50. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

377/2025 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana, Kooperatibismoari buruzko bideo lehiaketaren I. edizioaren sariak emateko deialdia onesten duena. Lehiaketa Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzendua dago, eta antolatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra da.

Helburu honekin sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra: ekonomia sozialarekiko interesa sustatzea, enpresa-kudeaketako eredu gisa, ikerketa, ikasgeletako jakintza eta eragile sozial eta ekonomikoenganako transferentzia bultzatuz.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren akta, zeinak deialdia eta haren aurrekontua onesten baititu.

Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.

Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Ikusirik Kontu-hartzailetzak egindako txostena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT

Lehenbizikoa.–Kooperatibismoari buruzko bideo lehiaketaren I. edizioaren sariak emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarrien arabera. Lehiaketaren antolatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra da, eta saria talderik onenari emanen zaio, bai eta taldeak ordezkatzen duen ikastetxeari ere.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko, 800 eurokoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak finantzatua.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.30.00.9537.0380.480.25. Katedren sariak: 800euro. Espediente zk. 2024/0002888.

Hirugarrena.–Honako sari hauek emanen dira:

–300 euroko saria, lehiaketa irabazten duen taldearentzat.

–500 euroko saria, irabazleak ordezkatzen duen ikastetxearentzat.

Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari eta Ikerketa Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Halaber, haiek argitaratzeaz gainera, bermatuko da ahalik eta hedapen handiena izanen dutela Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren webgunearen bidez.

Seigarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta haren oinarrien aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, betiere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruña, 2025eko martxoaren 3an.–Martín Larraza Quintana, Ikerketako errektoreordea.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

KOOPERATIBISMOARI BURUZKO BIDEO LEHIAKETAREN I. EDIZIOA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO EKONOMIA SOZIALARI ETA KOOPERATIBISMOARI BURUZKO KATEDRAK ANTOLATUA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresen ANEL elkartearekin, Tafalla Iron Foundry erakundearekin eta Laboral Kutxarekin lankidetzan -erakunde horiek osatzen dute Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra-, beharrezkotzat jotzen du ekonomia sozialaren arloan ezagutza sortzea, unibertsitateko ikasleei, Bigarren Hezkuntzakoei, Batxilergokoei, Lanbide Heziketakoei eta bestelako eragileei zuzendutako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak garatuz, besteak beste.

Ildo horretan, 2025erako jarduera-programaren barruan, kooperatibismoari buruzko bideorik onena egiten duen taldeari sari bat emateko deialdia egitea erabaki zuen Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak. Saria 300 eurokoa izanen da, eta 500 euroko beste sari bat emanen zaio talde irabazleak ordezkatzen duen ikastetxeari.

Hona hemen sariketan lehiatzeko ezarri diren:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Kooperatibismoari buruzko bideo lehiaketaren I. edizioaren sariak emateko prozedura arautzea, betiere publizitate, objektibotasun eta norgehiagoka printzipioen arabera. Bi sari emanen dira: bat talde irabazlearentzat, eta beste bat talde irabazleak ordezkatzen duen ikastetxearentzat. Lehiaketaren antolatzailea Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra da.

2.–Finantzaketa.

Gastua, 800 eurokoa, 2025eko aurrekontuaren kargura eginen da, zehazki "30.30.00.9537.0380.480.25 Katedren sariak" partidaren edo ekitaldi horretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak jarriko du zenbateko hori.

3.–Deialdiko sariak.

300 euroko sari bat bide onena egiten duen taldearentzat eta 500 euroko sari bat talde irabazleak ordezkatzen duen ikastetxearentzat.

Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

4.–Lehiatzeko betebeharrak.

Deialdi honetan 3 eta 5 ikasle arteko taldeek parte hartzen ahalko dute. Talde horiek Nafarroako ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako edo Batxilergoko ikasleak izan beharko dute, eta ikastetxeko irakasle batek gainbegiratuko ditu.

Bi talde aurkezten ahalko dira gehienez ikastetxe bakoitzeko.

Lehiaketaren gai nagusia honako hau da: Nafarroako kooperatibismoa. Gaiari heltzeko, talde bakoitzak ikuspegi bat hartuko du, eta Nafarroako kooperatibismoaren inguruko alderdi hauek jorratuko ditu, besteak beste: historia, eragin ekonomiko eta soziala, berrikuntza eta eragin kulturala.

Sariak Ekonomia Sozialaren Aste Unibertsitarioaren ekitaldian emanen dira, hau da, 2025eko martxoaren 24tik apirilaren 2ra bitartean.

Lehiaketan parte hartzeak hemen azaldutako oinarri guztiak onartzea dakar.

5.–Hautagaitzak aurkezteko epea.

Ikastetxeek beraiek aurkeztu beharko dituzte parte hartzeko eskabideak, eta ikastetxeko irakasleak egin beharko du inskripzioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eskuragarri izanen den inprimaki normalizatua betez.

Bestetik, talde bakoitzak bi bideo aurkeztu beharko ditu: batetik, bideo nagusia (5 minutukoa), eta bestetik, bideo nagusia laburtzen duen bideoa (90 segundokoa). Bideoak MP4 formatuan bidali beharko dira, eta RedIRISen "File Sender" bidez bidaliko dira. Horretarako, parte hartzeko eskabidea jaso ondoren, NUPek eskatzaileari gonbidapen bat bidaliko dio eskabidean adierazi duen posta elektronikora. Haren bidez, zenbait jarraibide bidaliko zaizkio bideoak bidaltzeko.

Bideoak gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko dira. Hori bai, bi bideoek azpitituluak eraman beharko dituzte audioan erabiltzen ez den hizkuntzan: bideoa gaztelaniaz egiten bada, azpitituluak euskaraz izan beharko dira, eta bideoa euskaraz egiten bada, alderantziz.

Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2025eko martxoaren 20ean bukatuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.–Saridunen betebeharrak.

Saridunak nahieran erabiltzen ahalko du jasoko duen diru kopurua.

Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

Deialdi honetan parte hartzeak deialdiko oinarri guztiak onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak ebatziko du.

Ikasle finalistek konpromisoa hartuko dute parte hartzeko bai sariak emateko ekitaldian, baita Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedran deialdi honekin lotuta programatzen diren dibulgazio ekitaldietan ere. Parte-hartzaileek konpromisoa hartzen dute bideoa erabiltzeko eskubideak Katedrari lagatzeko, eta baimena ematen diote kooperatibismoa sustatzeko helburuarekin hura erreproduzitzeko eta zabaltzeko.

7.–Sariaren epaimahaia.

Honako hiru kide hauek izanen dira saria emateaz arduratuko den epaimahaiko partaideak:

–Sandra Cavero, Katedrako zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Gustavo Marcos, Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoko idazkaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Maitane Bueno, Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoko kidea, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Katedrako zuzendaritzak eskatuta eratuko da epaimahaia. Horretarako, bere kideei dei egin, eta epaimahaiaren jarduna errazteko beharrezkoak diren kudeaketak eginen ditu.

8.–Saria ematea.

Epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu kontuan aurkeztutako lanei buruz erabakitzeko.

–Kooperatibismoaren gaiari dagokionez hartutako ikuspegiaren garrantzia eta originaltasuna.

–Sormena edukiaren ikuspegian eta aurkezpenean.

–Zorroztasuna eta argitasuna ideiak, kontzeptuak eta datuak azaltzean.

–Ekoizpenaren kalitate teknikoa: irudia, soinua eta edizioa.

–Eskatutako denborara egokitzea: 5 minutu bideo nagusiarentzat eta 90 segundo laburpen bideoarentzat.

–Azpitituluen kalitatea zaintzea: zehaztasuna eta sinkronizazioa.

Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio saria emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpen honetan saritutako lana baizik ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak baztertu direla ulertuko da.

Ebazpenaren aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren maila bereko epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere erabaki hau iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Edonola ere, ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak berak ere zabalduko du.

Sariak emateko ekitaldi publiko bat eginen da. Ekitaldi hori Ekonomia Sozialaren Aste Unibertsitarioaren astean eginen da, hau da, 2025eko martxoaren 24tik apirilaren 2ra bitartean.

9.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (DBEO)–; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak antolaturiko sariak antolatzea eta ematea da datuen tratamenduaren helburua.

Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Interesdunek zilegi izanen dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haiei buruzko informazioa izateko eskubidea erabiltzea, baita dagozkien beste eskubide batzuk erabiltzea ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

10.–Argitaratzea eta zabaltzea.

Deialdi hau arautzen duten oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Halaber, oinarri horiek aplikatuz ematen diren gainerako egintzak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, eta, horrez gain, ahalik eta zabalkunderik handiena emanen zaie Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren webgunearen bidez: https://www.unavarra.es/catedra-economia-cooperativismo/?languageId=100001.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2503661