2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Deialdia, adinekoek parte hartzeko 2025eko dirulaguntzena. Laburpena
DDBN (Identif.): 815741.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/815741).
Deialdi honen xedea da dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea, deialdi honetako B) apartatuan zehaztutako jarduketak egiteko, horrela betez Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoa, zeina Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak 2005eko azaroaren 3an hasiera batez hartutako erabakiaren bidez onartu baitzuen -erabaki hori behin betiko bihurtu zen, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez zelako-. Deialdi honetan aurreikusi gabeko orotan, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorreko aginduak izanen dira aplikagarri. (2006ko 21. NAOn, otsailaren 17koan, argitaratua).
Lehena.–Onuradunak.
Irabazi-asmorik gabeko Iruñeko elkarte eta beste entitate batzuek 2025ean proiektuak eta jarduerak egin ditzaten adinekoen parte-hartzearen eta haiekin lan egitearen esparruan, herritarren partaidetza, herritartasun aktiboa eta gizarte-lotura sustatuz Iruñeko udalerrian.
Bigarrena.–Xedea
Deialdiak laguntza eta lankidetzarako tresna bat izan nahi du, udal eremutik babesa emateko Iruñeko udalerrian adinekoen ongizate biosikosoziala eta nahi ez den bakardadea prebenitzea sustatzen duten proiektuak, jarduketak eta prestakuntzak garatzen ari diren irabazi-asmorik gabeko elkarte eta beste erakunde batzuei.
Hirugarrena.–Zenbatekoa.
Deialdiaren guztizko zenbatekoa, gehienez, kreditu erabilgarrien barruan, 90.000 euro da.
Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia.
Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan www.pamplona.es/eu "Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoendako" delako izapidearen bidez.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Seigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko epea.
2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra.
Zazpigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epemuga.
Behin betiko memoria eta justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 31n amaituko da (egun hori barne).
Zortzigarrena.–Ordaintzeko modua.
Aurreratutako ordainketa: behin emanda, dirulaguntzaren % 100 ordainduko da.
Iruñean, 2025eko otsailaren 12an.–Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria, Zaloa Basabe Gutierrez.
Iragarkiaren kodea: L2502778