1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
555E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioa Tafallako udal mugartean dago, eta haren titularra Servicios y Suministros Saher SL da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.
2024ko urtarrilaren 23an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, kudeatzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 020304 EHZ kodea duena (kontsumorako edo elaboraziorako egokiak ez diren materialak, gozokiak ekoiztetik datozenak). Horrekin batera, egin asmo den prozesua adierazi zuen: hondakin hori berriz ontziratzea, ondoren zabortegira eramateko.
Eskatutako kudeaketarako, prozesu berri bat sartu beharra dago ingurumen baimen bateratuan, zehazki D1401 eragiketa (hondakinak berriz ontziratzea, ondoren ezabatzeko D1 eta D13 bitarteko zenbakiak dituzten eragiketetako edozeinen bitartez). Eragiketa hori jasoa dago Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen III. eranskinean.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin. Halere, ohartarazi du hondakina ezabatu beharrean balorizatzeko dauden aukerak aztertu behar direla azken kudeaketa egin aurretik, eta alderdi hori hondakinaren inskripzioan jaso da.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Tafallako udal mugartean dago, eta haren titularra Servicios y Suministros Saher SL da.
Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen bateratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Servicios y Suministros Saher SLri eta Tafallako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2418416