50. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

282E/2024 FORU AGINDUA, urriaren 1ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 5eko 51/2020 Foru Agindua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Datuen Babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sortzea onesten duena.

Martxoaren 6ko 20/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politika (DBISP) onetsi zen.

Martxoaren 6ko 20/2019 Foru Dekretuaren 7. artikulua betetzeko, martxoaren 5eko 51/2020 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Datuen Babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sortzea onetsi zen. 2. artikuluan, batzorde horren osaera zehazten da.

Foru agindu honek helburu bikoitza du: batetik, bermatzea hizkera inklusiboa erabiltzen dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko organo batean, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin, eta, bestetik, bermatzea egokitzen dela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egiturari eta gobernantzari buruzko informazio sistemen zuzendaritzan eta segurtasunean berriki egin diren arau aldaketetara.

Departamentuaren egitura berriaz bezainbatean, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeari jarraikiz (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala). Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen. Halaber, abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuaren bidez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen. Azkenik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren bidez, Informazioa Kudeatzeko Atalaren izena aldatu zen, Informatika Kudeatzeko Atala izatera igaro baitzen.

Bestalde, maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren gobernantza sistema arautzen da, baita haren antolaketa eta funtzionamendua ere. Bada, horren arabera, erakunde ordaintzailearen zuzendaritza esleitzen zaio erakunde ordaintzailea atxikita dagoen zuzendaritza nagusiko titularrari, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariaren ordez, hala ezartzen baitzuten indarrik gabe dauden urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuak (foru dekretu horren bidez ahalmena ematen zaio Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundeari, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dira) eta azaroaren 16ko 104/2016 Foru Dekretuak (aurrekoa aldatu zuena).

Azken batean, eguneratze eta aldaketa horiek eskatzen dute martxoaren 5eko 51/2020 Foru Agindua berrikustea, zeinaren bidez onetsi baitzen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Datuen Babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sortzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Informatika Kudeatzeko Atalak egindako proposamena ikusita.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2024 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Martxoaren 5eko 51/2020 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzea. Hona hemen testu berria:

1.–Datuen Babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua:

  • Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularra.

–Batzordeko buruordea:

  • Nafarroako Erakunde Ordaintzaileko Zuzendaritzako titularra.

–Idazkaria:

  • Informazioaren Segurtasunari Laguntzeko Bulegoko titularra.

–Batzordeko kideak:

  • Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko titularra.
  • Informatika Kudeatzeko Ataleko titularra.
  • Barne Auditoretzako Ataleko titularra.

–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak izendatutako teknikari bat.

2.–Horiez gain, Batzordeari egoki iruditzen zaizkion pertsonak ere egon daitezke bilkuretan, gonbidatu gisa.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko urriaren 1ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2501601