1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
25E/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 4ko 94/2012 Foru Agindua, arautu zuena nola eskuratu Nafarroako ehizazain titulua.
Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ezartzen duenez, apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legeak aldatu ondoren duen idazketaren arabera, ehiza barrutiak zaintza-sistema bat izan beharko du 51. artikuluan zehaztutako jarduketak egiteko.
Hala xedatzen baitu 8.2.e) artikuluak Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatzeko eta betearazteko Erregelamenduan –ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsia eta otsailaren 1eko 7/2012 Foru Dekretuaren bidez aldatua–, ehizazain titulua dutenak ariko dira ehiza barrutietako zaintza lanetan.
Arau beraren 8.bis artikuluak ehizazainaren figura sortu zuen, eta izaera hori eskuratzeko baldintzak ezartzen ditu.
a) Ehiza espezialitateko landazain partikularraren titulua izatea.
b) Ehizarako gaikuntza ikastaro batean lortutako aprobetxamenduaren ziurtagiria izatea, Nafarroako Foru Komunitateak homologatutako zentro batek emana.
Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak emanen du titulua, interesdunak eskaturik eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Ehizazainaren titulazioak berarekin ekarriko du Nafarroako ehiza-lizentzia lortzeko gaitasun ziurtagiria.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 4an eman 94/2012 Foru Aginduak arautzen du nola eskuratu Nafarroako ehizazain titulua. Foru agindu horrek indarra hartu zuenetik igaro den denboran, prestakuntza ikastaroak eman dira 2018ra arte, urte hori barne. 2019tik aurrera, eta gaur egun arte, hainbat arrazoi direla medio, ezin izan da berriz egin ikastaroen deialdia, eta hala, ez zaie aukerarik eman gainditzen dutenei, baldin eta ehiza espezialitateko landazain partikularraren titulua badute, ehizazain titulua eskatzeko, aipatutako foru aginduan ezarri bezala.
Prestakuntza eskaintzarik izan ez denez, ehiza espezialitateko landazain partikularraren titulua dutenek ez dute modurik izan Nafarroako ehizazain izateko egiaztagiria eskuratzeko, eta horrek ondorioak ditu Nafarroako Foru Komunitaterako, hala ingurumenaren aldetik, nola gizarte eta ekonomiaren aldetik. Une hauetan, handia da titulu hori eskuratu nahi dutenen eskaria, eta ehiza barrutien arduradun ugarik ehizazainak kontratatzeko premia dute jarduera jakin batzuk egin ahal izateko. Hori dela eta, ehizazain gehiago behar dira dagoen eskariari erantzuteko.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako ehizazainak gaitzeko prozedura arintzeko eta sinplifikatzeko asmoz, beharrezkotzat jotzen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 4ko 94/2012 Foru Agindua aldatzea, zeinaren bidez arautzen baita nola eskuratu Nafarroako ehizazain titulua.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 4ko 94/2012 Foru Agindua aldatzea, zeinaren bidez arautzen baita nola eskuratu Nafarroako ehizazain titulua.
Bat.–Bigarren puntuko lehen paragrafoaren idazketa aldatzen da (Ehizarako gaitasun ikastaroaren edukia). Hona hemen testu berria:
"Ikastaroan honako modulu hauek irakatsi beharko dira, aurrez aurre edo telematikoki:".
Bi.–Hirugarren puntuaren idazketa aldatzen da (Ikastaroa emateko zentro homologatua). Hona hemen testu berria:
"Hirugarrena.–Ikastaroa emateko zentro homologatua.
Ehiza kudeaketaren arloan eskumenak dituen departamentuko zerbitzua hartuko da zentro homologatutzat, eta, hark, salbuespenez, beste erakunde batzuen esku uzten ahalko ditu eskumen horiek".
Hiru.–Laugarren puntuko lehen paragrafoaren idazketa aldatzen da (Egiaztapen orokorra). Hona hemen testu berria:
"Foru agindu honetan ezarritako ikastaroa gainditzen duten izangaiek, baldin eta gaikuntza badute ehizazain espezialitateko landazain izateko edo ehiza espezialitateko landazain partikularra izateko, ehizazain titulua eskatzen ahalko diote ehiza kudeaketaren arloan eskumena duen zerbitzuari".
Lau.–Seigarren puntuaren idazketa aldatzen da (Ehizazainaren egiaztagiria eskatzeko prozedura). Hona hemen testu berria:
"Nafarroako ehizazainaren egiaztagiria eskuratu nahi dutenek eskaera bat aurkeztu beharko dute ehiza kudeaketaren arloan eskumena duen zerbitzuan, honako agiri hauekin batera:
–Ehizazain espezialitateko landazaina izateko gaikuntza, edo ehiza espezialitateko landazain partikularra izatekoa.
–Ehizarako gaitasun ikastaroa gainditu izanaren egiaztagiria".
Bost.–Zazpigarren puntua aldatzen da (Ehizazainen erregistroa). Hona hemen testu berria:
"Ehiza kudeaketaren arloan eskumena duen zerbitzuak Nafarroako ehizazainen erregistroa ezarriko du, eta bertan jaso beharko da zein barrutitan egiten duen lan profesionala (bat edo gehiago izaten ahal dira), kontratuaren indarraldia eta jarduerari buruzko gorabeherak".
Sei.–Zortzigarren eta bederatzigarren puntuak eta xedapen gehigarri bakarra kentzen dira.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2501960