50. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

QUEILES IBARRA GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, gizarte-langile lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeak, 2025eko urtarrilaren 20an egindako bilkuran, gizarte-langile lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onartu ditu. Hona hemen oinarriok:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean gizarte-langile lanpostu bat (3. plantillaren kodea) lehiaketa-oposizio bidez betetzea.

1.2. Era berean eta 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, gizarte-langile lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen-prozesuan probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

1.3. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena bihurtuko da nomina eta plantillako langile lan-kontratudun finko, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta kidetuko da.

1.4. Aplikatu beharreko araubide juridikoa Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan ezarritakoa da.

1.5. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan B mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.6. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.

1.7. Lanpostuaren titular bilakatzen denak Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak antolakuntzaren, administrazioaren eta alderdi exekutiboaren aldetik behar bezala funtzionatzen duela bermatu beharko du, zerbitzuak aurrera eramaten dituen gizarte-programak barne. Zeregin eta lan guztiak Mankomunitateko lehendakariak antolatu eta esleituko dizkie lantaldea osatzen duten pertsonei, eta ez zaizkio lantalde hori osatzen duten profesionalei bakarrik esleituko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Laneko diplomadun edo gradudun titulua edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat edukitzea, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horren bidez aldatu zen haurrak eta nerabeak babesteko sistema), gizarte-langileen lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

E) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

F) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

G) B.1 motako gidabaimena izatea.

H) Izangaia kondenatua egon ez izana 1/2004 Lege Organikoan edo 14/2015 Foru Legean jasotako inguruabarren bat dela-eta (1/2004 Lege Organikoa, Genero Indarkeriari buruzkoa, eta 14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Indarkeriari buruzkoa).

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak aurreko baldintzak frogatu beharko dituzte deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen muga-egunean, bai eta hautapen-prozesu osoan mantendu ere, izendatu arte.

Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautaketa-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez (https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es). Horretarako epea 30 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

3.2. Eskabideek egoitza elektronikoaren gardentasun-atariaren aipamenean ageri den eredura egokitu beharko dira, dagokion enplegu publikoaren atalean (https://msvalledelqueiles.sedelectronica.es), eta izangaiek adierazi beharko dute deialdi horretan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eta, horretaz gain, deialdiko baremoan ezarritakoaren arabera alegatu nahi dituzten merezimenduen frogagirien kopia konpultsatuak. Izangaiek behar bezala ordenaturik alegatuko eta frogatuko dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (I. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik.

3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun-atarian (https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es).

4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: Macario Jarauta Simón, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaria.

Ordezko epaimahaiburua: Arantza Ayensa Gómara, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariordea.

Epaimahaikidea: Ascensión Samanes Rota, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Amaya Urra Andrés, Cadreitako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Susana Barea Hernández, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Manuela Horrillo Valor, Cintruénigo-Fiteroko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

Epaimahaikidea: Mankomunitateko langileak ordezkatzen dituen organoak izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: Mankomunitateko langileak ordezkatzen dituen organoak izendatutako pertsona bat.

Idazkaria: M.ª Teresa Perales Díaz, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezko idazkaria: José Luis Romano Blasco, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kontu-hartzailea.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaiak ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

6.1. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

7.–Oposizioaldia.

7.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 50 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena.

Ariketan 50 puntu lor daitezke gehienez (erantzun zuzen bakoitzeko puntu 1).

–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Test motako 10 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Horietako batek bakarrik izanen du balioa. Galdera horiek lanpostuarekin eta deialdi honen II. eranskinean agertzen den gai-zerrendarekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira.

Ariketaren 20 puntu lor daitezke gehienez (2 puntu erantzun zuzen bakoitzeko).

7.2. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

7.3. Oposizioko ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.4. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak, ariketa egiten den lekuan eta Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoan, lortutako kalifikazioekin gainditutako izangaien zerrenda argitaratuko du.

7.5. Dei bakarra eginen da oposizioko ariketa bakoitza egiteko. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.7. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko. Halaber, probak egiteko behar den materiala epaimahaiak zehaztuko du, eta behar besteko aurrerapenaz iragarriko da Mankomunitatearen egoitza elektronikoan.

7.8. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa kalkulatzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak.

8.–Lehiaketaldia.

8.1. Epaimahaiak oposizioaldia gainditu duten izangaien merezimenduak baloratuko ditu, behar bezala justifikatuta, I. eranskineko baremoaren arabera. Epaimahaiak, noiznahi, lehiakideek alegatutako merezimenduei buruzko argibide eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu.

8.2. Epaimahaiak ez du inola ere kontuan hartzen ahalko alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ez du ematen ahalko baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntuazio handiagorik.

8.3. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak alegatu eta frogatu diren merezimenduak. Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

8.4. Merezimenduen balorazioa burututa, epaimahaiak argitara emanen du Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko egoitza elektronikoan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa zehazturik.

9.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak Mankomunitatearen egoitza elektronikoan argitaratuko du gainditutakoen zerrenda, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeraren arabera.

Oposizioaldian lortutako puntuazioak lehiaketaldian lortutakoei gehituko zaizkie, eta epaimahaiak Mankomunitatearen egoitza elektronikoan jakinaraziko ditu, eta 7 egun naturaleko epea ezarriko da esleitutako puntuazioak berrikusteko eskatzeko.

Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, lehen eta bigarren ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

9.2. Epaimahaiak puntu gehien erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu gizarte zerbitzuen mankomunitatearen erregistro orokorrean:

1.–Nortasun agiri nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.

2.–Eskatzen den titulu akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.

3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.

5.–Aurrekari penalen ziurtagiria, egiaztatzeko epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, ez gizakien salerosketagatik, ez eta Genero Indarkeriari buruzko 1/2004 Lege Organikoan eta Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko 14/2015 Foru Legean jasotako edozein kasurengatik ere.

6.–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

9.3. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak adierazitako epean, ez bada aski justifikaturiko ezinbesteko kasuan, ez dira izendatzen ahalko ez eta kontratzen ere, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek ezertan galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskaeraren faltsukeria dela-eta dagokien erantzukizuna, halakorik egin badute.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Behin hautapen-prozesua bukaturik eta izendatzeko proposatu den izangaiak aurkezten dituenean aurreko 9.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak, lehendakariak Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izendatuko du, gizarte-langile lanpostuan jardun dezan.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.3 eta 9.4 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitara emanen da Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoan.

11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

11.4. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onartzen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren III. tituluan ezarritakora egokituko da izangaien zerrendaren kudeaketa, aplikatzekoa den guztian.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A atala.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

A.1. Toki mailako administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako oinarrizko lau programak garatzekoak), sartzeko Gizarte Laneko Diplomatura edo horren baliokidea, B mailakoa, izatea eskatu delarik: 3 puntu, urte bakoitzeko.

A.2. Beste administrazio publiko batzuetan B mailako Gizarte Laneko Diplomatura edo baliokidea izatea eskatzen den lanpostuetan eginkizunak betez egindako zerbitzuak: 1.5 puntu, urte bakoitzeko.

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

3. A atalean dagokion puntuazioa gehienez 30 puntu izanen da.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.

3.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Xedapen orokorrak. toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioarteko harremanak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Informazioa eta herritarren partaidetza.

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: Toki erakundeen beharrezko antolaketa: Udalerria.

6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua.

7.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

8.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile-motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

9.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

10.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

11.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

12.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema: Oinarrizko gizarte-laguntzaren oinarrizko programak: Atarikoa. I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: oinarrizko gizarte zerbitzuen programak.

13.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena Nafarroan (ondoren egindako eguneratzeak barne).

14.–Nafarroako gizarte-zerbitzuen oinarrizko laguntzari buruzko esparru-dokumentua.

15.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa (2019-2023).

16.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa, eta 3/2018 Foru Legea, apirilaren 19koa, 14/2015 Foru Legea aldatzekoa.

17.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena. 26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideak Garatzeari buruzkoa.

18.–2019-2025 Desgaitasun Plana.

19.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Planaren (2021-2026) diagnostikoa. Nafarroako Kultura arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026).

20.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa: legearen xedapen orokorrak. Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistema.

21.–Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko neurriak, Kode Zibilaren Lehen Liburuaren XI. titulua aldatzen duen 8/2021 Legearen 1. artikuluaren 23. apartatuan arautuak.

22.–888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena.

23.–94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezartzen duena, eta haren ondorengo eguneratzeak.

24.–210/2009 Foru Agindua, ekainaren 1ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

25.–357/1991 Errege Dekretua, martxoaren 15ekoa, zeinaren bidez garatzen baita, kotizazio gabeko pentsioen arloan, abenduaren 20ko 26/1990 Legea, zeinaren bidez ezartzen baitira Gizarte Segurantzan kotizaziokoak ez diren prestazioak. 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Kotizazio gabeko prestazioak: kotizazio gabeko pentsioak eta kotizaziokoak ez diren prestazioen xedapen komunak.

26.–Eskubide sozialen arloko prestazio ekonomikoak mendekotasuna dutenak etxean gelditu daitezen: mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak; laguntza pertsonalaren prestazioa eta zaintza profesionaletarako prestazio ekonomikoa.

27.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

28.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 1. eta 2. aleak.

29.–Queiles Ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen Ordenantza (2015eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 6koa).

30.–Lagun-egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. (Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak argitaratua). 2016).

31.–Pertsonarengan zentratutako arreta eredu integrala.

32.–Gizarte Lanaren kode deontologikoa. Nafarroako Gizarte Laneko Elkargo Ofiziala.

42.–Elkarrizketa Gizarte Lanean (Teresa Rossel).

Oharra: Gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2025eko otsailaren 24an.–Mankomunitateko lehendakaria, Macario Jarauta Simón.

Iragarkiaren kodea: L2502803