1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
173E/2025 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2025. urterako gastua baimentzen baita desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzen deialdirako. DDBN identifikazioa: 811776.
Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2025. urtea baino lehen onetsi ziren.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2025. urterako gastua baimentzea desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako.
Aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez eta hura aldatu zuten maiatzaren 28ko 1951E/2021, otsailaren 23ko 477E/2022 eta otsailaren 21eko 442E/2023 ebazpenen bidez.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdia onestea, 2025. urterako, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzen laguntzeko.
2. 500.000,00 euroko gastua baimentzea, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako (Nafar Lansare-NEZeko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez eta hura aldatu zuten maiatzaren 28ko 1951E/2021, otsailaren 23ko 477E/2022 eta otsailaren 21eko 442E/2023 ebazpenen bidez araututako dirulaguntzak, Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko 811776 zenbakia), 2025. urteko gastuen Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen aurrekontuko partida honen kargura: "Konferentzia Sektoriala. Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak" izeneko 950001 96100 4709 241118 [PEP: E-24/000673-01] partida.
3. 2024ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.
4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko otsailaren 12an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2502560