Iragarkia
50. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
OLAZTI
Deialdia, herriko eta udaleko eraikinak garbitzeko lanpostu bat lehiaketa-oposizio bidez betetzeko
Olaztiko Udalaren otsailaren 24ko 97/2025 Alkatetzaren Ebazpenaren bidez, onartu egin da funtzionarioen araubidean, lehiaketa-oposizio bidez, herriko eta udaleko eraikinak eta bulegoak garbitzeko lanpostu bat betetzeko deialdia.
Hona hemen deialdiaren,
OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Olaztiko Udalaren zerbitzurako herriko eta udaleko eraikin eta bulegoak garbitzeko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, funtzionario-erregimenean, nahitaezko B1 hizkuntza-eskakizunarekin. Lanpostua udal honetako garbiketa zerbitzuei atxikita dago, eta 20.9 zenbakia du plantilla organikoan.
Hizkuntza-eskakizuna Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren baremoaren arabera eskatuko da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazio bat, edo izangaiak gainditu beharko du hizkuntza maila egokia duen zehazteko proba bat izan daiteke, bat etorriz 103/2017 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez arautzen da euskararen ezagutza, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoetan).
1.2. Izendapenak Olatiko Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da, hala behar badu, eta hartan alta emanen zaio.
1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen E mailari dagozkion lansariak. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak jasoko ditu, bai eta hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua izanen da Udaleko funtzionarioentzat ezarritakoa.
1.5. Bete beharreko eginkizunak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkionak, barne hartzen dela herriko edo udaleko eraikin eta instalazioen garbiketa. Haien artean, honako hauek eginen dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
eraikin eta lokaletako zoruak eta altzariak garbitzea, horretarako erabiliz haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktu egokiak, jarraikiz laneko segurtasun eta osasunaren arloan aplikatzekoak diren arauei, eta, orokorrean, gaur egun nahiz etorkizunean haien mailari egokitzen zaizkion lanak (etorkizunean egokitzen zaizkionak, ofizio eta lanbideen eta maneiatzen diren erreminta eta lanabesen bilakaeraren ondorioz eta antolakuntza sistemetan eta egiten diren zerbitzuen osagaietan izaten diren aldaketen ondorioz, eta, orobat, zerbitzua dela-eta agintzen zaizkionak).
1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea, hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez dutenekin, jarraikiz aldi baterako kontratatzeko, deialdiaren 11 oinarriari.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozesu hau gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baitira Toki Araubidearen Oinarriak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
3.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.
c) Eskola-ziurtagiria izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, betiere eskuratu badute lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez egotea, ezta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
f) Eskatutako euskara maila egiaztatzea. Hori frogatzeko, aurkeztu beharko da B-1 titulua, jarraikiz gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean indarrean den baremoari, bai eta NAPIn (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) indarrean den baremoari ere, edo maila horretako beste tituluren bat aurkeztu beharko da, ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.
Eskaerarekin batera maila hori egiaztatu ez duten izangaiek berariazko proba bat eginez frogatzen ahal dute badutela maila hori. Horren bidez frogatuko dute badutela nahikoa hizkuntza maila (deialdi honen 1.1 oinarrian adierazia). Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen du proba hori, edo Nafarroako Gobernuan arlo honetan eskumena duen erakunde eskudunak.
g) Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere:
Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte lanpostua eskuratzen duen izangaiek, deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta hautapen-prozesu osoan, izendapen eguna arte bete ere.
Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira izendatuak izaten ahalko, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean (Garcia Ximenez plaza,1) 09:00etatik 14:00etara, Olaztiko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.olazti.es), edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Betiere, laugarren oinarrian adierazitako epean aurkeztu beharko dira.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik. Horrez gain, frogagiria bidali beharko da helbide elektroniko honetara: olazti@olazti.com. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.
Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Indarra duen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
b) Eskatzen den titulazioaren kopia, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako hura erdiesteko moduan egotea ziurtatzen duen agiriarena.
c) Deialdian eskatzen den euskara tituluaren fotokopia, edo, bestela, hautaketa prozesua bitartean egindako jakintza proba.
d) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduen zerrenda. Ez dira kontuan hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzean zerrendatuta ez dauden merituak.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko (d atala salbuespena da). Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenen eskaera egiten ahalko dute eskabidean bertan, horien beharra duten ariketetarako. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
5.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Baldin epearen azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
6.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Olaztiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean.
6.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik egon bada, haiei erantzun ondoren, Olaztiko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, epeari edo moduari dagokionez, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.–Kalifikazio-epaimahaia.
7.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Lehendakaria: Joseba Vizuete Askargorta jauna, Olaztiko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Jose Manuel Armendariz Catalán jauna, Olaztiko Udaleko lehen alkateordea.
Kidea: Mª Aranzazu Albizu andrea, Olaztiko Udaleko karrerako funtzionarioa.
Ordezkoa: Maite Zabala Duhau andrea, Olaztiko Udaleko karrerako funtzionarioa.
Kidea: izendatzeke.
Ordezkoa: izendatzeke.
Kidea: Lourdes Guruciaga Diez andrea, Olaztiko Udaleko karrerako funtzionarioa.
Ordezkoa: ordezkaritzaren proposamenez izendatzeke.
Kidea-idazkaria: izendatzeke.
Ordezko kidea-idazkaria: izendatzeke.
7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Olaztiko Udalari hala jakinarazi, baldin 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia; ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.
Epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
8.–Hautapen-prozeduraren nondik norakoa.
Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere bi hilabete iragandakoan, oinarri hauetan zehaztu bezala.
8.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:
a) Oposizioaldia. Galdera sorta teoriko eta praktiko bat erantzun beharko da, gaztelaniaz edo euskaraz, jarraian ageri gai-zerrendari buruzkoa. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte. Epaimahaiak esanen du, proba hasi aurretik, zer proportziotan. Proba honetan 70 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak.
–Administrazioko gaiak.
1.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa (1-10 art.).
2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. II. titulua, Udalerria: 11-28 artikuluak. V. titulua, Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak, I. kapitulua.
3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atariko titulua, I. titulua, I. kapitulua: udalerriak: 1-8 atalak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea, I. kapitulua: 1 eta 2. atalak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: II. kapitulua, 1 eta 2. atalak.
4.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina: II. titulua: I, II, III, IV, VI, VIII eta IX. atalak.
5.–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea: Xedapen orokorrak.
6.–Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa: I, II eta III. tituluak.
7.–Olaztiko udal erakinak eta instalazioak, kale-izendegia, herriko jaiak, kultur eta kirol ekitaldiak.
–Lanbideko gaiak.
1.–Garbiketa prozesu bateko elementuak:
–Garbiketa, zikinkeria, desinfekzioa eta higienea.
–Paramentuak, zoruak eta sabaiak estaltzen dituzten materialak: motak, eta eskatzen duten tratamendua.
–Desugertzeko, kristalizatzeko eta emultsiorako teknikak zoruen garbiketan.
–Altzariak: motak, eta behar duten tratamendua.
–Kristalezko gainazalak: motak, kristalen ezaugarriak eta zikinkeria motak.
–Komunen garbiketa: komunen, osagarrien eta ispiluen higienizazioa eta desinfekzioa.
–Garbitzeko lanabesak eta/edo erremintak: motak eta erabiltzeko moduak.
–Erraz erabiltzen diren aparatu elektromekanikoak: xurgagailuak eta antzekoak.
–Garbitzeko produktuak: motak, manipulazioa, dosifikazioa, biltegiratzea eta etiketatzea.
–Produktu kimikoak garbiketan.
2.–Zoruak, paretak eta sabaiak garbitzeko prozedurak eta teknikak: ekorketa, ekorketa hezea, xurgatzea, garbitzea, hautsa kentzea.
3.–Eraikin eta lokaletako kristalak garbitzeko teknikak: kanpoko eta barneko garbiketa.
4.–Garbiketa-lana antolatzea: eginkizunak, denbora eta espazioa.
5.–Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiek prebenitzea; norbera babesteko ekipamenduak. Lehen laguntza.
6.–Hondakin eta zaborren gaikako bilketa: sailkapena eta tratamendua.
b) Lehiaketaldia, baloratuko dira izangaiek alegatu dituzten merezimenduak, gero azalduko den baremoaren arabera.
Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta, ondoren, lehiaketaldia.
8.1.1. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira oposizioa egiteko eguna, tokia eta ordua.
8.1.2. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan behar dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
8.1.3. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
8.1.4. Probak kalifikatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Olaztiko Udalaren web-orrian (www.olazti.com), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
8.1.5. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratutakoan, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, eskabidearekin batera aurkeztutako merezimenduen zerrendan sartutako frogagirien kopiak aurkez ditzaten.
Ez dira baloratuko eskabidearekin batera alegatu ahal izan diren baina adierazi ez diren merezimenduak.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
8.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangaien merezimenduak baloratzea, betiere zuzenean loturik daudenak deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin.
Gehienez 30 puntu lor daitezke. Honako merezimenduak baloratuko dira:
8.2.1. Egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 20 puntu gehienez.
8.2.1.1. Administrazio edo sozietate publiko batean egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 2 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.
8.2.1.2. Administrazio publikoetatik kanpo egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 1,5 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.
Emandako zerbitzuak entitate kontratatzaileak (publikoa edo pribatua) emandako ziurtagiri egokia aurkeztuz justifikatuko dira. Ziurtagiri horretan lanpostuaren izena, kategoria profesionala, lanaldi mota eta lan egindako aldiaren hasiera eta amaiera data zehatzak jaso beharko dira. Ez dira baloratuko aurrekoa kontuan hartuta behar bezala justifikatuta ez dauden merezimenduak.
Oharrak:
1. Deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak baloratuko dira.
2. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak ere proportzionalki baloratuko dira.
8.2.2. Euskaraz jakiteagatik, 3 puntu emanen dira gehienez.
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan jasotako euskara maila hauek izateagatik puntuazio hau emanen da:
B2 maila: 1,7 puntu.
C1 maila: 3 puntu.
Oharrak:
1. Ez dira onartuko azterketa-txartelak, ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako ziurtagiriak ere.
8.2.3. Prestakuntza osagarriarengatik, baldin zuzenean loturik badago lanpostuaren eginkizunekin, 7 puntu emanen dira gehienez, honako irizpide hauen arabera:
–20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitza: 0,5 puntu.
–20 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitza, 100 ordura iritsi gabe: puntu bat.
–100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitza: 2 puntu.
Oharrak:
1. Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa baloratuko da 20 ordutik beherakoa balitz bezala.
8.3. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.
Epaimahaiak ez du inola ere kontuan hartzen ahalko alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ez du ematen ahalko atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntuazio handiagorik.
8.3.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
8.3.2. Behin epaimahaiak ebatzita behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.
8.4. Euskararen ezagutza maila frogatzeko proba egitea.
Eskabidearekin batera euskararen ezagutza maila egiaztatu ez eta hori lortzeko proba egin nahi dutela adierazi dutenen artean, eskatutako maila lortzeko proba eginen da. Probak Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen bidez eginen dira. Proben kalifikazioa "GAI" edo "EZ GAI" izanen da. Idatzizko proba bat eta ahozko beste bat izanen ditu. Erakundeak zehaztuko du zenbat denbora beharko den frogak zehazteko.
Fase hauetako proben behin-behineko kalifikazioen aurka alegazioak aurkezten ahalko dituzte izangaiek 5 egun balioduneko epean, eta alegaziorik ez badago, behin betiko bihurtuko dira.
Nafarroako Gobernuko Euskarabideak alegazioak ebatzi ondoren, gaitasuna behin betiko argitaratuko da.
Proba hori lehiaketaldia baino lehen eginen da.
8.5. Azken kalifikazioa.
8.5.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.
8.5.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.
Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da egindako zerbitzuetan puntuazio handiena lortu duenaren alde, eta, bat baldin badatoz, kontuan hartuko da apartatu horretako azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.
8.5.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera, eta organo eskudunari igorriko dio, baldintzak egiaztatzeko izapideak egin ditzan. Zerrenda hori espediente osoan eta izendapen-proposamenean jasoko da.
9.–Baldintzak frogatzea.
Organo eskudunak hamar egun balioduneko epea irekiko du, lanpostua eskuratzen duen gainditu duen izangaiak aurkez dezan dokumentazioa, honako baldintza hauek betetzen dituela frogatzeko:
a) Deialdian eskatzen diren tituluen kopia konpultsatua edo autentifikatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
b) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez.
10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agiriak aurkeztea.
10.1. Aipatutako dokumentazio guztia aurkeztu ondoren, epaimahaiak aztertuko du eta puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio organo eskudunari, espediente osoarekin batera.
Kontratazio proposamen hori Olaztiko Udalaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da.
10.2. Proposatzen den izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:
a) Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatzen ahalko agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
10.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
10.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.
11.–Izendapena, plazaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.
11.1. Olaztiko Udaleko funtzionario izendatuko da, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta lanpostu hutsa esleituko zaio.
11.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak funtzionario bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori hala da, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
11.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da lanpostuaz, eta gehienez ere hilabeteko epean, ebazpena ematen den egunetik hasita.
11.5. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Olaztiko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
12.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
12.1. Hautapen-prozesu honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko.
12.2. Izangaiak deituko dira "Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauetan" ezarritakoari jarraituz. Arau horiek 2024ko otsailaren 20an onetsi zituen Olaztiko Udalak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 18. zenbakian argitaratu ziren 2024ko irailaren 5ean..
Izangaiei dei egiten zaienean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru plazatik lehena gordeko da % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.
13.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Olaztiko Udalaren web-orrian (www.olazti.com) eta erakunde horren iragarki-taulan.
14.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Olaztin, 2025eko otsailaren 24an.–Alkatea, Joseba Vizuete Askargorta.
I. ERANSKINA.–OPOSIZIO-LEHIAKETAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
DEIALDIA (eskuratu nahi den lanpostua) .........................................................................................
Nafarroako Aldizkari Ofizialaren argitaratu zen, zenbaki honetan: ................................................; data honetan: ...........................................
DATU PERTSONALAK
Deiturak eta izena ............................................................................................................................
Nortasun agiri nazionala edo agiri baliokidea ....................................................................................
Jaioteguna ............................ Jaioterria (herria, probintzia, herrialdea) ............................................
Nazionalitatea ..........................................
Helbidea (kalea, zenbakia, solairua, posta kodea, herria) ...................................................................
Harremanetarako telefonoa ..................................... Helbide elektronikoa .........................................
Bere izenean:
Honako honen izenean:
Deiturak eta izena ............................................................................................................................
Nortasun agiri nazionala edo agiri baliokidea ....................................................................................
AZALTZEN DU:
Gaurko egunez, deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditut.
3.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkezten dut:
–NANaren fotokopia
–Eskatzen den titulazioaren fotokopia, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten duen agiriarena.
–Euskararen ezagutzari dagokionez:
- Eskatutako ezagutza egiaztatzen duen tituluaren fotokopia bidez egiaztatzen dut maila badudala.
- Euskara maila neurtzeko proba egin nahi dut.
–Desgaitasuna dut eta, hortaz, egokitzapenak eskatzen ditut (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
–Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.
–Eskabidearekin batera, aurkezten dut lehiaketaldian baliarazi nahi ditudan merezimenduen zerrenda.
ETA ESKATZEN DUTonar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.
DATUEN BABESA
Helburua: Emandako datu pertsonalak erabiliko dira entitatearen hautaketa-prozeduran, bere eskumenez baliatzeko.
Tratamenduaren legitimazioa:
–Tratamendua beharrezkoa da, bete dadin eginkizun bat interes publikoaren aldekoa, edo botere publikoak erabiltzeko (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina).
–Adostasuna.
Eskubideak erabiltzea: Erregistro bulegoan eta egoitza elektronikoan erabiltzen ahalko ditu datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
Datuak gordeko diren denbora: Datuak gordeko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta biltegiraturik edukiko dira entitate honek haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: Datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, deialdian adierazi bezala.
Iragarkiaren kodea: L2502802
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
