1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
74E/2025 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita burdinazko, silizio karburozko eta aluminiozko briketak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Leitzako udal mugartean dago eta haren titularra José Larrañaga SA da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 9ko 127E/2024 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean.
2025eko urtarrilaren 21ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 150106 EHZ kodea duena, plastikozko big-bag zaku apurtuetarako.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du ez dela onargarria hondakinen zerrendan sartzea, jada baduelako 150102 EHZ kodeko hondakinerako baimena. Kode hori plastikozko ontzietarako denez berariaz, egokiagoa dela uste du zerbitzuak.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ez da bidezkoa ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Ukatzea burdinazko, silizio karburozko eta aluminiozko briketak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Leitzako udal mugartean dago eta haren titularra José Larrañaga SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Jose Larrañaga SAra eta Leitzako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Iragarkiaren kodea: F2502927