5. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1178E/2024 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten baita Villatuertako Udal Hirigintza Planari buruz; plan hori udalak berak sustatu du.

Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri dio Villatuertako Udal Hirigintza Planari buruzko dokumentazioa. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko batek hartzen edo onesten dituen planei ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, eta haien ingurumen-adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onetsi aurretik edo aldi berean.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak Villatuertako Lurralde-okupazioaren Estrategiari eta Ereduari (LOEE) buruzko txostena eman zuen 2015eko urtarrilaren 20an. Txosten horretan jaso ziren hirigintza-plana egiteko orduan kontuan hartu beharreko ingurumen alderdi garrantzitsuenak, eta haren bidez eman zitzaion hasiera udal plan orokorraren ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko izapideari.

Udalbatzak 2017ko urriaren 27an onetsi zuen hasiera batez hirigintza-plana. Ondoren argitaratu, eta jendaurrean egon zen, iragarkia paratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2017ko 238. NAO, abenduaren 14koa).

Biodibertsitatearen Zerbitzuak txosten bat eman zuen 2020ko urriaren 21ean. Hartan eskatzen zuen dokumentazioak egokitu behar zuela LOEEari buruzko txostenean jasotako ingurumen alderdiei (landa-lurzoruaren erregulazioa eta ingurumen, baso, paisaia, kultura eta nekazaritza balio zehatz batzuk mugatzea).

2021eko irailaren 29an, Villatuertako Udalak erabaki zuen plana berriz jartzea jendaurrean (2021eko 249. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 28koa). Izan ere, behin-behinean onetsi aurretik, planaren idazketa berrian sartu zituen zenbait alderdi, txosten sektorialak betetzearekin lotuak eta jendaurreko informazioaren eta administrazio publikoen kontsultaren fasean jasotako alegazioei buruzkoak.

Villatuertako Udalak, 2024ko maiatzaren 25ean, beste behin eman zion behin-behineko onespena planari, eta, ondoren, dokumentazio berria bidali zion Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, onets zezan eta ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatzeko.

Plan orokorraren laburpena.

Planak 1993az geroztik indarrean den plangintza ordeztuko du. Analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal-mugarte osoari eragiten diote (23,59 km²). Mugarte horretan Villatuerta da herrigune bakarra.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoan izapidetzen den dokumentazioan, udalaren hirigintza-planeko memoriaz, planoez eta ingurumen-eraginaren azterketaz (2019ko iraila) gain, ingurumen arloko zenbait azterlan espezifiko ere sartu dira: 1. eranskina-urak har ditzakeen eremuak; 2. eranskina-mugikortasun jasangarria; 3. eranskina-paisaia; 4. eranskina-azterlan akustikoa eta soinu-eremuen banaketari buruzkoa eta, azkenik, 5. eranskina-klima-aldaketaren eraginari buruzko diagnosia.

Udalerrirako okupazio ereduan udalaz gaindiko ikuspegia hartu da kontuan, Aiegiko eta Lizarra udalerrien eragina ere jaso baita.

Hona hemen planeko alderdirik aipagarrienak:

–132 etxebizitzatarako bizitegi-lurzorua aurreikusi da, 32 unitate berri gehituta. Modu horretan, egungo hiri-bilbea osatu eta garapen-eredu trinko baterantz jotzen da, familia bakarreko etxebizitzen eskariari erantzuteko.

–Aurreko planean jasotako xedapen batzuk aldatu dira. Esate baterako, hirigintza-prozesutik kanpo utzi dira Irantzu ibaiko lehentasunezko fluxu-eremuan urak har ditzakeen lurrek ukitutako bizitegi-lurzoruko unitateak. Izan ere, unitate horiek babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu dira, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuta (9 bis eta 14 bis artikuluak).

–Industria-lurzoru urbanizagarriari dagokionez, planean jasota dago San Migel poligonoak 9,56 ha gehiago izanen dituela. Bi sektore berri izanen ditu alboetan: bata iparraldean (S-NI1) eta bestea hegoaldean (S-1). Bestalde, hirigunearen eta San Migel poligonoaren arteko eremua (S-NC1) berriz ere landa-lurzoru izatera igaro da, bai eta AR-2 sektorearen zati bat ere (hain zuzen, orain arte indarrean egon den plangintzan, zati hori Legardetako industrialdea zabaltzeko zen).

–Aurreikusitako hirigintza-garapenetarako behar diren hirigintza-zerbitzuak (ur-hornidura, saneamendua eta hornidura elektrikoa) nahikoak direla justifikatu da. Orobat, errepide nagusien sareari eta hiri-bideei dagokienez, egungo errepide-loturak nahikoak direla justifikatu da. Orobat, aurreikusita dago biribilgune bat egitea Legardetako poligonoan, NA-132 errepidera lotzeko (Lizarra-Tafalla).

Ingurumen-ebaluazioa.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, udal plan orokorrak lurraldearen ingurumen-diagnosiari buruzko alderdi esanguratsuenak bildu ditu (ingurumen-azterketa estrategikotik atera dira) eta alderdi horiek babesteko neurriak ezarri ditu. Horretarako, bada, horien zehaztapen kartografikoa egin eta horiei buruzko araudia eman da, sailkapeneko kategoria bakoitzerako erabilera baimendu, baimengarri eta debekatuak ezarrita.

Nabarmentzekoa da, esate baterako, ibai lurralde bat, hartzen dituena Irantzu ibaiaren ibilgua eta uholde-lautada, bai eta Ega ibaiarekin bat egiten duen eremua ere, udal-mugartearen hego-mendebaldean. Eremu horretan, ibai-ibarreko ureztalurrak babestu egin behar dira, gaitasun agrologiko handia baitute. Bestalde, herrigunearen uholde-arriskuari dagokionez, Arroko Organoak txostena eman du (eta horretaz gain, ingurumen-eraginaren azterketako I. eranskina ere horri buruzkoa da), eta, ondorioz, planean lurzoruaren sailkapena aldatu egin da, eta urbanizaezin bilakatu.

Hidrologiari dagokionez, Ega eta Irantzu ibai nagusietarantz drainatzen duten ibilgu eta ubideen sistema eta erripetako landaredia ingurumen aldetik balioa duen lurzoru gisa sailkatu dira; sailkapen hori egokia da. Nabarmentzekoa da udalerrian han eta hemen ageri diren hezegune eta idoien multzoa; ingurumen aldetik balioa duen lurzoru gisa sailkatu dira. Hezeguneen kasuan, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ikusi du idoi batzuk ez daudela inbentarioan sartuta, eta adierazi du udal planean sartu behar direla, beren ezaugarriak edo beren habitaten interesa direla eta.

Planean babestuta ageri dira erkameztien (quercus faginea) eta erkamezti eta karraskadi mesomediterraneoen multzo nabarmen batzuk, bai eta haien ordezte-etapak ere. Izan ere, ingurumen aldetik balioa duen lurzoru gisa sailkatu dira, batzuetan "interes bereziko landaredi" gisa eta beste batzuetan "baso" gisa.

Eskintza mendiko eta San Cristóbalgo mendi eta alorren mosaikoa paisaia aldetik balioa duen lurzoru gisa identifikatu da, ongi identifikatu ere, eta identifikazio bera eman zaie Muskildia eta Zorrera mendiei (gailurrak erkameztiez eta karraskadiz estalita daude). Horrela, bada, baso horien babesa osatu da.

Planean ingurumen aldetik balioa duen lurzoru gisa jasota dago "Abifauna kontserbatzeko eremu kritikoa (AC-1): Abaigar-Larraga-Morentin-Oteitza-Villatuerta)" eta hura babesteko neurriak ezarrita daude. Eremu hori dagokio "Baigorri iparraldeko ingurua" deritzon Estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuari (Lurralde Antolamenduko Plana 4-Erdialdeko Eremuak delakoan jasota).

Orobat, lurzoru babestuan sartuta daude Legardetako ipurua (natura-monumentua), Donejakue bidea, Taustetik Urbasa-Andiara doan errege altxonbidea eta Ikazkinen pasabidea.

Iruña eta Logroño lotzen dituen autobiak (A-12) udal-mugartea zeharkatzen du. Donejakue bidea, Ikazkinen pasabidea eta Eurovelo-1 intereseko ibilbideak dira oinezkoen eta bizikleten mugikortasunerako, bai eta faunarentzat ere, autobiaren azpian diseinatutako bidegurutzeek laguntzen baitute "hesi efektua" delakoa murrizten. Horregatik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren arabera, garrantzitsua da faunarentzako pasabide erabilera horri eustea (eta, hain zuzen, horri lotutako baldintza bat ezarrita dago hark egindako ingurumen-txostenean). Ikazkinen pasabidearen kasuan, bide horrek balio ekologikoa galdu du Legardetako industrialdetik igarotzen den zatian, baina, halere, erabilera horri eutsi beharko litzaioke autobidearen azpitik igarotzen den tartean eta industrialdea zabaltzeko etorkizunean egin daitekeen edozein jarduketatan.

Hirigintza-planari lotutako azterlan akustikoari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren Zerbitzuak 2024ko abuztuaren 26an egindako txosten bat dago. Txostenean, besteak beste, honako hau dago jasota: "azterlan akustikoaren barnean aurkeztutako zaratari buruzko mapa estrategikoek ez dute balio egiaztatzeko kalitate akustikoari lotutako helburuak betetzen ote diren A-12 autobidearen hegoaldean etxebizitzetarako gordetako eremuan". Hirugarren sektoreko erabilerarako eraikuntzak bizitegi-erabilerako eraikuntzetan zarata leuntzeko baliatzeari dagokionez (pantaila akustikoa), txostenean aldeko iritzia ematen da "baldin eta sailkapen akustikoaren arabera eremu bakoitzari aplikatzekoak zaizkion kalitate akustikoari lotutako helburuak betetzen badira". Bestalde, berdeguneak xurgatzaile akustiko gisa erabiltzeari dagokionez, honako hau dio: "berdeguneek ez dute bermatzen xurgapen akustikorik. Gehienez ere, zarata arintzen ahal dute, hartzaileak emisio-foku nagusitik –A-12 autobiatik, alegia– aldentzen baitituzte. Arlo honetan onartu ohi den dokumentazio teknikoaren arabera, arbola nahiz landare bidezko pantailek, efektu esanguratsuak izan ditzaten, 10 metrotik gorako lodiera izan behar dute eta gainera, soilik balio dute frekuentzia ertainak leuntzeko".

Horiek horrela, ingurumen-ebaluazio honetan ondorioztatzen da, batetik, araudian behar bezala jaso eta tratatu direla ingurumen aldetik interesa duten udalerriko balio nagusiak eta, bestetik, landa-lurzorua lurzoru urbanizagarri bilakatzeak ez duela eraginen afekzio esanguratsurik ingurumenaren aldetik. Izan ere, aldaketa hori eginen da herrigunearen mugakide diren lurretan (nekazaritzarako erabilera dute eta topografia laua), zeinetan ez baita identifikatu ingurumen aldetik garrantzia duen elementurik.

Dokumentazioa aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aldeko txostena eman du, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea Villatuertako Udal Hirigintza Planari buruz; plan hori udalak berak sustatu du.

2. Plana garatzean, ingurumen-azterketa estrategikoan ingurumena babesteko dauden irizpideak kontuan hartu beharko dira, bai eta honako hauek ere:

a) Kartografian honako hezegune hauek agertu beharko dira, "gorde beharreko lurzoru" gisa sailkatuta, eta dagokien araudia txertatuta dutela (araudi hori 97. artikuluan dago ezarrita): Oltzalderko idoia (koordenatuak: x=590241, y=4716173), Mauriaingoa (586335, 4722733) eta Epeloa alderdiko bi idoi (588446, 4719423 eta 588033, 4720578).

b) Done Jakue biderako, Eurovelo 1erako eta Ikazkinen pasabiderako autobidearen azpian gaitutako pasabideak jarraituko dira erabiltzen faunaren pasabide gisa. Hortaz, faunaren konektagarritasuna kaltetzen ahal duten erabilerak eta jarduerak saihestuko dira ingurune horretan.

c) Bete beharko dira sailkapen akustikoaren arabera eremu bakoitzari aplikatzekoak zaizkion kalitate akustikoari lotutako helburuak.

d) Urbanizazio prozesuari begira, gomendatzen da irizpide batzuk kontuan hartzea, lagunduko dutenak euri-urak iragazten eta ur-emari handiegiak eta kutsadura murrizten. Adibidez, gainazal iragazkorrak maximizatzea, iragazgaitzen aurretik (batez ere eraikuntzarik ez duten guneetan edo aparkalekurako erabiltzen direnetan) edo drainatze jasangarriko sistemak txertatzea azpisektoreak garatzeko plan partzialetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta Villatuertako Udalari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2417597