurtatze aldera, urtarrilaren 21eko 34/2025 Errege Dekretuak abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretua aldatu du, borondatezkotasuna ezartzeko, non eta arauren batek kontrakoa ezartzen ez duen.
Otsailaren 28ko APA/204/2023 Aginduaren bidez ezarri eta arautzen da nekazaritza ustiategien erregistro autonomikoak eta nekazaritza ustiategien koaderno digitalak izan beharreko gutxieneko edukia eta, orobat, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako ekoizpenaren informazio sisteman informazio iturriak sartzeko kronologia. Horrez gain, koaderno digitalean nahitaez erregistratu behar den informazioa ezartzen da.
Halaber, abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak ezartzen duenez, agindu horrekin Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusiaren ebazpen batera jotzeko aukera egonen da, non xehetasun teknikoak zehaztuko baitira, nekazaritza ustiategien eta lotutako enpresen titularrei jakinarazteko betebehar berriak ezartzea ekarriko ez dutenak eta haien estatutu juridikoari beste modu batean eraginen ez diotenak. Era berean, azken xedapenetako zazpigarrenak, bigarren apartatuan, ahalmena ematen dio Nekazaritza eta Elikadurako Idazkaritza Nagusiko titularrari ebazpen bidez garatzeko errege dekretu horren 5.2 eta 10.3 artikuluetan aipatzen diren interfazeen alderdi teknikoak eta informatikoak eta informazioaren segurtasunekoak.
Emandako gaikuntza horiek betez, Nekazaritza eta Elikadurako Idazkaritza Nagusiak, 2023ko maiatzaren 25eko Ebazpenaren bidez, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako ekoizpenaren informazio sistemari buruzko xehetasun teknikoak ezarri ditu, bai eta nekazaritza ustiategien erregistro autonomikoari eta nekazaritza ustiategien koaderno digitalari buruzkoak ere (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 130. zk., 2023ko ekainaren 1ekoa).
Nekazaritza ustiategien titularrek Nekazaritzako Ustiategien Koaderno Digitala (administrazioaren nekazaritza ustiategien koaderno digitala) edo merkataritzako edozein tresna (nekazaritza ustiategien koaderno digital komertziala) erabiltzen ahalko dute, baldin eta nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzial hori garatzen duen enpresa dagokion ustiategiaren erregistroko autonomia erkidegoan erregistratuta badago eta araudiak ezarritako baldintza eta betebehar guztiak betetzen baditu; izan ere, nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzial horiek zehaztapen tekniko guztiak izan beharko dituzte Nekazaritza Ustiategien Erregistroarekin (NUE) eta administrazioaren nekazaritza ustiategien koaderno digitalarekin informazio fluxua egon dadin, komunikazio interfazearen bidez.
Modu berean, nekazaritza ustiategien titularrak dira NUEn izena emanda egotearen eta nekazaritza ustiategien koaderno digitala betetzearen arduradunak –haiek betetzen ahalko dute, edo haiek baimendutako pertsonek–. Gainera, nekazaritza ustiategien koaderno digital komertziala erabiltzen badute, baimena eman beharko diote nekazaritza ustiategien koaderno digitalaren entitate jabeari informazioa transmititu ahal izateko, bai NUErekin, bai nekazaritza ustiategien koaderno digital autonomikoekin. Horretarako, baimenen jakinarazpenak egin beharko zaizkio erregistroaren administrazio autonomikoari.
Azken batean, beharrezkoa da foru agindua aldatzea, ustiapen koadernoak kudeatzeko tresna informatikoak erabiliko dituzten eragileei, eta, orobat, koadernoetako aplikazio komertzialen eta autonomia erkidegoetako ustiapen koadernoen arteko datuak trukatzeko interfaze bakarra erabiliko dutenei behar diren baimenak emateko zer prozedurari jarraitu behar zaion azaltzeko.
Foru agindu honetan araututakoa bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako printzipioekin. Premia printzipioari dagokionez, kontuan hartu behar da agindu hau koaderno digitala ustiategi guztietan borondatez erabiltzeko dela, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko nekazariek eta abeltzainek nekazaritza jarduera jakin batzuei buruzko datuak elektronikoki nahitaez erregistratu behar direla xedatzen duen xedapen sektorialik ez badago.
Bestalde, efizientzia eta efikazia printzipioak betetze aldera, kontuan izan da aldaketa horrek ez dakarrela gastua handitzea, azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduaren laugarren xedapen gehigarrian baimendutako gastuarekin alderatuta, eta, gainera, nekazaritza ustiategien koaderno digitala kudeatzeko laguntzak kudeatzeko sistemaren tresna informatiko bera erabiltzen du.
Proportzionaltasun printzipioaren harira, agindu honen izapidetzeak hura barne hartuko duen arau esparrua garatzeko beharrari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa jasotzen du. Horrez gain, aginduak segurtasun juridikoaren printzipioa betetzen du, esparru juridikoari dagokionez modu koherentean planteatzen baita, bai foru mailan, bai maila nazionalean, bai Europar Batasunean.
Gardentasunaren printzipioaren aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikuluan aurreikusitako izapideak egin dira, interesa izan dezaketen pertsona, entitate, erakunde eta enpresa guztien ahalik eta partaidetza handiena sustatzeko.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea 46/2023 Foru Agindua, azaroaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.
1. Onetsi egiten dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinen aldaketa –agindu horren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak onesten dira– eta datu pertsonalen tratamenduaren arduradunaren hitzarmen eredua, hurrenez hurren, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
2. VII. eranskina gehitzen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduari. Nekazaritza ustiategien koaderno digitalak kudeatzeko tresna informatikoak erabiltzen dituzten eragileei behar diren baimenak emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistroetan inskribatzeko prozedurak arautzen ditu, foru agindu honen II. eranskinean jasotzen den moduan.
3. Azkenik, VIII. eta IX. eranskinak gehitzen zaizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduari. Ordezkaritza baimentzeko ereduak eta NUEko eta nekazaritza ustiategien koaderno digitaleko informazioa eskuratzeko eredua arautzen dituzte, hurrenez hurren foru agindu honen III. eta IV. eranskinetan jasotzen den moduan.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko otsailaren 24an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
I. ERANSKINA.–ALDAKETA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAREN AZAROAREN 21EKO 46/2023 FORU AGINDUARENA. HORREN BIDEZ, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUAREN KONTURAKO LAGUNTZEN TRATAMENDUAN 2024-2027 ALDIAN PARTE HARTUKO DUTEN ENTITATE LAGUNTZAILEAK DEITZEKO ETA HAUTATZEKO ARAUAK ONESTEN DIRA
1. Aldatu egiten da azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduaren I. eranskinaren 10. artikuluko (Entitate laguntzaileentzako konpentsazioa) 2. puntua, eta edukirik gabe uzten da.
2. Aldatu egiten da tratamenduaren arduradunaren betebeharrei buruzko azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduaren II. eranskinaren 6.f) klausularen bigarren paragrafoa, eta edukirik gabe uzten da.
II. ERANSKINA
1. VII. eranskina eransten zaio azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduari. Nekazaritza ustiategien koaderno digitalak kudeatzeko tresna informatikoak erabiltzen dituzten eragileei behar diren baimenak emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistroetan inskribatzeko prozedurak arautzen ditu, eta eduki hau izanen du:
VII. ERANSKINA.–NEKAZARITZA USTIATEGIEN KOADERNO DIGITALAK KUDEATZEKO TRESNA INFORMATIKOAK ERABILTZEN DITUZTEN ERAGILEEI BEHAR DIREN BAIMENAK EMATEKO ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ERREGISTROETAN INSKRIBATZEKO PROZEDURAK
1. artikulua. Xedea.
VII. eranskin honen xedea da:
a) Nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialaren softwarea garatzen duten enpresak eta nekazaritza ustiategien koaderno digitalaren entitate gaituak edo kudeatzaileak, Nafarroako Foru Komunitatean jardun nahi dutenak, erregistratzeko prozedura ezartzea.
b) Ekoizleak softwarea garatzen duen enpresari edo entitate gaituari baimena emateko prozedura ezartzea eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinaraztea.
2. artikulua. Definizioak.
Foru lege honek agintzen duenerako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:
a) Softwarea garatzen duen enpresa: nekazaritza ustiategien koaderno digital komertziala garatzen duen enpresa.
b) Entitate gaitua edo kudeatzailea: nekazariekin harreman zuzena izanen duen entitatea, administrazioaren zein merkataritzako koaderno bat edo gehiago erabiltzen ahalko dituena.
c) Ekoizlea: nekazaritza ustiategiaren titularra, entitate gaituak bere erregistro datuak ikusteko eta koadernoa nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialaren bidez erabiltzeko baimena eman behar duena.
d) Nekazaritza ustiategien koaderno digital komertziala: entitate pribatu batek garatutako tresna informatikoa, nekazaritza ustiategiak egindako jardueren datuak erregistratzeko, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituenak. Erregelamendu bidez ezarritako baldintzak bete beharko ditu Nafarroako Foru Komunitateko NUE eta nekazaritza ustiategien koaderno digitalarekin informazio fluxua izan ahal izateko.
3. artikulua. Nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialaren softwarea garatzen duten enpresak.
Nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialaren softwarea garatzen duten enpresek, Nafarroako Foru Komunitatean jardun nahi dutenek, dokumentu teknikoaren VI. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte; interfazeen baldintza teknikoak eta segurtasunekoak ezartzen ditu eranskinak. Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako ekoizpenaren informazio sistema (SIEX) koordinatzeko dokumentu tekniko hori Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (NBEF) webgunean dago eskuragarri:
https://www.fega.gob.es/es/content/siex/documentacion-tecnica-siex
4. artikulua. Nekazaritza ustiategien koaderno digitala betetzeko eta NUEko datuak eskuratzeko entitate gaitua edo kudeatzailea. Baldintzak.
1. Nekazaritza ustiategien koaderno digitalaren entitate gaitu edo kudeatzaileek, Nafarroako Foru Komunitatean jardun nahi dutenek, dokumentu teknikoaren VI. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte; interfazeen baldintza teknikoak eta segurtasunekoak ezartzen ditu eranskinak. Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako ekoizpenaren informazio sistema (SIEX) koordinatzeko dokumentu tekniko hori Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (NBEF) webgunean dago eskuragarri:
https://www.fega.gob.es/es/content/siex/documentacion-tecnica-siex
2. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan (NUE) sartzeko eta nekazaritza ustiategien koaderno digitaleko informazioa eskuratzeko eta/edo hura betetzeko entitate gaitua edo kudeatzailea izan ahalko dira enpresa jarduera gisa nekazaritzaren eremuan zerbitzuak ematen dituzten eta koaderno digitalaren kudeaketa egin dezaketen pertsona fisiko edo juridikoak, administrazioak ematen duen nekazaritza ustiategien koaderno digitalaren bidez edo nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzial baten bidez.
3. Era berean, 46/2023 Foru Aginduaren arabera laguntzaile gisa hautatuak izan diren entitateak (46/2023 Foru Agindua, azaroaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko araua) entitate gaitu edo kudeatzaile izaera lortzen ahalko dute Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan (NUE) sartzeko eta nekazaritza ustiategien koaderno digitaleko informazioa eskuratzeko eta/edo hura betetzeko.
5. artikulua. Komunikazioa eta inskripzioa.
1. Softwarea garatzen duten enpresek eta entitate gaituek, Nafarroako Foru Komunitatean jardun nahi dutenek, 3. eta 5. apartatuetan agertzen diren datuak jakinaraziko dizkiote Kudeaketa Informatikoaren Atalaren titularrari.
2. Komunikazioa bitarteko elektronikoen bidez eginen da, honela:
–Softwarea garatzen duten entitateentzat, Entitate Laguntzaileen Atarian sartuta, esteka honen bidez:
–Entitate gaituentzat, Nafarroako Foru Komunitatearen egoitza elektronikoan sartuta, esteka honen bidez:
3. Enpresa garatzaileek honako datu hauek jakinarazi beharko dituzte:
a) Enpresaren IFZ.
b) Sozietate izena.
c) Nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialaren izena.
d) Eskatutako harremanetarako datuak.
e) Nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialaren zerbitzariaren domeinua (enpresa garatzaileak nekazariei zerbitzua zuzenean ematen badie soilik, entitate gaituren baten bitartekaritzarik gabe).
4. Informatika Atalaren titularrak enpresa garatzaileak erregistratuko ditu beren software komertzialarekin, eta une oro jakinen du nekazaritza ustiategien zein koaderno digital komertzial dauden indarrean eta zein baja emanda.
5. Nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzial baten entitate gaitu edo kudeatzaileek honako datu hauek jakinarazi beharko dituzte:
a) Entitate eskatzailearen IFZ.
b) Erabiliko den nekazaritza ustiategien koaderno digitala. Komertziala izanez gero, autonomia erkidegoko nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialen erregistroan agertu beharko da aldez aurretik.
c) Hala badagokio, nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialaren zerbitzariaren domeinua.
d) Entitate gaituaren harremanetarako datuak.
e) Nekazaritza ustiategien koaderno digitala betetzeko eta nekazaritza ustiategietako titularren NUEko datuak eskuratzeko zerbitzua emanen duten entitateko erabiltzaileen zerrenda eguneratua. Zerrenda horretan erabiltzaileen izen-abizenak, helbide elektronikoa eta NANa jaso behar dira.
6. Informatika Ataleko titularrak enpresa gaituak erregistratuko ditu, eta une oro jakinen ditu zein dauden indarrean edo bajan.
6. artikulua. Ekoizlea.
1. Ekoizleak zuzenean grabatzen ahalko ditu bere datuak nekazaritza ustiategien koaderno digitalean, edo eginkizun hori erakunde gaitu eta/edo garatzaile baten esku utzi.
2. Nekazaritza ustiategiaren titularrak edo ekoizleak bere datuak nekazaritza ustiategien koaderno digital komertzialean zuzenean grabatzea erabakitzen badu, edo aldez aurretik gaitutako entitate bati ematen badio bere datuak koadernoan grabatzeko ardura (administrazioaren nekazaritza ustiategien koaderno digitalarekin edo komertzialarekin), baimena eman beharko dio softwarea garatzen duen enpresari edo entitate gaituari, hurrenez hurren, dokumentu teknikoaren IX. eranskinaren arabera. Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (NBEF) webgunean dago eskuragarri tresna digital batek NUEko eta/edo nekazaritza ustiategien koaderno digitaleko informazioa eskuratu ahal izateko eta ustiategiaren titularraren nekazaritza ustiategien koaderno digitala kudeatu ahal izateko baimen eredua:
https://www.fega.gob.es/es/content/siex/documentacion-tecnica-siex
Ekoizleak edozein unetan errebokatzen ahalko ditu emandako baimenak. Entitate gaitu eta/edo garatzaileak eginen du baimenaren eta, hala badagokio, errebokatzearen jakinarazpena, bitarteko elektronikoen bidez. Jakinarazpen hori baimenen erregistroan agertu beharko da.
3. Emandako baimenari esker, NUEren eta nekazaritza ustiategien koaderno digitalaren informazio fluxua egonen da, eta nekazaritza ustiategien koaderno digitala betetzen ahalko dute entitate gaitu eta/edo garatzaileek.
4. Kudeaketa Informatikoaren Atalak nekazaritza ustiategietako ekoizleek edo titularrek emandako baimenen erregistro eguneratua izanen du.
7. artikulua. Nekazaritza ustiategien koaderno digitala betetzeko eta NUEko datuak eskuratzeko gaikuntzaren indarraldia eta baldintzak.
1. Interesdunaren ordezkaritzan nekazaritza ustiategien koaderno digitala betetzeko eta NUEko datuak eskuratzeko gaitutako entitatearen izaera eskuratuta, izaera horren indarraldia ustiategiaren titularrak emandako baimenaren indarraldiaren mende geratzen da.
2. Ustiategiko titularrek ordezkaritza errebokatzen badute, entitate gaitu eta/edo garatzaileari jakinarazi beharko diote, gehienez ere bost eguneko epean.
8. artikulua. Publikotasuna.
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
III. ERANSKINA
1. VIII. eranskina gehitzen zaio azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduari. Ordezkaritza baimentzeko ereduari buruzkoa da, eta honela geratzen da idatzita:
VIII. ERANSKINA.–ORDEZKARITZA BAIMENTZEKO EREDUA
ORDEZKARIARI BAIMENA EMATEA.
.................................................................................................................................. jaunak/andreak (IFK/IFZ: .....................................................; helbidea: ...............................................................; nekazaritza ustiategiaren NUE kodea: ....................................................),
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak aitortzen dion eskubidearen arabera, eta bere titulartasuneko ustiategiari dagokionez nekazaritza ustiategien erregistro autonomikoa eta nekazaritza ustiategien koaderno digitala osatzen duten datuak bere izenean betetzeko eta horietako informazioa eskuratzeko baimenaren interesdun gisa, honako hau,
ADIERAZTEN DU:
Arestian adierazitako informazioa telematikoki aurkezteko ordezkaritza ematen dio ............................... erakunde laguntzaileari/aholkulariari (IFZ: .................................; helbidea: .....................................), baita horretarako behar diren izapide guztiak egiteko baimena ere.
Jarduketa baimenduak:
–Haren titulartasuneko ustiategiaren NUEko informazioa eskuratzea.
–Haren titulartasuneko ustiategiaren NUE betetzeko sarbidea.
–Haren titulartasuneko ustiategiaren koaderno digitaleko informazioa eskuratzea.
–Haren titulartasuneko ustiategiaren koaderno digitala betetzeko sarbidea.
Baimendutako jarduketa horiek erabiltzen den informazioaren, eta, batez ere eskura dituen datu pertsonalen erabateko konfidentzialtasuna gordetzeko konpromisoaren mende egonen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez).
.................................................(e)n, 20...............(e)ko .................................aren .................(e)(a)n.
Ustiategiaren titularraren edo sozietatearen izena
Izpta.:
IV. ERANSKINA
1. IX. eranskina gehitzen zaio azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduari. NUEko eta nekazaritza ustiategien koaderno digitaleko informazioa eskuratzeko baimenaren ereduari buruzkoa da, eta honela geratzen da idatzita:
IX. ERANSKINA.–NUEKO ETA NEKAZARITZA USTIATEGIEN KOADERNO DIGITALEKO INFORMAZIOA ESKURATZEKO BAIMENAREN EREDUA
NUEko ETA NEKAZARITZA USTIATEGIEN KOADERNO DIGITALEKO INFORMAZIOA ESKURATZEKO |
..................................................................................................................................... jaunak/andreak (IFK/IFZ: ...............................; helbidea: ..........................................................................................; nekazaritza ustiategiaren NUE kodea: .....................................................),
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak aitortzen dion eskubidearen arabera, eta bere titulartasuneko ustiategiari dagokionez nekazaritza ustiategien erregistro autonomikoan eta nekazaritza ustiategiaren koaderno digitalean jasotako datuetarako interfazearen bidezko sarbidea emateko baimenaren interesdun gisa, honako hau,
ADIERAZTEN DU:
Arestian adierazitako informazioa telematikoki eskuratzeko baimena ematen dio ............................... enpresari (IFK: ..............................), baita horretarako behar diren izapide guztiak egiteko baimena ere, tresna digital honen bidez: ....................................................
–Jarduketa baimenduak:
- Titularraren ustiategiaren NUEko informazioa eskuratzea.
- Titularraren ustiategiaren koaderno digitaleko informazioa eskuratzea.
- Titularraren ustiategiaren koaderno digitaleko datuak betetzea, bloke hauei dagozkienez:
- Prebentzio eta kultura neurriak.
- Uzta bildu ondoko tratamenduak (landare produktuetan).
- Eraikin eta instalazioetako tratamenduak erregistratzea.
- Laborearen datu orokorrak.
- Ekoizpenen datuak.
- Jarduketa fitosanitarioak.
- Tratatutako haziaren erabilera.
- Ongarriketa.
- Uzta merkaturatua/zuzeneko salmenta.
- Analitikak, egin badira.
Baimendutako jarduketa horiek erabiltzen den informazioaren, eta, batez ere eskura dituen datu pertsonalen erabateko konfidentzialtasuna gordetzeko konpromisoaren mende egonen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez).
.................................................(e)n, 20...............(e)ko .................................aren .................(e)(a)n.
Ustiategiaren titularraren edo sozietatearen izena,
Izpta.:
Iragarkiaren kodea: F2502866
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
