52. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

109/2024 Foru Dekretua, abenduaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan erdi mailako Lanbide Heziketako zenbait tituluren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuak aldatu eta irakaskuntza horien antolamendurako oinarrizko alderdiak ezartzen dituena, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko 3/2022 Lege Organikoan, martxoaren 31koan, ezarritako xedapenetara egokitzeko.

ZIOEN AZALPENA

1

Lanbide Heziketaren erronka nagusietako bat beti izan da biztanleria kualifikatua lortzea, ekoizpen-sektoreen eta zerbitzu-sektoreen beharrei erantzuteko gai dena, eta eskualdeen garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezko elementu bihurtu da.

Aurrerapen teknologikoak eta globalizazioak munduko ekonomian eta, ondorioz, lan-merkatuetan eragin dituzten aldaketa sakonek berehalako isla dute biztanleria aktiboaren kualifikazio-premietan; horren ondorioz, gaitasunak eta konpetentziak eguneratu beharra dago, eta kualifikazio handiagoko gero eta pertsona gehiago hornitzeko eskaria handitu egin da. Horregatik, beharrezkoa da Lanbide Heziketako sistemak ahalik eta erantzun arinena ematea aldaketa horiek lan-merkatuaren beharren eta prestakuntza-eskaintzaren artean eragiten duten kualifikazio-desorekari.

Lanbide Heziketa Antolatzeari eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organiko berriak erronka horiei erantzun nahi die.

Lanbide heziketaren esparruan, bereziki arreta behar duen funtsezko elementuetako bat digitalizazioa da. Izan ere, sistema digitalak etengabe garatzen ari dira eguneroko bizitzan eta, bereziki, lanpostuetan, eta, horretarako, konpetentzia espezifikoak eskuratu behar dira sistema horien eskakizun berrietara egokitutako lanbide-jarduna gauzatzeko.

Aldaketa teknologikoarekin lotura handiena duten gaitasunak eta konpetentziak eguneratzeko beharrari heltzeaz gain, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda txertatzen du. 2030 Agenda 193 herrialdek adostutako ibilbide-orri zabala da, Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko helburua duena, muturreko pobrezia ezabatzeko, desberdintasuna murrizteko eta planeta babesteko.

Horrenbestez, Lanbide Heziketak ere garapen jasangarriari laguntzea kontuan hartzen da, prestakuntza horrek ikasleei ezagutzak, konpetentziak eta balioak eman diezazkien, horrela, eguneroko jarduerak egiten dituztenean, bai pertsonalak bai profesionalak, eragile bihur daitezen ingurumena errespetatzen duen ekonomia jasangarrirako trantsizioan.

2

Aipatutako martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, halaber, garrantzia ematen dio enplegagarritasunerako konpetentziak indartzeari, zeharkako izaeraz, eta ekintzailetzaren kultura areagotzeari, eta funtsezko aldaketa bat sartzen du Lanbide Heziketan, Lanbide Heziketa duala orokortzea txertatzen baitu; horrek esan nahi du enpresak zeregin garrantzitsuagoa hartzen duela bere gain ikasleen prestakuntzan. Atal honetan, nabarmentzekoa da hizkuntza konpetentzia funtsezko elementua dela lanbide mugikortasunerako eta enplegagarritasunerako aukerak indartzen dituen kualifikazioan; beraz, laneko ingelesa zeharkako modulu gisa txertatu da erdi mailako tituluen curriculum guztietan.

Orain arte aipatutako alderdi guztiak, besteak beste Lanbide Heziketa modernizatzera bideratutakoak, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren bidez gauzatzen dira. Erregelamendu garapen hori da Lanbide Heziketako Sistema martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan planteatzen den eredura egokitzen joateko balioko duten hainbat alderdi arautzen dituen arau-esparrua.

Alderdi horien artean, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 4. artikuluak Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintzen antolaketa berria ezartzen du, bost gradutan egituratuta (A, B, C, D, E); D graduak oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak biltzen ditu.

Bestalde, errege dekretu horren 7. artikuluak hezkuntza administrazioei esleitzen die erdi mailako curriculumak ezartzeko eskumena, betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6. artikuluan ezarritako eskumen-esleipenak errespetatuz eta martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan agindutakoarekin bat etorriz, eta oinarrizko curriculumean bildutako elementuak mantenduta. Era berean, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 8. artikuluak adierazten du administrazioek nahitaez eguneratu beharko dituztela curriculumak, gradu bakoitzerako ezarritako eskumenen arabera. Horrez gain, errege dekretu horren eranskinetan, erdi mailako heziketa zikloetan sartzen diren modulu berrien oinarrizko curriculumak ezartzen dira.

Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak ezartzen duen bezala, apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuak ezartzen du aipatutako lege organikoak definitutako Lanbide Heziketako sistema ezartzeko egutegia. Errege dekretu horren 11. artikuluaren arabera, 2025-2026 ikasturtean erdi mailako heziketa-ziklo guztien ezarpena osatu beharko da, konfigurazio berriaren arabera, eta egungo zikloei dagozkien curriculumak iraungi beharko dira.

Curriculumaren alderdiez gain, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak Lanbide Heziketako irakaskuntzei buruzko beste alderdi garrantzitsu batzuk ere jorratzen ditu, hala nola irakaskuntzetarako sarbidearekin zerikusia duten gaiak, prestakuntza dualaren esparru berrian enpresako prestakuntza arautzea, prestakuntza eskaintzak gidatu behar dituzten printzipio pedagogikoak definitzea, desberdintasun indibidualekiko arreta eta ikaskuntzaren ebaluazioa, besteak beste.

Aurreko paragrafoetan aipatutako martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikotik datorren aurreko arau-garapen guztiaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu behar du lege agindu hau: Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketako teknikarien tituluen egiturak eta curriculumak ezartzen dituzten foru dekretuak aldatzea, eguneratu eta indarreko araudira egokitzeko, bai eta irakaskuntza horien antolamenduaren oinarrizko printzipio batzuk ezartzea ere.

3

Foru dekretu honek hiru kapitulu ditu, eta 14 artikulutan garatzen dira. Era berean, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bi ditu, gehi 2 eranskin.

I. kapituluan, xedeari eta aplikazio-eremuari buruzko xedapen orokorrak ezartzen dira. Xedapen horiek 43 foru dekretu aldatzen dituzte, teknikarien 43 tituluen egiturak eta curriculumak ezartzen dituztenak, hain zuzen ere.

II. kapituluak sei artikulu ditu, eta curriculuma berrantolatzeari buruzko alderdiak arautzen ditu: tituluaren identifikazioaren aldaketak, curriculumak osatzen dituzten lanbide moduluen eta haien prestakuntza unitateen zeharkako aldaketak, eta beste aldaketa batzuk honako hauei buruz: irakasleak, erdi mailako zikloetarako sarbidea, baliozkotzeak eta salbuespenak.

III. kapitulua sei artikuluz osatuta dago, eta bertan erdi mailako zikloen antolamenduaren oinarrizko alderdiak ezartzen dira, besteak beste, honako hauei eragiten dietenak: curriculuma erreferente gisa, programazioak, prestakuntza enpresan edo erakunde parekatuan, eskaintzaren modalitateak, ikasle/irakasle ratioa eta ebaluazioa.

Foru dekretuaren hasierako xedapenak bi xedapen gehigarri dira, lanbide gaikuntzekiko loturari eta konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialei buruzkoak.

Foru dekretu honek xedapen iragankor bat du, aldatzen den antolaketarekin eta sekuentziazioarekin hasitako ikasketak amaitzeko epe iragankor bat ezartzen duena.

Ondoren, xedapen indargabetzaile bakarra ezartzen da, foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabetzen dituena.

Xedapenak bi azken xedapenekin amaitzen dira, eta horietan arau-garapena eta indarrean sartzea aipatzen dira.

Azkenik, foru dekretuak bi eranskin ditu. 1. eranskinean, teknikariaren tituluetako curriculum guztietan sartzen diren lanbide moduluak xedatzen dira: "Ingeles profesionala (EM)", "Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala I", "Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala II", "Ekoizpen sektoreei aplikatutako digitalizazioa (EM)", "Ekoizpen sistemari aplikatutako jasangarritasuna" eta "Proiektu intermodularra". Eta 2. eranskinean jasotzen dira foru dekretu honen bidez aldatutako erdi mailako zikloen curriculumei buruzko 43 foru dekretuen curriculum banakako aldaketak.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko abenduaren hamaikan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera garatutako erdi mailako Lanbide Heziketako tituluen curriculumak aldatzea, bai eta irakaskuntza horiek antolatzeko oinarrizko printzipio batzuk ezartzea ere, Lanbide Heziketa Antolatzeari eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren garapenetik datorren araudira egokitzearren.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru dekretu honetan ezartzen diren aldaketak honako foru dekretu hauetan ezarritako erdi mailako Lanbide Heziketako tituluen curriculumei aplikatuko zaizkie:

–92/2008 FORU DEKRETUA, abuztuaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–94/2008 Foru Dekretua, abuztuaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Mekanizazioko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–42/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitatean Karrozeriako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–43/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitatean Osasun Larrialdietako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–44/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitatean Instalazio Elektriko eta Automatikoetako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–45/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitatean Kimika Instalazioko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–46/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitatean Soldadura eta Galdaragintza teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–49/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Sistema Mikroinformatikoetako eta Sareetako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–51/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Telekomunikazioetako Instalazioen teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–52/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Administrazio Kudeaketako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–58/2010 Foru Dekretua, irailaren 13koa, Nafarroako Foru Komunitatean Farmazia eta Parafarmaziako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–48/2022 Foru Dekretua, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–204/2011 Foru Dekretua, irailaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitatean Elikagaien Prestakuntzako teknikariaren tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–205/2011 Foru Dekretua, irailaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ibilgailu Automobilen Elektromekanikako teknikariaren tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–215/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean Lorategiko eta Loradendako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–216/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean Nekazaritzako Ekoizpen Ekologikoko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–217/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean Jatetxe arloko Zerbitzuetako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–226/2011 Foru Dekretua, urriaren 5ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Nekazaritza eta Abeltzaintzako Produkzioko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–82/2012 Foru Dekretua, abuztuaren 1ekoa, Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta egiteko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

–84/2012 Foru Dekretua, abuztuaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Zurgintzako eta Altzarigintzako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–86/2012 Foru Dekretua, abuztuaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Estetikako eta edergintzako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–88/2012 Foru Dekretua, abuztuaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Mantentze-lan Elektromekanikoko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–89/2014 Foru Dekretua, urriaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean Natura-ingurunea ustiatzeko eta kontserbatzeko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–90/2014 Foru Dekretua, urriaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean Eraikuntzako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–91/2014 Foru Dekretua, urriaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean Hozteko eta Girotzeko Instalazioetako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–92/2014 Foru Dekretua, urriaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean Beroa sortzeko instalazioetako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–93/2014 Foru Dekretua, urriaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ile-apainketako eta Ilearen Kosmetikako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–94/2014 Foru Dekretua, urriaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean Aurreinprimaketa Digitaleko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–1/2015 Foru Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Larrialdietako eta Babes Zibileko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–269/2015 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Inprimaketa Grafikoko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–275/2015 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–276/2015 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Hondeaketa eta Zundaketetako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–277/2015 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Merkataritza Jardueretako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–89/2017 Foru Dekretua, irailaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Bideo, disc-jockey eta soinuko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–90/2017 Foru Dekretua, irailaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Metalen eta polimeroen moldeaketa bidezko konformazioko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–46/2019 Foru Dekretua, apirilaren 3koa, Uren Tratamendurako Sare eta Araztegietako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

–41/2020 Foru Dekretua, ekainaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Laborategiko Lanetako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–55/2021 Foru Dekretua, ekainaren 23koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ardo eta Oliba Olioen teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–44/2022 Foru Dekretua, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Elikagaiak merkaturatzeko teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–45/2022 Foru Dekretua, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Jantzigintza eta Modako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–46/2022 Foru Dekretua, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ingurune Naturaleko eta Denbora Libreko Gidaritzako teknikariaren tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–47/2022 Foru Dekretua, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Okintza, Gozogintza eta Konfiteriako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

–26/2023 Foru Dekretua, martxoaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

II. KAPITULUA.–CURRICULUMEN BERRANTOLAKETA

3. artikulua. Tituluaren identifikazioari buruzko artikulua aldatzea.

Aldatzen da foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuen 2. artikulua, testu hau gehituta:

"Teknikari titulua bat dator Etengabeko Ikaskuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 4A mailarekin eta 2011ko Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko P-3.5.4 mailarekin.

4. artikulua. Zeharkako aldaketak, curriculumak osatzen dituzten lanbide moduluei eta haien prestakuntza unitateei dagozkienak.

1. Kentzen dira "Lanerako prestakuntza eta orientabideak" eta "Lantokiko prestakuntza" lanbide moduluak foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren tituluen curriculum guztietan, bai eta "Enpresa eta Ekimena", "Ingelesa" eta Nafarroako berezko moduluak ere, horiek dituzten titulu horien curriculumetan, kasu bakoitzean duten kodifikazioarekin, eta honako hauek sartuta: ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak, iraupena, oinarrizko edukiak eta orientabide didaktikoak.

2. Ezabatu eginen dira foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren curriculumetako prestakuntza unitate guztiak, aipatu curriculumetako 3. eranskinetan jasotzen direnak. Ezabatuko ez den bakarra martxoaren 15eko 26/2023 Foru Dekretua da.

3. Eraginik gabe geratuko dira curriculumak osatzen dituzten moduluen curriculum garapenetan jasotako orientabide didaktikoak. Horien ordez, erreferentziatzat hartzen dira teknikari tituluak eta haien gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten errege dekretuetan jasotako orientabide pedagogikoak.

4. Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 96. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako lanbide modulu hauek eta proiektu intermodularra sartzen dira:

a) 0156. Ingeles profesionala (GM), zeinaren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1. A eranskinean agertzen baitira.

b) 1709. Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala I, zeinaren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1. B eranskinean agertzen baitira.

c) 1710. Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala II, zeinaren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1. C eranskinean agertzen baitira.

d) 1664. Ekoizpen sektoreei aplikatutako digitalizazioa (EM), zeinaren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1. D eranskinean agertzen baitira.

e) 1708. Ekoizpen sistemari aplikatutako jasangarritasuna, zeinaren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1. E eranskinean agertzen baitira.

f) 1713. Proiektu intermodularra, zeinaren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1.F eranskinean agertzen baitira.

g) Hautazko parte bat sartzen da, 100 ordukoa, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 102. artikuluan aipatzen dena. Parte hori urtebeteko iraupena duen lanbide modulu batek edo lau hileko bi moduluk osatzen ahalko dute; bigarren kasu horretan, lau hileko bi modulutan banatzen ahalko da ikasturte desberdinetan. Hezkuntza Departamentuari dagokio hautazko moduluen eskaintza arautzea. Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek hautazko moduluak proposatzen ahalko dituzte, tituluen curriculumetan txertatzeko, Hezkuntza Departamentuak zehazten duen prozedurari jarraikiz. Foru dekretu honen azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoaren ondorioetarako, Hezkuntza Departamentuan Lanbide Heziketaren eskumena duen zuzendaritza nagusiak proposamen horiei buruzko txostena egin beharko du.

5. Modulu horiek garatu dira prestakuntza-eduki jakinik sartu gabe eta modulu horiek titulu eta lanbide-sektore bakoitzean kokatzen dituzten erreferentziak alde batera utzita; beraz, curriculum bakoitzean testuinguruan kokatuta aplikatu beharko dira.

5. artikulua. Erdi mailako heziketa zikloetan sartzea.

Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuen 6. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 108. artikuluan eta seigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira".

6. artikulua. Baliozkotzeei eta salbuespenei buruzko artikuluaren aldaketa.

Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretu guztien 8. artikuluaren testua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"Lanbide moduluen baliozkotzeak eta salbuespenak uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren II. tituluko VI. kapituluko 1. atalean (Baliozkotzeak) eta 2. atalean (Salbuespenak) xedatutakoaren arabera eginen dira".

7. artikulua. Irakasleei buruzko artikuluaren aldaketa.

1. Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuen 10. artikuluaren testua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean arituko dira 6. eranskinean ezarritako espezialitateetako irakasleak, eranskin horretan adierazitako kidegoetakoak direnak, horrek ukatu gabe otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrena ezarritakoa aplikatzea (errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle kidegoetan sartu, igo eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten da eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den araubide iragankorra arautzen da).

2. Aurreko atalean aipatzen diren kidegoetan sartzeko baldintzak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira.

3. Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo Hezkuntzakoak ez diren beste administrazio batzuetako titulartasun publikoko zentroetan lanbide moduluak irakasteko, aurreko paragrafoan aipatu diren irakasle kidegoetako espezialitateetarako eskaturiko titulazio eta baldintza berberak eskatuko zaizkie irakasleei, 6. eranskinean modulu bakoitzerako ezartzen den irakaskuntza esleipenaren arabera. Nolanahi ere, aipatutako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide moduluen ikaskuntza emaitzak bildu beharko dituzte. Elementu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, frogatu beharko da gutxienez hiru urteko lan-esperientzia lanbide arlo horrekin lotutako sektorean, ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotuta dauden enpresetan ekoizpen-jarduerak betetzen. Esperientzia hori ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da.

4. Beste profil laguntzaile batzuk izanez gero, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren V. tituluaren IV. kapituluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte profil horiek. Kontratazioari dagokionez, lanbide modulu bat irakasle espezialistei esleitzen zaienean eta Nafarroako Foru Komunitateko curriculumean ezarritako iraupena 150 ordutik gorakoa denean, espezialista ikasturte bakoitzeko 150 eskola-ordu baino gehiagotarako kontratatzen ahalko da.

5. Hezkuntza Departamentuak erabakiko du moduluaren edo hautazko moduluen irakasle esleipena, curriculum-diseinuari jarraikiz".

2. Ondoriorik gabe geratzen da irakaskuntzarako gaitzen duten titulazioei buruzko edozein aipamen, foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretu hauen 5.B) eranskinera igortzen badu: maiatzaren 4ko 43/2009 Foru Dekretua, urtarrilaren 21eko 1/2015 Foru Dekretua, abenduaren 16ko 276/2015 Foru Dekretua eta martxoaren 15eko 26/2023 Foru Dekretua. Horrek ez du ukatzen aurreko ataletan ezarritakoa. Ondoriorik gabe geratzen da irakaskuntzarako gaitzen duten titulazioei buruzko edozein aipamen, foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren gainerako foru dekretuen 6.B) eranskinera igortzen badu, horrek ukatu gabe aurreko ataletan ezarritakoa.

8. artikulua. Curriculumaren beste aldaketa batzuk.

Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren tituluen foru dekretuetan curriculum bakoitzean egiten diren banakako aldaketak, batetik, aurreko ataletan ezarritako xedapenen ondoriozkoak direnak, eta, bestetik, oinarrizko araudian egiten diren eta tituluen curriculumetan sartuta dauden lanbide kualifikazio profesionalei eta konpetentzia unitateei eragiten dieten aldaketen ondoriozkoak, foru dekretu honen 2. eranskinean jaso dira.

III. KAPITULUA.–ANTOLAMENDUAREN OINARRIZKO ALDERDIAK

9. artikulua. Curriculuma erreferente gisa.

Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek aplikatuko dituzten curriculumak horiek ezartzen dituzten foru dekretuetan ezarritakoak izanen dira, eta beren programazioak eta metodologiak erdi mailako Lanbide Heziketako eskaintzaren modalitatera eta prestakuntzan dauden ikasleen ezaugarrietara egokituko dituzte, arreta berezia jarrita hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten pertsonengan, beti berdintasun-, inklusio- eta irisgarritasun-printzipioen arabera, eta aintzat hartuta ekoizpen-inguruneko errealitate sozioekonomikoa eta lan-errealitatea.

10. artikulua. Programazioak.

1. Programazioek heziketa zikloetarako ezarritako curriculumak zehazten dituzte. Haren definizioak ingurumena errespetatzeko kultura sustatu beharko du, baita laneko bikaintasuna, kalitate-arauak betetzea, sormena, berrikuntza, genero-berdintasuna, sexu-orientazioko, genero-adierazpeneko eta sexu- edo genero-identitateko aniztasunarekiko errespetua, estereotipo eta portaera sexistak gainditzea ahalbidetzen dituena, aukera-berdintasuna, "pertsona guztientzako diseinua" eta irisgarritasun unibertsala ere, batez ere desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, eta laneko arriskuen prebentzioaren kultura sustatu beharko du lanbide moduluak eta moduluarteko proiektua irakasten diren guneetan.

2. Erdi mailako heziketa zikloak osatzen dituzten edukiak orientagarriak izanen dira, eta irakasle-taldeei dagokie eduki horiek eguneratzea programazio didaktikoetan. Hezkuntza Departamentuak modulu bakoitzerako prestakuntza edukiak proposatzeko orientabideak prestatzen ahalko ditu.

3. Erdi mailako heziketa zikloetan indarrean dauden curriculumak zehazten dituzten foru dekretuen 2. eranskinetan jasotako lanbide moduluen eta moduluarteko proiektuen ikaskuntza emaitzak eta ebaluazio irizpideak aginduzkoak izanen dira programazio didaktikoak diseinatzean eta ikasleak ebaluatzeko prozesuetan.

4. Proiektu intermodularra heziketa zikloa osatzen duten lanbide moduluetan txertatutako ezagutzen integratzailea izanen da, eta arreta berezia jarriko zaie informazioa bilatzeko elementuei, berrikuntzari, ikerketa aplikatuari eta ekintzailetzari. Horregatik, ikastetxeen berrikuntza-baliabideen erabilera optimizatzeko moduan konfiguratu beharko da, hala nola teknologia aplikatuko ikasgelak (ATECA), gaikuntza-ikasgelak, ekintzailetza-ikasgelak eta proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntzako metodologiak.

11. artikulua. Enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza.

1. Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 55. artikuluan ezarritakoaren arabera, Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotutako erdi mailako Lanbide Heziketako eskaintza guztia duala izanen da, eta enpresan edo organismo parekatu batean bete beharreko prestakuntza fase bat izanen du.

2. Enpresako prestakuntzan parte hartzeko, ikasleek 16 urte beteta izan beharko dituzte, eta lanbide arriskuen prebentzioari buruz Lanbide Heziketako ikastetxeek emandako prestakuntza gaindituta.

3. Enpresako prestakuntza une egokian eginen da, prestakuntza-eskaintzaren ezaugarrien eta urtarokotasunaren arabera eta ekoizpen-inguruneak eskaintzen dituen aukeren arabera. Orokorrean, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntzaren barruan ikastetxea eta enpresa txandakatzea zilegi izanen da, ikasleek enpresetako ikaskuntzak partekatu ditzaten eta, hartara, ikasle guztien artean ikaskuntza orokorra sustatu dadin. Ikastetxearekin txandakatzerik aurreikusten ez duten enpresako prestakuntza proiektuek Hezkuntza Departamentuan gai horren ardura duen zerbitzuaren berariazko baimena beharko dute.

4. Araubide orokorreko Lanbide Heziketako eskaintzetan, enpresako edo organismo parekatuko prestakuntzaren iraupena heziketa zikloaren curriculumaren iraupen osoaren %25etik %35era bitartekoa izanen da, eta lanbide moduluen ikaskuntza emaitzen %10etik %20ra bitartekoa izanen da; aldiz, araubide intentsiboko eskaintzetan, enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntzaren iraupena heziketa zikloaren curriculumaren iraupen osoaren %35etik gorakoa eta %50etik beherakoa izanen da, eta tituluaren lanbide moduluen ikaskuntza emaitzen %30 jasoko du gutxienez.

5. Oro har, enpresako prestakuntza erdi mailako heziketa zikloetako lehen eta bigarren ikasturteetan garatuko da, eta lehen mailan enpresako prestakuntza-ordu guztien %20 eginen da.

6. Enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza enpresa batean edo batzuetan egiten ahalko da, eta enpresa horiek elkarren osagarri izanen dira ikaskuntza emaitzak eskuratzean. Enpresa edo organismo horien antolaketa ekoizpen-sektoreen edo enpresen edo organismo parekatuen berezitasunen araberakoa izanen da.

7. Enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza gehienez ere bi deialditan ebaluatzen ahalko da; beraz, ikasleek bi aukera izanen dituzte enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza garatzeko eta gainditzeko.

8. Enpresako edo organismo parekatuko prestakuntzan inplikatutako alderdien konpromisoak eta eskubideak ezartzen dituzten proiektuak Hezkuntza Departamentuak eta enpresaren edo organismo parekatuaren ordezkariak sinatutako hitzarmenen babesean definituko dira.

9. Hezkuntza Departamentuak aurreko puntuetan ezarritako jarraibide orokorrak garatuko ditu, enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza fasea arautzen duen araudi espezifiko batean.

10. Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 84.b) artikuluak ezartzen duenez, enpresa eta erakunde parekideek ingurune profesionalen berezko espazioak eta instalazioak jarri ahal izanen dituzte Lanbide Heziketako Sistemako edozein gradutako prestakuntza profesionalaren eskaintzak irakasteko. Nolanahi ere, espazio, instalazio eta ingurune horiek irisgarritasun baldintza zehatzak izanen dituzte, desgaitasuna duten pertsonek erabili ahal izan ditzaten.

11. Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 88.4.b) artikuluan xedatutakoa garatzeko, Hezkuntza Departamentuak lehentasun neurriak ezarriko ditu desgaitasuna duten ikasleentzat enpresako prestakuntzan parte hartzen duten enpresak hautatzeko, kalitate eta irisgarritasun baldintzetan egiten direla bermatzeko.

12. artikulua. Ebaluazioa.

1. Ebaluazioa jarraitua izanen da, eskaintza-modalitate eta ikaskuntza-metodologia desberdinetara egokituta egonen da, curriculumean aurreikusitako ikaskuntza emaitzetan eta ebaluazio irizpideetan oinarrituko da, eta prestakuntzakoa eta integratzailea izanen da.

2. Ebaluazio-tresna askotarikoak, malguak eta ikaskuntza-egoera desberdinetara egokituak erabiltzea sustatuko da, ikasleen balorazio objektiboa egin ahal izateko eta ebaluazioaren eskuragarritasuna bermatzeko.

3. Lanbide modulu bakoitza ebaluatzean eta kalifikatzean, baldin eta lanbide modulu horren ikaskuntzaren emaitzak ikastetxearen eta enpresaren partaidetzakoak badira, bi aldien baterako balorazioa eginen da, eta bien erantzukizuna izanen da, Hezkuntza Departamentuak garatzen duen ebaluazio araudian ezarritakoaren arabera. Era berean, "Proiektu integratua" moduluaren eta "Elkarlaneko ikaskuntza" moduluarteko proiektuaren ebaluazioa modulu horretako irakasle-taldeak eginen du batera. Bi kasuetan, ebaluazioak zikloaren osotasuna hartu beharko du kontuan.

13. artikulua. Erdi mailako Lanbide Heziketako eskaintzaren modalitateak eta horiek emanen dituzten ikastetxeak.

1. Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren I. tituluaren IV. kapituluan ezarritako eskaintza modalitate desberdinak —langile militarrentzako modalitatea eta askatasun-gabetze egoeran daudenentzako modalitatea salbu— prestakuntza profesionaleko ikastetxe integratuetan, bigarren hezkuntzako institutuetan eta lanbide heziketako eskaintzak dituzten arte eta diseinuko goi mailako eskoletan emanen dira, erdi mailako heziketa zikloei dagokienez.

2. Nafarroako Foru Komunitateak eskaintza horiek garatzeko baliatzen duen antolamendu ereduaren eta eredu funtzionalaren arabera, estrategikoa da modalitate horiek aurreko atalean aipatutako zentroetan ezartzea, eta garrantzi erabakigarria ematen dio horri. Hala, eredu horren baitan, aipatutako eskaintza modalitate guztiak ematera bideratutako zentro gisa eratzen dira.

14. artikulua. Ikasleak/irakasleak ratioa erdi mailako eskaintzetan.

1. Modalitate presentzialeko eta erdipresentzialeko eskaintzetan, erdi mailako heziketa zikloetan, oro har 24 ikasle izanen dira, gehienez, ikasle errepikatzaileak eta ikasle berriak barne.

2. Modalitate birtualeko eskaintzei dagokienez, berriz, erdi mailako heziketa zikloetako moduluetan, 35 ikasle izanen dira, gehienez, ikasle errepikatzaileak eta ikasle berriak barne.

3. Lanbide moduluak ematean, haien espazioengatik, baliabideengatik eta erabili beharreko materialengatik hala gomendatzen denean, ikasleak bi taldetan banatu ahal izanen dira, kalitatezko irakaskuntza eta behar bezalako hezkuntza nahiz prestakuntza arreta bermatzeko.

Xedapen gehigarrietako lehena.–Lanbide gaikuntzekiko loturari buruzko xedapenean jasotako erreferentziak.

Arau honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretu guztietan, dekretu horien xedapen gehigarrietan (beste lanbide gaikuntza batzuei buruzkoak) Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide moduluari egiten zaion aipamena Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala I moduluari egiten zaiola ulertu beharko da.

Xedapen gehigarrietako bigarrena.–Konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen erreferentziak.

Arau honen xede diren foru dekretu guztietan, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialei buruz artikuluetan egiten diren aipamenak konpetentzia profesionalei eta enplegagarritasunerako konpetentziari buruzkoak direla ulertu behar da.

Xedapen iragankor bakarra.–Aurreko tituluetako ikasleen eskubideak eta trantsizio prozesua.

Teknikariaren tituluari dagozkion ikasketak osorik egin ez dituztenek —titulu horren egitura eta curriculuma, hain zuzen, arau honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuetan zehazten dira— 2026-2027 ikasturtera arteko trantsizio epe bat izanen dute hura eskuratzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak titulu hori eskuratzeko prozedurak erraztuko ditu horretarako ezarriko den arau esparruan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Hezkuntza Departamentuko titularrari ahalmena emanen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa egoki aplikatzeko behar diren arau guztiak garatu ditzan, eta, bereziki, foru dekretu honen 4. artikuluan aipatzen diren hautazko moduluak onartu edo aldatu ditzan eta curriculumetako lanbide moduluen iraupena edo irakaste sekuentzia aldatu dezan, betiere aldaketa horiek funtsean ez badiote eragiten tituluan zehaztutako lanbide profilari eta Estatuko oinarrizko araudian ezarritako gutxieneko iraupenak errespetatzen badira.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko abenduaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Erdi mailako Lanbide Heziketako zenbait tituluren egituran eta curriculumean aldaketak egitea, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko 3/2022 Lege Organikoan, martxoaren 31koan, ezarritako xedapenetara egokitzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2418206