50. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu zen.

Uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu zen.

Foru-dekretu horren I. eranskinean jasotako eskola-mapa aldatu egin zen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 4ko 45/2021 Foru Aginduaren bidez, martxoaren 31ko 21/2022 Foru Aginduaren bidez, otsailaren 13ko 8/2023 Foru Aginduaren bidez eta martxoaren 11ko 25/2024 Foru Aginduaren bidez.

Aipatutako foru dekretuak 2. artikuluan ezartzen du nolakoa izanen den ikastetxeak, lerroak eta hezkuntza-unitateak sortu, aldatu, bateratu, kendu, integratu eta atxikitzeko prozesua. Artikulu horren 1. apartatuak honako hau xedatzen du: "Foru dekretu honen eranskinean zehazten den ikastetxeen sarearen egitura edonola aldatzeko (ikastetxe berriak sortzea, ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, hainbat ikastetxe batean integratzea eta ikastetxeen eta hezkuntza ildo eta unitateen atxikipenak aldatzea), horri dagokion administrazio espedientea tramitatu beharko du Nafarroako Gobernuan hezkuntza arloko eskumenak dituen departamentuak".

Era berean, 2. apartatuan adierazten da ezen hezkuntza arloko eskumenak esleiturik dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaiola honako hauek aurreikusten dituzten administrazio espedienteak tramitatu eta onesteko: ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, ikastetxeen, lerroen eta hezkuntza-unitateen atxikipenak aldatzea edo antolaketaren beste edozein alderdi aldatzea. Aldiz, ez zaio ahalmena ematen ikastetxeak sortzeko edo kentzeko; izan ere, eskumen hori Nafarroako Gobernuari dagokio, bat etorriz Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 17. artikuluan xedatutakoarekin.

Estamentu batek baino gehiagok aldatzeko eskaerak aurkeztu ondoren, eta Hezkuntza Departamentuak ere, hezkuntzaren arloan eskumena duen organoa den aldetik, hala planteatu ondoren, departamentuak beharrezkotzat jo du arau horren eranskina berrikusi eta aldatzea, Nafarroako hezkuntza-sistemaren programazioa hobetzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu da kontsulta publikoa egin ondoren, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoa betez, partzialki eraginpean egon daitezkeen herritarren eta ordezkaritza duten erakundeen iritzia jasotzeko.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina honela aldatzea:

1. B/D ereduetan, D eredua ezartzen da Oibarko "Gabriel Valentín Casamayor" HLHIPan. Honako hauetan sartuko da: Zangoza-Irunberri eskualdea, Zangoza-Irunberri barrutia, Zangozako "Sierra de Leyre" BHI bigarren hezkuntzako eremua eta Zangozako "Sierra de Leyre" BHI derrigorrezko bigarren hezkuntzako azpieremua, azken honek "Gabriel Valentín Casamayor" HLHIP lehen hezkuntzako eremua biltzen baitu (Oibar udalerria, Oibar herria).

2. B/D ereduetan, Zangoza-Irunberri eskualdean, 8.2 Irunberri barrutia eta Irunberriko "Lumbier" IIP bigarren hezkuntzako eremua sortzen dira. Barruti eta eremuan, hiru azpieremu hauek sartuko dira:

2.1. Otsagabiko "Ochagavía" DBHI bigarren hezkuntzako azpieremua, Otsagabiko "Ochagavía" HLHIP lehen hezkuntzako eremua eta udalerri hauek biltzen dituena: Otsagabia (herriak: Irabia, Irati, Muskilda, Otsagabia, Pikatua eta Elurretako Andre Maria), Ezkaroze, Espartza Zaraitzu, Galoze (herriak: Galoze, Izize, Itzalle, Uskartze), Gorza (herriak: Gorza, Igari eta Erripalda), Itzaltzu, Jaurrieta, Nabaskoze (herriak: Aizpurgi, Nabaskoze, Ustaize, Arrakasgoiti), Orontze eta Sartze (herriak: Ibiltzieta eta Sartze).

2.2. Erronkariko "Ainariak" DBHI bigarren hezkuntzako azpieremua, Erronkariko "Julián Gayarre" HLHIP lehen hezkuntzako eremua eta udalerri hauek biltzen dituena: Erronkari (herriak: San Martin, Gardeko Errota eta Erronkari), Burgi, Garde, Izaba, Urzainki, Uztarroze eta Bidankoze.

2.3. Agoizko "Aoiz" DBHI bigarren hezkuntzako azpieremua, Agoizko "San Miguel" HLHIP lehen hezkuntzako eremua eta udalerri hauek biltzen dituena: Agoitz, Artzibar (herriak: Artzi, Arrieta, Azparren, Ekiza, Espotz, Gorraitz Artzibar, Gurpegi, Imizkotz, Lusarreta, Muniain Artzibar, Nagore, Otsa, Saragueta, Uliberri, Urdirotz, Uritz, Usotz, Hiriberri Artzibar, Zandueta, Arizkuren, Zazpe eta Olozi), Itzagaondoa (herriak: Ardatz Itzagaondoa, Beroitz, Gergetiain, Idoate, Indurain, Iriso, Lizarraga Itzagaondoa, Erreta, Turrillas, Urbikain, Zuhatzu, Izanotz eta Mendinueta), Lizoainibar-Arriasgoiti (herriak: Urritzelki, Zuntzarren, Leiun, Zalba, Ozkaritz, Janaritz eta Beortegi) eta Longida (herriak: Akotain, Aos, Artaxo, Aiantz, Ekai Longida, Erdotzain, Ezkai, Gorritz, Itoitz, Xaberri, Larrangotz, Liberri, Meotz, Mugeta, Murelu Longida, Olaberri, Oleta, Orbaitz, Errala, Ulibeiti, Hiriberri Longida, Billabeta, Zarikieta, Zuasti Longida eta Zutza).

3. A/G ereduetan, Urraulgoiti udalerrian sartzen diren herriak (Adoain, Arieltz, Aristu, Aietxu, Elkoatz, Eparotz, Ezkanitz, Gindano, Imirizaldu, Irurozki, Jakoisti, Lareki, Larraun, Ongotz, Ozkoidi, Santa Fe, Zabaltza eta Artanga) honako hauetan zeuden sartuta: Agoizko "San Miguel" HLHIP lehen hezkuntzako eremua, Agoizko "Aoiz" DBHI derrigorrezko bigarren hezkuntzako azpieremua, Iruñeko "Padre Moret-Irubide" BHI bigarren hezkuntzako eremua, Iruñeko Ipar-ekialdea "Padre Moret-Irubide" BHI barrutia, Iruñeko Ipar-ekialdea eskualdea. Hemendik aurrera, honako hauetan daude sartuta: Irunberriko "San Juan" HLHIP lehen hezkuntzako eremua, Zangozako "Sierra de Leyre" BHI derrigorrezko bigarren hezkuntzako azpieremua, Zangozako "Sierra de Leyre" BHI bigarren hezkuntzako eremua, Zangoza-Irunberri barrutia, Zangoza-Irunberri eskualdea.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko martxoaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2503734