50. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

104E/2025 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Enpresa Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, 2025 eta 2026 urteetarako "Kluster erakundeak sendotzeko eta lankidetza proiektuak egiteko laguntzak" deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: "A" motako proiektuak: 816036; "B" motako proiektuak: 816035.

Nafarroako Gobernuak, Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) eguneratzeko asmoz, ahalegina egin du baliabide gehienak bideratzeko eskualdeko ekonomia bultzatzeko ahalmenik handiena duten arlo ekonomikoetara, eta, hala, klusterrekin lan egitea da estrategia hori ezartzeko tresna nagusietako bat.

Klusterretan parte hartuz enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duen elkarlana sustatzearren, 2016. urtetik laguntzen deialdi bat onesten da urtero xede horretarako.

Deialdia aldatu egin da aurrekoekin alderatuta, honako hau bi urtekoa izatea (2025 eta 2026) onetsi baita, klusterrei malgutasun handiagoa emateko beren jarduketak programatzerakoan eta egonkortasun ekonomiko handiagoa bermatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. 2025 eta 2026 urteetarako "Kluster erakundeak sendotzeko eta lankidetza proiektuak egiteko laguntzak" deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, honako gastu hau baimentzea, jarraian zehaztuko diren 2025eko partiden kontura, bai eta 2026ko eta 2027ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2025eko partida hauen baliokide izanen direnen kargura ere, baldin eta aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa baldin badago:

AURREKONTU PARTIDA

LERROA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

A

2025

700.000

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

A

2026

700.000

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

B

2025

200.000

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

B

2026

200.000

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

B

2027

200.000

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren lerro baterako baimendutako gastuan soberakinik izanez gero, beste lerroko proiektuak diruz laguntzeko bideratzen ahalko da.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko otsailaren 20an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako enpresen arteko elkarlana sustatzea, eta, orobat, enpresek beren lehiakortasuna hobetzen duten proiektuetan parte hartzea sustatzea, lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta kluster erakundeen bitartez.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Kluster erakundea (hemendik aurrera, klusterra): balio kate baten ezagutza entitate, erakunde eta enpresen multzoa, bere bazkideen lehiakortasuna hobetzea bilatzen duena lankidetzaren bitartez; balio kate hori Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (aurrerantzean, S4) lehentasunezko arloen merkatu batera edo merkatuaren segmentu batera bideratua izaten ahal da, edota teknologia erraztailea eskaintzera.

b) Lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataforma (hemendik aurrera, plataforma): entitate independenteek (konparazio batera, enpresak, ikerketa eta ezagutza erakundeak eta antzeko beste eragile ekonomiko batzuk) osatutako egiturak edo talde antolatuak, izaera juridikoa bai baina irabazi-asmorik ez dutenak, enpresen industria jarduera berritzailea edo lehiakorra sustatzeko helburua dutenak proiektu pilotuak gauzatuz, ezagutza teorikoa eta praktikoa trukatuz eta balioztatuz, sareak sortuz, informazioa hedatuz, eta enpresen eta beste erakunde batzuen arteko lankidetzaren bultzatuz.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako eremu hauetan sartu beharko dira jarduketa diruz lagungarriak:

a) Nafarroako S4 Estrategiak lehenetsitako eremu ekonomikoak.

b) Arlo horietako teknologia erraztaile bat.

2. Jarduketa lerro diruz lagungarriak honako hauek dira:

2.1. A lerroa. Klusterrak sendotzea.

Lerro honen barruan, diruz lagunduko dira klusterren egitura indartzeko jarduketak, urteko jarduera planean jasoko direnak. Hauek izaten ahal dira:

2.1.1. Klusterraren funtzionamendurako oinarrizko jarduketak:

a) Kudeaketa: klusterra sustatzeko jarduerak, bisitak eta bazkideak lortzeko ekintzak, batzarren eta bileren antolaketa, erakundeen ordezkaritza, erakundearen kudeaketa ekonomiko administratiboa (kontuak, laguntzak, kuotak...).

b) Komunikazioa: klusterraren komunikazio jarduketak, sareetako presentzia, informazio aldizkariak, hirugarrenen jardunaldietan elkarlanean aritzea, jarduera propioen eta hirugarrenen jardueren zabalkundea.

c) Jardunaldiak eta networkinga: jardunaldien, prestakuntza ekintzen, mintegien eta ekitaldien antolaketa klusterraren edo sektorearen zabaltze jardueren baitan, eta teknologiei edo joera orokorrei buruzko informazioa.

d) Urteko kudeaketa planak: egokitzapen lanak, plan estrategikoa oinarri hartuta urteko jarduerak definitzeko.

2.1.2. Egiturazko jarduketa aurreratuak:

a) Lankidetzaren dinamizazioa: enpresetako taldeen/batzordeen/lan mahaien dinamizazioa eta jarraipena.

b) Merkaturatzea eta nazioartekotzea: nazioko edo nazioarteko merkataritza sustapeneko ekitaldien antolaketa, kanpoko azoketara joatea.

c) Berrikuntza: I+G+b sustatzeko enpresei zuzendutako zerbitzu propioak.

d) Estrategia: klusterra epe ertainean antolatzeko plan estrategikoa, klusterraren mapaketa edo ezaugarritzea, zaintza estrategikoa eta lehiakortasunerako adimena.

2.2. B lerroa. Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

Jarduketa lerro honen xedea da kluster bateko edo plataforma bateko enpresen lehiakortasuna eta berritzeko ahalmena sendotzea.

Lerro honen barnean, diruz lagunduko dira bazkideen lehiakortasuna hobetzeko asmoz esparru hauetakoren batean egiten diren proiektuak: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez-teknologikoa edo kudeaketakoa, nazioartekotzea, marketina, banaketa eta merkaturatzea, hobekuntza produktiboak, azpiegitura komunak ezartzeko azterketak, estandarrak eta kalitate arauak garatzea edo aldatzea, zaintza estrategikoa edo teknologikoa egiteko sistemak garatzea, eta merkatuak eta konpetentzia.

Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak honela egiten ahalko dira:

a) Kluster batek banaka; kasu horretan, kanpoko lankidetzaren gastuak aurrekontu diruz lagungarriaren %50 izan beharko du gutxienez.

b) Zenbait klusterrek edo kluster eta plataformek lankidetzan. Proiektua kluster baten eta plataforma erraztaile baten artean egiten bada, klusterrak, gutxienez, %30eko partaidetza izanen du proiektuan.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. 1.a) oinarrian zehaztutako kluster erakundeek soilik eskatzen ahalko dituzte laguntzak (bai A lerrorako, bai B lerrorako).

2. Onuradun izateko, eskatzaileek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte laguntza eskaera aurkezterakoan:

a) Irabazi asmorik gabeko erakunde gisa eratuta egotea, edozein dela forma juridikoa.

b) Foru Komunitateko lurraldea lehentasunezko jarduera eremu geografiko izatea. Gainera, bazkideen edo kideen %50ek gutxienez Nafarroan izan beharko dute egoitza soziala edo lantokia.

c) Gutxienez 30 bazkide biltzea.

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero bazterketatzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako kondena epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, bai eta 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arteko aldiari dagokion "Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilla" izeneko txostena ere, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioarena. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak, baita batez besteko plantillari dagokiona ere:

f) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

g) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

h) Krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. definizioaren arabera. Salbuetsita geldituko dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez egon arren 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

3. Horrez gain, eskatzaileek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lan eremu nagusia balio kate bat izanen da, merkatu batera edo teknologia erraztaile bat eskaintzera orientatua, betiere Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoen barruan; hau da, arlo ekonomiko horietan teknologiaren, ondasunen edo zerbitzuen eskaintza eta diseinua sustatu behar dira.

b) Bazkideek klusterraren lan eremuaren balio katea ordezkatu beharko dute, eta gutxienez ikerketa, teknologia edo ezagutza zentro bat sartu beharko da.

c) Bazkideek (ikerketa, teknologia edo ezagutza zentroak barne) klusterraren egitura finantzatzeko kuotak ordaindu beharko dituzte.

4. Baldintzak betetzen jarraitu beharko dute dirulaguntza ordaindu arte, eta hori laguntza eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.

5. B lerroari dagokionez (lehiakortasuna hobetzeko proiektuak), onuradunaren eta lehiakortasun plataforma baten artean idatzizko akordioa badago beste plataforma horrek diruz lagundutako proiektuko jarduketaren bat osorik edo zati batean gauzatu dezan, hori ere onuradun bihurtuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

1.1. A lerroaren kasuan:

a) Jarduketarekin zuzenean lotutako klusterreko langileen soldata eta dieta gastuak. Orduko 50 euroko dirulaguntza emanen da gehienez.

b) Aholkularitza teknikoko, komunikazioko edo ezagutzako kanpo zerbitzuak kontratatzeak eragindako gastuak, aurreko apartatuan aipatutako langileek parte hartzen duten enpresekin egindako kontratazioenak izan ezik.

c) Klusterrei buruzko ekitaldietara joateagatiko gastuak.

d) Zeharkako gastuak, gehienez ere langileen gastuen %15 izanen dira.

1.2. B lerroaren kasuan:

a) Jarduketarekin zuzenean lotutako klusterreko edo plataformako langileen soldata eta dieta gastuak. Orduko 50 euroko dirulaguntza emanen da gehienez.

b) Aholkularitza teknikoko, komunikazioko edo ezagutzako kanpo zerbitzuak kontratatzeak eragindako gastuak, aurreko apartatuan aipatutako langileek parte hartzen duten enpresekin egindako kontratazioenak izan ezik.

2. Gastu diruz lagungarriek 10. oinarrian adierazitako diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epeetan fakturatuta eta ordainduta egon beharko dute.

3. Oinarri honetako 1.1. apartatuko b) eta c) letretako eta 1.2. apartatuko b) letrako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, 10. oinarriko justifikazioarekin, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Honako kasu hauetan onuradunek ez dute hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko dute):

a) Gastuaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori enpresak eskatzen dituen baldintzetan egiteko.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egina bada.

3. atal honen arabera justifikatzen ez den hornitzailearen gastua ez da diruz lagunduko.

5. oinarria.–Gauzatze aldia.

1. Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:

–A lerroa (Klusterrak sendotzea):

  • I. mota: 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra, hori barne.
  • I. mota: 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra, hori barne.

–B lerroa (lehiakortasuna hobetzeko proiektuak): eskaera aurkezten denetik 2027ko urriaren 31ra, egun hori barne.

Jarduketak dagokion epealdiaren barruan gauzatu direla joko da baldin eta gastu diruz lagungarriak epe horietan fakturatu eta ordaindu badira.

2. B lerroko jarduketetara bideratutako laguntzak pizgarri izan behar dira; horregatik, proiektuak ezin dira hasi laguntza eskaera aurkeztu aurretik, hala adierazten baitu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluak, zeinetan barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria ezartzen baitira, tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Hori dela eta, ez da diruz lagunduko eskaera aurkeztu aurretik fakturatutako gasturen bat duen proiektua.

6. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak honenbestekoak izanen dira, jarduketa lerro bakoitzaren arabera:

1. A lerroa (klusterrak sendotzea):

a) Laguntzen intentsitatea laguntzen organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotzen dituen gastuen %80koa izanen da.

b) Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntzaren zenbatekoa, bai I. motarako, bai II. motarako, klusterraren 2024ko batez besteko plantillaren araberakoa izanen da:

  • a) 85.000 euro, batez beste 2 langile edo gehiago dituzten klusterrentzat.
  • b) 75.000 euro, batez beste 2 langile baino gutxiago dituzten klusterrentzat.

2. B lerroa (lehiakortasuna hobetzeko proiektuak):

a) Laguntzen intentsitatea laguntzen organo kudeatzaileak diruz lagungarriak jotzen dituen gastuen %50ekoa izanen da.

b) Onuradun bakoitzari 100.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. A lerroko I. motako eskaerak eta B lerroko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga egunaren hilabetean, argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean, bukatuko da.

2. A lerroko II. motako eskaerak aurkezteko epea, berriz, 2025eko uztailaren 15etik abuztuaren 15era bitartekoa izanen da, azken hori barne.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa).

3. eta 4. apartatuetan adierazitako eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (adibidez, "Memoria").

4. A lerroari dagokionez, eskaera bat aurkeztuko da mota bakoitzerako, honako dokumentazio honekin batera:

4.1. Laguntzen fitxan Excel formatuan dagoen inprimakia, klusterra osatzen dutenen informazioarekin.

4.2. Klusterraren plan estrategikoa, honako hauek jasoko dituena:

a) Lehiakortasun analisia.

b) Epe ertainerako agenda estrategikoa.

c) Lehentasunezko lehiakortasun eta berrikuntza ildoen definizioa.

4.3. Urteko jarduketa plana, honako hauek izanen dituena:

a) Diruz lagungarriak diren jarduketak.

–I. mota (2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra, hori barne).

–II. mota (2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra, hori barne).

b) Jarduketen aurrekontu banakatua.

c) Genero berdintasunaren arloko egoeraren diagnostikoa, eduki honekin:

–Emakumeen presentzia klusterreko langileen plantillan eta zuzendaritza organoetan.

–Klusterra osatzen duten erakundeek berdintasunaren arloan duten araudia betetzeari buruzko informazioa (berdintasun planak onartzea, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak, etab.), bai eta horiek langileen artean hedatzeko hartutako neurriei buruzkoa ere.

5. B lerrorako, proiektuan parte hartzen duen kluster bakoitzak eskabide bat aurkeztuko du, honako dokumentazio honekin batera:

a) Inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena Excel formatuan.

b) Proiektuaren memoria, laguntzen fitxan adierazitako edukiarekin, eta, hala badagokio, proiektua zer plan estrategikotatik datorren.

6. Aurkeztutako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Zuzenketa nahitaez telematika bidez egin beharko da, 16. oinarrian adierazitakoarekin bat.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan lerro bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Hau da:

  • 700.000 euro A lerrorako eta 200.000 euro B lerrorako, 2025eko gastu aurrekontuan.
  • 700.000 euro A lerrorako eta 200.000 euro B lerrorako, 2026ko gastu aurrekontuan.
  • 200.000 euro B lerrorako, 2027ko gastu aurrekontuan.

Eskaera guztiei erantzun ondoren lerroren batean aurrekontu baliabiderik badago, kreditu falta dela-eta beste lerroan diruz lagundu ez diren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da.

2. Hauek dira A lerroko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Klusterraren batez besteko plantilla 2024. urtean (gehienez 25 puntu):

  • 0-1 pertsona: 15 puntu.
  • 1 baino gehiago eta 2 arte: 20 puntu.
  • 2 pertsona edo gehiago: 25 puntu.

b) 2022ko eta/edo 2023ko deialdietan B lerroko proiektuengatik dirulaguntza jaso duten klusterrak: 25 puntu.

c) Kide kopurua (25 puntu arte):

  • 40 kide edo gehiago: 15 puntu.
  • 60 kide edo gehiago: 20 puntu.
  • 80 kide edo gehiago: 25 puntu.

d) Kide kopuruan izandako igoera, ehunekoetan, aurreko urteko laguntza deialdiaren aldean (25 puntu arte):

  • %15eko edo gehiagoko igoera kide kopuruan: 25 puntu.
  • %10eko edo gehiagoko igoera kide kopuruan: 20 puntu.
  • %5eko edo gehiagoko igoera kide kopuruan: 15 puntu.

Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa. Hala ere berdinketa hausten ez bada, kide gehien dituen klusterraren alde ebatziko da.

3. Hauek dira B lerroko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren balorazio globala (40 puntu arte); horretarako, honako alderdi hauek modu argi eta zehatzean definitzea baloratuko da:

  • Proiektuan planteatutako helburuen garrantzia (gehienez 10 puntu).
  • S4arekin bat etortzea (gehienez 10 puntu).
  • Proposatutako jarduketen kalitatea (gehienez 10 puntu).
  • Jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gaitasuna (gehienez 10 puntu).

b) Lerrokatze estrategikoa (20 puntu arte):

Honako hau baloratuko da: jarduketak zenbateko eragina izan duen balio katea sendotzeko eta klusterreko edo plataformako enpresak klusterraren edo plataforma sektorearen erronka estrategikoetara egokitzeko.

c) Lankidetza izaera (20 puntu arte):

Honako hauek baloratuko dira: proiektuetan parte hartzen duten bazkideen kopurua, horien konpromisoa eta osagarritasuna, bai eta beste eragile batzuen inplikazioa eta beste entitate batzuekiko lankidetza ere, Nafarroako Gobernuaren Plan Estrategikoetako ekintzekin koordinatuta (Industria, Energia, Nazioartekotzea, Ekintzailetza, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza).

d) Proiektuen aurrekontua (20 puntu arte):

Honako hauek baloratuko dira: aurrekontuaren egitura eta koherentzia, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jarduketetarako, bai eta beste finantzaketa batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere.

B lerroko proiektuei dirulaguntza emateko 50 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebaluatuko ditu eskaerak, hots, Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, adieraziz, errekerimenduari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Zerbitzu horrek eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Emakidaren ebazpenean adieraziko da gastuen zer aurrekonturen kargura ematen den laguntza:

  • 2025eko gastu aurrekontuaren kargura: onuradunak 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean egindako gastuei dagokien laguntza.
  • 2026ko gastu aurrekontuaren kargura: onuradunak 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean egindako gastuei dagokien laguntza.
  • 2027ko gastu aurrekontuaren kargura: onuradunak 2026ko azaroaren 1etik 2027ko urriaren 31ra bitartean egindako gastuei dagokien laguntza.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean, osorik edo partez, ezetsi ziren eskaerei erantzuteko (kasu horretan, B lerroko eskaerek izanen dute lehentasuna, A lerrokoen aurretik).

Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira, diruz lagundutako jarduketa egiteko eta justifikatzeko.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Epe hauek izanen dira diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko:

1.1. A lerroaren kasuan:

1.1.1. I. mota: 2025eko azaroaren 15era arte, hori barne.

1.1.2. II. mota: 2026ko azaroaren 15era arte, hori barne.

1.2. B lerroaren kasuan:

–2025eko azaroaren 1a baino lehen bukatzen diren proiektuak: 2025eko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

–2025eko azaroaren 1aren ondoren eta 2026ko azaroaren 1a baino lehen bukatzen diren proiektuak:

a) Justifikazio partziala (proiektua hasten den egunetik 2025eko urriaren 31ra bitartean egindako jarduketak): 2025eko azaroaren 15era arte, hori barne.

b) Azken justifikazioa (proiektua hasten den egunetik 2026ko urriaren 31ra bitartean egindako jarduketak): 2026ko azaroaren 15era arte, hori barne.

– 2026ko azaroaren 1aren ondoren eta 2027ko azaroaren 1a baino lehen bukatzen diren proiektuak:

a) Justifikazio partziala (proiektua hasten den egunetik 2025eko urriaren 31ra bitartean egindako jarduketak): 2025eko azaroaren 15era arte, hori barne.

b) Justifikazio partziala (2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean egindako jarduketak): 2026ko azaroaren 15era arte, hori barne.

c) Azken justifikazioa (proiektua hasten den egunetik 2027ko urriaren 31ra bitartean egindako jarduketak): 2027ko azaroaren 15era arte, hori barne.

2. Jarduketak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira:

2.1. Justifikazio partzialetarako: gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta jarduketei dagokien gastuen zerrenda (excel formatuan ordenatuta).

2.2. Azken justifikazioa egiteko:

a) Egindako jarduketak eta lortutako emaitzak justifikatzen dituen memoria, bai eta onuradunari ezarritako betebeharrak bete dituela ere (laguntzen fitxan ereduaren araberakoa).

b) Dirulaguntzarako onartzen diren gastu guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) 4. oinarriko langileria gastuak justifikatzeko, hauek aurkeztuko dira: nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak. 2025eko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen eta 2025eko urriko Gizarte Segurantzaren ordainagiriak 2026ko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira. 2026ko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen eta 2026ko urriko Gizarte Segurantzaren ordainagiriak 2027ko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak aurreko apartatuan eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Hala fakturak nola ordainagiriak onuradunen izenean egon beharko dira, eta gauzatze aldiaren barnean emanak beharko dute izan, kontuan harturik zer epe adierazten den 5. oinarrian, jarduketa bakoitzerako.

e) "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" inprimakia (laguntzen fitxan eskuragarri dago); 4.3 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

f) Beste edozein agiri, onuradunak egokitzat jotzen duena egindako proiektuak eta gastuak justifikatzeko.

3. Oinarri honetan ezarritako eran laguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza, kasuan-kasuan dagokion lerroaren arabera, honela ordainduko da:

1. A lerroa:

1.1. I. mota: azken justifikazioa aurkeztuta, laguntzen kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

Justifikazio hori aztertzerik ez badago, eta ordainketak 2025ean egiten direla bermatzearren, ordainketa bat eginen da 2025eko urriaren 31ra arte egindako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura.

1.2. II. mota: azken justifikazioa aurkeztuta, laguntzen kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

Justifikazio hori aztertzerik ez badago, eta ordainketak 2026an egiten direla bermatzearren, ordainketa bat eginen da 2026ko urriaren 31ra arte egindako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura.

Dirulaguntza likidatzeko ebazpena konturako ordainketak egin ondoren emanen da. Onuradunak itzuli egin beharko du aldez aurretik sobera ordaindutakoa, interesekin batera.

2. B lerroa:

2.1. 2025eko azaroaren 1a baino lehen bukatzen diren proiektuen kasuan, dirulaguntza ordaintzeko ebazpen bat emanen da azken justifikazioa ikusita.

2.2. 2025eko azaroaren 1a eta 2026ko urriaren 31 artean egiten diren proiektuen kasuan, dirulaguntza ordaintzeko ebazpen bat emanen da azken justifikazioa ikusita.

2.3. Gainerako proiektuetan, 10.1.2 oinarrian ezarritako epeetan gauzatutako jarduketei dagokien ordainketa eginen da dirulaguntzaren kontura, justifikazio partzialak ikusita.

2.4. Nolanahi ere, 2026ko azaroaren 1a baino lehen bukatzen diren proiektuen kasuan, dirulaguntza ordaintzeko ebazpen bat emanen da azken justifikazioa ikusita. Konturako ordainketak egin badira, dagokion laguntza likidatuko da, eta, hala badagokio, aldez aurretik sobera ordaindu dena itzuli beharko da interesekin.

3. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, behar diren frogagiriak aurkezten direnetik kontatzen hasita.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 10. oinarrian ezarritako moduan eta epean.

c) Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak interesgarritzat jotzen dituen programetan eta jarduketetan laguntzea, bai eta bazkideen artean jarduketa horien zabalkundea egiten ere.

d) Diruz lagundutako jarduketen materialetan ez ematea emakumea diskriminatzen duen irudirik, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatzea. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko dirulaguntzaren xedeari loturik prestatzen den dokumentazio guztian.

e) Diruz lagundutako jarduketei buruz egiten den zabalkunde publikoan eta erakundearen webgunean adieraztea jarduketa horiek Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela. Horrez gain, A lerroaren onuradun diren klusterren kasuan, "Nafarroa Klusterrak" logotipoa txertatu beharko da zabalkunderako erabiltzen den webgunean eta materialetan.

f) Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuari aurretik jakinaraztea diruz lagundutako B lerroko proiektuetan gertatzen den aldaketa garrantzitsu oro (esate baterako, onetsitako aurrekontuan edo proiektuen gauzatze mailan gertatzen diren desbideratzeak), aipatu zerbitzuak horretarako baimena eman dezan.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, B lerroko proiektuaren gauzatze maila %50etik beherakoa bada (kontuan harturik dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua), emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

13. oinarria.–"De minimis" laguntzak (A lerroko laguntzak).

Deialdi honetako A lerroko dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L, 2023ko abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

Horretarako, interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.

14. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea (B lerroko laguntzak).

Deialdi honetako B lerroko laguntzei dagokienez, Administrazio hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 27. artikuluan –Enpresa talde berritzaileentzako laguntzak– ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.

Alabaina, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuen dirulaguntzekin, baita nazioko edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituztenekin ere. Kasu horretan, B lerroko laguntzei dagokienean, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak.

2. Jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

16. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

18. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2502710