1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
50E/2025 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ofizioz aldatzen baita haize-sorgailuetatik datozen metalezko hondakinen tratamendu zentroa eta zentro logistikoa hartzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Instalazioa Faltzesko udal mugartean dago eta haren titularra Renercycle SL da.
Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren irailaren 20ko 386E/2024 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen 20. eranskineko 5.1 taldean.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 8ko 16E/2025 Foru Aginduaren bidez, baietsi egin da Jose Luis Zabaleta Navarro jaunak, Renercycle SL ordezkatuz, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 20ko 368E/2024 Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa. Ebazpen horren bidez, ingurumen baimen bateratua eman zitzaion.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 8ko 16E/2025 Foru Agindu horren bidez, agindu da aldaketa hau egitea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 20ko 386E/2024 Ebazpenaren bidez ezarritako funtzionamendu baldintzetan:
–Ingurumen baimen bateratuaren V. eranskinetik ("Finantza-aseguramenduko neurriak") kentzea ingurumen erantzukizuneko aseguru bat edo horren balio bereko finantza-berme bat eratzeko betebeharrari buruzko aurreikuspenak.
Ondorioz, bidezkoa da instalazio horren ingurumen baimen bateratua ofizioz berrikustea eta ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak egitea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 8ko 16E/2025 Foru Aginduan exijitutako aldaketak egin daitezen.
Kasu honetan, iritzi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluaren e) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, egoki da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Ofizioz aldatzea haize-sorgailuetatik datozen metalezko hondakinen tratamendu zentroa eta zentro logistikoa hartzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen bateratua emateko lehendik izapidatuako espedientean (0001-0056-2024-000003 espediente zenbakia) ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horrez gainera, ebazpen honetan jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioa Faltzesko udal mugartean dago eta haren titularra Renercycle SL da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Renercycle SLri, Faltzeseko Udalari eta Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2501995