1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
58E/2025 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmen bat egiteko Los Arcosko udal mugartean ibilgailuetarako motelgailuak fabrikatzen dituen instalazio batean. Instalazioaren titularra KYB Advanced Manufacturing Spain SAU da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 173/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 283E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2024ko apirilaren 4an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, ekoizpen linea berri bat ezartzeko eta eraikinaren estalkian autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat (1 MW-eko potentziakoa) egiteko asmoa baitu.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2024ko maiatzaren 10ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2024ko maiatzaren 10ean emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.
2024ko irailaren 5ean, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, ekoizpen linea berri bat jartzeko proiektua gauzatu ahal izateko, hauez osatua: balbula-paketea muntatzeko linea bat (SA08), karkasa fabrikatzeko linea bat (W08) eta mihiztatze-linea bat (A08). Orobat, jakinarazi zuen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat egin zela estalkiaren gainean, 1 MW-ekoa, eta jada gauzatua eta abian zela.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Aldaketa nabarmena baimentzea Los Arcosko udal mugartean ibilgailuetarako motelgailuak fabrikatzen dituen instalazio batean, ekoizpen linea berri bat ezartzeko eta eraikinaren estalkian instalazio fotovoltaiko bat jartzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra KYB Advanced Manufacturing Spain SAU da.
Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau KYB Advanced Manufacturing Spain SAUri, Los Arcosko Udalari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2502242