1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
3/2024 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimen berria ematen baitzaio atzerriko irakaskuntzen Eguesibarko "International School of Navarra" ikastetxe pribatuari, izen espezifikoa aldatzeagatik.
Aztertu da "British School of Navarra SLU" entitateak, atzerriko irakaskuntzen Eguesibarko "International School of Navarra" ikastetxe pribatuaren titularrak, aurkeztutako eskaera beste baimen bat eman dakion, bere izen espezifikoa aldatu delako, Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko irakaskuntzak emateko, Espainiako Hizkuntza eta Kulturarekin osatuta, eta, gainera, International Baccalaureate (UK)/Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzak emateko.
Aztertu da "British Council en España" entitateak emandako ziurtagiria, non adierazten baita "International School of Navarra" ikastetxeak (Ardazko bidea 4, Gorraitz) betetzen dituela Ingalaterrako curriculum nazionaleko irakaskuntzak emateko baldintzak, "Pre-Nursery" (2-3 urte) mailatik hasi eta "Year 13" (17-18 urte) mailara arte, eta, bertako langileak eta instalazioak ikusirik, 450 ikaspostu ere har ditzakeela.
Ikusita ziurtagiri horrek 2024-2025 ikasturtetik 2027-2028 ikasturtea bukatu arteko indarra duela eta ikasturte hori bukatuta ikastetxearen beste ikuskapen bat eginen dela.
Ikusirik "International Baccalaureate" erakundeak diplomarako programa irakasteko baimena duen ikastetxe gisa gehitu duela, 2024-2025 ikasturtetik aurrera (IB 062231 kodea).
Kontuan harturik Espainian dauden ikastetxe atzerritarren araubideari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak (urriaren 23ko 96/2024 Foru Dekretuak aldatua) emandako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,
EBAZTEN DUT:
1. Baimena ematea Eguesibarko "International School of Navarra" atzerriko ikastetxe pribatuari, 2024-2025 ikasturtearen hasieratik, Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko irakaskuntzak emateko, Espainiako Hizkuntza eta Kulturarekin eta International Baccalaureate (UK)/Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzekin osatuta, azken bi ikasmailetan.
2. Ohartaraztea ikastetxearen titularra den erakundeak beste baimen eta inskripzio bat eskatu beharko duela ziurtagiriak emateko erakunde eskudunak (British Council) 2027-2028 ikasturtearen bukaeran egin asmo duen ikuskapena egin ondoren, eta, nolanahi ere, data hori baino lehen egindako ikuskapenen ondorioz aldaketaren bat egin behar baldin bada ziurtagiri horretan.
3. Aurrerantzean, honako hauek izanen dira ikastetxearen erregistro datuak:
–Ikastetxearen kodea: 31013653.
–Ikastetxearen izen generikoa: Espainiako eta atzerriko ikasleentzako atzerriko ikastetxe pribatua.
–Berariazko izena: "International School of Navarra".
–Titularra: "British School of Navarra SLU" (IFZa: B71012199).
–Helbidea: Ardazko bidea 4.
–Herria: Gorraitz.
–Udalerria: Eguesibar.
–Baimendutako irakaskuntzak: Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko irakaskuntzak, "Pre-Nursery" (2-3 urte) mailatik hasi eta "Year 13" (17-18 urte) mailara arte, Espainiako Hizkuntza eta Kulturarekin eta International Baccalaureate (UK)/Nazioarteko Batxilergoko irakaskuntzekin osatuta, azken bi ikasmailetan.
–Baimendutako gehieneko edukiera: 450 ikaspostu.
–Baimendutako ikasleak: espainiarrak eta atzerritarrak.
4. Gogoratu beharra dago, egindako ikasketak onartzeko, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako atzerriko titulu eta ikasketen homologazio eta baliozkotzeari buruzko araudian xedatutakoa hartuko dela kontuan, 806/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. Ohartaraztea ezen, ebazpen honen 2. atalean ezarritakoa galarazi gabe, eta 806/1993 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat, ikastetxeko entitate titularrak baimen berria eskatu beharko diola departamentu honi, "British Council en España" entitatearen ziurtagiria eta izandako aldaketaren frogagiriak aurkeztuta, baldin eta ikastetxearen konfigurazioa aldatu nahi bada eta horrek ebazpen honen 3. atalean ezarritako erregistro datuak aldatzea ekartzen badu, edo instalazioak aldatu nahi badira.
6. Ohartarazi behar da, halaber, ikastetxeak Nafarroako Gobernuko Ikastetxeen Erregistroan duen inskripzioa deuseztatu, baliogabetu edo aldatzen ahalko dela, bidezkoa denaren arabera, titular interesdunari entzun ondoren, baldin eta inskripzioaren oinarri izandako funtsezko baldintzak aldatzen badira edo maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa urratzen bada, errege dekretu horren 17. artikuluak ezarritako moduan.
7. Ebazpen hau ikastetxearen titularrari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
8. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuari, Ikasketetarako Laguntzen eta Hezkuntza Zerbitzuen Kudeaketaren Atalari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalari.
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2024ko azaroaren 20an.–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
Iragarkiaren kodea: F2417098