5. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

115/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 9koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 28ko 13/2023 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez lekualdatutako langileentzako araubide berezia garatu eta 149 eta 150 ereduak onesten ziren, hurrenez hurren: "Lekualdatutako langileentzako araubide berezirako aukera, uko egitea, baztertzea eta aplikazio epearen bukaera komunikatzea" eta "Lekualdatutako langileentzako araubide bereziari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa".

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 52 ter artikuluan ezarrita dago (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), ezen Espainiako lurraldera lekualdatu direlako egoitza fiskala Nafarroan eskuratzen duten pertsona fisikoek aukera izanen dutela ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordaintzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) subjektu pasiboen izaerari eutsiz, egoitza aldaketa egiten den zergaldian eta hurrengo bost zergaldietan. Horretarako, bada, artikulu horretan bertan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 52 ter.4 artikuluan xedatuta dago zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezarriko duela zer baldintza eta prozeduraren arabera aplikatuko den araubide berezi hori. Gaikuntza hori baliatuta, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, otsailaren 28ko 13/2023 Foru Aginduaren bidez, araubide berezia garatu zuen, eta hura aplikatzeko alderdi batzuk ezarri zituen.

Araubide horrek aukera ematen du ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aplikatzeko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboei eta, beraz, Nafarroan bizi direnei. Horregatik beharrezkoa da argitzea nola aplikatuko zaien subjektu pasibo horiei Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategina.

Testu bategin horren xedea da ez-egoiliarrek Espainian eskuratzen dituzten errenten ezarpena arautzea, eta, hortaz, testuko manu batzuk ezin zaizkie aplikatu tributu araubide berezia aplikatzea aukeratzen duten subjektuei. Izan ere, testutik beretik ondorioztatzen da beste jurisdikzio batzuetako egoiliarrez ari dela, izan Europar Batasuneko estatuetakoak, Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetakoak edo beste herrialde batzuetakoak. Hortaz, ez da behar arau batean berariaz ezartzea araubide hori ez zaiela aplikatuko zergak ez-egoiliar gisa ordaintzea aukeratzen duten egoiliarrei.

Aitzitik, beste xedapen batzuen kasuan, nahiz eta funtsean zentzua bakarrik eduki ez-egoiliarrei buruz ari garenean, zalantza sor daiteke xedapen horiek tributu araubide berezia aplikatzea aukeratzen duten subjektu pasibo egoiliarrei aplikatzekoak ote diren.

Hori gertatzen da, esate baterako, 14. artikuluan; ez-egoiliarrentzako errenta salbuetsiez ari da, eta helburua da zergapetze bikoitza saihestea jatorriko salbuespen-sistemaren bidez. Halaber, 14. artikuluko apartatu batzuetan, igorpena egiten da azaroaren 28ko 35/2006 Legearen aplikaziora. Lege horrek PFEZa arautzen du lurralde erkidean, baina egoitza Nafarroa duten subjektu pasiboen kasuan, egokiagoa da PFEZari buruzko foru araudia aplikatzea.

Gauza bera gertatzen da 24.5 artikuluan (higiezinen errenta egozpena arautzen du), horrek ere igorpena egiten du-eta PFEZa lurralde erkidean arautzen duen Legean ezarritako araubidera. Egozpen hori ez dago jasota PFEZari buruzko foru araudian. Hortaz, araudia aplikatzeko irizpideari jarraikiz, egozpen hori ez zaie aplikatuko lekualdatutako langileentzako araubide berezia baliatzen duten nafar egoiliarrei.

Azkenik, aldatuko da 150 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko modua; izan ere, formatu elektronikoan besterik ez da egonen eskuragarri eta elektronikoki aurkeztuko da inprimaki propioaren bidez, foru agindu honetan ezartzen diren baldintzetan eta prozedurari jarraikiz.

Horiek horrela, adierazitako alderdiak araubide bereziaren erregulazioan berariaz jasotzea helburu, foru agindu hau egiten da. Hala, otsailaren 28ko 13/2023 Foru Aginduan, 2. eta 8. artikuluak aldatzen dira eta 9. eta 10. artikuluak gehitzen.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategineko 52 ter.4 artikuluak emandako gaikuntza erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Honako hau aldatzea: 13/2023 Foru Agindua, otsailaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez garatzen baita lekualdatutako langileentzako araubide berezia eta onesten baitira 149 eta 150 ereduak, hurrenez hurren: "Lekualdatutako langileentzako araubide berezirako aukera, uko egitea, baztertzea eta aplikazio epearen bukaera komunikatzea" eta "Lekualdatutako langileentzako araubide bereziari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa".

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 28ko 13/2023 Foru Aginduaren manu hauek honela idatzita geldituko dira:

Bat.–2.2.a) artikulua, lehen paragrafoa aldatzea eta bigarren paragrafoa gehitzea.

"a) Ez da aplikatuko Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko 5., 6., 7., 8., 9.,10., 11., eta 14. artikuluetan xedatutakoa.

Salbuetsirik egonen dira gauzazko errentak, zeinak jasota baitaude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategineko 15.3 artikuluan, bertan ezarritako moduan eta baldintzetan":

Bi.–2.2.c) artikulua, bigarren paragrafoa gehitzea.

"Errentak eratxikitzeko araubideko entitateei dagozkien errentak (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 11. artikuluan aipatzen dira entitate horiek), bai eta entitate horiek jasandako atxikipenak eta konturako diru-sarrerak ere, eratxikiko zaizkie bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideei, hurrenez hurren, bat etorriz artikulu horretan ezarritakoarekin".

Hiru.–2.2 artikulua, e) letra gehitzea.

"e) Ez da aplikatuko Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko 24.5 artikuluan xedatutakoa".

Lau.–2.6 artikulua, lehen paragrafoa aldatzea.

"6. Araubide berezi hau aplikatu behar duten subjektu pasiboak beharturik egonen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena 8. artikuluan onesten den ereduan aurkeztu eta izenpetzera, eta bertan adierazi beharko dituzte urte naturalean Espainian eskuratutako errenta guztiak".

Bost.–8. artikulua. Aldaketa.

"1. Onesten da 150 eredua, "Lekualdatutako langileentzako araubide bereziaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa". Formatu elektronikoa du, eta II. eranskinean dago.

2. Autolikidazioa aurkezteko epea, bai eta tributu zorraren ondoriozko sarrera egitekoa ere, ekitaldi bakoitzean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenerako oro har ezartzen den bera izanen da.

3. 150 eredua formatu elektronikoan besterik ez da egonen eskuragarri eta Internet bidez aurkeztu beharko da, web inprimakia betez eta jarraikiz 10. artikuluan ezarritako baldintzei eta prozedurari.

4. Egindako autolikidazioaren ondorioz ordaintzeko zenbatekorik ateratzen bada, ordainketa egin beharko da ekitaldi bakoitzean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenerako oro har ezartzen den tokian eta moduan.

Zorra ordainketa-gutunaren bidez ordaindu nahi izanez gero, 796 eredua erabili beharko da.

5. Autolikidazioaren ondorioz ordaindu beharreko diruaren sarrera bi zatitan egiten ahalko da, bakoitza zenbatekoaren erdia adinakoa, inolako interes edo errekargurik erantsi gabe, aurreko apartatuan aurreikusitakoaren arabera ezartzen diren epeetan.

Onura honetaz baliatu ahal izateko, aitorpena erregelamenduzko epean aurkeztu beharko da, eta lehen zatiaren sarrera egin zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen duen epean. Aitorpen-likidazio osagarriei dagokien sarrera ezin izanen da zatikatu aurreko paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera.

6. Egindako autolikidazioaren ondorioz diru kopururik itzuli behar bada, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategineko 85. artikuluan adierazitakoaren arabera itzuliko da".

Sei.–9. artikulua. Gehitzea.

"9. artikulua. 150 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 150 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

a) Subjektu pasiboek edo, bestela, haien legezko ordezkariek.

b) Abuztuaren 8ko 83/2022 Foru Aginduan araututako borondatezko ordezkaritzaren erroldan inskribatutako borondatezko ordezkariek.

c) Hirugarren pertsonen ordezkari gisa aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Agindu horren bidez, kanpoko laguntzarako akordioa onetsi zen hirugarren pertsonak ordezkatuz aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa".

Zazpi.–10. artikulua. Gehitzea.

"10. artikulua. 150 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko baldintzak eta prozedura.

1. "Lekualdatutako langileentzako araubide bereziaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa" deritzona modu elektronikoan aurkezteko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du.

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Foru Ogasunak onartua, gaiari buruzko legeriak ezartzen duen moduan, edo Cl@ve identifikazio elektronikorako sistema, edo bere identifikazio pertsonalerako zenbakia (PIN), Nafarroako Foru Ogasunak emana, nortasuna frogatu ahal izateko.

Ziurtapen-zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, dagokion atalean.

c) Hirugarrenen izenean aitorpenen aurkezpen elektronikoak egiteko baimena duten pertsonek edo entitateek Nafarroako Foru Ogasunak onartutako ziurtagiri elektroniko bat eduki beharko dute, hala xedatuta baitago ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan.

Orobat, deklarazioa aurkezten dutenek bete beharko dituzte aurkezpen elektronikoa egiteko eskatzen diren arau teknikoak. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai.

2. 150 ereduaren Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 150 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu (M150), eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete eta gero, bidalketa baimenduko da.

Autolikidazioa bidalitakoan, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, egiaztagiri gisa erabiltzeko.

3. Akats formalak dituzten autolikidazioak aurkeztea.

Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan".

Azken xedapenetako lehena.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

150 eredua ("Lekualdatutako langileentzako araubide bereziaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa") gehitzen zaio ordainketak bankuan helbideratzea onartzen duten ereduen zerrendari (apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduaren eranskinean dago jasota).

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko abenduaren 9an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Jose Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2417787