53. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LETEKO KONTZEJUA

Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Leteko Kontzejuak, 2024ko azaroaren 21ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontzejuko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2024ko 260. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Leten, 2025eko otsailaren 13an.–Kontzejuko burua, Javier Ripa Mezquíriz.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Kontzejuaren hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Leteko Kontzejuaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak. Hori dena, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 39. artikuluetan eta haiekin bat heldu direnetan, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ere, ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:

a) Hilerriaren higiene eta osasunari dagozkionak, Itzako Udalak egin ditzakeen garbiketa lanak deusetan ukatu gabe.

b) Hilotzak eramatearekin lotutakoa eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurrak eta hilobiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Leteko Kontzejuko Alkatetza-Kontzejuko Burutzari eginen diote eskaera.

4. artikulua. Hilobiak era erregularrean banatuko dira, ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie, eta berariaz egindako plano batean marraztuko dira.

5. artikulua. Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, gidazakurrak izan ezik.

6. artikulua.

a) Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da. Horiek hilobietako burualdean baizik ez dira paratzen ahalko.

b) Nitxoei dagokienez, haien azalera nolakoa, horren araberakoak izanen dituzte neurriak.

c) Ez da inola ere baimenduko lauzak jartzea. Ordenantza hau onetsi aurretik lauzak ezarrita zituzten lurrak ere Kontzeju honen jabetzakoak dira, baina ez da lauzak kentzeko betebeharrik izanen, beharrezko kasuetan izan ezik.

d) Debeku da, orobat, hilobien inguruan hesiak edo itxiturak, heskaiak edo bertzelako landareak paratzea.

e) Hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan para daitezke, eta hilerriaren izaerari begiratu beharko diote, ordenantzaren 5. artikuluan adierazitakoaren arabera. Titularraren erantzukizuna izanen dira hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen inskripzioak.

7. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko hilerriaren esparruan gertatzen diren lapurretengatik edo kalteengatik, halakorik gertatuz gero.

8. artikulua. Kontzejuaren organo eskudunek edo ehorzketa zerbitzuen esleipen-hartzaileak dute hilerria zaintzeko ardura, deusetan ukatu gabe Itzako Udalak Kontzejuarekin lankidetzan egin ditzakeen garbiketa lanak.

9. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak edo nitxoak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Kontzejuak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko.

Epe hori iraganik, Kontzejuak subsidiarioki egiten ahalko ditu, eta sortzen den kargua interesdunei pasatuko die.

II TITULUA.–EHORZKETAK, DESOBIRATZEAK, LEKUALDAKETAK ETA AUTOPSIAK

10. artikulua. Hilerrian, Leten erroldatutako eta hor sortutako herritarren hilotzei baino ez zaie lur emanen, legezko izapideak bete badira. Kontzejuko Batzarrak salbuespen puntualak erabakitzen ahalko ditu.

11. artikulua. 1. Hileta-osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei jarraituz eta titulu honetan xedatutakoaren arabera dira hilotzak edo hondarrak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

2. Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, abisua emanda eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari; gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

3. Osasun baimena beharko da hilotzak edo gorpu-hondakinak bertze hilerri batera eramateko, erregelamenduz aurreikusitako kasuetan.

12. artikulua. 1. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko bertze hilobi batera eramateko, beharko da berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera egiaztatuko dira, behar diren neurri guztiak hartuz.

13. artikulua. 1. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik edo nitxoetan badaude. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bortz urte iragan arte.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, baldin hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

d) Ez da baimenik emanen gorpuak ateratzeko horiek baino epe laburragoetan, salbu eta epaile baten aginduz.

2. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da baldin ongi kontserbaturik ez badago.

14. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak zenduaren oinordekoek eska ditzakete, eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoren. Kontzejuak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

15. artikulua. Lekuz aldatzeko nahiz berriz hobiratzeko, gorpu bat hilobitik ateratzen denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena edukita.

III. KAPITULUA.–HILERRIKO HILOBIEN ERREGISTROA

16. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortzen da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-deiturak.

d) Eskualdaketak, honako hauek adierazita: eskualdatze data, titular berriaren datuak, eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, desobiratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen-deiturak, eta jarduketa noiz izan den.

f) Gorabeherak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen bertze gertaera oro.

Erregistroa Kontzejuko Idazkaritzan eramanen da, hilerriaren kudeaketa esleitua duen enpresak lagunduta, halakorik bada. Neurriak hartuko dira datuen segurtasuna bermatzeko eta horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabeko tratamendu edo inoren sarrera eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adierazita.

17. artikulua. Hilobiak honako arrazoi hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, bertze hobiratze batzuk egiteko.

LETEKO KONTZEJUKO HILERRIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Hilerriaren erabilerari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du ordenantza honek, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 5., 7. eta 100. artikuluetan eta ondokoetan du oinarria.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1) Ehorzketak.

2) Hilotzak hobitik ateratzea.

3) Nitxoen eta kolunbarioen kontzesioa.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banandua eratzen duten entitateak.

Zerga-oinarria eta tarifak

4. artikulua. Zerga-oinarria finkatuko da ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, honako kontzeptu hauei dagozkien zerbitzu moten arabera:

a) Ehorzteko edo lurperatzeko eskubideak.–Ehorzketa zer tokitan egiten den (lurrean, nitxoan edo errauts-hobian), horren arabera aldatzen da zenbatekoa.

b) Gorpuzkiak hobitik ateratzeko eskubideak.

Aplikatuko diren tarifak ordenantza honen eranskinean adierazitakoak izanen dira eta Kontzejuko Batzarrak aldatzen ahalko ditu.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

Hilotzak nahiz hondarrak erretzetik sortutako errautsek hondarrak hobiratzerakoan hartzen duten tratamendua izanen dute ordenantza honi dagokionez.

5. artikulua. Ordenantza honen 4. artikuluan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen denean gertatuko da tasen sortzapena.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Hilotzak hilerriraino eramateaz arduratzen diren ehorzketa enpresek, Udalean likidatuko dituzte bidezko diren ehorzketa eskubideak, eta haien ordainketa agiria emanen zaie; Kontzejuak ordaindu beharko ditu zerbitzu horiek.

Kontzejuko Batzarrak erabaki beharko du kostu horiek ordaintzeko modua. Hildakoaren familiakoek ordain ditzakete, ordenantza honen eranskinean ezarritako tarifei jarraituz, edo Kontzejuak berak.

Diru-bilketa

7. artikulua. Kuotak 30 egun naturaleko epearen barrenean ordaindu beharko dira, ordenantza honetan ezarritako zerbitzuak egin eta haien kostua jakinarazi ondoko egunetik aurrera.

8. artikulua. Kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudian adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudia aplikatuko dira.

HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA. ERANSKINA

1. Ehorzketak: Leten erroldatuak: salbuetsita. Gainerakoak tarifen taulan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2. Desobiratzeak: hilerriko hilobi guztiendako: haien kontura izanen da zerbitzuaren kostua, tarifen taulan ezarritakoari jarraituz.

KONTZEPTUA

TARIFAK

Lurrean ehorztea. Leten ez erroldatuak eta 10 urterako.

180 euro, hilobi bakoitza

180 euro, mantentzea

Nitxoan ehorztea. Leten ez erroldatuak eta 10 urterako.

180 euro, hilobi bakoitza

180 euro, mantentzea

Kolunbarioan ehorztea. Leten ez erroldatuak eta 10 urterako.

60 euro, hilobi bakoitza

60 euro, mantentzea

Iragarkiaren kodea: L2502356