5. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza fiskala, lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren aukerako hobariak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udalak, 2024ko urriaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Tuterako Udalaren lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren aukerako hobariak arautzen dituen ordenantza fiskala. Ordenantza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratzen denean jarriko da indarrean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2024ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 12an, baita Udalaren ediktuen taulan paratu ere, eta espedientea 30 egun baliodunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325. artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako ordenantzaren testua argitaratuko da ondotik.

Tuteran, 2024ko abenduaren 28an.–Ogasuneko zinegotzia, Reyes Carmona Blasco.

ORDENANTZA FISKALA, TUTERAKO UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN AUKERAKO HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Izaera.

Lurraren kontribuzioa zuzeneko tributu erreal bat da, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 145.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan ezarritako aukerako hobari berria.

2. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zergaren kuotaren %90 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren hartzaile direnei edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile direnei.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobaria aplikatzeko, baldintza izanen da gehienez ere bortz urte igaro izana udalerriko balorazio txosten osoa onetsi zenetik edo azken berrikuspena egin zenetik.

–Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa:

ERRENTA TARTEA

HOBARIA (%)

5.500 eurotik beherako per capita errenta

%90

5.500,01 - 7.980 euro bitarteko per capita errenta

%60

7.980,01 - 10.700 euro bitarteko per capita errenta

%40

10.700,01 - 15.000 euro bitarteko per capita errenta

%30

Per capita errenta 15,000,01 eurotik gora (*)

%20

(*) Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako mugarekin: "Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak)".

Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira familiaren diru-sarrera gordinak (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruarekin zatituko da.

Hobari hori eskatu egin behar da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta betetzen badira zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

Etxebizitzarako hobaria familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskaera sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, edo guraso bakarreko familia batena edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia batena.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bertzela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bertzela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Etxebizitzarako hobaria, ohiko bizilekua denean kotizazio gabeko pentsioak dituzten subjektu pasiboendako edo errenta bermatua duten subjektu pasiboendako edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako:

a) Eskaera sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bertzela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bertzela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin Udalari lehendik eman badizkio bertze izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskaeran jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatu beharko da ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen. Eskaera aurkeztu beharko da uneko urteko abenduaren 31 baino lehen, ondorioak izan ditzan aurkeztu den urtearen ondoko ekitaldietan.

Behin zerga-hobaria emanda, ez da beharrezkoa izanen eskaera berriz egitea etorkizunean aplikatzeko, salbu eta aldatzen badira hobaria ematea justifikatu zuten inguruabarrak edo aplikatu beharreko araudia.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2419119